Pablo Muñoz eta Mariano Ferrer. Kazetariak: Egitateetan oinarritutako kazetaritza desagertu eta adierazpenetan oinarritutako kazetaritza sortu da, eta gizartearentzat baliagarria izateko bokazioa galdu du lanbideak

2017-04-05

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Duela berrogei urte, 1977an, Deia eta Egin sortu ziren, trantsizioan berritzaileak ziren bi kazetaritza-proiektu. Baina, Franco hil ondoren, zer neurritan egon zen jarraitutasuna edo haustura hedabideetan?

Pablo Muñoz (PM): Diktaduraren eta informazio-esparru berrien arteko jauziari dagokionez, uste dut hasiera bat egon zela, denontzat eredugarria: El País. Lehena izan zen modu modernoago, zibilizatuago eta askeago batean mugitzen. Eta, hemen, Euskadin, ez zen eguneroko prentsan hasi, Punto y Hora de Euskal Herria, Garaia Berriak eta beste aldizkari batzuen bidez baizik. Argia (aurrez Zeruko Argia zena) ere hor sartu behar dugu. Trantsizio-esparru bat egon zen, erradikal samarra gainera, prentsa berriari bidea eman zioten aldizkariekin lotuta. Egin egunkariaren kasuan, behintzat, El País imitatu nahi izan zuten, informazio-hausturari dagokionez.

Mariano Ferrer (MF): Aldizkariei buruz esaten duzuna Espainian ere gertatzen ari zen, egia esan. Diktaduraren garaian, Cuadernos para el Diálogo zegoen, Triunfo zegoen; ez dakit Cambio16 noiz hasi zen aldatzen. Eta, horiez gain, umorezko aldizkariak zeuden. Baina horiek ere, azken batean, informazio-aldizkariak ziren, baina gauzak txantxetan hartuta, ezta? Baina, nire ustez, herrialdea aldatzeko gogoak ekarri zuen haustura, eta horrek asko aldarazi zuen prentsa. Zenbait kazetarik barkamena lortu behar zuten iraganean egindakoagatik. Belaunaldi-aldaketa bat gertatu zen, jende berria sartzen ari zen. Eta El Paísen eragina dago, kazetaritza profesionalizatu baitzuen; hari esker sortu ziren erredakzio-batzordeak, kontzientzia-klausulak eta abar. Eta gero, jakina, teknologia berriak etorri ziren. Eginen kasuan, arazoa izan zen konponbidea baino gehiago, gehiegi egin nahi izan baitzuten aurrera...

P.M.: Eta egin zuten.

M.F.: Bai, aurrera egin zuten, baina sistemak denbora asko behar izan zuen eraginkorra izateko, eta arazo ugari izan zituen. Baina, zalantzarik gabe, horrek ere izan zuen eragina; izan ere, demokraziara iristen zen kazetaritza zaharkituta zegoen, oso formula bitxietan geratuta. Kazetari haiek ez zekiten makinaz idazten: idazkariek zuzendu eta garbira pasatzen zituzten testuak. Kazetari haiei atezainek eramaten zieten papera: ez ziren papera bilatzera joateko zutitzen, atezainari deitzen zioten...

P.M.: Eta kafea!

M.F.: Eta kafea, tira! Eta hori guztia pikutara joan zen oso denbora gutxian, eta kazetariek beste modu batean atera behar izan zuten bizimodua. Nire ustez, zentzu horretan bai, egon zen haustura. Dudarik gabe, beste gauza bat ere hartu behar da kontuan, nola edo hala: zentsura eraginkorra hasi zen izaten, batik bat autozentsura. Zentsura, zentsura prebentiboa, lehenago deuseztatu zuten, egunkarietan behintzat (irratietan, ordea, gidoiak ematen jarraitu behar genuen). Baina kazetariak, zentsurarik ez bazegoen ere, bere burua zentsuratzen zuen, arazorik ez izateko. Zalantzarik gabe, amarra horiek askatzeak ere lanbidea aldatzea eragin zuen.

P.M.: Orobat, egia da olatu horietan aurreikuspenik gabe sartu ginela, nora gindoazen jakin gabe. Olatura igotzea, surfeatzea... liluragarria iruditzen zitzaigun, zartakoa hartu arte.

M.F.: Euskadin, erabakigarria izan zen Mugimenduko hedabideak ixtea, La Voz de España ixtea.

P.M.: Bai, baina batera jardun genuen, e! Txarto, baina batera aritu ginen.

M.F.: Bai, baina esan nahi dut La Voz de Españaren itxierak izugarrizko eragina izan zuela.

P.M.: Jakina.

