José Manuel Castells: "Alde batetik globalizazio ekonomikorantz goaz, eta bestetik corpus juridikoa lokalizatzera. Sare telematiko ekonomikoen aurrean erantzun onena ematen dutenak ondo kohesionatuta dauden entitate lurraldetarrak dira"

2002-12-06

SALA, Teresa

Elkarrizketa: José Manuel Castells José Manuel Castells Arteche "Alde batetik globalizazio ekonomikorantz goaz, eta bestetik corpus juridikoa lokalizatzera. Sare telematiko ekonomikoen aurrean erantzun onena ematen dutenak ondo kohesionatuta dauden entitate lurraldetarrak dira" * Teresa Sala José Manuel Castells, pentsalari librea eta Zuzenbidezale amorratua dugu. Hogeita bost urtetik gora daramatza Donostiako Zuzenbide Fakultatean lanean, eta ez dauka handik aldatzeko inolako asmorik. Nolanahi ere, Castellsek beti uztartu izan ditu unibertsitateko irakasle lanak hainbat konbentzio, argitalpen espezializatu eta kongresutan parte hartzearekin. Euskal Herriko Unibertsitateko Idazkari nagusia izana da, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Orokorreko Administrazio Lokaleko zuzendaria, eta Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehendakariordea. Europar Batasunean herrialde berriak sartzen direnean, aldatu egingo da Egiturazko Fondoen mekanismoa. Zer pentsatzen duzu horren inguruan? Europar Batasuna zabaltzen joaterakoan, horixe da hain zuzen ere sortzen zaigun galdera: nork ordainduko ditu aurrerantzean egiturazko fondoak? Norentzat izango dira fondo horiek? Orain arte "ipar hego" mekanismoa izan dugu: fondoen hornitzaile nagusia Alemaniako Errepublika Federala zen, eta hortik kopuru handienak jasotzen zituztenak Europa hegoaldeko Estatuak izaten ziren (Grezia, Italia, Portugal, Espainia eta Irlanda). Baina Europa Ekialdeko hamar Estatu berri sartzerakoan, egoera hori aldatu egingo da. Eta bi faktorerengatik aldatuko da: batetik, Alemaniako Errepublika Federala kostu handiak sortzen ari delako Alemaniako Errepublika Demokratiko ohia sartu izanaren ondorioz. Oso egoera larrian dago, eta esan du aurrerantzean ez dituela egiturazko fondoak ordainduko. Beste alde batetik, epe laburrean Europar Batasunean sartuko diren herrialdeak ditugu. Kontua da beren interesek zuzen zuzenean beste potentzia europarrek (Herbeherek edo Frantziak, esaterako) dauzkaten interesekin talka egingodutela. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Argi dagoena da Espainiak orain arte baino askoz ere fondo gutxiago jasoko dituela, eta Europar Batasuneko Egiturazko Fondoetan zerbait ipini beharra izango duela. Orain arte sekula ez da horrelakorik gertatu. Zein pauso ari da ematen Europako Justizia Auzitegia instituzioen eskuduntzei dagokienez? Luxenburgoko Justizia Auzitegia Europako Zuzenbidea sortzen ari da. Nire ustez, bera da Europar Batasuneko instituziorik garrantzitsu eta ospetsuena, eta Europar Batasuna kontsolidatzeko lanik handiena egiten ari dena. Estatu kideetako ordenamenduetako printzipioak hartu, eta teknikarik onenak aplikatuz (teknika horietako gehienak frantsesak dira), ezer ez zegoen lekuan Zuzenbide Komunitario Europarra ari da sortzen. Nire ustez oso lan ona egiten ari da Europar Batasuna sortzeko. Bitxia da Auzitegi honek erabiltzen dituen mekanismo gehienak frantsesak izatea, Zuzenbidea Alemania edo Italia bezalako herrialdeetan sortu zelako, baina argi dago Auzitegiarentzat modurik egokienean antolatuta dagoen ordenamendu juridiko publikoa frantsesa dela. Frantsesek ez daukate Zuzenbidearen sortzaile edo teorizatzaile handirik, baina beren sistema oso egokia da. Zein egoeratan daude Zuzenbidearen adar desberdinak europar esparruan? Europako Zuzenbide Penala oso gaztea da oraindik. Benetan gailentzen ari dena Zuzenbide Administratiboa da. Oso itun garrantzitsuak egin dira bere inguruan. Nire uste, Zuzenbide Administratiboa da ondoen erantzuten ari dena. Dena den, oraindik egitura trinkorik ez dagoenez, posizionalismo europarrik ere ez dago, eta beraz ondoen funtzionatzen dutenak direktibak, erregelamenduak eta erabakiak dira, hau da, Zuzenbide Administratiboa. Zuzenbide Zibilak oso leku txikia du Europan. Zure ustez, zein pauso eman beharko lirateke Estatuen Europa Federal bat osatzeko? Horretarako, Konbentzio Konstituzionala sortu da, Giscard