José Sanmartín: "Ezagutza izango da gizakia mugiaraziko duen indar nagusia"

2001-03-23

SALA, Teresa

Elkarrizketa: José Sanmartín José Sanmartín, Indarkeria Aztertzeko Reina Sofía Zentroko zuzendaria. Logikaren eta Zientziaren Filosofiako katedraduna Valentziako Unibertsitatean "Ezagutza izango da gizakia mugiaraziko duen indar nagusia" * Teresa Sala Ez da erraza José Sanmartínen jarduera profesionala lerro gutxi batzuetan biltzea. Hainbat eta hainbat dira egun dituen funtzioak: Valentziako Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitateko zuzendaria da, Valentziako Ikerketen Organismo Publikoko Zientzia eta Gizartearen Institutuko zuzendaria, Humanitateen Saileko koordinatzailea, Zientzia eta Teknologiari buruzko Ikerketen Institutuko (INVESCIT) zuzendaria, Belgikako European Association on Society, Science and Technology (ESST) ko zuzendariorde ohia, eta Indarkeria Aztertzeko Reina Sofía Zentroko zuzendaria. Azken honen egoitzan egin zigun harrera. Bere ibilbide profesional luzean zehar, organismo askotan ibili da José Sanmartín, eta kargu desberdin ugari izan ditu. Aipa ditzagun esanguratsuenak: Alexander von Humboldt Fundazioko ikerlaria (1974 76, 1986) Akisgrango (Aachen) Goi Eskola Teknikoan eta Seewiesen go Max Planck Institutuan, Europar Batasuneko TEMPUS (Teaching Social Assessment of Science and Technology) Proiektuko zuzendaria (1991 94), eta EEBBetako Society for Philosophy and Technology ko presidentea. Era berean, hirurogeita hamabost idazki, bost liburu eta kontaezin monografiko, konpendio, mintegi eta monografia idatzi ditu. Zalantzarik gabe, Espainia eta Europako zientzialaririk garrantzitsuenetariko bat da aurrean duguna. Ikuspegi zientifiko eta teknologikotik, zein da zure iritzian XX. mendearen legatua? Legaturik garrantzitsuena, nire ustez, teknologia biologikoen garapena da, eta zehazkiago, Giza Genomaren Proiektuaren inguruan garatutako teknologia. Izan ere, teknologia hauei esker, bide berrietatik doan medikuntza mota bat ari da garatzen: medikuntza prediktiboa. Medikuntza hori izango al da gure ondorengoei utziko diegun legaturik nabarmengarrienetarikoa?Bai, inolako zalantzarik gabe. Ikuspegi zientifiko eta teknologikotik begiratuta, XX. mendean bi aro izan dira, erabat desberdinak: mendearen lehen erdian, aurrerakuntza fisikoak izan ziren nagusi, eta bigarren erdian, biologikoak. Garapen biologiko hori oso garrantzitsua izan da giza genomari buruzko ikerketak egiteko. Dagoeneko badakigu zeintzuk diren gure genoma osatzen duten hiru mila milioi oinarri pareak ez da ez, txantxetako kopurua , eta zein ordenetan dauden ere bai. Gero eta gene gehiago ari gara identifikatzen, eta horri esker gero eta gaixotasun hereditario gehiago diagnostikatu ditzazkegu; lehenengo sintomak agertzen hasi baino askoz ere lehenago gainera. Oraintxe ari gara medikuntza prediktiboaren lehenengo pausoak ematen. Izan duen eragina ikusita, XX. mendeko zein pertsonaia azpimarratuko zenuke? Eta, alderantziz, nor iruditzen zaizu ahazteko modukoa? Ahaztu, ideologia suntsitzaileen alde aritutako zientzialariak ahaztuko nituzke. Zientzialari hauen prototipoa Joseph Mengele izan zen ziur aski, zorigaiztoko genetikari nazia. Baina, hala ere, asko dira azpimarratzeko moduko pertsonaiak. Watson eta Craig Venter aipatuko nituzke, biologian egindako ekarpenengatik. Watson, azido desoxirribonukleikorako helize bikoitzaren ereduaren egileetariko bat izan zen, eta, Venter, giza genoma sekuentziatu zuen lehenengoa izan zen. Fisikaren arloan, ez dut uste Albert Einsteni konpara dakiokeenik dagoenik, baina nolanahi ere leku berezi bat egingo nioke Werner Heisenberg i, Alexander von Humboldt