Elkarrizketa: Joseba Jauregizar Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria Joseba Jauregizar Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria "20 urtetan, I+G n egindako inbertsioa 22 aldiz biderkatu dugu" * Ismael Diaz de Mendibil Duela aste gutxi, adierazpen hauek egin zituen Leioako Campusean Josep Piquék, Zientzia eta Teknologia ministro espainiarrak: "Espainiak gutxi inbertitzen du ikerketan, eta gainera gaizki". Zintzotasunez mintzatu zen Aznarren exekutiboko ministroa hori esaterakoan, Estatu espainiarrak esparru horretan dauzkan gabeziak agerian utziz. Euskadiko egoera, aldiz, bestelakoa dugula adierazten digute inbertsio publikoko indizeek, entitate pribatuek teknologiaren arloan duten partaidetzak eta orain arteko ibilbideak. Nolanahi ere, egoera hori hobetu egin daiteke, batik bat epe laburrean geure burua Europako teknologiaren esparruan onenen artean kokatzeko asmotan bagabiltza. Gai hauek eta beste batzuk aztertu ditugu Joseba Jauregizarrekin. Zer da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea? Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren esparruan diharduten eragile guztiak biltzen dituen erakundea da: unibertsitateak, ikerketa zentroak, parke teknologikoak, enpresa eta berrikuntza zentroak, eta I+Gn ari diren organismo publikoak. Europan beste inon ez dago horrelakorik. Gure sareak, Euskadin ikerketa eta garapenaren arloan aritzen diren 12.000 pertsonatik gehienak biltzen ditu, ia guztiak. Zein da erakunde honen helburu nagusia? Geroari begira daukagun erronka nagusia da gure gizartea bultzatu eta eraldatzen laguntzea, gizarte industriala izan beharrean ezagutzaren gizartea izateko. Esate baterako, enpresa aeronautikoak erakarri nahi baditugu, beharrezkoa izango zaigu berrikuntza aeronautikoan punta puntan dabilen berrikuntza zentro bat izatea. Hogei urtetan aurrerapauso handiak eman ditugu. Lehen nahiko atzeratuta genbiltzanikerketen aldetik, baina orain aldiz hain zuzen ere ikerketak dira gure alderdirik onenetako bat. Ipin iezaguzu adibide bat, Euskadi esparru honetan lehiakortasunaren aldetik nola dabilen ikus dezagun. Etorkizunean zeresan handia izango duen kasu bat azalduko dizut. Oraindik proba fasean dago, baina hemendik gutxira errealitate bat izango da: hautestontzi edo boto elektronikoa. Edozein hauteskunde motaren emaitzak berehalakoan ematen dituen hautestontzi elektroniko bat asmatu da. Athletic eko lehendakaria aukeratzeko hauteskundeetan horrelako hautestontzi bat erabili zen, eta oso ondo ibili zen. Eta, hemendik gutxira, Ertzaintzako hauteskunde sindikaletan erabiliko da. Belgikan antzeko zerbait asmatu dute, baina Euskal Herrian asmatutakoaren abantaila da orain arte bozkatu dugun bezala bozkatzen jarraitu ahal izango dugula, hautestontzian papeleta sartuz, baina desberdintasun batekin: kontaketa elektronikoa izango da, eta berehalakoa. Beste adibide bat, CAF enpresak egiten dituen metroena izan daiteke. Zein erronka dauzka Eusko Jaurlaritzak datozen urteetarako? Euskadik bere Barne Produktu Gordinaren %1,51 bideratzen du I+Gra. Europak, batez beste, %1,7. Beraz, gure helburua, epe laburrera, teknologiari dagokionez Europaren mailara iristea da. Estatuaren inbertsioa, berriz, %0,94koa da, eta bere helburua 2003. urtean %1,3ra iristea da. Horretarako, erakunde publiko eta pribatuek ezagutzak sortu behar ditugu, eta ezagutza horiek enpresei transferitu, ikerketa proiektuetan aplika ditzaten. Eta, azkenik, programa teknologiko europarretan parte hartu behar dugu, eta, une honetan, seigarren programa teknologiko europarrean bereziki. Hau guztia bideratzeko, guztira 100 milioi euroko aurrekontua izan dugu 2002. urtean. Nolanahi ere, aipatu duzun bezala, bultzada teknologikoa ez du diru publikoak bakarrik ematen. Nola inplikatzen dira enpresa pribatuak? Duela hogei urte Euskadin ez geneukan ikerketak egiten zituen zentro publikorik. Eta Estatuak ez zuenez ezer egiten,Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen Euskal Herrian zeuden laborategi txiki pribatuei bultzada bat ematea. Gaur egun laborategi horiek ikerketa zentro handiak dira, eta finantziazio mistoa daukate, diru publiko eta pribatua jasotzen dute. Duela hiru urtetik hona, fundazio hauek lotura handia daukate enpresekin, enpresek eskatzen dietenari erantzuten dietelako. Ikerketa zentroetako patronatuetan, enpresek 2/3ak finantzatzen dituzte, eta administrazioak 1/3. Ikerketak bultzatzea herrialdearen etorkizunerako funtsezkoa den arren, ez dirudi hiritarrek garrantzi handiegirik ematen diotenik. Zure ustez, zerk eragiten du jarrera hori? Orain arte, zientzia eta gizartea elkarrengandik oso urrun ibili dira, baina gauzak aldatzen hasi dira. Europan ahalegin handiak egiten ari dira hiritarrei gai hauek daukaten garrantzia ulertarazteko. Beste alde batetik, kontuan izan behar da zientzia denbora askoan industria militarrari lotuta egon dela, eta gero ekonomia industrialari. Duela gutxi hasi da hiritarrengandik gertu dauden arloetan sartzen, ingurumenean edo aisialdian adibidez. Esate