M.F.: Lehenik eta behin, suspertzen lagundu zion garai hartan arazo ugari zituen Diario Vasco egunkariari.

P.M.: Ixtear zegoen.

M.F.: Arabako El Correo bezala Bilboko El Correo egunkariaren sukurtsal bihurtzear. La Voz de España ixteak salbatu zuen. Eta horrek, nolabait, banaketa eragin zuen... Alegia, informazioaren adar falangista desagertzean, adar estatal-konstituzionalista eta adar abertzalea soilik geratu ziren.

P.M.: Beti esan izan da La Voz de España Mugimenduko hedabide gisa ixtearen helburua El Diario Vascok haren lekua hartzea izan zela.

M.F.: ...Eta horrek nolabaiteko banaketa edo sailkapena eragin zuen: hedabide batzuk abertzaleak ziren eta beste batzuk estatuaren mendekoak; hedabide batzuek bakarrak izan nahi zuten Euskadiren geografian, lurralde osoa hartu nahi zuten; beste batzuek, ordea, probintzialistak izaten jarraitzen zuten.

P.M.: Bai, bai... Baina, halaber, arazoa egon zen Deia eta Egin egunkarien sorrerarekin: lasterketa moduko bat izan zen, zein lehenago iritsi.

M.F.: Ez, ez; hori zuzendu egin behar dizut, horretaz badakit eta. Deiak hartu zuen aurrea nabarmen. Deia atera zuten bi pertsonek, zuzendariak eta zuzendariordeak, bi hilabete zeramatzaten nirekin negoziatzen, Eginen Bilboko zuzendaritzaren arduradunak izateko. Bazekiten zein ziren gure planak, nolakoa izango zen egunkaria, nola ari ginen egiten, eta, kontratua sinatzeko haiekin elkartu nintzenean, Deiara zihoazela esan zidaten. Une hartantxe jakin nuen aurrea hartuko zigutela. Guk ez genuen dirurik; haiek bai. Haiek egitura zuten; guk ez. Hau da, ez zegoen dudarik! Horrek izugarri baldintzatu zuen Eginen etorkizuna. Kontuan izan, egunkari zabala izateko asmoa zuen Eginek, eta 24orduan... eta EAJ aldendu egin zen. Imajinatu zer izan zen hori herritarren diruarekin finantzatzen ari zen egunkari batentzat: dirua Deiara joan zen, eta Egin batere gabe geratu zen. Orduan, kontua ez zen soilik erredaktore-talde bat sortzea (hemen orduan Kazetaritza Fakultaterik ez zegoenez izugarrizko arazoa baitzegoen kazetariak aurkitzeko); erredaktore-talde oso bat lortzea arazo bat zen, beste hedabideei kendu behar zenizkien kazetariak. Deia ere sortu zenez, bi erredaktore-talde behar ziren; denak kazetari bila hasi ginen, eta horrek prezioa garestitu zuen... Azkenean, horrek bere ondorioak izan zituen. Eta, batez ere, Deia lehenago atera zenez, merkatuaren segmentu bat hartu zuen, eta Eginek uko egin behar izan zion berak ere lortu nahi zuen zati bati. “Nire ustez, herrialdea aldatzeko gogoak ekarri zuen haustura, eta horrek asko aldarazi zuen prentsa”.

1980ko hamarkadan, egunkari asko sortu eta desagertu ziren. Optimismo profesionalaren pandemia baten emaitzatzat hartu behar da hori? Mezuak huts egin zuen? Irakurleek huts egin zuten?

M.F.: Zalantzarik gabe, optimismoa egon zen. Oso talde handi bateko buruak zirela uste zuten denek. Gogoan dut, Egin atera eta egun gutxira, urte hartako irailean, ni oso kezkatuta nengoela egoera ilun samar ikusten nuelako. Amnistiaren edo presoen aldeko manifestazio batean, egunkariko zuzendaritza-taldeko hiru edo lau geunden, eta batek esan zidan: «Mariano, zergatik zara hain pesimista? Hemen, 70.000 pertsona daude, eta Egin erosiko dute denek». Egun gutxi barru jakin genuen, han ez zeudela 70.000lagun. Gauzak nahi genuen bezala kontatzen genituen, eta, jakina, denek ez zuten Egin erosiko. Euskadi jendeak uste baino askoz pluralagoa zen, eta orain ere bada, eta, egunkaria erosterakoan, norberaren ideiez gain, beste hainbat gauza hartzen dira aintzat. Jendeak eroso sentitu behar du egunkariarekin; oso zaila izaten da beste egunkari bat erosten hastea; espero eta nahi duguna aurkitu behar dugu bertan; nolabaiteko errutina bat sortzen du, gauza bakoitza bere lekuan dagoela eta ez dugula gauza askorekin kezkatu behar egiaztatzen diguna...

