Dionisio Amundarain: "Euskararen kontra daudenak alde jarriko ditugu"

2002-11-01

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Elkarrizketa: Dionisio Amundarain Dionisio Amundarain, euskararen eragilea "Euskararen kontra daudenak alde jarriko ditugu" * Beñat Doxandabaratz Gizakiak zuhaitzak balira, haritza litzateke Dionisio Amundarain (Itsasondo, 1930). Erlijioso beneditarra, Filosofian Lizentziatua, Parisen eta Erroman Teologia ikasitakoa da. Baina irakasle jubilatua eta itzultzailea den Dionisio zerbaitengatik nabarmendu bada euskarari dion atxikimendu apartagatik izan da. Bere bizi osoan makina bat lan eta borroka egin du euskararen alde, hainbeste, haritz ederra bailitzan, berak utzitako euskararen ezkurrak hazten ikusi dituela ; baita sariak jaso ere, azkena, Anton Abbadia saria, aurten. Eguzki printzak opari gozoa diren udazken goiz hotz batean hartu gaitu Lazkaoko bere etxean. Solasaldia hasi eta berehala, egongelan zintzilik duen margo bat kutunki erakusten digu ; bertan, hiru irudi daude : bere erretratua erdian, albo batean Gerriko taberna denda txokoa eta bestean, berriz, Maizpide barnetegia. Ez da harritzekoa, EGA agiria lortzeko zubi sendoa den Maizpide barnetegiaren sortzaileetakoa bera izan baitzen 1988an. Apaiztu baino lehen, artzaina zintugun umetan. Bai, jauna. Aitarekin batera artzain mutil ibili nintzen aldez alde, Itsasondon, Gaintzan, Gabirian, eta udan, aldiz, Aralarrera igotzen ginen. Oraindio gogoratzen naiz txilarraren gainean nola egiten genuen lo aitak eta biok, etxoletan koltxoirik ez geneukan eta. Zenbat anaia arreba zineten? Hamaika. Erdia baino gehiago bidean geratzen joan dira eta gaur egun bost anaia arreba bizi gara. Harremanik ba al duzu beraiekin? Bai, horixe ! Asteburuetan eta arrebarengana joaten naiz. Gainera hark prestatzen dizkit otorduak. Mutiko koskorra zinela erabaki zenuen beneditar joatea. Hala da. Artzaintza utzi eta hamar urterekin sartu nintzen Lazkaoko monastegian. Baina gero konturatzen zara bizitzak beste problematika bat dakarkizula. Adibidez? Ba, herri baten nortasuna hizkuntzaren menpe dagoela taupadaka jarraituko badu. Euskararakokontzientziazio eta konpromiso hori mamitzen joan ziren nire baitan. Zure irakasleen artean Elbira Zipitria hitzetik hortzera aipatzen duzu. Jakina, Elbirak berealdiko lana egin zuelako. 1953 54 urteetan, jaiero jaiero meza nagusiaren ondotik, euskal aditza erakustera etortzen zitzaigun komentura. Aurkikuntza izugarria izan zen guretzat aditza "nor nori nork" horretan sistematizatua ikustea. Noiz ekin zenion itzulpen lanari? 1966tik aurrera. Hurrenik, 1974an alfabetatu egin nintzen eta ikastaro trinkoak ematen hasi, harik eta HABE k eskaintza bat egin zigun arte ikastaroak hilero eman genitzan. Israelera ere joan zinen hebraiera nola irakasten zuten ikusteko asmoz. Bai, hori 1982an izan zen. Baina egia esanda, metodologia aldetik ez nuen aparteko ezer ikusi. Ez ziren gu baino hobeak. Hori bai, abantaila handia zeukaten : ingurunea, klasetik atera eta hebraieraz egiteko aukera ematen ziena. Hainbeste, ni neu ere kutsatu nintzela eta azkenean penarekin etorri behar, gustua hartu niolako hebraiera ikasteari. Zer dela eta atera zinen beneditarren komentutik? Ez daukat batere lotsarik esateko. Goierriko Euskal Eskolan buru belarri lanean nenbilen Habe rekin harremanetan jarrita Maizpide izango zen euskaltegia sortzeko. Eta orduan lau urtetik behin egiten den bisita kanonikoa heldu zitzaigun monastegira. Eta han, bada, nitaz kexatu ziren, barruan oso denbora gutxi ematen nuela eta halakoak esanez. Eta "ultimatum" modukoa jarri zizuten. Bai. Hori jakinda zera esan zidaten : "urtebeteko epea ematen dizugu erabaki dezazun : monastegitik irten eta euskaltegiarekin