Jon Bagues Erriondo. Eresbileko zuzendaria eta Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariordea: Musikak kontzertazioaren dimentsioa du: partiturari jarraitzeaz gain, aldi berean, zuzendariari jaramon egin behar zaio (huts egiten badu ere)

2007-10-12

SALABERRIA, Urkiri

Eresbil artxibategira hurbiltzen ari gara, Errenterian. Kristal zeharrargizko atearen ostean, piano bertikal bakarti batek eman digu ongietorria. Ez da hautsez betetako lekua, ezer ukitzen uzten ez digun artxibozain erretxin betaurrekodunak kudeatua, ez horixe. «Topikoa hautsi eta jendeak berak eskatu behar luke, guztion ondare diren agiriak gordeko dituzten artxibategiak sortzeko», adierazi digu Jon Baguesek. Artxibategia etengabe mugitzen ari den espazioa da. Lerro zainduak, instalazio garaikideak eta isiltasun garbia sumatzen dira bertan. Bagues jaunak lan-gela batean hartu gaitu. Hango kontzentrazioa ez haustearren, sartutakoan atea itxi dugu. Jon Bagues Erriondok gorpuzkera xehea baina altuera handia du. Haren jarduna molto vivida da, eta begirada scintillantea. Pertsona azkarra, zorrotza, alaia eta bizia da. Ia ordubetea eman dugu artxibategiez, elkarteez, musikaz eta gizarteaz hizketan.

Ondo baderitzozu, zutaz hitz eginez hasiko gara. Non jaio zen Jon Bagues Erriondo?

Non jaio nintzen (irribarrez)? Nire garaian Errenderin esango nizukeen; geroago, gaztelaniaz, Rentería izan zen, eta gaur egun, Errenteria du izen ofiziala. Garai txarra zen musikarentzat Errenterian. Pentsatzen dut beste krisi batzuk ere izango zirela, baina Errenteriaren eta musikaren kasuan zehazki, ez ziren sasoi onak.

Zer esan nahi duzu?

Esan nahi dut, ordura arte -1955. urtea- musika-tradizio handia zegoela Errenterian, baina ni jaio nintzenean, desagertu egin zela. Ereintza elkartean hasi nintzen txistua eta solfeoa ikasten. Ondoren, batxilergoa hasi nuenean, Donostiara joan behar izan nuen, musika ikasten jarraitzeko. Egia esan, zenbait urte galdu eta oso berandu hasi nintzen musika-tresna jotzen.

Ba al zenuen aurrekaririk familian?

Beno, osaba txiki Juan Bautista Olaizola apaiza eta organo-jolea zen Errenteriako parrokian, eta amak koruan kantatzen zuen.

Baina zu urrunago iritsi zinen musika ikasten...

Oso argi nuen musikarekin zerikusia zuen zerbait ikasi nahi nuela. Egia esateko, karrera egin nuenean, Filosofia eta Letrak ikasi nituen EUTGn -Deustuko Unibertsitatea, Donostia-. Garai hartan, Historia ez zen berezko karrera. Grekoaren ordez, arabiera aukeratu nuen, eta Erdi Aroko musikarekin loturiko lanak egin nituen. Hirugarren mailara heldu nintzenean, Bartzelonako Artearen Historiako espezialitatean musikaren historiari lotutako ikasgaiak zeudela ohartu nintzen. Horrenbestez, hara joan nintzen.

Nolakoa izan zen zure egonaldia Katalunian?

Ikasketak 1977an burutu nituen. Praktikak Francesc Bonastrerekin egiteko aukera izan nuen, eta artxibategien munduan murgildu nintzen. Hala, Tarragonako katedraleko artxibategian egin nuen lan, eta, karrera-bukaerako tesina egiteko gaitzat -joera erakusten nuen ordurako (irribarrez)- Arantzazuko artxibategiaren katalogazioa aukeratu nuen. Tesina 1977an egin nuen eta 1979an argitaratu zen.

Urte hartarako sortua zen Eresbil. Nola jarri zinen harremanetan gaur zuzentzen duzun erakunde horrekin?