d'Estaing ek zuzentzen duena, Gobernu frantseseko presidente ohi eta Errepublika frantseseko Estatu buruak.Konbentzio hau bi alderdi lantzeaz arduratzen da: alde batetik Europarako Konstituzio bat sortzeaz, eta bestetik Estatu kideen eta instituzio komunitario europarren arteko harremanak bideratzeko modu berriak bilatzeaz. Hasiera batean, Estatuen federazioaren bidetik joko zuela pentsatzen zen, baina momentu honetan ez dute ia inolako berrikuntzaren onartzen. Ikusi beharko zein ondorio ateratzen dituen Konbentzio Konstituzional honek. Posible izango al litzateke benetako Parlamentu batek dituen bezalako eskuduntzak izatea Europako Parlamentuak? Bai, posible izango litzateke, baldin eta dagoen Parlamentua benetakoa balitz, orain dagoena fiktizio samarra baita. Oso eskuduntza gutxi dauzka. Dagoeneko hasi dira esaten Parlamentuak benetako eskuduntza legegilea izan beharko lukeela. Eta eskualdeen bigarren ganbera bat sortzearen beharraz ere hasi dira hitz egiten. Oso bai izango litzatekeela berrikuntza garrantzitsua, ganbera kontsultibo horrek eskuduntza legegilea duten eskualdeei bertan egoteko aukera emango liekeelako (Espainiakoei, Italiakoei, Alemaniakoei, etab.). Argi dago aldaketa batzuk etorriko direla, baina oraindik ez daukagu jakiterik zenbatekoak izango diren. Dena den, gauzak mugitzen hasi direla ikusten da, batez ere Parlamentu europarreko alderdi popularraren aldetik. Talde minoritarioak ere hor daude, baina ez dakigu norantz joko duten. Zein aukera izango lituzke Euskadik marko horretan? Hori Konbentzioaren esku dago, baina argi dago eskualdeei indar handiagoa emateko asmotan dabilela, batez ere kohesio edo kontzientzia politiko sendoa dutenei. Ez dakit Estatuek nola jokatuko duten, ateak itxiko dizkieten edo ez, baina Europako Estatu guztiek ez daukate Espainiaren jokabide bera, esate baterako Erresuma Batuak edo Frantziak. Azken honek deszentralizazio politikorako lege proiektu bat aurkeztu berri du. Nire ustez, eskualdeei gero eta indar handiagoa emango zaie, eta kohesio politiko, ekonomiko edo soziala daukatenek aurrerapen handiak egingo dituzte. Espainiaridagokionez, argi dago eskualde horien artean Katalunia eta Euskadi egongo liratekeela. Nire ustez ildo horretatik joango da etorkizuna. Beraz, ezin esan borroka galduta dagoenik... Ez horixe. Momentu honetan eskualdeen parte hartze maila desberdinak ditugu Europan: buru buruan, Belgika, Alemaniako Errepublika Federala eta Austria leudeke, eta azkenekoan artean Espainia, baina tartean badira erdibideko beste kasu batzuk ere. Espainiak derrigorrean aurrera egin beharra dauka. Alemaniako Errepublika Federalak eta Belgikak, gainera, ez dute atzera egingo; alderantziz, beren baitako eskualdeei indar handiagoa emango diete. Estatuak galduko al du zamarik edo ahotsik? Bai, galduko du. Länderretako ordezkariak Alemaniako Errepublika Federaleko ordezkariaren alboan egotend ira. Belgikaren kasuan, Walonia edo Flandesko ordezkaria da belgikar Estatua ordezkatzen duena. Guztiz posible eta ulergarria da, adibidez, arrantzaren inguruko gaietan Galiziako edo Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariek Espainia ordezkatzea, gai horrek batez ere autonomia erkidego horiei eragiten dienean. Gaur egun hedatzen ari den globalizazioa ikusita, zein bide hartu du zure iritzian historiak? Nire ustez, Manuel Castellsek dioen bezala, alde batetik globalizazio ekonomikorantz goaz, baina aldi berean, corpus juridikoak lokalizatzerantz. Izan ere, politikoki, sozialki eta ekonomikoki ondo kohesionatuta dauden entitate lurraldetarrak dira sare telematiko ekonomiko handien aurrean ondoen erantzuten dutenak. Estatuak ez dira gauza alderdi batzuen aurrean erantzuteko. Baina bai Kataluniak eta bai Euskadik sare handietan parte hartzeko moduko egiturak dauzkate. Gainera, kontzientziatuta daude, eta badute gaitasunik. Estatu espainiarra, aldiz, oso etereoa da. Agian motel samar gabiltza, baina kontuan izan behar da hemen arazo politiko bat daukagula, gauza guztiak zipriztindu eta aurrera egitea oztopatzen diguna. Zer ikusten du José Manuel Castellsek atzera begiratzen duenean? Zure ideologian ezer aldatual da? Donostiako Zuzenbide Fakultatera 1972an iritsi nintzen, eta ordutik hementxe