Isabel Díaz Morlan. Musikologoa: Ondareak bizia behar du; bestela, ez du zentzurik

2008-08-29

SALA, Teresa

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Idaztera esertzeko unea, hots, hiletan edo beharbada urteetan egindako lana moldatzeko paper zuri baten aitzinean jartzeko unea. Horixe da, Isabel Díaz Morlanen iduriko, “unerik atsegingarriena”, horixe izan daiteke margotzaileak oihal zuriaren biluztasuna ikustean nabaritzen duenaren antzekoena. “La canción para voz y piano en el País Vasco entre 1870 y 1939” da Isabel Díazen tesiaren izenburua. Lan horrek Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) ematen duten Saria, Zazpigarrena, ekarri zion. Díazek zazpi edo zortzi urte eman zuen ikertzen. Horretan ari zela, harriturik gelditu zen artxiboetan eta nork aurkituko zain dagoen ondare musikal erraldoia ikustean. Geldialdi bat ere egin zuen, mundura bi haur ekartzeko. Egun, Musikaren Historia irakasten du Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian (Musikene), Donostian. Algortan bizi da, eta ikertzaile moduan beste abentura bati ekiteko gogoz dago, nahiz eta hurrengoa segur aski “txikiagoa” izango den.

Aurreko otsailean, Donostiako Orfeoiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV) Euskadin musikaren alorrean nabarmendu diren pertsonei ematen dieten Saria, Zazpigarrena, jaso zenuen. Nola hartzen da era horretako sari bat?

Sekula ez da guztiz uste izaten era horretako sari bat jasotzea, baina, jakina, aurkezten garenean, aukeratuko gaituzten esperantza dugu beti. Sariaren berriak izugarrizko poza eman zidan, eta jasotzeko unea oso hunkigarria izan zen. Gainera, hura Easo Abesbatzarekin partekatzeko ohorea izan nuen. Egia esan, saria sekulako bultzada izan da nire karrerarentzat, ikertze lana gogorra baita.

Hain gogorra al da benetan ikertzailearen lana?

Bai, baina baita oso polita ere. Iruditzen zait funtsezkoa dela gidari ona edukitzea ikerketan zehar; pertsona egokia aurkitu behar da, hasiera-hasieratik aholkuak eman diezazkigun, eta bidea egiten nahiz erabaki garrantzitsuak hartzen lagun diezagun. Bide-erakusle on bat nahitaezkoa da, bada, lan ona egiteko. Nik Carmen Rodríguez Suso aurkitzeko zoriona izan nuen.

Zenbat denbora eman zenuen tesia egiten?

Normalean lauzpabost urte behar da tesi bat egiteko, baina niri luzexeago jo zidan, zazpi edo zortzi urte, ama izateko gelditu bainintzen bidean, eta orain bi haur ditut. Nahiz eta hasia nintzen jadanik neure kasa, 1998an ekin nion serio lanari, BBK beka eskuratu nuenean, eta 2002an amaitu nuen idazten. Urte horretan, Emma Chacón-i buruzko liburu bat argitaratu nuen. Emma Chacón XIX. mendeko bilbotar pianista eta konpositore bat izan zen, eta garai hartan emakumea egiteko gai zenaren adibide bikaina. Eusko Jaurlaritzak beste beka bat eman zidan.

Hel diezaiogun zure ikerketaren gaiari. “La canción para voz y piano en el País Vasco entre 1870 y 1939” izenburua ipini zenion. Nola heldu zinen gai horretara eta zergatik hautatu zenuen garai zehatz hori?

Lehen data horretan, ekonomiaren goraldi bat hasi zen; aurrena, Bizkaian; gero, Gizpuzkoan, eta, azkenik, Araban. Ekonomia indartu zen garai berean, kultur eklosio garrantzitsu bat gertatu zen hiru lurraldeetan. Musika bandak, kontserbatorioak eta argitaletxeak jaio eta sendotu ziren, besteak beste. Garai horretan sortu ziren, halaber, elkarte filarmonikoaren fundazioa, orkestrak eta kontzertu-denboraldiak. Guztiak hartzen du bizia une horretatik aurrera, eta urte horietako musika produkzioa benetan ikusgarria da. Iruditu zitzaidan 1939 urte egokia zela nire ikerketaren amaiera ezartzeko, urte horretan amaitu baitzen Gerra Zibila ere. Eztabaidagarria da, nik uste, geldialdi orokorra ala geldialdi sinbolikoa gertatu ote zen, baina egia da jende ugari sakabanatu zela, erakunde anitz gelditu zirela ibiltzetik eta aldaketa mordoa izan zela irratian, telebistan, diskogintzan... Gainera, oso praktikoa iruditu zitzaidan gatazka belikoaren amaiera eta nire ikerketaren garaiaren azkena bat etortzea.