P.M.: Ez iezaiozu eskelen orrialdea aldatu!

M.F.: Horixe. Irakinaldi hartan, den-dena posible zela uste genuen: demokrazia, independentzia, nahi duzuna. Denek ikusten zuten beren burua egunkari bat argitaratzeko gai. Baina, bestalde, hainbeste egunkari zeudenez, egunkariak itxi egiten ziren. La Voz de Euskadi irten zen La Voz de España itxi zutelako;Tribuna Vasca irten zen La Gaceta itxi zutelako; Gasteizko Norte Expréss itxi zuten, eta beste bat atera zen...

P.M.: Egunkari bat sortzeko, zuzendaritzak edo erredaktoreek izan ditzaketen ideologiak alde batera utzita, indar handiko enpresa-egitura behar da, egunkariak oso garestiak baitira...

M.F.: Hasiera ikaragarri zaila da.

P.M.: Gogoan dut La Voz itxi zutenean hau esan zutela batzuek, gogotsu: «Kooperatiba bat egingo dugu». Kredituak eskatu zituzten, eta egunkaria atera baino lehen gastatu zuten eskatutakoa. Egitura-gastuak daude, banaketakoak, eta jendeari ordaindu egin behar diozu; jendeak ezin du besterik gabe lan egin...

Nire ustez, egunkari haietako batzuen itxiera enpresa-eraginkortasunik ezaren ondorio izan zen. Hori hurbiletik tokatu zitzaidan, esate baterako, Navarra Hoy eta Gaur Expréss egunkariekin. Eta kontuan hartu beharreko beste kontu bat: alderdiek edo korronteek euren egunkaria sortzea; hori hondamena zen. Diario de Noticiasera joan nintzenean, Navarra Hoyren aktiboak erosi zituen enpresara alegia, Navarra Hoy egunkariak zenbat ale saltzen zituen galdetu nuen, eta 6.000inguru saltzen zituela erantzun zidaten. «6.000rekin ez dugu ezer egiten, dagoen egiturari erreparatuta». Hori guztia ez zen kontuan hartzen. Enpresa-gune baliagarria eta sendoa, egin beharrekoa zertan den dakiena, sortu behar da lehenik; eta hori ez zenez gertatu, egunkariak itxi egin ziren banan-banan... arinkeria handiz. Eta, bitxiena: jende hark, batzuk oso kazetari onak, ez zeukan ezer. Oso krisi kaltegarria izan zen Euskadiko komunikaziorako. “Egunkari haietako batzuen itxiera enpresa-eraginkortasunik ezaren ondorio izan zen”.

Euskadin irakurleak eta hautesleak bat ez etortzea fenomeno bitxia da ala orokorra hedabide modernoetan?

M.F.: Galdera hori lehen esan dugun zerbaitekin dago erlazionatuta: zergatik irakurtzen du pertsona batek egunkari jakin bat?

P.M.: Ohituragatik..., ohituragatik...

M.F.: Eta, bestalde, kontuan izan behar dugu interes horietako askok zerikusia dutela eguneroko bizitzarekin. Hau da, egiten dituzun gauza guztietarako izan behar du baliagarria egunkariak: eskelak ikusteko, zinema batean filmak zer ordutan ematen dituzten jakiteko, interesatzen zaizun deialdiren bat ote dagoen jakiteko, iragarkiak ikusteko, zure gustukoa den kazetari jakin baten zutabetxoa irakurtzeko... Eta, gero, pertsona askok beste egunkari bat erosten dute ohikoaz gain, ideologiarekin lotura handiagoa duten arrazoiengatik. Alegia, nire iritziz, jendeak arrazoi praktikoengatik erosten du egunkaria, eta ez arrazoi ideologikoengatik. Hala ere, bi egunkari erosten baditu, ohiko egunkariari falta zaiona bilatzeko erosten du bigarrena.

P.M.: Egunkari bat beti eta ezinbestean arrazoi ideologikoengatik erosten dutenak oso gutxi dira. Adibidez, zer gertatzen da Gipuzkoan? El Diario Vasco da egunkari hegemonikoa, inolako zalantzarik gabe. Haren sortze-printzipioak irakurtzen badituzu, ikusiko duzu egunkari katoliko, monarkiko eta espainiarra dela. Zer gertatzen da Gipuzkoan? Jende gehien-gehiena abertzalea da, ez du zerikusirik ez Espainiarekin ez katolizismoarekin. Zergatik erosten du EI Diario Vasco? Hain zuzen ere, ohitu egin delako. Prentsa horretakoak egunkari onak dira; asko hartzen du barne; Goierrirako, Bidasoarako eta abarretarako edizio berezia egin dezake... Ahalmen ekonomikorik ez duen egunkari batek ezin du hori egin. Hortaz, egunkari bat ideologia politikoan oinarrituta zuzendu nahi dutenak ez dira ohartzen pertsona gehienek ez dutela haien obsesio ideologikoa partekatzen. Bozkatzerakoan beren botoa izan dezakete; baina, prentsa irakurtzeko eguneroko ohituran, ez dira sakonera horietan sartzen.