jarraitu ala monastegira itzuli". Nik hilabete batzuetan ongi hausnartu eta, 1986an, nire borondatez ateratzea erabaki nuen. Erroman exklaustrazioa eskatu eta hiru urterako eman ondoren, ostera eskatu eta betikoa eman zidaten. Ez zara damutzen. Ez, ez. Barruan egonda egiterik ez neukan lan txukuna egin ahal izan dudalako. Nik ez dut galdu ez federik, ez apaiz zentzurik, ez beneditarren izpiritu lanik. Horrenharira, gero eta zailagoa dirudi gizarte honetan kristau baloreei atxikitzeak? Bai, aldapa gora jarri zaigu. Garai batean elizan irakatsi eta aldarrikatzen ziren zenbait kristau balore galdu edo narrasten ari dira. Esate baterako, ez diot lehen denak zintzoak zirenik, ezta gutxiagorik ere, baina elkarrekiko beste lotura bat zegoen. Horren kontura anekdota bat kontatuko dizut. Nire gurasoak karlistak ziren. Behin, Gerra Zibilaren erdian, Itsasondoko gure baserri inguruan gudari bat agertu zen, galdurik. Orduan, aita atera egin zitzaion eta nahiz eta bere hiru semeen kontran ibili, hara non gudaria gizon bezala tratatu eta hala esan zion : "zoaz hortik, zureak hor goian daude eta". Gaur, berriz, halakorik egingo al litzateke? Ez dut uste. Fedea galbidetik al doa? Uf ! Fededunen kontu hori oso zaila da aztertzea. Lehen ere jende askok, nik ulertzen dudan moduan, behintzat, fedea baino ohiturak zeuzkan, elizara joan, errosarioa errezatu eta kito. Eta fedea ez datza horretan, norbaitengan sinestean baizik, pertsona horrekin lotura bat izatean. Beraz, benetako fedea izan balute utziko al zioten elizara joateari ? Hitza ez da hainbeste betetzen. Ez, nire aburuz, ez. Lehen esaten zen euskaldunaren hitza bete beharrekoa zela. Gaur egun, ordea, hitza jan egiten da. Gezurra ere barra barra dabil, justiziaren izenean egiten diren barrabaskeriak. Baina tira, horrek ezin itsu gaitzake eta aurrera egin behar. Monastegiaz oroit, zein irudi datorkizu gogora? Beno, gauza on asko, baina bereziki hango lagunartea. Dena den, maiz joaten naiz beneditarrekin meza ematera. Bakarrik meza eman al dezakezu? Ez, orain kristau dotrina eta sakramentuak emateko baimena daukat, nahiz eta hasieran Jose Maria Setien aurreko apezpikuak ez zizkidan eman nahi. Gero, Lazkaoko bikarioari esker, lortu egin nuen. Eta monastegia utzi ondoren, ez al zenuen hutsune bat sentitu? Bai, erabaki zaila izan zen. Baina tira, nire indar guztia taxuzko euskaltegi bat martxan jartzen bideratu nuen. Zure txokoan gusturaegonik ere, burua eta arima egurasteko Udan Puerto Ricora joaten segitzen duzu. Bai, hamargarren urtea da joaten naizela. Lehenbiziko urte haietan, hau da, apaizgintzan jarduteko baimenik ez nuenez, barruan halako irribarre bat neukan. Hortaz, Ataungoa den lagun apaiz baten bidez Puerto Ricon jarduteko aukera eman zidaten eta pozaren pozez hareaka joan nintzen. Zer dago han hainbeste erakartzen zaituena? Jendearen gizatasuna, dudarik gabe. Esperientzia zoragarria da, ez turista modura, herriaren ikuspuntutik bertatik baizik. Puertoricoarren pentsamoldea, kezkak, eskuzabaltasuna, eta abar ezagututa, bistan da gurean ez bezalako harrera dutela. Kontuan hartu, gainera, berealdiko arazoa dutela droga eta hilketen asuntoarekin eta, hori jasanda ere, bere etxea parez pare irekitzen dizute. Nortasuna galtzen ari dira Sam osabaren tripetan irentsita. Bai, baina arazo latzena ekonomikoa da kulturala baino; laborantza eta abeltzaintza ia ia utzita daude. Hara zergatik : Puerto Ricoko Estatu Libre Atxikia izan arren, azkenean, Estatu Batuetako 51. estatua bihurtuko delako. Ibarretxe lehendakariak berriki proposatu duenaren antzeko egitura politiko juridikoa du Puerto Ricok. Bai, baina gu baino askoz okerrago daude, Estatu Batuen menpe zeharo. Euskaldunok, aldiz, erraz baliatuko ginateke geure