Guztira, kanturako eta pianorako 1.400 abesti topatu zenituen. Uste al zenuen hainbeste dokumentazio aurkitzea?

Egia esan, ez; ez nuen uste hainbeste material eta hain aberasgarria aurkitzerik. Baina kontuan eduki behar da aurkitu nituen dokumentuen artean badirela bilduma edo abesti labur mordoa ere. Bai, iruditzen zait nabarmentzekoa dela pieza asko aurkitu izana, eta haiek, gainera, klase ugaritakoak izatea.

Hori izan al zen harrigarriena?

Bai, aurkitutako piezen klase ugariak, haien tipologiak. Jakina, materiala aurkitu ondoren, sailkatu egin behar da. Hortxe topo egin nuen kanturako eta pianorako Zortzikoarekin, alde batetik, eta dantzagarriekin, jotekin eta tangoekin, bestetik. Eta melodien artean, gainera, badira abesti tipiko erromantikoak ere.

Asko gelditzen al da aurkitzeko?

Egia esan, bai. Nik abestia landu dut bakarrik, baina konta ezin beste pieza gelditzen da artxiboetan, nork aurkituko zain. Material hori guztia aurkitu behar da, eta sailkatu eta argitaratu. Musika ondare izugarri baliotsua daukagu, eta bizia eman behar zaio. Ondareak bizia behar du; bestela, ez du zentzurik.

Zein artxibotan eta non izan zara informazioa biltzeko?

Errenteriako Musikaren Euskal Artxiboa (Eresbil) izan da abiapuntua. Materiala biltzeko sekulako lana ari dira egiten han, 70etan artxiboa sortu zutenetik. Abestien funts garrantzitsu bat aurkitu nuen han. Neure datu-basea sortzen lagundu zidan. Bai, Eresbileko taldeak eta, bereziki, zuzendariak, Jon Bagüések, laguntza handia eman zidaten. Gero, berriz, hurbilagoko artxiboetan hasi nintzen partiturak bilatzen; Kontserbatorioko liburutegian eta Bizkaiko Foru Aldundian, adibidez; egia esan, musika funtsen bat zeukaten Euskadiko toki guztiak bisitatu nituen. Hurrena, SGAEn (Egileen eta Editoreen Elkartea), Musikaren Liburutegi Nazionalean, Juan March Fundazioan eta Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ekin nion bilatzeari, eta hor ere kalitate handiko funtsa idoro nuen.

Nolakoa da artxibo batean informazioa biltzeko lana?

Izugarri gozatzen da, baina gehienetan oso agudo egin behar da. Pena da hainbat gauza interesgarriri begiratzeko astirik ez edukitzea. Izan ere, gauza tentagarri ugari agertzen dira, baina neure artean egiten dut hurrengo bizitza batean aztertuko ditudala. Inurri lana da, oso bakartia, baina fruitu ugari jasotzen dira. Gainera, oro har, artxibozainekiko tratua oso atsegina da.

Hortaz, lanaren zein partek betetzen zaitu gehien?

Sailkatzen eta aztertzen amaitu ondoren, idazteko unea heltzen da, eta horrek izugarri hunkitzen nau. Horixe da lanik zailena ere, hitzik zehatzenak eta estilorik egokiena aurkitu behar baitira... Zuzendu egin behar da, eta errepikatu, eta berriz zuzendu eta berriz errepikatu. Hunkigarria zait papera zuri ikustea eta hortik abiatzea. Egiten dut, neure artean, antzera sentituko direla margolariak oihal biluziaren aurrean jartzen direnean. Buruan daukadana zorrotz agertzen saiatzeak izugarri pozten eta betetzen nau.

Lehen esan duzu sariak bultzada handia eman diola zure karrerari. Beste ikerketa motaren bati heltzeko gogoa eman al dizu?