M.F.: Bai; pertsona askok uste dute besteek beraiek bezala pentsatzen dutela politikan, eta hori ez da horrela. Politikak bere lekua du bizitzan, baina, askotan, garrantzirik gabeko elkarrizketetara mugatzen da.

P.M.: Ohartuko zinen egunkarietan gehien irakurtzen dena eta gehien saltzen dena kirola dela, futbola hain zuzen ere, eta ez da harritzekoa asteleheneko lehen orrialdean Realaren edo Athleticen argazkia azaltzea.

M.F.: Eta, deskuidatuz gero, asteartekoan eta asteazkenekoan ere bai...

P.M.: Baita, baita... “Jendeak arrazoi praktikoengatik erosten du egunkaria, eta ez arrazoi ideologikoengatik. Hala ere, bi egunkari erosten baditu, ohiko egunkariari falta zaiona bilatzeko erosten du bigarrena”.

Zer-nolako balantzea egin daiteke euskal prentsak berun-urteetan izandako jokaerari buruz?

P.M.: Berun-urte deitutako haietan, euskal prentsak etengabeko informazio-lana egin zuen; nolabait esateko, atentatua noiz gertatuko zain zegoen etengabe. Urte haietan geratu ziren agerian egunkari batzuen eta ia beste guztien ideologiak. Nire ustez, bertsio ofiziala ontzat hartzea aukeratu zuten euskal egunkari gehienek, eta indarkeria zen ororen kontrako joera antiterrorista handi eta indartsu hari jarraitzea. Urte gogor haietan —ez dakit gogoratuko duzun, Mariano— irmotasun fronte izeneko hura sortu zen lehen atentatuaren ondoren, uste dut Lopez de la Calleren kontrakoaren ondoren. Haizearen Orrazian hasi ziren biltzen, eta konpromisoa hartu zuten ETAren aurka indarkeriaz —informazioa ematerakoan— egiteko; baina, ETAz gain, ETA babesten zutenak eta, are gehiago, euskal nazionalismoa ere zaku berean sartu zituzten. Oso urte zailak izan ziren, eta, jakina, ETAk ez zuen batere lagundu; aitzitik, gauzak gehiago hondatu zituen. Zauri eta kalte handiak eragin zizkien une hartan Gara edo Egin egunkarietan, baita Egunkarian ere, militatzen zuten, militatzen zuten diot, kideen artean. Nolabait, baztertu egin zituzten hedabideen artean zegoen bizikidetzatik.

M.F.: Nolabait, hedabideen jokabidea hedabideetatik kanpo gertatzen zenaren mende zegoen. Hau da, nik uste dut politikaren bilakaeraren eta ETAren bilakaeraren arabera jokatu zutela neurri handi batean. ETAk atentatuak (atentatu selektiboak, atentatu masiboak, kazetarien aurkako atentatuak...) kudeatzeko modua aldatzen zuen neurrian. Edo politikak ere indarkeria kudeatzeko modua aldatzen zuen neurrian, politikariak biktimak ez zirenean eta biktima izaten hasi zirenean. Izan ere, hori ahaztu egiten da askotan: orain asko aipatzen dira biktimak; baina, ahaztu egin zaigu politikariek, biktimak ez zirenean, ez zituztela biktimak aintzat hartzen. Baina, tira...

P.M.: Hala da.

M.F.: Hedabideak bilakaera horren arabera aldatzen ziren. Nire ustez, oinarrizko hiru erreferentzia dituzte: hautesleria hipotetikoa, hots, euren ustez beraien egunkaria irakurtzen duten hautesleak; politikaren bilakaera; eta ETAren bilakaera. Eta, jakina, bereziki kazetariak ETAren biktima izaten hasi zirenean... Jakina, nire alde edo nire kontra jartzeko eskatzea oso erraz ematen den pausoa da.

