Carlos María Romeo Casabona. Zuzenbide eta Giza Genomari buruzko Unibertsitate arteko katedraren zuzendaria: Bioetikaren inguruan jendeak duen iritzia osatzen lagundu beharko lukete hedabideek

2007-10-05

GÓMEZ DE LA PEÑA, Iker

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Ikerkuntzak eta esperimentazioak, bai Medikuntzan eta baita Genetikaren arloan ere, izan behar dituen mugak eta DNAren inguruko ezagutzaren inguruko erantzukizun penala, Bioetikak bere baitan hartzen dituen bi gai besterik ez dira. Nahiz eta kontzeptu hau ezezaguna eta urruna iruditu, gure gizartean gertu ditugun gai anitz jorratzen ditu. Zuzenbidea, Medikuntza edota Filosofia alorretatik, besteak beste, Bioetika eraiki egiten dute. Carlos María Romeo Casabona Giza Genomaren inguruko Katedraren zuzendariaren esanetan, Bioetika gizarteari hurbildu behar zaio, biztanleek ere gai guzti hauetan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Zeri buruz ari gara bioetikaz ari garenean?

Esan genezake bioetika etikatik datorren zientzia bat dela. Bi gairekin lotuta ageri da, batez ere: osasun asistentzian gertatu diren aurrerapenekin, eta medikuntzaren arloan egiten diren ikerketekin, batez ere ikerketan gizakiak -edo are animaliak ere- erabiltzen direnean, eta ikerketa horien emaitzak klinikoki gizakiengan erabil daitezkeenean. Kontua da printzipio moral batzuk ateratzea, gero jarduera mota horiei aplikatzeko. Ikuspegi zabalago batetik begiratuta, zuzenbidea ere barruan hartuko luke bioetikak. Bioetika diziplinartekoa da, zeren etikari, zuzenbideari, filosofiari, soziologiari eta abarri deitzen baitie; gizarte zientziei, nolabait esateko.

Definizio hori entzunda, badirudi bioetika kontzeptu subjektibo samarra dela...

Baliteke, bai, zeren halako mundu ikuskera batetik, edo erlijio sinesmen jakin batetik, edo ideologia politiko jakin batetik abia baitaiteke, eta horrek eragin handia eduki dezake printzipio bioetiko horiek sortzen ari denaren ikuspegian. Halere, mendebaldeko munduan gero eta jende gehiagok dio nazioarte mailan sortu diren Giza Eskubideetan oinarritu behar duela bioetikak. Hasiera batean, bada, bioetika urrunago egongo da alderdi edo erlijio jakin batean oinarritutako postura ideologikoetatik.

Berriz diot, halere kosta egingo da profesionalak adostasun puntuetara iristea. Adibidez, Eusko Jaurlaritzak sortzea onartu duen Batzordea: 17 pertsona izango dira bertan, eta...

Jakina. Halere, Batzordea ez da oraindik sortu, hura arautu behar duen araudia onartu da bakarrik... Egia da gai batzuk oso konplexuak direla berez, arrazoi ideologikoengatik, irizpide desberdinengatik edo gaiari nola begiratu seguru ez dakigulako... Erreferentziatzat Giza Eskubideak edukitzea argi-iturri ona da. Adibidez, orain aipatzen hasi dira ikerketak egin litezkeela laborategian, eta ADN nahastekak edo animalien eta gizakien gene-nahasketak egin litezkeela horietan. Horretaz, ez da hausnarketa sakonik egin orain arte. Beraz, hasieran, nahasmena handia izan daiteke, erreferentziarako irizpide batzuk aurkitzeko. Lan handia da gai hori aztertzen duten pertsonen irizpideak biltzea, gaia nahiko berria baita, eta hausnartu egin behar baita.

Egun, zein gaik sortzen du ardurarik gehien esparru honetan?

Gai bat ari da eztabaida gehien sortzen esparru honetan: medikuntza birsortzailearen alorreko ikerketa. Hots, bide berri bat, giza zelula amen bitartez, horiek pertsona eri batek behar dituen ehunetan eraldatzeko, hark endekapenezko eritasun bat duelako eta ehun eta zelula jakin batzuk hondatzen ari zaizkiolako, edo hark istripu bat jasan duelako eta birsortze horren premia daukalako. Zelula amen gaia da. Baina zelula ama horien jatorria da arazorik handiena, giza enbrioietatik baitatoz. Eta, horretarako, badira giza enbrioi supernumerarioak, laguntza bidezko ugalketa tekniketatik sortuak, edo soberakinak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak dioen bezala. Beste bide berri bat: klonazio teknika ez produktiboa erabiltzea, zelula amak eskuratzeko.

Mintza gaitezen Eusko Jaurlaritzak iragarritako Batzordeaz? Zertarako balioko du?