Nik harreman estua nuen Andra Mari abesbatzarekin, txistua jotzen bainuen haiekin, eta baita Eresbilekin ere, jakina. Beraz, tesina bukatu ondoren eta soldaduska egindakoan, Errenteriako Ikastolan egin nuen lan urtebetez, eta artxibategian laguntzaile jardun nuen. Azkenik, artxibategiaren mundua hautatu eta Madrilera joan nintzen, 1982an, artxogintza ikastera. Itzuli nintzenean, Eresbilen hasi nintzen lanean bekadun, doktorego-tesia egiten nuen bitartean. Ofizialki, ordea, 1986an ekin nion lanari, eta harrez gero hementxe nago. Hasieran, artxibozain aritu nintzen eta, 2000tik aurrera, José Luis Ansorenak erretiroa hartu zuenetik, zuzendaria naiz.

Nola jaio zen Eresbil?

Eresbilen sorrera bitxia izan zen. Artxibategiak, gehienetan, erakundeek sorrarazten dituzte goitik; baina Eresbilen kasua guztiz kontrakoa da: oinarritik sortu zen.

Oso premia zehatzari erantzun nahi zion: Musikastea (Jose Luis Ansorenak 1973an sortua) euskal musikagileen partituraz hornitzea. Beraz, jatorrian, Musikastearen alaba izan zen nolabait Eresbil. Gaur egun, berriz, Eresbilen barruko jardueretako bat da Musikastea.

Zertan datza lehen aipatu duzun euskal musikaren artxibategiko oinarriko lana?

Besteak beste, adibidez, partiturak biltzean -musika sinfonikoa, ganbera-musika, musika garaikidea...-, komentu zaharrak eta katedralak bisitatzean, leku horietan lan egin duten euskal musikagileen partituren kopiak egitean... Gainera, Jose Luis Ansorenak harremanak zituen musikagileen familiartekoekin eta haiek musikagileen funts osoak lagatzen hasi ziren.

Horrela hasi zen Eresbil hazten, eta, euskal konpositoreen partiturak ez ezik, haien familiek lagatako funtsak ere bildu zituen. Funts horietan, partiturez gain, musikagileek irakurritako liburuak, gutun-bildumak, entzun eta jo ohi zuten musika, musika-tresnak -kasu batzuetan-, argazkiak eta kontzertuetako programak zeuden jasota. Hala, objektuak eta materialak pilatzen hasi ziren, eta, guztiak ordenatzeko, sailak antolatzen hasi ginen Artxibategian. Niretzat ez dago objektuen kategoriarik: gauza batzuk, adibidez, kartel bat, oso apalak iruditu arren, eskuizkribuak balira bezala tratatzen ditut. Edozein dokumentuk, bere testuinguruan jarrita, ikaragarrizko balioa du eta interesaturik legokeen edonork erabiltzeko gordetzen da.

Nola katalogatu daitezke hain objektu ezberdinak artxibategi bakarrean?

Alde batetik, partituren saila dugu, eta bestetik, funtsena. Horiez gain, dokumentazio, kartel eta programen sailak ditugu, eta liburutegia, hemeroteka... Lagatako funtsak edo bildumak ez dira hausten eta eman ziren bezala gordetzen dira Eresbilen. Horrela, interpretatzaile, konpositore edo erakunde jakin bati buruzko dokumentazio osoa batera landu dezakete ikerlariek. Gaur egun, 130 bat funts ditugu, konpositoreenak, interpretatzaileenak, desagertu diren koruenak, itxitako komentuetako artxiboenak, irratiko soinu-bildumenak... Hasieran 3 lagun genbiltzan lanean, eta orain hamar lagunez osatutako taldea dugu. Gaur egun, 200.000 dokumentutik gora darabilzkigu esku artean.

Nola iritsi ziren funts horiek Eresbilera?

Gehienetan, dohaintzan emanda edo lagata.

Eta erosita?

Gutxienak dira, bestela auskalo nora helduko ginatekeen (irribarre maltzurrez). Galdera aprobetxatu nahi dut guztiak dohaintzak egitera animatzeko.

Zein da Eresbilen egungo funtzioa?