Fundazioko presidenteari, kuantikari egindako aportazioagatik. Zein da Globalizazioaren inguruan daukazun iritzia? Globalizazioak, gauza guztiekin gertatzen den bezala, bere alde onak eta txarrak dauzka. Baina, nire ustez, askoz ere alderdi positibo gehiago dauzka negatiboak baino, batik bat komunikatzeko eta informatzeko bitarteko berriei dagokienez. Garapen bidean dauden herrialdeek, eta azpigaratuta daudenek, etekin handia atera diezaiokete. Argi dago Globalizazioakmerkataritzari ere eragiten diola, eta hor ondorio positiboak eta negatiboak izan ditzake. Eta ondorio negatibo askoren errua delinkuenteen organizazio transnazionalek daukate, berentzat sarea oso egokia delako kapitalak ia batere kosturik gabe zuritzeko. Topikoa dirudien arren, zeintzuk izango dira mende berri honetako erronkak? XXI. mendean sartu bezain laster, zelulen muga nuklearra hautsi dugu, eta gizakiaren eremurik pribatuena aztertzen hasi gara, hau da, genoma. Gene berriak aurkitzen ere ari gara. Geneetan, bizitzaren gora behera guztiak daude idatzita, liburu batean bezala. Beraz, nik uste dut arazorik larrienak ezagutza genetikoak diskriminatzeko erabiltzean sortuko direla. Alegia, pertsona batek geroan gaixotasun hereditario sendaezin bat izango duela jakinez gero, posible da osasunean, hezkuntzan edo lanean diskriminatzea. Eta, arrazoi genetikoengatik diskriminatzeko aukera horren aurrean, gizartean debatea piztu beharko litzateke, eta lege eta arau egokiak sortu. Ingeniaritza genetikoa eta TKIak (Teknologia, Komunikazioa, Informazioa) izango al dira XXI. mendeko zientziak? Nik uste dut mende honetako aurrerapenik handienak informaziorako teknologiak eta teknologikoa genikoak bat egitean emango direla. Orain bertan biotxip izeneko teknologia berriak lantzen ari dira diagnostiko genikoen inguruan. Biotxip hauei esker, pertsona baten ADNa azkar batean azter daiteke, gaixotasun hereditariorik izan ote dezakeen jakiteko, eta zein sendagai zehatz beharko dituen ikertzeko. Biotxipa farmakopea zehatz baten oinarria da, zeren gaixo guztientzat sendagai bakar bat ekoiztu beharrean, pertsona bakoitzari berea prestatu beharko zaio. Oraingoz bidearen hasiera hasieran besterik ez gaude, baina etorkizuna oso oparoa izango dela dirudi. Zein leku izango du ekologiak panorama horretan? Hain zuzen ere, esandako guztiaren atzean ingurumenaren arazoa dago, arazo larria gainera. Aplikazio teknologiko gehienek eragina izango dute bai gizartean, bai ingurumenean, eta zenbaitkasutan oso eragin handia. Hor ditugu, adibidez, energia sortzeko teknologia nuklearrak, edota elikaduran erabiltzen direnak. Oraingo teknologiak sintetikoak dira batik bat; molekula eta organismo biziak sintetizatzen dituzte, orain arte izadiak bakarrik ekoiz zitzakeela pentsatzen genituenak. Hortaz, gaur egungo teknologiak prozesu naturalak aztertu bakarrik ez, baizik eta sintetizatu ere egiten ditu, eta horrek hautsi egiten ditu naturaltasunaren eta artifizialtasunaren arteko mugak. Hori, ingurumenaren ikuspegitik, oso arriskutsua da, baina ez dugu ostrukarena egin behar, ezertaz konturatu nahi izango ez bagenu bezala. Ez dugu hondamendien aurrean gaudenik ere pentsatu behar. Arriskuen aurrean prospektibaz, arrazionaltasunez eta eraginak ebaluatuz jokatu behar da. Gainera, ebaluazio horien ondorioak praktikan jarriko direla esaten denean, sinistu egin behar da. Zientzia aplikatuek arazo materialak konponduko al dizkigute? Arazo batzuk konpondu egingo dira, baina, beti bezala, beste batzuk azalduko dira, larriagoak agian. Zeintzuk izango dira gizakia bultzatuko duten indar nagusiak? Zalantzarik gabe, ezagutza izango da mende berri honetako indar