Hala ere, lehenago ere gertatu izan dira zenbait urrats bitxi; izan ere, hasieran ETAren gaia gertaeren atalean sartzen zen. Gogoan izango duzu ETAren atentatuak lehen orrialdean azaltzen ez ziren garaia; orduan, seigarren edo zazpigarren orrialdean ipintzen ziren lauki batean. Lehen aldaketa handia ZEN planak eragin zuen.

P.M.: Bai, jauna.

M.F.: Prentsak, informatzeaz gain, informazioaren bidez iritzia ematea nahi zen.

P.M.: Jarrera hartzea.

M.F.: Lehen ahalegina izan zen: iritzidun prentsa bilatzen zuten, irakurleengan iritzi jakin bat sortzeko telegidatuta egotea. Hasieran, horrek ez zuen arrakasta handirik izan; baina, geroago bai.

P.M.: Azaldu behar da Plan ZEN horrek Plan Zona Especial Norte esan nahi zuela.

M.F.: Kapitulu batean, informazioa nola landu azaltzen zuen.

P.M.: Polizia-indarrak ziren, eta armada ere bai.

M.F.: Gerora, filosofia hori guztiz eraginkorra izan zen Mayor Orejarekin eta Cayetano Gonzalezekin; haiek izan ziren prentsari arauak ematen hasi zirenak.

P.M.: Eta horren ondorioetako bat mehatxatutako kazetariaren irudia izan zen.

M.F.: Hain zuzen. Eta, harrezkeroztik, prentsa kolaboratiboa izaten hasi zen. Ordura arte, tira! Ordutik aurrera, jarrera hartu zuen; bazekien zein ziren onak eta zein ziren gaiztoak; eta, gainera, hizkuntza bereizten ere hasi zen: dagoeneko ezin zen gatazka politikoaz hitz egin, terrorismoa esan behar zen...

P.M.: Ezin zen erakunde armatua esan, banda terrorista baizik...

M.F.: ...Demokratak eta biolentoak bereizten dira... Eta hor bai, kazetaritzak morrontza handia erakutsi zuen. Arazoa da kazetaritzari kausa onaren auzia sortzen diola. Izan ere, kausa ona babestu behar duzunean eta kausa onari buruzko erabaki pertsonal bat hartzen duzunean, oso zaila da hori zure jarduera profesionalean ez islatzea. Eta, orduan, informatzerakoan, ETArekiko duzun jarrera pertsonal horrek —ETAri ezta ura ere— informazioa bustiko du, eta jarrera horren aurkako informaziorik egotea saihestu. Eta bitxia da, hori ez baitugu epaileengandik eta medikuengandik espero. Ez dugu espero mediku batek hau esatea: «A, hau ETAkoa da? Jai daukazu. Hor utziko zaitut, odolusten». Edo ez genuke epaile batengandik esperoko —baina gertatzen da, zoritxarrez—, ETAren biktima izateagatik, defentsa legitimorako eskubidea ez onartzea. Hala ere, ezin hobe ulertu da kazetaritzak emaitza jakin bat lortzeko jarrera hartzea, kausa ona lanbidearen gainetik dago eta. Hortaz, iturri ofizialak dira aintzat hartzen diren iturri bakarrak. Egurra eman diezaiekezu 18/98sumarioko guztiei ETAko kide konbiktu moduan, eta, gero, epaiketan horren guztiaren atzean zer dagoen ikusten denean, inor ez da epaiketara joaten; hau da, bi urtez, 18/98sumarioko akusatuek izugarrizko jazarpena jasan zuten, eta, gero, epaiketak iraun zuen bi urteetan, ez zen kronika bat ere egin, inor ez baitzen azaldu han zer gertatzen zen edo zer esaten zen jakiteko.

P.M.: Horrez gain, beste zailtasun handiago bat zegoen; izan ere, jarrera horrek eragotzi egiten zuen ofiziala ez zen bertsiorik hedabideetara iristea. Beraz, alde batera utzi zen iturriak bilatzeko lan profesional hori: zer ari den gertatzen, Loiolan zer gertatuko den, Lizarrako itunean zer gertatuko den —hori ez baita egun batetik bestera asmatzen—... Prentsa ez zen horretaz arduratu; inork ez zuen horretaz ezer jakin nahi, iturri horiek ez baitzituzten eskura.

M.F.: Ulertu behar da egoera ikaragarria zela, eta, beraz, jarrera hori guztiz ulergarria zela; nik ulertu egiten dut. Baina hedapen infinitua zeukan: esate baterako, «etsaia ETA da» esatetik «etsaia nazionalismoa da» esatera igaro ziren Lizarraren kasuan. Eta, gainera, beste eragin bitxi bat izan zuen, niri minik handiena eman zidana: su-etenen garaian, ETAren atentaturik ez zegoenean, haren mehatxua gogoan edukitzeko modua bilatzen zen etengabe; atentatu guztien oroitzapenak, kale-borrokako ekintza guztiak... Helburua zen jendeak ETAren mehatxua ez ahaztea, nahiz eta, une horretan, su-etena indarrean egon. Ustez behintzat, ETAren amaiera ari ziren bilatzen.

