Diego Joaquín Ibarbia: "Guk sortu genuen Argentinako Euskal Inmigrazioaren Aldeko Batzordea"

2003-04-03

AUZA, Gonzalo

Elkarrizketa: Diego Joaquín Ibarbia Diego Joaquín Ibarbia Guk sortu genuen Argentinako Euskal Inmigrazioaren Aldeko Batzordea * Gonzalo Auza Bihotzeraino iristen zitzaizkion Diego Joaquín Ibarbiari amak euskaraz abesten zizkion abestiak, eta horrexek piztu zion euskalduntasun sentimendua. Mainak egiteari utzi zionetik hainbat urte geroago, Buenos Airesko gizon honek sortzea otu zitzaion, eta gauzatu egin zuen bere asmoa. Erakunde honek, immigranteak artatzeko plan handiosoago bat bilakatzeko xedearekin, Argentinan sartzeko laguntza eskaini zien erbesteratuei 40ko hamarkadan. Diego Ibarbia eta Francisca "Panchita" Olariagaren semea Buenos Airesko General Guido probintzian jaio zen 1906an, oso sendi euskaldun batean. Bere 96 urtetan zehar, gizarte ekintza ugaritan hartu du parte. Dora Marín ekin ezkondu zen, eta zazpi seme alaba, hamahiru biloba eta lau birbiloba dauzka. Hogei urterekin injineru agronomo ikasketak amaitu zituen, eta berrogei urterekin Zuzenbidekoak. D.J Ibarbia bere ama eta arrebarekin Gizon nekaezin hau, nolanahi ere, urrutirago iritsi zen, eta, horrela, nekazaritzako erakunderik garrantzitsuena den Sociedad Rural Argentina ko zuzendari, funtzionario publiko eta irakasle izana da. Agronomia eta Albaitaritzako Akademia Nazionaleko kide izendatu zuten, eta baita Zientzia Moral eta Politikoetakoa ere. Lan itzela egin zuen Buenos Airesko Probintziako Kolonizazio Institutuan, zuzendari gisa jardun zuen urteetan guztira 131.000 hektarea hartzen zituzten hamasei kolonia eratu baitzituen. Eusko argentinar erakundeen baitan, hirutan Eusko Ikaskuntzen Institutu Amerikarreko presidentea izan zen; Laurak Bat Euskal Zentroko ohorezko kidea da, eta Juan de Garay Fundazio Eusko Argentinarraren sortzailea Gaur egun gutxi dira Ibarbia bezalako gizonak. Elkartasun osoa adierazi zien beharrean zeudenei, trukean deus eskatu gabe. Beste herriekiko doako elkartasuna zer den ere ia ez dakien mundu garaikide honetan, Ibarbia beste garai bateko humanismoaren adierazgarridela esan genezake. Garai historiko guztiz ezberdin baten lekukoa dugu, herrialdeek elkarri inolako baldintza finantzierorik gabe laguntzen ziotenekoa. Argentinak Euskadi eta Espainiarekin egin zuten bezala. Eusko argentinar taldearen ekintzak gogoan Buenos Airesko alderdirik dotoreenetarikoan, kutsu europar garbia daukan Palermo auzoan, elkartu gara Diego Ibarbiarekin. Goiz partea da. Eta, bere eguneroko ohiturari jarraiki, La Nación egunkaria irakurtzen topatu dugu bere bulegora sartu garenean. 96 urte edukita ere, osasun bikaina dauka: aldian behin mendi aldera joaten da, eta, berak bestelakorik uste duen arren, ondo baino hobeto gogoratzen ditu duela hirurogei urte baino gehiago gertaturikoak. Inolako arazorik gabe egiten du salto iraganera, 40ko hamarkadan egiten zituenak azaltzeko, bizitzan zehar denetarik ikusi dutenek izaten duten soseguarekin. Batzordeak egindako lanaz oroitzean, hainbat pasarte ez oso atseginek min handia egin ziotela ikusten dugu. Une batzuetan, Euskal Herriarekin lotutako gaiez pentsatzean, hunkitu egiten da. Esaterako, bere amari buruz hitz egiterakoan "amek egiten duten bezala abesten zuen euskaraz, ez aingeruek bezala" . Berak transmititu zion euskal kulturarekiko maitasuna. Nola sortu zen Batzordea? Pixkanaka, ez bat batean. Buenos Airesko Kolonizazio Institutuko idazkaria nintzenean, konturatu nintzen Tres Arroyos en bizi ziren holandarrak ("La Federal" en, Barrow geltokian) Indonesiatik kanporatzen ari ziren holandarrei laguntzen hasi zirela, eta pentsatu nuen holandarrak halako gestioak egiteko gai baldin baziren, euskaldunok ere egin genezakeela zer edo zer gure herrikide gaixoen alde. Izan ere, euskaldun asko zeuden Argentinan. Orduan, lagun talde bat bildu nuen Sociedad Rural Argentina n, eta Euskal Immigrazioaren Aldeko Batzordea eratzea erabaki genuen, Espainiako gerra zibilaren ondorioz erbesteratutako