Batzorde hori ongi ibil dadin, uste dut herritarrek eta euskal erakundeek gertukotzat sentitu behar dutela. Batzordeak hausnarketak, irizpideak eta iritziak sortu behar ditu herritarrei interesatzen zaizkien gaiez; erreferentziazko iritziak eskaintzen saiatu behar du. Baldin eta oso goi mailako ikerketak -eta errealitatetik urrunekoak- egingo balitu bakarrik, ez litzateke Batzordearen beharrik. Eusko Jaurlaritzak, hura sortu duenean, lehenengo bidea aukeratu du, eta, horretarako, bermatu du Batzordea diziplinartekoa izango dela, eta gutxieneko pertsona kopuru bat izango dela bertan, eta uste dut, gainera, plurala izango dela ikuspegi askotatik. Batzordea independentea da, halaber. Garrantzitsua da hori, eta alde handia dago horretan beste autonomia erkidego batzuetan sortu dituzten batzordeekin, ez baitute bermatu independentzia. Nabarmendu egin behar dugu alderdi hori. Finean, hark erakundeei laguntzea espero dut, erakundeak argitzea eta orientatzea, gero haiek modu guztiz independentean erabaki dezaten, zeren Batzordea aholkuak emateko organoa baita. Eta beste lan bat ere egin behar du: herritarrak berak orientatu eta lasaitu, gaurkotasun eta interes handiko gaietan.

Hau da, organo aholku-emailea izan behar du...

Bai, eta herritarrengana hel daitezkeen iritziak eman behar ditu. Ez du zertan aholku-emate ekitaldi hutsetara mugatu. Herritarrek gertuko sentitzen duten organo bat izan behar du Batzordeak. Motor ona izan daiteke hura, gai horiei buruzko interesa pizteko eta jendea orientatzeko, gai horiek egiazki minberak baitira batzuetan.

Zenbateko garrantzia du, Euskadin, bioetikaren kontzeptuak?

Iruditzen zait euskal erakundeek benetako interesa agertu dutela gai horretan. Gainera, euskal unibertsitateek -EHUk eta Deustukoak- bioetikarekin lotutako eztabaida-, irakaskuntza- eta ikerketa-foroak egin dituzte, eta horiek ugaritu egin dira azken urteetan. Munduan abian jarri zen lehen ekimena nabarmendu beharko litzateke. 1993koa da: Giza Genomaren Katedra sortzea. Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBV Fundazioak egin zuten, eta haren aldeko apustuan dihardute oraindik. 1993tik hasita, nazioarteko foro garrantzitsua izan da hori. Parte-hartze handia eduki du, bai EAEn, bai Estatuan. Euskal erakundeetara, Estatuko Gobernura, Gorte Nagusietara... heldu da. Baita nazioarteko erakunde batzuetara ere, haiei aholku ematen ari baikara oraintxe: Europako Batzordeari, Unescori, OMEri... Izan ere, garbi esan behar dira gauzak, Espainiako gainerakoan ez dago horrelako gauzarik. Nabarmendu behar da sekulako berritasuna izan zela, Euskadin maila horretako foroa sortu izana, mundu akademikoan txertatuta, zeren Deustuko eta EHko Unibertsitateena baita.

Zer gustatuko litzaizuke aztertzea Eusko Jaurlaritzaren ekimenez sortuko den Batzordeak?

Ez naiz batzorde horretako kidea... baina iruditzen zait Ikerketa Biomedikoaren Legea dela aztertuko duten gaietako bat. Oraindik ilun samar dauden gai batzuk aztertu beharko dira: ea nola bidera daitezkeen Euskadiko ikerketa-taldeetan eta -enpresetan. Hortxe ikusten dut nik lan handi bat.

Estatuarekin alderatuta, zer mailatan dago Euskadi bioetikaren arloan?

Bada, egia esan, Estatuan ez da hemen 1993tik daukagun Giza Genomaren Katedraren antzeko inongo erakunde akademikorik edo paraakademikorik. Gai horietan, hau da, Giza Genoman eta antzekoetan ikertzen eta irakasten aritzen den erakunde bezala, gurea da Estatu osoko bakarra. Bada bioetikako instituturen bat, baina ez daukate guk daukagun bezalako azpiegiturarik, ez daukate batik bat gai horretan aritzen den ikertzaile talderik. Kontuan eduki behar da hemengo ikertzaileek aldian-aldian argitaratzen dituztela beren lanak, eta jadanik badituztela 25 ale baino gehiago argitaratuak; badituztela eginak monografiak ere, ia hogei egia esan, katedraren zigiluarekin argitaratuak.

Katedrak, bere jarduera finkoen artean, baditu gaurkotasunezko gaien buletin bat eta urteroko mintegi bat ere, ezta?