Musikastea antolatzeaz gain, erakundeei, musikariei eta ikerlariei erantzuten die; argitalpenak laguntzen ditu -Eresbilek, berez, ez du musikarik argitaratzen, baina argitaletxeak babesten ditu-; kontserbatorioetako, Euskadiko Orkestrako eta Bilboko Orkestrako liburutegien eta artxibategien sareak eta elkarketak bultzatzen ditu, hau da Eudom elkartea (Euskal Dokumentazio Musika Elkartea); Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartearen biltzarra antolatu genuen 1998. urtean, Donostian -sekulako arrakasta izan zen-; eta... batez ere, musika-liburutegi guztiak sustatu eta haien ahaleginak batzeko lana egiten dugu.

Eta hurrengo proiektuak?

Bat uda ostean aterako dugu, eta urte askotako lanaren emaitza da: Alemaniako sailkapen-sistema bat musika-liburutegietara egokitua. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak lagundutako argitalpena da, eta dokumentuak ordenatu, sailkatu eta bilatzeko gakoak eskainiko ditu. Euskal musikarentzat ez ezik, gainerako musika-liburutegientzat ere tresna erabilgarria izango da. Ideia bat izan dezazun, oraindik argitaratzeke badago ere, dagoeneko Espainiako estatu osoko eskariak jaso ditugu.

Euskal musikaz ari garela, La Oreja de Van Gogh taldearen musika, adibidez, jasota dago zuen artxibategian?

Bai horixe! La Oreja de Van Goghen maketa ere badugu Eresbilen. Musikaz hitz egiten dugunean, musika mota guztiez ari gara: hiri-musikaz, musika klasikoaz, gazteentzako musikaz, garaikideaz, herri-musikaz, tradizionalaz...

Eta ez musika bakarrik, baita aldizkariak, kartelak, maketak eta abarrekoak ere. Argi dago ezin dugula dena eduki -(irribarrez) gaur egun, ezta Washingtoneko Kongresuko Liburutegiak ere- eta aukeratu egin behar dugula.

Nik esfera zentrokideen adibidea erabili ohi dut gure funtzionamendua azaltzeko: nukleoa, lehenengo esfera, Euskal Herria da, eta argitaratzen den guztia eduki nahi genuke, baina badakigu ezinezkoa dela. Gainera, lehen lege-gordailuarekin -argitaratzen diren gauza guztien kopia uzten den lekua- egiten genuen lan, herri baten ondareari eta kulturari eusteko garrantzi handiko tresna baita hori. Gaur egun, ordea, lege-gordailuan utzitako guztia bildu arren, badakigu Euskal Herrian ekoizten den guztiaren erdia jasotzera ere ozta-ozta heldu gaitezkeela.

Zergatik?

Bada, Barrikadak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, esate baterako, Suitzan ere argitaratu dezaketelako, eta, jakina, hori ez da Euskal Autonomia Erkidegoko lege-gordailuan sartzen! Kasu batzuetan, EOSen kasuan adibidez, harreman estua dugu eta, dohaintzaren bidez, harekin zerikusia duen material guztia gordetzen dugu. Aitzitik, Barrikadaren kasuan... oraindik ez daukagu oso harreman sendoa.

Musika guztia eskuratu nahi dugu. Hortaz, hiri-musikaren eta gazte-musikaren atzetik ere ibili behar dugu, musika mota horiek establishmentetik kanpo baitaude. Zirkuitu horretan sartu nahian gabiltza gu. Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartea (MLNE)

Lehenengo topaketa: «Eresbilen lanean hasi nintzenean, 1986an, oso dokumentu gutxi zeuden musika-artxibogintzari buruz. Beraz, oso argi ikusi genuen Musika Liburutegien Nazioarteko Elkartearekin harremanetan jarri behar genuela. Hortaz, 1987an, Elkartearen biltzarretara joaten hasi nintzen -Japonian izandako batera izan ezik, oso garestia baitzen-. Gogoan dut joan nintzen aurreneko aldian, Elkarteko agintari batzuek -egun lagun handiak ditut- harriduraz begiratu eta hurbildu zitzaizkidala. Esan zidatenez, Elkartea sortu zenean, espainiar batzuk azaldu ziren, baina gerora ez zituzten berriro ere ikusi».