P.M.: Ikuspegi horrek orain arte iraun du, eta hor dago oraindik ere...

M.F.: Bai, hortxe dago oraindik.

P.M.: ETAk interesa sortzen du. “Bertsio ofiziala ontzat hartzea aukeratu zuten euskal egunkari gehienek, eta indarkeria zen ororen kontrako joera antiterrorista handi eta indartsu hari jarraitzea”.

Zuen iritziz, zenbateraino daude lotuta egungo ustelkeria-maila eta lehen laugarren botere zeritzonaren hondamena?

M.F.: Nire ustez, kazetaritzaren hondamena eta ustelkeria batera gertatu dira, aldi berean, baina ez dago loturarik; lanbidearen hondamena autonomoa da.

P.M.: Kazetaritza-enpresek onbideratze ekonomikoa behar dute; horrek, nolabait, langileen jarduera baldintzatu du, eta baldintzatzen ari da. Izan ere... Egunkariak publizitatetik bizi dira batik bat, eta, beraz, iragarle handien mende daude. Esaterako, hedabideren bateko kazetari bati El Corte Inglésen ustelkeria-kasu bat aurkitu duela argitaratzea bururatzen bazaio, iragarleak ez du onartuko, eta hedabidearen aurkako errepresaliak hartuko ditu. Bada, kontu handiz ibiliko da egunkari horretako zuzendaritza El Corte Inglésen aurka desarra egin aurretik, funtsezko diru-laguntza baita bere ekonomiarentzat. Eta, neurri batean, horrek zenbait kazetariren ekimen partikularra ere eten du, ezin izan baitute euren iturriek emandako informazioa argitaratu. Izan ere, nik kasu hori izan dut, Noticias de Gipuzkoako zuzendari nintzela. Kutxako kasu bat izan zen, La Cerricheran egindako inbertsio kaltegarri eta famatu haien harira. Albistea argitaratu genuenez, Kutxak publizitatea kendu zigun, eta publizitate hori ia gure eguneroko janaria zen.

M.F.: Mendekotasun ekonomiko horrek, ekonomia onbideratua eduki behar horrek (hedabide guztien ekonomia ez baitago onbideratuta, ezta gutxiagorik ere), zerikusi handia du lanbidearen hondamenarekin, jarduera eta ohitura profesionalak asko baldintzatzen baititu. Eta, jakina, orain ez dugu gogoratzen, baina, garai batean, ez zegoen komunikazio-kabineterik. 80ko eta 90eko urteetan, komunikazio-kabinete asko sortu ziren, eta kazetariei asko errazten zieten bizitza. Kazetariak ez zuen egunkaritik irten beharrik...

P.M.: Kazetariak ez zuen galderarik egiten prentsaurrekoetan; papera ematen zioten.

M.F.: Papera mahaira iristen zaio, eta zazpi komunikatu ditu, eta iristen zaion informazioa informazio-errutina batzuen bidez ordenatzen saiatzen da. Harremanak izateari uzten dio, bilatzeari uzten dio. Ez ditu gertaerak sustatzen, ez dituelako bilatzen, ez dituelako lantzen.

P.M.: Ez du galderarik egiten...

M.F.: Halaxe da. Informazioa jaso egiten du. Alegia, botereak ohartzen dira hori askoz praktikoagoa dela. Eta, ondorioz, egoera sinesgaitzetara iristen gara: mahai-inguru batean paper bat ematen dizute, erredakziora eraman eta kopia dezazun. Eta paper hori onartu egiten da, ezta?

P.M.: Eta, noski, soldata txikiko erredaktore batek —eta hori da ohikoa— ez du burua hautsiko, ezta?

M.F.: Horrez gain, krisia, kaleratzeak eta lanpostuari eusteko zailtasunak ere hartu behar dira kontuan, bizimodua atera behar duzula. Eta berehala ikasten duzu egunkari honek nondik arnasten duen, zer egin behar duzun aurrera egiteko eta zer gauza eginda zoazen kalera, zer esan behar duzun Ibarretxerekin Kolonbiara joateko eta zer esanda geratuko zaren erredakzioan Eroskiri buruzko albisteez arduratzen... Horrek eragin handia izan du kazetaritzaren hondamenean.

Aro digitalean eta globalean, beste ikerketa-kazetaritza bat ari da sortzen, ez oztoporik gabe. Nolako irismena izan dezake kazetaritza horrek?