nagusia. Zenbateko garrantzia izango du hiritarren hezkuntzak? Nola hartuko dute parte beraiengan eragina duten akordioetan? Hezkuntzak izugarrizko garrantzia izango du. Garapen teknologikoek daukaten eta izango duten boterea ikusita, hiritarrek erabakiak hartzeko unean parte hartzeko moduren bat bilatu beharko da, beren ahotsa entzun ahal izan dadin. Ni parte hartzeko mekanismo demokratikoak sortzearen alde nago, garrantzitsuak diren gaien inguruan gizartean eztabaida piz dadin. Garapen teknologikoa, hain zuzen ere, gai horien artean legoke. Nire ustez, Botere Exekutiboari, Legegileari eta Judizialari aholkuak emateko mekanismoak sortu beharko lirateke, gizarteak garapen zientifiko teknikoei buruz pentsatzen duena entzun dezaten. "Ebaluazio sozialeko prozesua" deitzen zaio horri. Zer izango da immigrazioa Europarentzat,arazo bat ala aberastasun iturri bat? Ba al dago tolerantziaz eta integrazioaz hitz egiterik? Immigrazioak aberastasun iturria izan beharko luke. Behar beharrezkoak diren mugez gain, ez luke muga batek ere egon beharko. Nire ustez une honetan Europa immigrazioaren beharrean dago, lehen Estatu Batuak egon ziren bezala. Immigrazioak mota guztietako aberastasuna ekarri beharko luke, ekonomiatik hasi eta kulturara bitarteko arlo guztietan, biologia ahaztu gabe. Biologikoki puruak diren gizakiak sortzeko endogamiak, azkenean, gaixotasun hereditarioz betetzen du gizartea. .Mende honetan lehiakorragoak izango al gara? Argi dago lehiakorrak izaten jarraituko dugula, baina lehiakortasuna, bere neurrian, ona da. Neurriz kanpo ez, jakina. Hala ere, altruismoz jokatu beharko genuke, ez orain bezala, lehiakortasuna handitzeko. Zein paradoxarekin egingo dugu topo? Gai izango al gara sortzen zaizkigunei aurre egiteko? Agian, sortzen ari garen gizarte berrian taldeen arteko bereizketak egingo dira, bakoitzak ezagutzak eskuratzeko izango duen gaitasunaren arabera. Teknologiaren ondorioz, ezagutzak eskuratzerik izango ez duten taldeak sor litezke. Eta horri, arrazoi genetikoengatik sor litezkeen diskriminazioak gehitu behar zaizkio. Ez al zaizu iruditzen hainbesteko gaitasun teknikoa izan arren, oso proiektu gizatiar eta ideologiko gutxi dauzkagula? Bai horixe. Erabat ados nago. Horregatik, teknologiaren ebaluazio sozial bat egin behar da, ebaluazio horrek giza garapenaren proiektuak, baloreak eta abar hartzen dituelako kontuan. Zoritxarrez, gizarteak gero eta garrantzi gutxiago ematen dio Humanismoari, eta horrek, epe luzera, garapen zientifiko teknikoa kalte dezake. Teknikoki posible den oro egin behar al da? Marko etiko, sozial eta legalak egotea garrantzitsua da, batez ere ekintzak delikatuak direnean; adibidez, potentzialitate handia daukaten teknologien kasuan, arriskuak benetan larriak direnean. Ez da teknikoki egin daitekeen oro egin behar, baizik eta gizartearen arabera egokiadena. Arauek, balioek eta senak ipini behar dizkiote mugak teknologiari. Argazkiak: Valentziako Generalitatea eta Diario Médico webguneetatik Euskonews & Media 116.zbk (2001 / 3 / 23 30) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Carmen Gómez: "Gizarte batek, informaziorik gabe, ezin du demokratikoa izan"

 

Irakurri

Xabier Diharce 'Iratzeder': "Euskal abesti asko ikasi nituen, eta anitz ikasi nuen haiei esker. Eredugarriak ziren niretzat"

 

Irakurri

Miguel Zugaza: "Museoen zeregin nagusia beren ondarea gizarteari erakustea da, baina errespetuarekin betiere"

 

Irakurri

José Ramón Zamanillo: "112 telefono zenbakia guztiz errotuta dago"

 

Irakurri

Pilar Aróstegui: "Gasteizko Udal Artxiboan dauzkagun agiriek, bata bestearen atzean jarrita, kilometro eta erdiko luzera hartzen dute"

 

Irakurri