Mónica Moso. Ezagutzaren Klusterraren Zuzendaria: Euskadik ez du energia baliabiderik, ez du multinazional handirik, eta atzerritik etorritako inbertsioa mugatua da. Geure pertsonen asmamena eta ezagutza ditugu bakarrik, funtsean

2006-10-20

BREA, Unai

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Zamudioko (Bizkaia) Parke Teknologikora joan gara lehen orduan, Mónica Moso Ezagutzaren Klusterraren Zuzendariarekin elkartzeko. Klusterrak (Eusko Ikaskuntza ere kide da) lehen hamar urteak bete ditu. Eta emaitza onekin, zuzendariak azaldu digunez, pozik baitago orain arte lortutakoaz. Halere, lan asko dago egiteko. Ezagutzaren Klusterraren berehalako eginbeharrak zein diren azaldu digu, gainetik, Mónica Mosok.

Has gaitezen oinarrizkoenetik: Zer da kudeaketaren ezagutza? Ez da, egia esan, hizkera arruntean maiz erabiltzen dugun kontzeptua…

Hara, kudeaketa diogunean, “administratu” kontzeptuarekin lotzen da askotan, baina kudeaketa askoz zabalagoa da. Hau da, zerbait kudeatzea, kasu honetan erakunde bat, hauxe da: pertsonak, baliabideak, aukerak, are zalantzak ere, konbinatzea eta administratzea, beti helburu batzuen bila, nahiz eta horiek desberdinak izan erakunde batetik bestera. Beraz, egunero egiten dugu hori, eta guztiok egiten dugu, deitzen dioguna deitzen diogula. Enpresa baten edo erakunde baten kudeaketaz ari garenean, aldagai hauek sartzen dira jokoan normalean: Nora doa erakundea? Eta zein helburu ditu? Hau da, zer ikuspegik, zer estrategiak, zerk lotu behar du benetan erakundea bere ingurunearekin? Beraz, estrategiaren kontzeptua garrantzitsua da. Eta berdin aitzindaritzarena ere: behin helburuak zehaztuta daudenean, erakundea abian jartzen da, eta aitzindaria behar da aldaketa prozesu horretan. Azken batean, egoera bat dugu, eta beste batera iritsi nahi dugu. Eta, batez ere, ingurune bat kudeatzen ari gara, non pertsonak dauden, hots, enpresetan eta erakundeetan dauden agente adimendun bakarrak, eta pertsona horien guztien ezagutza indibidualak talde-ezagutza bihurtzen ditugu, emaitza batzuk lortzeko. Hori guztia testuinguru batean gertatzen da, ingurune batean. Ez gaude airean zintzilik, baizik eta ingurune sozial, ekonomiko, politiko eta kultural jakin batean, eta horrek badu eraginik gugan.

Zein da Ezagutzaren Klusterraren Historia?

Euskadiren lehiatzeko gaitasuna aztertzeko orduan, ekimen desberdinak izan dira. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailetik sustatutako kluster politika izan zen garrantzitsuenetako bat gure erkidegoan. Azua zen orduan sailburu. Ekimen hura ondoko legegintzaldietara hedatu zen. Lehenik, Euskadiren lehiatzeko gaitasunaren diagnostikoa egin zen, eta lehiatzeko gaitasun hori hobetzeko formula bat detektatu: sektore desberdinak biltzen zituzten sektore edo eremu ekonomikoak artikulatzea komeni zen, horrek talde ikuspegia edukitzen laguntzen baitzuen, eta baliabide komunak erabiltzen… Egoera hobetzeko aukera bat zen, gure erakundeak txikiak edo ertainak baitira —gehienak nahiko txikiak—, eta gure herria bera ere txikia baita. Nola nazioarte mailan lehiatzeko halako tamaina batzuk behar diren, funtsezkoa zen eskalako ekonomia hori iristea. Une hartan, nazioarteko aditu bat ekartzea erabaki zen. Hark azterketa bat egin zuen, eta metodo bat proposatu. Metodoa gero Euskadiko kasuistikara egokitu zen: klusterren metodoa zen.

Eta zer da, zehazki, klusterra?

Enpresa talde bat da, eta, hor, sektore bateko balio-katea integratzen da, adibidez, eta balio-kate hori bertikala bakarrik izan ez dadin saiatzen da.