M.F.: Nik ez dut kazetaritza-ikerketan asko sinesten. Zenbait kasutan, nabarmena da kazetaritza-ikerketa egon dela, eta oso ikerketa ona, egia esan. Baina, ikerketatzat hartzen denaren gehiena egunkarira iristen den informazioa da, norbaitek bidalia, gauza jakin bat ezagutu, argitaratu eta ikertu dadin interesa duelako. Gero, hortik aurrera, bai, jasotako informazioa egiaztatzeko eta osatzeko lana egiten dute, besteak beste.

P.M.: Eta, egun, lan hori oso erraza da egiten, sareak erabil baitaitezke, fitxategiak Internetetik erabil baitaitezke; alegia, ez duzu ez dakit nora paper batzuk kontsultatzera joan behar, den-dena hor daukazu eta. Baina, jakina, hori ez da ikerketa; hori dokumentu-bilketa bat da. WikiLeaks ikerketa da? Ez, CIAren artxiboak arpilatzea eta zabaltzea da. Nire iritziz, ikerketa-kazetaritza, berez, desagertuta dago une hauetan.

M.F.: Ikerketa-kazetaritzak arazo bat du: baliabide asko badituzu ere, eta, beraz, Internetek asko laguntzen badizu ere, gai korapilatsuetan eta arriskutsuetan sartzeko borondatea behar duzu.

P.M.: Eta, borondateaz gain, kontuan izan behar da kazetariak zer ordain izango duen borondate horren truke. Izan ere, argi eta garbi esan behar da orain kazetaritzako langile gehienek oso soldata kaskarra dutela, eta izugarrizko ezegonkortasuna. Orduan, nor sartuko da horrelako gauza batean?

“Nik ez dut kazetaritza-ikerketan asko sinesten. Ikerketatzat hartzen denaren gehiena egunkarira iristen den informazioa da, norbaitek bidalia, gauza jakin bat ezagutu, eta argitaratu dadin interesa duelako”.

Zer lortu eta zer galdu da kazetaritzan 1977tik igarotako 40urte hauetan?

M.F.: Lehenik eta behin esan behar da, hainbeste egunkari, kazetari, aldizkari, telebista, irrati, komunikazio-kabinete... daudenez, oso zaila dela denak zaku berean sartzea. Kontua da oso adibide onak daudela, eta adibide izugarri txarrak ere bai. Baina, adierazpen gogor bat egitearren, esango nuke ikaragarrizko aldea dagoela.

Guk, kazetaritzan hasi ginenean, enplegu bat nahi genuen, bizimodua atera nahi genuen, jakina; baina, gizarteari zerbitzu bat emango geniolako kontzientzia geneukan. Egia esan, gure nominan, gizartearentzat egiten genuen lan hori ere sartzen zen. Guretzat egiten genuen lan, baina beste osagarria benetakoa zen. Gaur egun ikusten dut, kazetariak bankura doazenak bezala joaten direla lanera. Hau da, egin behar duzun lana oso tasatuta dago, beti bezalakoa da, oso antzekoa da egunero eta kezkatu egiten zaitu; batez ere, enpresak langileei ordaintzen jarraitzeak kezkatzen zaitu, eta ez duzu akatsik egin nahi, hurrengo lan-mugimenduan kanpoan geratzen diren horietako bat ez izateko. Lanbidearen zentzua ahuldu egin da, eta, gizarteari zerbitzua eman ordez, nork bere lanpostuari eusteko ahalegina lehenesten da...

Eta, bestalde, beste desbiderapen bat dago: egitateetan oinarritutako kazetaritza desagertu, eta adierazpenetan oinarritutako kazetaritza sortu da. Kazetaritza usteltzea da hori. Izugarria da. Gaur egun, «esan du, esan du, esan du...» baino ez dago kazetaritzan. Eta oso egitate gutxi daude, egitate faktikoak alde batera utzita (trena errailetik irten da, prezio-indizeak ez dakit zer egin du...).

P.M.: Eta gu lanbide hau ikastera eraman gintuen ikuspuntu gogotsu hari eta uzten dugun ondareari dagokienez, uste dut jende mordoak nahi izan zuela garai hartan kazetaritzan profesionalki jardun: kazetaritza-fakultateak gainezka bete ziren, nonahi zeuden kazetariak, ez zegoen lan-poltsa bat antolatzeko inolako arazorik, jende asko zegoen... Baina, jakina, argi eta garbi geratu zenean ez genuela gizartea aldatuko, hilaren amaieran kobratzeko orrialdeak bete eta bete ari ginela, lanbidearen gainbehera hasi zen.