Estatuko adarra: «Elkarteak adar nazionalen bidez funtzionatzen du, eta, ikusirik ni eta Kataluniako eta Madrileko beste lankide batzuk biltzarretara azaltzen hasiak ginela, Estatuko adarra sortzera bultzatu gintuzten. Hala, apurka-apurka animatu eta, 1994an, Estatuko Elkartea sortu genuen. Hasieran ni neu izan nintzen lehendakari. Orduan galdetu ziguten zergatik ez genuen biltzar bat antolatzen. Esan eta egin: 1998an gure lehenengo nazioarteko biltzarra antolatu genuen Donostian. Bertaratu guztiak poz-pozik geratu ziren, eta, haren ondorioz, karguren bat hartzea iradoki zidaten. Hasieran lortu ez banuen ere, gaur egun MLNEko lehendakariordea nauzue. Lan izugarria eta eginkizun handiak ditut betetzeko. Haien artean, Latinoamerikara hedatzea. Oso lan zaila da. Ea lortzen dudan!». Koru musika Euskal Herriko elkartean

Peñaflorida Kapera: «1985ean, Peñafloridako Kondearen heriotzaren bigarren mendeurrena zela eta, Musikastean kontzertu berezia egin genuen haren omenez. Helburu horrekin, José Rada klabezin-jole bikainarekin jarri nintzen harremanetan, eta talde txiki bat antolatu genuen: Isabel Álvarez, Itziar Martinez, Ignacio Ruiz de Alegría Jimi (tenorea) eta Iñaki Fresán baxua. Horiez gain, Fernando González eszenografoak eta Carlos Zabala aktoreak ere hartu zuten parte, entzuteko eta ikusteko (garaiko jantziak eta abar) kontzertua baitzen. Ondoren, Arantzazun Scarlattiren meza bat zegoela jakinik, beste talde bat osatu genuen lagun gehiagorekin, eta hortik aurrera...

Hasiera-hasieratik, lan profesionala egiteko bokazioa zuen Kaperak. Esan beharrik ez dago kalitate handiko lana zela, baina zera azpimarratu behar dut: kantariek kobratu egin behar dutela emanaldiak emateagatik. Koru askok mesfidantzaz begiratzen baziguten ere, gu beste abesbatza bat sortzen ari ginelako, guk ez genuen inorekin lehian jardun nahi. Berriro diot: gure nahia talde profesionala sortzea zen eta da, taldeko kideek kantari-lanetik bizitzeko aukera izan dezaten».

Kapital Mistoa: «Musika-jarduera profesionala diru pribatuz soilik lagundu behar denean, oso zaila da irautea. Europako gainerako lekuetan, plataforma mistoak daude gehien bat. Espazio horietan, musika-talde profesionalek bizitzeko behar duten baliabide ekonomikoak laguntza publikoen bidez osatzen dira. Musikaria artista da, eta ez da ona funtzionarioa izatea, baina hilaren bukaerako fakturak ordaintzeko egonkortasuna behar du, bere artea garatu dezan. Musikenek bigarren musikari-belaunaldia atera du, eta, beraz, artista horiei irtenbide profesionala emateko erronka dugu gure aurrean. Hori ulertzeko, pentsa dezagun Medikuntza Fakultatean dirua inbertitu eta, prestakuntza bukatutakoan, ez osasun-sistemarik ez mediku profesionalik ez dagoela. Inork ere ez luke ulertuko!».

Musika plazer hutsa baino zerbait gehiago da: «Gizakiaren funtsezko osagarria da. Datu bat emango dizut: mediku asko eta asko oso musikazaleak dira. Musikak garrantzi ikaragarria du oreka mental eta psikikoa lortzeko».

Koruak, gizarte-baltsamu: «Taldean kantatzeak, alde batetik, bakarrik kantatzea esan nahi du, eta kantatzeko ondo hartu behar da arnasa. Horri esker, odola behar bezala oxigenatu eta gorputza suspertu egiten da. Gainera, ondo eginez gero, plazera lortzen da! Beste alde batetik, korua sozializatzeko tresna ere bada.

Koru askok bizirik irauten eta gizartearen zauriak sendatzen lagundu digute gerraostean. Zenbat gutxitu den gizartearen sumina koruei esker! Koruetan, inori ez zaio otutzen aldamenekoari ideologia batekoa edo bestekoa ote den galdetzea. Ondo kantatu behar da, eta, horretarako, ondokoari entzun behar zaio eta aldamenekoaren gauza bera eta aldi berean kantatu».