euskaldunen egoera konpontzen edo, behintzat, hobetzen saiatzeko. Jakina, eragozpen batzuk izan genituen, baina gaindituegin genituen. Gainera, Ortiz presidenteak dekretu bat onartu zuen, esanez agiririk ez zeukaten euskaldunek, Euskal Immigrazioaren Aldeko Batzordearen abala edukiz gero, Errepublikan askatasunez sartzeko eskubidea izango zutela Beraz, zuri otu zitzaizun Batzordea eratzeko ideia. Holandarrak egiten ari zirena ikustean bururatu zitzaidan. Argentinan asko dira euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak, eta oso egitasmo ona iruditu zitzaidan. Gainera, Buenos Airesko erakunderik garrantzitsuenek beren laguntza osoa eskaini zidaten: Laurak Batekoek, Euskal Etxekoek, eta, batez ere, Sociedad Rural Argentina koek. Azken honetako presidentea Adolfo Bioy biarnotarra zen, oso gizon euskaltzalea, bere koinatu Miguel Casares bezala, Kolonizazio Institutuko nire ikuskatzailea. Zu oso gaztea zinen orduan... 34 urte neuzkan; ez hain gaztea. Dena den, besteak ni baino zaharragoak ziren. Uste dut askotan arazoak besterik ematen ez zizkien ume bihurria banintz bezala ikusten nindutela. Gertutik ezagutzen al zenuen erbesteratuen egoera? Behin, 1927an, Euskal Herrian izan nintzen, eta beraz ondo ezagutzen nituen prozesuko protagonistak. 1940an hasi nintzen ekiten. Egoera politikoa delikatua zen oso. Ideologikoki denok bat al zentozten Batzordean? Kontu handia izan nuen Batzordea Euskal Herrian zeuden joeretatik kanpo mantentzeko. Horri esker, korronte politiko ezberdineko jendearen babesa lortu nuen: erradikalena, kontserbadoreena, eta sozialistena ere bai. Ziur aski, enbaxada espainiarrak ez zuen ekimena oso gogoko izango. Ez ginen gaizki moldatzen enbaxada espainiarrarekin, baina bagenekien Ortizen dekretua derogatzeko trikimailuetan zebilela. Presidente karguan Ortiz eta Castillo egon ziren bitartean ez zuten ezer lortu, baina Perónekin bai, derogazioa lortu zuten. Eta zuek ez al zenuten Perónekin derogazio hori ekiditeko gestiorik egin? Derogazio horrek ezustean harrapatu gintuen. Ez genekien enbaxadan zertan ari ziren. Perón ongi moldatzen zen Francorekin, eta beraz pentsatzendut Francok dekretua deuseztatzeko eskatuko ziola. Eta Perónek hala egin. Dena den, ikuspegi praktikoan ez zuen inolako eraginik izan, ordurako diasporako euskaldunek aurkitu zutelako beren lekua. Erbesteratuei Argentinan sartzen lagundu ondoren, bertan kokatzeari begira, jarraitzen al zenuten beraiekin harremanetan? Ahal genuen neurrian bideratu egiten genituen, baina gehienak beren kabuz kokatzen ziren. Argentinan zeuzkaten ahaide eta lagunak izan ziren benetan lagundu zietenak. Harrigarria da nola, herrialde batzuetara joaterakoan, jendeak, nigana hurbildu, eta esaten didan: "zuri esker nago hemen". Egia da jende asko Batzordeari esker sartu zela Argentinan, baina gero beren kabuz mugitu ziren. Ba al dakizu orotara zenbat jenderi lagundu zenioten? Zaila da kopuru bat zehaztea. Nik uste dut 3.000 bat familia sartu zirela. " " liburuan esaten da 1.500 ingururi lagundu zitzaiela, baina kontuan izan behar da familia asko ez zirela Batzordearen kontroletik pasa. Beraz, ikusi egin beharko litzateke Batzordeari esker ofizialki zenbat sartu ziren. Kolonizazio Institutuaren paperen artean egongo ote da Batzordearen artxiboa? Beharko luke, baina ez dakit. Institutuko presidentea Miguel Casares ingeniaria zen. Asko lagundu zigun, azken batean lan antzekoa egiten genuelako. Bulego handi bat geneukan San Martín kalean. Nik ordaintzen nuen alokairua, eta Kolonizazio Institutuko langile bat jarri nuen bertan Batzorderako lanean (Oscar Rivas Nogueira). Nolako harremana zeneukaten euskal erakundeekin? Nik, pertsonalki, beti harreman ona izan nuen. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Delegazioarekin arazo batzuk izan nituen. Guk ez genuen gure lanagatik ezer kobratzen, baina Delegaziokoak bai Aldasoro zen bertako burua , eta hara hurbiltzen zirenei zerbait kobratzen zieten. Bakoitzak ahal zuena ordaintzen zien. Horrek zeharo harrituta utzi ninduen, guk ez baikenion sekula inori ezer kobratu. Tandilen izandako festa batean konturatu nintzen horretaz, diru bilketa bat egiterakoanesan zutenean Euskal Immigrazioaren Aldeko Batzordearen alde zela. Baina ez zen egia: Delegazioarentzat zen. Amorru handia eman zidan Batzordearen ospeaz baliatu izanak. Aldasororekin oso eztabaida gogorra izan nuen horregatik, baina gerora konturatu nintzen ezer gabe iritsi zirela hona, ez zeukatela bizitzekorik ere. Beharrak bultzatuta jardun zutela. Ortiz presidenteari egindako omenaldi batean egin zenuen hitzaldian esan zenuen Batzordeak plan handiosoago baten hasiera izan behar zuela... Beti izan nuen Eusko Jaurlaritzarekin harreman estua izateko itxaropena, baina Delegazioak bere ekintza gurearekin hain gaizki nahasten zuela ikustean, itzali egin zen nire esperantza. Orduan, erabat nahigabeturik, utzi egin nuen Batzordean egiten ari nintzena. Tamalez, azkenean euskaldunak atera ziren galtzaile. Pena da hori guztia galdu izana. Euskal immigrazioaren zerbitzura egongo zen erakunde iraunkor bat sor nezakeen, baina... Nola ikusten zuten argentinarrek immigrazio hori? Komunikabide guztiek ematen zioten beren babesa. Dena den, baziren salbuespen batzuk ere. Galiziar edo katalanek, adibidez, beren herrialdeko etorkinei tratu berdina ematea eskatzen zuten. Zein oroitzapen dituzu Ortiz presidenteari buruz? Elkartasun handia adierazi zigun. Behin baino gehiagotan bildu ginen Batzordeko kideak berarekin Gobernuaren egoitzan, eta bere etxean ere bai, Casaresekin, Kolonizazio Institutuaren arazoei buruz hitz egiteko. Itsua gelditzen ari zen. Beti egon zen erbesteratuei laguntzeko prest. Arbaso euskaldunak zituen, eta bere emazteak ere bai. Gogoratzen al duzu lehenengo itsasontzia iritsi zenekoa? Oso ondo gogoratzen dudana Formosako urtebeteko bidaia da... Iristerakoan, Batzordeko presidenteak eman zien ongietorria, José Urbano Aguirrek. Tigretik gertu landetxe bat zeukanez, hara joan ziren guztiak. Hunkigarria izan zen. Euskaldun hauek euskal abestiak musika brasildarrarekin abesten zituzten, eta alderantziz, abesti brasildarrak euskal musikarekin. Urtebete eman zutenezitsasontzian, tarte horretan Brasilgo portu guztietatik igaro ziren, eta musika karioka ikasi zuten. Oso ederra izan zen halako etsipen egoeran zegoen jendeak egoerari buelta nola ematen zion ikustea, eta nola abesten zuten... Batzordeko kide bilakatu baino lehen hainbesteko gertutasuna al zeneukan euskaldunekiko? Horri erantzuteko, nire ama aipatu beharra daukat. Nire ama argentinarra zen. Jaiotzean ama hil zitzaion, eta Francisco Olariaga aitonak Bizkaira eraman zuen, eta hangoek Behtarram eko eskola batera, Frantziara. Beraz, ulertzekoa da amak niri sentimendu hori transmititu izana. Gainera, amek abesten duten bezala abesten zuen euskaraz, ez aingeruek bezala... Nik bihotzean sentitzen nuen. Etxekoek esaten zidaten ama sehaska kanta euskaldunak abesten hasten zitzaidanean ni mainuka hasten nintzela. Eta gogoan dut bere gonari tiraka nola esaten nion: "ama, abestu; ama, abestu". Behin, ni euskal txapela ibiltzen zuen argentinar bat nintzela esan zidan amak. Egia biribila. Gonzalo J. Auza, http://J Auza Irudiak egilearena Euskonews & Media 205. zbk (2003 / 03 28 / 04 04) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Aitor Egurrola: "Euskal Herriko eguraldiaz informatzea zaila da, sei ordutan erabat aldatu daitekeelako"

 

Irakurri

Anjel Lertxundi: "Nik daukadan aberastasun bakarra da egiteko gelditzen zaidana eta bizitzeko gelditzen zaizkidan urteak".

 

Irakurri

Marta Cárdenas: "Pintatzea oso gauza naturala da niretzat. Gorputzak eskatzen didana eta behar duena pintatzen dut"

 

Irakurri

Patxi Goenaga Mendizabal: Gure helburua euskaldunari euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea da.

 

Irakurri

María Elena Etcheverry de Irujo: "Elkarrekin hartu genuen argitaletxea Argentinan jarraitzeko konpromisoa, nahi izanez gero euskal gaiei buruz ikerlanak argitaratzeko aukera emateko".

 

Irakurri