baterako, duela zenbait urte inori ez zitzaion burutik pasa ere egingo itsuentzako telefono bat asmatzea, baina orain egiten dira horrelakoak, eta Euskadin bertan gainera. Gizartea gero eta inplikatuagoa dago teknologian, teknologia gero eta sozialagoa bihurtzen ari delako. Hiritarrengana gerturatu beharra daukagu. Herrialde lehiakorra al da gurea? Bai, inolako zalantzarik gabe. Ez dizut esango Europan punta puntan gabiltzanik, baina erditik gora behintzat bai. Italia bezalako herrialdeak baino hobeto gabiltza, adibidez. Punta puntan dabiltzanak herrialde eskandinabiarrak eta Frantzia eta Alemaniako eskualde batzuk dira. Gaur egun, hala ere, duela 20 urte baino 22 bider gehiago inbertitzen dugu I+Gn. Eta urte gutxitan Europako liderren parean jarri nahiko genuke. Eta zein da Espainiaren egoera? Teknologiako indikatzaileek diotenez, okerren dabiltzan herrialdeak Espainia, Portugal eta Grezia dira. Horrekez dio inori onik egiten. Herrialde hauek dira gehien erabiltzen dutenak "besteek asma dezatela" esaldia. Hogeita hiru urte bete berri ditu Estatutuak, eta inoiz baino desadostasun handiagoak daude transferentzien eta eskuduntzen inguruan. Desadostasun puntuetako bat teknologia dugu. I+Gn gaineko eskuduntza, Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza esklusibo bat da. Estatuarekin koordinatuta jardun behar du, baina esklusibotasuna Euskal Herriak du, eta oraindik ez zaio materia hau transferitu. Madrilen teknologiaren aldetik hutsune nabarmenak daudenez, gu, beste autonomia erkidego batzuk bezala, gure kontura ari gara lan egiten. Euskadin duela hogei urte hasi ginen honekin lanean. Beraz, gure aurrekontuko dirua erabiltzen dugu, eta gainera Estatuari, kupoaren bidez, I+G ordaindu behar izaten diogu. Azken hamar urteetan 139.000 milioi pezeta ordaindu dizkiogu Madrili, trukean ezer jaso gabe. Zein azalpen du horrek? Oso erraza. Urtean 25.000 milioi ordaintzen baditugu I+Grako, eta 6.000 7.000 milioi bakarrik jasotzen baditugu, argi dago diru galerak izango ditugu. Aipaturiko politika horiekin posible al da enpresa guztietara iristea, ala badira karrera teknologikotik kanpo gelditzen direnak ere? Europako Ikerketa ministroek Bartzelonan egin zuten azken bileran, helburu bat finkatu zuten 2010. urterako: ikerketa eta garapen proiektuetan finantzazioaren 2/3a pribatua izan zedila, eta 1/3 publikoa. Euskadik helburu hau bete zuen iaz. Hiru eurotatik bi enpresek ipintzen dituzte, eta bat administrazio publikoak. Zenbat enpresa ari dira I+Gn lanean? Gure autonomia erkidegoan 9.000 enpresa inguru ditugu, mota guztietakoak, txikiak zein multinazionalak, eta horietako heren bat I+Gn aritzen da, baina barne produktu gordinaren bi herenak ekoizten dituzte. Gure helburua, memento honetan, enpresa txikiengana iristea da. Esparru honetan oso garrantzitsua da enpresen eta unibertsitatearen arteko komunikazioa, baina unibertsitateari enpresekin harreman gutxi izatea leporatzen zaio. Adosal zaude diagnostiko horrekin? Nire ustez, unibertsitatea azken aldian oso azkar ari da egoera berrira egokitzen. Argi dago bere helburu nagusia ikasleak trebatzea dela, baina merkatuaren beharrei erantzuten ere jakin behar du. Horregatik, Hezkuntza Sailarekin batera ari gara lanean, unibertsitate enpresa programak prestatzen. Unibertsitatearentzat ere aldaketen garaia da. Josep Piquek, Zientzia eta Teknologia ministroak, zera adierazi zuen gutxi elkarrizketa batean: "Espainiak gutxi inbertitzen du ikerketan, eta gainera gaizki". Zer pentsatzen duzu horren inguruan? Zer esango dizut ba nik. Zintzotasunez egindako adierazpena da, baina egoera nola dagoen ikusita, erantzun bat ematea dagokio. Eta bere Ministeriotik hasi behar du hori egiten, zeren Espainia, Portugal eta Greziarekin batera, azken lekuetan dabil Europan. Egia esateko, harridura eragin zidaten bere adierazpenek. Joseba Jauregizar Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Informazioaren Gizarteko zuzendaria Joseba Jauregizar, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren esparruan aritu da lanean. Telekomunikazioetako ingeniari eta ingeniari industrial honek azken bi hamarkadetan Euskadin ikerketaren eta garapenaren esparruan egin den guztiaren berri du. Enpresa pribatuan aritu ostean, 1991z geroztik euskal administrazioko ikerketa politikak zuzentzen dihardu, postu desberdinak egikarituz. Uneotan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren 2001 2004 Planari ematen dio lehentasun osoa. Aipaturikoaz gain, Deustuko Unibertsitatean irakasle eta Eusko Ikaskuntzako kide dela ere esan beharra dago. Ismael Diaz de Mendibil Argazkiak: Egilearenak Euskonews & Media 188.zbk (2002 / 11 / 15 22) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak.
Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere
hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik
"konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz
gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula
adierazten ari zara. Sakatu
Irakurri gehiago
lotura informazio gehiago lortzeko.