Alegia…

Ni makina-erreminta egilea banaiz, hornitzaile batzuk eta banatzaile batzuk edukiko ditut. Hornitzaileak-egileak-banatzaileak… horixe litzateke katea, bezeroengana iristeraino. Baina, kate bertikala ez ezik, bada kate horizontala ere, hau da, zer erakunde ari dira inguruan baldintza egokiak sustatzen, zer ikasketa edo ikerkuntza erakunde ari dira laguntzen sektore horretan aurrera egin dadin, zer beste enpresa lagungarri daude… Garrantzitsua zen guztiok norabide berean arraun egitea.

Eta zein da norabide hori?

Kalitatezko balio berezitu bat ematea, arin, kostu egokian… eta, horretarako, ikusten zen garrantzitsua zela zuzenean edo zeharka tarteko ziren agenteek elkar ezagutzea, eta haiek ere aukerak zein ziren ikustea.

Lehen “klusterrak” esan duzu, hau da, pluralean…

Kluster ugari dira: makina-erremintarena, etxetresna elektrikoena, paperarena, telekomunikazioena, automobilgintzarena… Lanean jardun dute, eta bai jardungo ere, guztiek kalitate irizpide homologatuak edukitzeko. Baldin eta bakarrik maila batek egiten badu ahalegina, eta gainerakoek ez, hori galdu egingo da. Nazioarte milan elkar laguntzea ere bilatzen dute, bakarka zaila baita han aritzea, baina partzuergo moduan, talde moduan, askoz errazagoa. Gainera, guztien artean teknologia berrikuntza nola egin aztertzen dute, horrek inbertsio handiak eskatzen baititu, eta taldean egitea errazagoa da noski.

Zer eginkizun du Ezagutzaren Klusterrak horretan guztian?

Klusterrak eratzen ari zirela, ikusi zen bazela enpresen lehiakortasunerako funtsezko gai bat, eta gai horrek denei eragiten ziela nolabait, gai estrukturala baitzen: nola kudeatu enpresak. Zeuden baliabideekin, zeuzkaten pertsonekin, kanpoko eta barruko aukerekin, jakina. Kontua zen estrategia batzuk gauzatzea. Estrategia horiek oso ongi egituratuta zeuden batzuetan, ezagutza egoki batzuekin, eta beste batzuetan, ez hainbeste. Hortik gal zitezkeen aukera batzuk. Beraz, enpresa horien kudeaketa hobetzeko, garrantzitsua zen talde gisa pentsatzea. Enpresa bat ongi kudeatuko bada, garrantzitsua da pertsonek daukaten ezagutza ere egokia izatea. Eta, jakina, erakundean dauden pertsonen ezagutza ez dator bakarrik erakundetik beretik. Pertsona horiek hezkuntza eremutik, ikerkuntza eremutik… igaro dira. Bestetik, ezagutza guztiak ez du zertan izanik barrukoa; kanpoan ere bada ezagutzarik. Eta erakunde ugarik laguntzen diete enpresei hobetzen: garapen agentziek, erakunde publikoek, merkataritza ganberek, enpresari elkarteek, ikerketa elkarteek (Eusko Ikaskuntzak, esaterako)… Azkenean, hausnarketa bat egin zen 1995ean zehar, eta, haren ondorioz, zenbait batzorde sortu ziren: bat hezkuntzara, prestakuntzara eta arlo akademikora begirakoa. Beste bat, zerbitzuena, non aholkularitza-enpresak, ingeniaritzak etab. zeuden. Hirugarren bat enpresena zen: zer kudeaketa premiak zituzten enpresek, nola ari ziren gai horri erantzuten… Eta laugarrena, berriz, irabazi asmorik ez duten eta enpresei laguntzen dieten erakundeena.

Nahas-mahas heterogeneo samarra…

Bai. Eta urteetan pentsatu zuten ea ez ote zen izango interesgarria kluster bat, sare bat azken finean, sortzea, erakundeek elkarri eragiteko, eta ikusteko ea nola zegoen kudeaketaren arloa, ea nola hobe zitekeen… Eta ikusteko bakarrik ez, baita egiteko ere. Horregatik, azkenean egokitzat eta beharrezkotzat jo zen era horretako kluster bat sortzea. Ez zegoen aurrekari garbirik, baina aurrera egin zen, eta, 1996an, Enpresa Kudeaketaren Ezagutza Klusterra sortu zen. Hasieran, 51 erakunde ziren kide, eta egun, 175.

Zein helburu zenuten orduan?