buruaz. Are gehiago, gu Madriletik jetzi egiten gaituzte, behiak bagina bezala. Balizko Euskadi hori Europar Elkartetik kanpo utziko luketela diote. Ez, hori beldurtzeko mehatxua baino ez da. Europan pozarren hartuko gintuzkete, Madrid eta Parisek hori esan arren. Gurekin duten auzia, hala ere, ez da kultur mailakoa, poltsiko eta kartera mailakoa baizik. Interes materialak dituzte gurean. Kontuak, kontu, osasunez zer moduz zabiltza? Tira, orain ondo. Baina duela bi urte, makal samar ibili nintzen. Puerto Ricon nengoela, zorabioa sentitu eta lehen hegazkina hartu nuen. Donostian medikuz mediku ibili eta "markapasoa" jarri zidaten. Baina ez zen hori, eta azkenean, nire gogokoa ez bazenere, Iruñeko Opusera joan eta han esan zidaten belarriko arazoa zela. Injekzio batzuk jarri eta Jainkoak lagun, sendatu egin ninduten! Pertsona metodikoa zaitugu. Izan beharko ! Hori bai, orain pixka bat beranduago jaikitzen naiz, zortzietan, alegia ; gosaldu eta bederatzietan hasten naiz lanean. Goizerdian atsedentxo bat hartu eta Lazkaon barrena ibiltzen naiz. Ondoren, bazkaldu eta siestatxo bat egiten dut. Ostera lanari heldu eta buru belarri murgiltzen naiz arratsaldeko zortziak arte. Beraz, Eusko Jaurlaritzako lanetik erretiroa hartuta ere, jo eta su segitzen duzu. Ze erremedio ! Egonean ezin egon eta. Duela gutxi zortzi teologi liburu euskaratu ditut Deustuko Unibertsitateak eskatuta. Azken aldian, Elizen arteko Bibliaren bigarren argitalpena prestatzen ari gara, informatizatua eta guzti. Ze irizpide erabili duzue Elizen arteko Biblia euskaratzeko? Ez dugu hitzez hitz itzuli, baizik eta kutsu komunikatiboa eman. Esate baterako, grazia bezalako hitzaren ordez "ongi nahia" hobetsi dugu. Izan ere, nahiz eta "grazia" hitz sartua izan, ikusi genuen jendeak ez diola daukan esanahia ematen. Ongi nahia joskera aldetik freskoagoa izateaz aparte, gisa horretan Iparraldean hobe ulertzen dute. Joskeraz mintzo, zer deritzozu Euskaltzaindiak plazaraturiko hiztegiari? Ondo dagoen arren, nire ustez, laburregia da, batez ere, hitz konposatuak idazteko orduan, hor zalantza sortzen baita : noiz idatzi batera, noiz marratxoarekin eta noiz aparte ? Euskararen egoera hizpide, demagun hemendik ehun urtera gure hizkuntza desagertu egin dela eta bere arrasto bakanak gaztelerak bereganatu dituela ; adibidez : kale borroka, zulo, bidegorri, eta abar. (Barreak) Ez, ez dut uste euskara galduko denik, horrek herriaren bihotza etetea lekarkeelako. Nahiz eta batzuetan etsipen moduko bat sortu, euskarari eutsi nahi diogunak gehiengoa gara ; are gehiago, gaur egun euskararen kontra daudenak ere alde jartzea lortuko dugu. Erabilerari begira, ikasgelatik aterata hasten dira komeriak. Zoritxarrez,hala da. Garai batean euskaraz mintzo zirenei "kashero" deitzen zitzaien, eta ondorioz, erdarara jotzen zuten. Gaur egun, orduan bezala, orain gazte batzuei iruditzen zaie euskaraz hitz egiteak ez daukala indarrik eta "euskañola" erabiltzen dute. Aztertzeko fenomenoa da, bai. Horren kariaz, gazteriaren erreferentzia gehienak erdal mundutik etortzea ez da batere lagungarria. Ez, alajaina ! Eta ez pentsa horrek erremediorik ez duenik. Konparazio batera, ETB k askoz gehiago egin lezake egoera hori hobetzeko ; aski da ikustea aurrekontuan zenbat gastatzen duten ETB 2rako eta zein gutxi ETB 1erako. Zure gazte denboran gehiago erabiltzen al zen euskara? Bai, proportzioan gehiago hitz egiten zen orain baino. Dena den, euskal hiztunen kopurua jaistearen arrazoia 60 eta 70ko hamarkadetako inmigrazioaren eragina da. Etorkin horien bi belaunaldiek ez dute heziketa euskaraz jaso. Baina hemendik aurrera, D ereduari esker euskararen ezagutza nabarmen igoko delakoan nago. Ezagutzak, ordea, ez du erabilera bermatzen. Ez, noski ; baina laguntzen du. Izan ere, gaur egun nahikoa da euskaldun talde batera erdaldun bat inguratzea euskaldunak erdaraz hasteko, sasi errespetu modura edo. Denboraren poderioz, berriz, gero eta jende gehiagok jakitean, gutxiago joko da erdarara eta euskaraz gehiago ariko. Gipuzkoara aiseago helduko da normalizazioa. Baina beste probintzietan, zer? Ingurune zailenak Bilbo Handia eta Gasteiz dira eta izango dira. Zenbateraino eskolatuko diren euskaraz ikuskizun dago. Kantitatea ala kalitatea? Biak kontrajarriak daudela dirudi eta. Nik, bederen, nahiago nuke gutxi eta dotore baino euskaraz jende asko eta kaskar aritzea, horrek borondatea adierazten baitu. Lehen esaten zen Eibarko euskara ez zela ona. Ba, zer gehiago nahiko nuke nik mundu guztia Eibarko euskaraz aritzea baino ! Zure lorpen handienetakoa den Maizpide barnetegian ikasle anitz joan ohi da EGA atera nahian. Tamalez, agiria gaindituz gero, jende frankok euskara zakarrontzira botatzen du. Tristea,baina hala da. Oinarri ona hartu bai, baina gero zer ? Gasteizko neska bat ezagutzen dut, EGA edukita ere, hizketarako ere gauza ez dena. Badirudi HABE k euskalduntze prozesurako diru mordoa gastatzen duela, eta gero, kasu dezentetan alferrik galtzen da. Nire iritziz, beraz, jarraipen bat egin beharko litzateke, ez soilik emaitzei begira, erabilerari begira baizik. Behartuta daudenek marmarka ikasten dutelako ote da hori? Baliteke. Baina esadazu, zenbat jendek ikasi du edo ikasiko luke euskara borondate hutsez ? Oso gutxik. Orduan, zein akuilu behar du euskarak? Pizgarriak behar ditu. Baina ez bakarrik irakaskuntzan. Esaterako, ez legoke batere gaizki Quebec en egiten dutena Euskal Herrian aplikatzea. Han enpresa pribatuei dirulaguntzak ematen zaizkie frantsesten ari diren neurrian. Ba, gauza bera egin euskaratzen ari diren enpresekin. Zu bezalako gizon aitzindari batek, zein berrikuntza du esku artean? Buruan dabilkit eliza eta liturgia mailan euskarazko web orri bat sortzea, ez baitago halakorik. Ez dut uste diru aldetik garestia litzatekeenik. Hori hausnartu bitartean, mezu bereziak jasotzen ari naiz, neuk eta beste batzuek idatzitakoak. Berezia zertan? Espeziala eta espaziala. Xinplea bezain liluragarria da : Frantzian zenbait hizkuntzatan prestatutako mezuak eskatzen ari dira, gero, espaziuntzi batean bidali eta hemendik milaka urtera biziko diren pertsonek irakur ditzaten. Nola ez zuten, ba, euskara sartuko ? Espero dezagun horretan, behinik behin, sabotajerik ez izatea ! Dionisio Amundarain Erlijioso beneditar bitxia dugu Dionisio Amundarain (Itsasondo, 1930). Kanpoan euskararen alde lan gehiago egingo zuelakoan, monasteriotik ausarki atera eta gure hizkuntzari eskaini dio bere indar guztia. Bere lorpenen artean, Maizpide Barnetegia nabarmentzen da. Egun, bakarrik bizi da Lazkaoko bere etxean eta, klaseak eman eta azterketak prestatzetik jubilatu bazen ere, testu liturgikoak itzultzen segitzen du. Udan aldiz, Puerto Ricora joan ohi da, berak dioen bezala: "meza eman eta hango jendearekin egurastera". Argazkiak: Beñat Doxandabaratz Euskonews & Media 186.zbk (2002 / 11 / 1 8) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Garbi Losada: "Antzerkian, beste lanbideetan bezala, bizirik gaudelako egiten dugu lan: pasioagatik, interesagatik edota bizirauteko, alegia"

 

Irakurri

Antonio Bea: "Hilabete eta erdian, Irati eta Urruña artean, 2 milioi uso pasatzen dira"

 

Irakurri

Errakel Armentia: "Afrikan haurrak gosez hiltzen ari dira, HILTZEN, hatxez eta letra larriz"

 

Irakurri

Roberto Otaegui: "Nik uste dut genetika kontua dela. Euskadin oso fuerte sentitu nuen mendiaren indarra"

 

Irakurri

Toti Martinez de Lezea: "Historia gu guztiona da, denok handik gatozelako"

 

Irakurri