Tesia adar ugariko munstroa da, eta sariak haietakoren batean sakontzeko gogoa jarri dit: gustura helduko nieke ikerketa txikiago batzuei.

Euskal erakundeek behar beste laguntza ematen al diete musikarekin lotutako jardueren alderdi guztiei?

Iruditzen zait egiten direla zenbait gauza. Eresbil artxiboa bera, urrunago gabe, erakunde publikoen ekarpenei esker bizi da, baina pena sentitzen dut, esate baterako, hemen Musikologiako goi mailako karrera aitortuta ez dagoelako.

Ikertzailea zara, eta, aldi berean, irakasle, Musikenen (Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia). Nola uztartzen dituzu bi jarduerak?

Atsegin ditu biak, eta errealizatuta sentitzen naiz bietan. Gainera, orain ohartzen naiz ikerketan sakondu ditudan alderdi asko ia konturatu gabe aplikatzen ditudala neure eskoletan, eta horrek izugarri gogobetetzen nau.

Zer espero duzu Donostiako Ibaeta auzoan, Unibertsitatearen ondoan eraiki behar duten kontserbatorio berritik?

Egin dadin amorratzen gaude; oso beharrezkoa da, eta laster ikusiko ahal dugu! Badakit kontserbatorio bat diseinatzea oso korapilotsua dela, Une honetan, zentro ugaritan sakabanatuta gaude, eta horrek izugarri zailtzen du antolaketa, ikasleak bizikletan batetik bestera dabiltza beti, gu ahal bezala moldatzen gara, eta ordutegiak eratzen dituenak gorriak ikusi behar izaten ditu.

Nola heldu zinen musika ikasketetara?

Literaturak eta musikak erakarri naute beti, eta bi arlo horietara zuzenduta egin ditut ikasketak. Esan behar dut nire prestakuntza nahiko hibridoa dela. Nik ikertzen jarraitu nahi nuen. Carmen Rodríguezek berak proposatu zidan mundu hau ikertzea. Oso tentagarria iruditu zitzaidan, ez bainuen neure bi zaletasun handietatik bat ere baztertu beharko. Ezergatik ere ez nuen baztertu nahi musika. Orain, esan dezaket oso pozik nagoela daukadan prestakuntzarekin, gogobeterik sentitzen naiz.

Entzuten al duzu musikarik etxean? Bai, noski. Haurrak ditudanetik, ia ezin naiz joan kontzertuetara, baina espero dut hori aldatzea, eta haiekin joan ahal izatea, apur bat hazten direnean. Musika entzutearen atsegina, izan ere, ezin da ordaindu. Isabel Díaz Morlan (Bilbo, 1967) Filologian eta Musikan lizentziadun da, eta Musikologian doktore, “La canción para voz y piano en el País Vasco entre 1870 y 1939” tesiarekin. Lan horrek Donostiako Orfeoiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) Saria ekarri zion. Egun, ikerketa eta Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasle lana uztartzen ditu, Musikaren Historia irakasten baitu hor. Euskal Herriko abestiari buruzko hainbat artikulu egin ditu, eta, 2002an, Emma Chacón bilbotar konpositoreari buruzko liburu bat argitaratu zuen. Batzar eta dibulgazio-hitzaldi askotan parte hartzen du.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Juan Carlos López Quintana. Santimamiñeko ikerketa arkeologikoaren zuzendaria: Santimamiñen egin dugun ikerketak ekarpen garrantzitsua suposatzen du euskaldunon historiaurrearentzat

 

Irakurri

Aitzol Aramaio. Zine zuzendaria: Norberak nahiz eta istorioak ez idatzi beraganatu ditzake, eta, hori da, Elorriagaren istorioarekin nik egin dudana

 

Irakurri

Jose Angel Iribar. Futbol jokalari ohia: Kirolari ona izateko imaginazio asko behar da; irudimena gazte-gaztetatik erabili behar da

 

Irakurri

María Ángeles de la Caba Collado. Pedagogian doktorea. Psikologian lizentziatua: Gogorra irudituko zaizue, baina gure gizartean balioak ez ditu hezkuntzak finkatzen, merkatuak baizik

 

Irakurri

Jean Haritschelhar. Euskaltzaina: Euskarak diplomatikoak behar ditu

 

Irakurri