Euskadin ezagutzaren gizartea eratzen lagunduko zuen nodo bat izan nahi genuen funtsean, gogoan gauza bat genuela beti: nola kudeatu, gizarte aurreratuago horretara heltzeko. Gizarte horretan lehiakortasunaren eta iraunkortasunaren mailako ezagutza izango baita balio erantsia. Eta nodo hori izan nahi bagenuen, funtsezkoa genuen antena gisa jokatzea, Euskadi mailan nahiz kanpoan kudeaketan gertatzen ari dena jasotzeko: zein diren nazioarteko azken joerak, zer bikaintasun-sare dauden, zertan ari diren… Antena lan hori oso garrantzitsua zitzaigun, geu ongi kokatzeko eta nola lan egin ikusteko, aldi berean ezagutza eskuratzeko eta trukatzeko espazio bat sortzen genuela. Ez dugu izan nahi agente mota jakin bat ordezkatzen duen elkartea, hots, lobby bat. Gure eginkizuna hauxe da benetan: daukagun ezagutza biltzea eta bateratzea, lehiakorrago eta iraunkorrago izan gaitezen.

Zuen web orriak dio enpresa asko, bereziki ETEak, erakartzea dela klusterraren helburuetako bat. Ari zarete lortzen? Inoiz, ondoko ideia kritikatu duzu: ETE batentzat ametsa dela ezagutzaren kudeaketari eta horrelakoei heltzea.

Egia da, bai, era horretako ingurune batean, enpresa txiki asko —ertainak ez— eguneroko eginbeharretan kontzentratzen direla, ez dutela hainbat ikusten epe luzeagoko premia hori. Baina iruditzen zait ikusi beharrekoa dela, horixe izango dela joera, zeren berritzeko gaitasunean izango baita aldea hemendik aurrera, eta, horretarako, ezagutza espezializatua eduki behar dugu. Nahiz eta guk Enpresa Kudeaketaren Ezagutza Klusterra deitu geure buruari, azkenean kudeaketaz baino ez gara ari. Hau da, gehiago jakin behar dugu kudeaketaz. Kudeaketaren ezagutzaz hasten bazara hizketan ETEekin, bitxi samarra egiten zaie, eta, azken batean, kudeaketaren ikuspegietako bat bakarrik da hori, eta guk guztiak hartzen ditugu barne. Baina esaten badiezu ongi kudeatuz aurreztu egingo dutela hornitzaileen kudeaketan, eraginkorrago izango direla beren produkzio eta salmenta prozesuetan… hori, bai, ulertzen da. Kontua da ea zein klabetan ari garen hizketan. Edonola ere, eta guk errealitate hori integratzen jarraitu nahi dugun arren —hobetzen jarraitzeko gakoak emango baitizkigute enpresa txikiek—, gure helburua orain ez da enpresa kopuru jakin bateraino haztea. Orain, beste gauza bat nahi dugu: aldaketa prozesuak egiten hasi, eta enpresei “zer”-etik “nola”-ra igarotzen lagundu berrikuntzaren eta ezagutza berritzearen arloetan. Horixe da koxka: nola egin?

Eta zein jarrera dute euskal enpresek zuena bezalako kluster baten aurrean?

Ba, galdera hori, beharbada…

…Bai, berei egin beharko genieke…

Bai.

Dena dela, igarriko zenuten zerbait horri buruz, eguneroko harremana duzuen enpresa ugarirekin eta.

Nik, batez ere, klusterrean sartuta daudenez hitz egin dezaket. Eta iruditzen zait, oro har, gure enpresa kideek —ez dut enpresetan bakarrik zentratu nahi erantzuna, klusterra hori baino gehiago baita, baina, tira—, azken berritasunen jakitun izateko premia sentitzen dutela; beste aditu batzuekin, unibertsitateekin etab.ekin egon nahi dute harremanetan; beste erakunde batzuek zer laguntza behar dituzten ikusi nahi dute, edo zerbitzuetako azken joerak zein diren… Eta ohartzen dira hori guztia ez dela epe laburrerako balioa, baizik eta epe ertainerakoa. Hori ukaezina da, eta, horretarako, malgutasun maila bat behar da. Beste erakunde batzuekin sare-ingurune batean egotea eta ikasketa prozesuei ekitea aberasgarriak zaizkie. Iruditzen zait kudeaketaren ezagutzan egindako epe ertainerako inbertsiotzat daukatela hori.