jarraitzen dut. Gainera, ez dut uste hemendik beste inorra joango naizenik. Gai desberdin asko aztertu ditut, baina azken hamabost urteotan gehien landu dudana Autonomia Estatutua izan da. Asko idatzi dut horren inguruan. Oraindik ere estatutuzalea naiz, baina nire ustez bada geroari buruz pentsatzen hasteko garaia. Eta Estatutua iraganeko kontu bat da. Ezin uka iragan horrek bere balioa duenik, oinarri bezala ere hor izango dugu, baina momentu honetan etorkizuna nolakoa izango den eta nondik nora ibiliko garen pentsatu behar dugu. Forma juridiko berri bat eman behar zaio, milurteko berriari egokituko zaiona. Idatzi dudan guztiak balio du oraindik, baina gizarteak errealitate berrietan pentsatu behar du. Instituzioek ere bai, baina batez ere herritarrek. Edozein egunkari irakurri besterik ez dago, Autonomia Estatutuaren inguruan zenbat hausnarketa kritiko egiten diren ikusteko. Autonomia Estatutua ukiezina dela esatea, Zuzenbide Erromatarra ukiezina dela esatea bezala da. Hogei mendeko historia dauka, baina konturatu behar dugu dagoeneko XXI. mendean sartuta gaudela. José Manuel Castells Arteche José Manuel Castells Arteche Madrilgo Complutense Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean egin zen Zuzenbidean Doktore, "Bikain cum laude" kalifikazioa jasoz. Ondoren, aipaturiko Zuzenbide Fakultateko Doktoretzako ezohiko saria eskuratu zuen. Lehiaketa oposizio bidez Donostiako Zuzenbide Fakultateko irakasle lagun postua lortu zuen 1974an, eta hamar urte geroago Zuzenbide Administratiboko katedra, lehiaketa oposizio askez. Carmelo de Echegaray ko Ikasketa Administratibo eta Finantzieroen zuzendaria izan zen 1984tik 1987ra. Revista Vasca de Administración Pública aldizkaria sortu zenetik, bertako idazkaria da, eta 1984az geroztik bere zuzendaria. Era berean, Bizkaiko Abokatu Elkargo Prestuaren aldizkariko erredakzio kontseiluko kide da. Administrazio Publikoko Institutu Nazionalak argitaratzen duenDocumentación Administrativa eta Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkarietako erredakzio kontseiluetako kide ere bada. Donostiako Zuzenbide Fakultateko lehen dekanordea izan zen 1981ean, eta 1982tik 1983ra bitartean dekanoa. 1987 1993 urteetan berriz izan zen Fakultate horretako dekano. Zuzenbide Administratibo Saileko zuzendaria izan zen 1981etik 1984ra. Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusia izan zen 1984tik 1987ra. Euskal Herriko Kontseilu Nagusiko Administrazio Lokaleko zuzendari izan da (Barne Sailekoa) eta Transferentzien lehenengo Batzorde Mistoko kide. Gipuzkoako Foru Aldundiko foru diputatua izan zen (1979 80). Gaur egun Eusko Ikaskuntzako Zuzenbide Saileko lehendakaria da. Trentoko Unibertsitatean irakasle gonbidatua izan da (1993), eta Nazio Batuetako Unibertsitateen Kongresuko hizlari (1992). Gaur egun Zuzenbide Konstituzional eta Administratiboko Saileko zuzendaria da. Bibliografia Las Asociaciones Religiosas en la España Contemporánea. Un estudio jurídico administrativo (1767 1965). Madril, 1973. El Derecho de libre desplazamiento y el pasaporte en España. Madril, 1974. El Estatuto Vasco. El Estado Regional y el Proceso Estatutario Vasco. Donostia, 1976. El Proceso Estatutario Vasco La Euskadi Autónoma y los Funcionarios Públicos. San Sebastián 1980. Reflexiones sobre la Autonomía Vasca. 1986 Proceso de construcción y desarrollo de la Función Pública Autonómica. 1987 La Policía Autónoma. Oñati, 1988 Cuestiones finiseculares de las Administraciones Públicas. 1991 Las instituciones jurídicas y políticas de Vasconia. 1997. Teresa Sala Argazkiak: Egilearenak Euskonews & Media 191. zbk (2002 / 12 / 6 13) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Bingen Mendizabal, Konpositorea: "Zaila da musika ogibide edukitzea"

 

Irakurri

Marie Jeanne Minaberry : "Nire idazteko moldean hori da garrantzitsuena: erritmoa eta bihotza"

 

Irakurri

Joseba Jauregizar Bilbao: "20 urtetan, I+G-n egindako inbertsioa 22 aldiz biderkatu dugu"

 

Irakurri

Manuel Fuentes: "Ezingo dugu gizarte modernoa izan, baldin eta ez bagara zientzia eta teknologi ikerkuntzan buru belarri aritzen"

 

Irakurri

Francisco Igartua Rovira: "Oso bizitza astindua izan dut eta inoiz ez naiz inon integratu"

 

Irakurri