M.F.: Beteranook «Ai, gure garaiak...» eta horrelakoak pentsatzeko arriskua daukagu beti, eta hori ere apur bat erlatibizatu beharra daukagu... Bat nator zurekin, zuk bezala pentsatzen dut, baina aldi berean pentsatzen dut... beharbada ikuspegi desegokia daukagula... Nire iritzian, kazetaritzak duintasuna galdu du, lanbide-kontzientzia galdu du. Galderarik gabeko prentsaurrekoak onartzen dituen kazetaritza bere burua errespetatzen ez duen kazetaritza bat da. Eta utzidazue hau esaten: egunero hogeita bost neska —neskak bereziki, baina baita mutilak ere— zenbait pertsonaiak gaur zer tontakeria esango zain edukitzea, kazetariak horrelako lanetan edukitzea... Kazetariek onartzea euren lana Kongresura joatea dela, parlamentariei itxarotea eta galdera maltzurrak egitea, ea titulartxoren bat lortzen duten... Hau da, kazetaritza-mota horrek lotsatu egiten nau, benetan.

P.M.: Orobat, egia da mito eta fantasia handia dagoela, gautxorien eta erredakzioko tiraderan botila bat whiski zeukatenen kazetaritza hartan. Tira, kazetaritza hori eleberrietakoa eta filmetakoa da errealitatekoa baino gehiago; baina, egia da lehen inprobisazio, sormen eta irudimen handiagoz jokatzen zela. Eta, hain zuzen ere, zuk diozuna: orain, besteek esaten dutena kontatzeko kazetaritza egiten da, eta ez luke horrela izan beharko. “Guk, kazetaritzan hasi ginenean, enplegu bat nahi genuen, bizimodua atera nahi genuen, jakina; baina, gizarteari zerbitzu bat emango geniolako kontzientzia geneukan”.Pablo Muñoz Politika eta Informazio Zientzietan lizentziaduna Lovainako (Belgikako) unibertsitatean Gizarte-gaien ataleko erredaktorea La Libre Bélgique egunkarian (1966-1967) Zuzentzailea, itxierako erredaktoreburua, zuzendaria eta gehigarrien editorea Egin egunkarian (1977-1993) Publizitate-sortzailea (1994-1999) Argitalpen-zuzendaria Noticias taldean eta zuzendaria Iruñeko Diario de Noticias egunkarian (1999-2014) Artikulugilea, zenbait hedabidetako kolaboratzailea eta nobelagilea

Mariano Ferrer Madrilgo Kazetaritza Eskola Ofizialean tituluduna Filosofia eta Letretan lizentziaduna Madrilgo Unibertsitatean (1965) Informazio Zientzietako masterra Syracuseko (New Yorkeko) unibertsitatean (1971) Zuzenbidean lizentziaduna EHUn (1985) Komunikazioko irakaslea Deustuko Unibertsitatean (1996-2004) Zuzendariordea Donostiako Herri Irratian (1971-1977) eta eguneroko albiste-saio bateko zuzendaria eta aurkezlea (1971-2004) Egin egunkariko lehen zuzendaria (1977-1978) Zutabegilea Euskadiko El Mundo egunkarian (1991-2008) eta Noticias taldeko egunkarietan (2009-2010) Aldian-aldiko kolaboratzailea EiTB taldeko telebistan eta irratian (1989-2014)
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Xabier Etxague eta Ana Aierbe. Hezkuntzaren Zientzietan doktorea eta Psikologian doktorea: Irakurketa oinarrizko konpetentzia bat da, ez bakarrik ikaskuntzarako baizik eta norberaren ikuspegi analizatzailea, kritikoa eta erabakitzailea garatzeko

 

Irakurri

Mari Jose Aranguren eta Helena Franco. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktoreak: Ongizate-estatuaren defentsan, kohesio soziala eta garapen ekonomikoa jokoan daude

 

Irakurri

Nicanor Ursua eta Antonio Casado. Filosofoak: Gizartearentzat garrantzitsua da komunitate zientifikoak elkarrekin aritzea pentsamendu kolektiboa sortzen

 

Irakurri

Javier Aguirresarobe eta José Luis Rebordinos. Argazki-zuzendaria eta Donostiako Zinemaldiko zuzendaria: Zinemak suaren inguruan kontatutako istorioen xarma du oraindik ere

 

Irakurri

Karmele Aranburu eta Mirentxu Purroy. Kazetariak: Gaur egungo kazetaritzan, prestakuntza, etika eta egiaztatutako iturriak falta dira, eta Wikipedian adituak sobera daude

 

Irakurri