Bitxia da. Hain lehia biziko mundu batean, ahaleginak batu nahi dira…

Jakina. Bai kluster honetan, bai gainerakoetan, eta Euskadin badira dozena erdia baino gehiago, eta horrek konplexu bihurtzen du gauza…

Agian, zuk lehen aipatu duzun makina-erramintaren klusterra adibidetzat hartuta hobeto ulertuko didazu. Kluster horretan dauden enpresak elkarrekin lehian arituko dira noski merkatuan…

Bai, baina badituzte premia komunak ere. Zergatik ez aztertu zer premia komun ditugun, errazago izango baitzaigu horiek taldean konpontzea bakarka baino? Gero eta argiago ikusten da lankidetza behar-beharrezkoa dela lehiatzeko, batik bat gurea bezalako herri txiki batean. Egin ere, egin zen Euskadi mailako hausnarketa bat. Geuk ere hartu genuen parte. Eta ohartu ginen tamainaz edo eskalaz handitzea zela etorkizunerako gakoetako bat, eta irudimena behar zela horretarako. Aliantzen, sareen etab.en kudeaketa bilatzea funtsezkoa da, batez ere gurea bezalako errealitateetan. Beraz, elkarren arteko konfiantzan eta premia komunetan oinarrituta egiten dira lankidetza eta elkarlana. Zehaztu egin behar dira premia horiek, eta, horrekin batera, elkarren arteko konfiantza hori sortu behar da.

Ez da erraza izango beti…

Konplexua da. Lortzen da batzuetan, eta beste batzuetan, ez. Baina iruditzen zait gero eta garbiago ikusten dela premia. Horixe litzateke, beharbada, geure bidean lortu dugun helburuetako bat: lehenik, sare orekatu eta plural bat sortzea, eta hortxe integratu dira era sistematikoan enpresetako ezagutza eta kudeaketa agenteak. Bigarren lorpena, nire iritzian, Euskal Herrian eta kanpoan gertatzen ari dena ikustea izan da, hau da, geure errealitatea argitzea. Eta hirugarren lorpena, berriz, konfiantza giroa sortzea. Kontzeptuen trukerako eta pertsonen arteko harremanetarako espazio ugari sortu ditugu, eta funtsezkoak dira horiek lehen aipatu dudan konfiantza sortzeko.

Entzun dut inkestaren bat egin duzuela klusterreko bazkideen interesak zein diren jakiteko. Nolako emaitzak izan dituzue?

2004an eta 2005eko parte batean egin genuen hausnarketa estrategikoaren barruan, inkesta bat egin genuen. Erantzuleen ehunekoa handia izan zen. Eta ederki ikusi genuen zer ari diren egiten gure erakunde kideak kudeaketa gaietan, eta zer iruditzen zaien giltzarri bost urteko epean egitea. Kalitatearen kudeaketan ari dira lan handia egiten, bezeroa gogobetetzeari begira batez ere. Antolamendu aldaketaren kudeaketan ere ari dira: nola izan malguagoak, nola erantzun hobeto etengabe sortzen diren aukerei… Zuzendaritza taldekoak trebetasunetan eta gaitasunetan prestatzearen ikuspegitik ere bai: nola komunikatu hobeto, nola izan aitzindari hobeak, nola lan egin taldean… Badira ukitu dituzten beste bi gai ere: prozesuka egindako kudeaketa, industriaren eremuan hasten dena, eta ia-ia enpresa guztietara hedatu dena gero; eta estrategia. Gure enpresa gehienek hausnarketa estrategiko esplizitatuak dituzte eginak, erakunde osoan hedatzeko. Ez dugu aztertu nola hedatzen dituzten, baina ikusi dugu ahalegina egiten dutela, eta hausnarketa osatzen dutela. Hori garrantzitsua da.

Aipatu duzu hurrengo bost urtean zer den giltzarri galdetu zenietela. Zer erantzun jaso zenituzten?

Batez ere, bat, eta aho batez: berrikuntza. Eta berrikuntzaz ari direnean, teknologiarekin eta berritze kulturarekin lotzen dute normalean. Horrexek harritu gintuen gehien: berritze kulturaz aritzea enpresaren eremutik. Eta hortxe zegoen gure jarrera estrategikoa: nola kudeatu enpresak, kultura berritzaileago bat sustatzeko? Horrek lotura handia du haiek aipatu ziguten beste gai batekin: antolamendu aldaketa, langileen kudeaketaren ikuspegitik. Oso ondo dago zuzendaritza-taldeak “tira egin behar izatea” eta aldaketa horren motor moduan jardutea —horixe du bere ardura, gainera—, baina horrek erakunde osora hedatu behar du, edo ez du funtzionatuko. Eta hirugarren lekuan, berriz, ezagutzaren kudeaketarekin lotutako gaiak daude. Berritu nahi badugu, aldaketa kudeatu nahi badugu, nola kudeatzen dugu ezagutza?, zertarako egiten dugu?, nola egiten dugu?, zer ikasketa prozesu ari gara akuilatzen?... Jadanik distantzia luzera, laugarren eta bosgarren tokian, bi gai azaldu ziren. Eta, gutxiengo batek bakarrik aipatu bazituen ere, esanguratsuak dira, gutxiengo hori oso sartuta baitago nazioartean, oso emaitza onak lortzen baititu, eta oso aurreratuta baitago kudeaketa gaietan. Hauexek ziren bi gaiak: sareen eta aliantzen kudeaketa, eta nazioartekotzearen kudeaketa. Ni enpresa banaiz, eta produkzio bat hasi nahi badut Estatu Batuetan edo Txinan, ez naiz joango bakarrik. Hango erakunderen batekin elkartu beharko dut, hemengo batzuekin ere bai beharbada, sare gisa lan egin, gaiei elkartuta heldu… bestela, porrot egingo dut. Eta, hor, beste gai batzuk kudeatu behar dira: kulturaniztasuna, internazionalizaziorako pertsonen soslaia... Lan handia dugu egiteko hor, oraindik gogorra egiten baitzaigu bidaiatzea, hizkuntzak ikastea…