Haur-koruak: «Aipatu ditugun balioez gain, diziplinaren balioa ematen zaio haur-koruan umeari. Gero, norberak nahi duenean erabiliko du diziplina hori, nahi badu: arkuz inork baino hobeto tiratzeko, mendira joateko edo biofisikako tesia egiteko. Diziplinak mugak jartzen ditu, baina norbere buruari erronkak jartzeko eta gizarte-erronkei aurre egiteko aukera ere ematen du. Musikarekin, alde batetik, ahalegin eta lan pertsonala egin behar da, eta, bestetik, agertokian zeure burua azaldu eta besteei eskaini. Musikak kontzertazioaren dimentsioa du: partiturari jarraitzeaz gain, aldi berean, zuzendariari jaramon egin behar zaio (huts egiten badu ere)». Euskal sonoritatea

Euskal Herriko soinu-banda: «Ez du soinu bakar bat. Egungo garaia oso disonantea da, eta politikariek akordeak egiten hasi behar lukete. Gogoko ez duzun norbaitekin akordeak egitea oso zaila da, baina musikan egin egiten da, eta musikan egiterik badago, zergatik ez dute egingo haiek, bada? Alde askotatik oso soinu onak ditugu, lanaren aldetik, garapen ekonomikoaren aldetik... Beste alderdi batzuetan, berriz, ez oso onak, baina lehengai zoragarria dugu. Politikariei eskatuko nieke sortzaileak gehiago aintzat hartzeko, pertsona sentikorrak baitira, euren sentsibilitatea lantzen baitute, eta bide berriak erakutsi eta argi-puntuak finkatu baititzakete». Akorde paleo-garaikideak: «Gure gizartean akorde kontsonanteak egin behar ditugu oraindik, ultramodernotasuna historiaurreko haitzuloekin lotu. Izan ere, ez gara soilik oraina edo iragana, guztiaren nahastea baizik, Ekainetik Kursaalera egindako bide guztiaren nahastea. Iragana ezin da ezabatu, onerako zein txarrerako, eta batzuk gure ondarearen zati bat suntsitzen ari dira, horrela gogoko ez duten historiaren pasarte bat ezabatu nahi balute bezala. Oraina... gure esku dago». Jon Bagues (Errenteria, 1955) Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariorde izendatu berri dute, eta, aldi berean, Eresbileko (Euskal Musikaren Artxibategiko) lehendakaria eta euskal musikan aditua da. Artearen historian lizentziatua (1977) eta doktorea (1990, Bartzelona) da. Artxibogintzari eta dokumentazioari buruzko ikasketak egin zituen Madrilen (1982-83). Antzinako musikako Peñaflorida Kapera euskal taldea sortu zuen 1985ean. Espainiako Musika Dokumentazioaren Elkarteko -MLNEren Espainiako adarra- lehenengo lehendakaria izan zen. MLNEk 1998an Donostian egindako Biltzarreko koordinatzailea ere izan zen. Orobat, Eusko Ikaskuntzako Musika Saileko lehendakaritzan ere jardun zuen Baguesek. Lotutako estekak:

Eresbil, Euskal Musikaren Artxibategi Nazionala MLNE
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Carlos María Romeo Casabona. Zuzenbide eta Giza Genomari buruzko Unibertsitate arteko katedraren zuzendaria: Bioetikaren inguruan jendeak duen iritzia osatzen lagundu beharko lukete hedabideek

 

Irakurri

Jesús Tellería Armendáriz. Arte erromanikoan aditua: Gaur egun neronek ateratako 50.000 diapositiba baino gehiago ditut, guztiak arte erromanikoari buruzkoak

 

Irakurri

Alicia Amatriain. Dantzaria: Dantza munduan perfekzioa da jomuga, lortzea ezinezkoa bada ere

 

Irakurri

Mari Carmen Gallastegui. Ikerbasque Fundazioko Zuzendaria: Euskal ikertzaileak alde egitea ez da txarra, baina bueltatu nahi izanez gero tokia edukitzea lortu behar dugu

 

Irakurri

Imanol Querejeta. Psikiatra: Oporren osteko estres sindromea, lortu dugun bizi kalitatearen ondorio bat besterik ez da

 

Irakurri