Besteak beste, bai. Udazkenero mintegi bat antolatzen dugu gai monografiko bati buruz. Gaurkotasun handiko gaia izan ohi da, eta espezialistak ekartzen ditugu hura sakon aztertzeko. Oso jende gutxi etortzen da mintegira, 40 bat lagun, zeren datozenek lasai eztabaidatzea nahi baitugu. Udazken honetarako programa ere, itxita dago jadanik. Mintegia urriaren 29an izango da. Medikamentu berrien ikerketak eta komertzializazioak dauzkaten helburuak eta zailtasunak aztertuko ditu. Udaberrian, gainera, jardunaldi batzuk antolatzen ditugu, eta gaurkotasun handiko gaiak aztertzen dira bertan. Kasu horretan, jende gehiago etortzen da: herritarrak, irakasleak, ikasleak... beste unibertsitate batzuetako jendea etortzen da, edo doktore tesiren bat prestatzen ari diren pertsonak. Guztira, lau saio izaten dira, bi egunetan, eta jende ezaguna ekartzen saiatzen gara horiek emateko, Nobel Saridunen bat barne.

Eta gazteek... zer espiriturekin heltzen diete gai hauei?

Sekulako arreta jartzen diete, egia esan. Guk Biologiako eta Kimikako ikasleei ez ezik Zuzenbidekoei ere ematen dizkiegu eskolak, eta iruditzen zait lehenengoek interes gehiago ageri dutela Zuzenbidekoek baino, ia berehalako erabilera ikusten baitiote gaiari beren esparruan, gaia hurbilagokoa baitzaie. Zuzenbideko ikasleari ere interesatzen zaio, ordea. Oro har, Zuzenbidearen, Filosofiaren, Medikuntzaren... inguruko jendeari bene-benetan interesatzen zaizkio gai horiek.

Gai hauek sozializatzeko orduan, zein bide hartu behar da? Bada, zaila da, gaiak oso teknikoak baitira, Medikuntzatik edo Zuzenbidetik datozen arren. Zailtasun handia dago; lehenengo, ulertzeko. Komunikabideek eginkizun garrantzitsua dute, jendea argitzeko. Eta, gero, Katedraren eta antzeko instantzien kasuan, ikusi behar da ea nola begiratu behar zaien arazoei, ea nola konpon daitezkeen. Hausnartzen lagundu behar da. Sor dezala jendeak bere iritzia, zeren hemen ez baita bilatzen inoren pentsaera baldintzatzea; jendeak berak hausnartu behar du, bere ikuskeratik. Tresnak eman behar zaizkio jendeari, eta bioetikarekin lotutako gaiak hurbildu. Carlos María Romeo Casabona (Zaragoza, 1952) Zaragozan jaioa 1952. urtean. 1988 urtetik Zuzenbide Penalean Katedraduna da eta 1996 urtetik Euskal Herriko Unibertsitatean. Unibertsitate arteko Katedra BBVA Fundazioa –Bizkaiko Foru Aldundia Zuzenbide eta Giza Genoma, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatearen Zuzendaria da. Maisu laguntzaile izan da, Zaragozako Unibertsitatean (1974-1987), Zuzenbide Penalean Katedraduna (1988-1996), Ikasketa Kriminologikoen Zentruko eratzaile eta zuzendaria (1990-1996) eta Zuzenbide Fakultatearen Dekanoa La Lagunako Unibertsitatean (1991-1999), (Tenerife, Kanariar Irlak). Ikasketei dagokionez, Zuzenbidean Lizentziaduna (1974), Zuzenbidean Doktore (1980), Medikuntzan Doktore Zaragozako Unibertsitatetik (1991) eta Kriminologian Diplomatua, Madrideko Complutense Unibertsitatetik (1974).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jesús Tellería Armendáriz. Arte erromanikoan aditua: Gaur egun neronek ateratako 50.000 diapositiba baino gehiago ditut, guztiak arte erromanikoari buruzkoak

 

Irakurri

Alicia Amatriain. Dantzaria: Dantza munduan perfekzioa da jomuga, lortzea ezinezkoa bada ere

 

Irakurri

Mari Carmen Gallastegui. Ikerbasque Fundazioko Zuzendaria: Euskal ikertzaileak alde egitea ez da txarra, baina bueltatu nahi izanez gero tokia edukitzea lortu behar dugu

 

Irakurri

Imanol Querejeta. Psikiatra: Oporren osteko estres sindromea, lortu dugun bizi kalitatearen ondorio bat besterik ez da

 

Irakurri

Félix López López de Ullibarri. Arabako Foru Aldundiko Museo Zerbitzuko burua: Hemendik aurrera egin beharreko lehen lana Arabako museoak berregituratzea da

 

Irakurri