Garbi dago, halere, berrikuntzan dagoela koska nagusia. Baina nola berritzen da? Hortxe uste dut eskain dezakegula baliorik handiena, berritze kultura, geure bazkideentzako antolamendu eredu onak etab. sustatzen. Horregatik, geure sarea sendotzeko ari gara lanean hein handi batean; adibidez, bitartekari zerbitzua egiten komunikazio zerbitzu indartsu batez, edo interes handiko gaietan sareak sortzen... Azken finean, kontua da ezagutzaren gizartea garatzen laguntzea eta pertsonengan oinarritutako enpresa eredu berriak sortzea. Garbi dago: Euskadik ez du energia baliabiderik, ez du multinazional handirik, eta kanpoko inbertsioa mugatua da. Geure pertsonen asmamena eta ezagutza ditugu bakarrik, funtsean. Ikusi beharko da ea nola bideratu hori, geure bizi-mailari sozialki eta ekonomikoki iraunkorra den modu batean eusteko. Eta lehiatu nahi badugu, ezin da kostu apalean egin; balio erantsi handiago baten bitartez egin beharko da, eta horrek berritzea eskatzen du. Ezagutza ez ezik, ekintzaile eta berritzaile sena ere eduki behar da. Ez diogu ez daukagunik, Euskadi herri ekintzailea izan baita beti, baina sen horrek irautea behar dugu, eta handitzen bada, hobe. Mónica Moso Díez (Tarragona, 1971) Zientzia Politikoetan eta Administraziokoetan Doktore. Gizarte, Zientzia eta Teknologian Masterra (EHU/UPV eta Osloko Unibertsitatea). Zientzia Politikoetan eta Soziologian Lizentziaduna (EHU/UPV). Mosok EHU/UPVko Soziologia I Saileko ikerketa proiektu ugaritan egin du lan. 2000ko maiatzean, Ezagutzaren Klusterrean sartu zen zuzendaritzako adjuntu gisa, eta 2001eko azaroan, egun daukan zuzendari kargura igaro zen. Mónica Mosok zenbait liburu argitaratu ditu, bakarka edo egilekide gisa. Ondokoak aipa daitezke: - Origen y evolución de las políticas científicas y tecnológicas de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Argt.: EHU/UPV, 2000. - Panorámica de la I+D en Euskadi. Argt.: SPRI, 2000. - El modelo de gestión de las PYMEs vascas de éxito. Argt.: Ezagutzaren Klusterra, 2001.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Imanol Olaizola Etxeberria. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehenengo lehendakaria: Egiaz, zerk du balio handiagoa, dirua aurrezteak ala herritar guztiei zerbitzu kultural garrantzitsua eskaintzeak?

 

Irakurri

Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Heziketako Sailburuordea: Guk daukagun eredua industriala da, eta ikasleek eta familiek jakin behar dute lanpostuak non dauden

 

Irakurri

Jose Maria Muñoa. Lehendakariaren Ordezkaria Kanpo-Harremenetarako eta Euskadiren Ordezkaria PLEn: Europa, gaurko egunean, ezin da izan herrialde, kultura, proiektu... desberdinek osatutako patchwork bat, denak elkarren ondoan baina elkar ulertu gabe

 

Irakurri

Félix Linares. Kazetaria eta zinema-kritikaria: Zein da zinema-jaialdien benetako ekarpena: filmak ala xarma?

 

Irakurri

Maite Erro. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defendatzailea: Emakumeok ez daukagu batere erreza, eta horren kontzientzia eskasa dugu

 

Irakurri