Raquel García Arancón: "Historia gizateriaren memoria da, eta hor ez dago ezer baztertzerik, bestela ez baitu ezertarako balio"

2001-01-12

MARCELLAN, Idoia

Elkarrizketa: Raquel García Arancón Raquel García Arancón, Nafarroako Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako irakaslea "Historia gizateriaren memoria da, eta hor ez dago ezer baztertzerik, bestela ez baitu ezertarako balio" * Idoia Marcellán Raquel García Aracón soriarrak hogei urtetik gora daramatza Nafarroan, eta Historia ikasten eta ikertzen darrai. Filosofia eta Letretako Historia Sailan lizentziatu ondoren, bertan gelditzea erabaki zuen, Erdi Aroko Historian doktoratzeko asmoz. Hala ere, XIII. mendeari buruzko informazioa biltzeaz gain, eskolak, doktoradutzako ikastaroak eta hitzaldiak ematen ditu, eta hainbat tesi zuzentzen ari da. Aipatzekoa da Nafarroako Unibertsitatean ikasleek gehien saritu duten irakaslea dela. Nolatan hasi zinen Nafarroako Erdi Aroko Historia ikertzen? Lan talde batek José María Lacarrak hasitako lanari heltzea erabaki genuen. Erdi Aroa Historiako garairik interesgarrienetarikoa da, eta batik bat XIII. mendea, orduan izan zirelako aldaketa instituzional, politiko eta sozial gehienak, eta mende horren bigarren erdia trantsizio garaia izan zen, lotura dinastikoen ondorioz Nafarroa Frantziarekin harremanetan jartzen hasi zelako. Ikus daitekeenez, oso garai oparoa izan zen. Asko dira orduko agiriak. Ikasketak hemen egin nituenez, Erreinuaren iragana ikertzeko gogoa piztu zitzaidan, baina soriarra naizenez, Soriako Historiari buruz ere egin dut ikerketarik. Aipatu duzun ikerketa lanak martxan darrai. Nola joan da orain artean? Ez zegoen serie katalogaturik, agiriak barreiatuta zeuden. Nafarroako Gobernua, Príncipe de Viana erakundearen bitartez, monasterioetatik lortutako agiriak argitaratzen hasi zen 60ko urteetan, eta hogei urte geroago hasi ginen Artxibo Nagusiko fondoak argitaratzen eta sistematikoki sailkatzen. Ordudanik ehun baino gehiago argitaratu dira. Lehenengo, monasterio eta artxibo errealetan zeuden agiriak bildu genituen, gero sailkatu, eta batzuk berridatzi. Agirien kopiak prest edukitzean, edizio kritiko bat egiten da, funtsezkoafilologo eta historialarientzat, horrela iturrietara jotzeko aukera ematen zaie eta. Urteak eman ditugu lan horretan, eta orain modu isolatuan aztertu diren agiriak bildumatzen ari gara. Horrek, ikerketa baino gehiago, artxibaketa lana dirudi... Jendea ez da konturatzen zenbat lan dagoen horrelako bildumen atzean. Benetako etekina lankideek ateratzen diote, lan asko errazten diegulako. Berez historialari bati gehien gustatzen zaiona eta prestigioa ematen diona, hausnarketa historikoak edo aurkikuntza handiak egitea da, baina bilduma bat egiterakoan ez dago horrelakorik egiterik. Nolabait esateko, bilduma hauek etxe baten adreiluak izango lirateke, etxea bukatuta dagoenean ikusten ez direnak. Ikerketaren eta prestigio akademikoaren aldetik ezer gutxi ematen du lan honek, baina balio handia dauka. Egin beharrekoa da, eta oso erabilgarria da. Zer dela eta ari zabiltza horretan? Historialarion funtzioa ez da iturriak zehaztera mugatzen. Iturri horiek bildu, sistematizatu, depuratu eta kritikoki editatu ere egin behar dira. Lanik eskergabe eta zailena, beharbada, indizeak egitea da. Bilduma diplomatikoen bi herenak hartzen dituzte. Denbora partzialean aritzen gara lanean, udan, oporretan..., eta hori da gogorrena. Ni irakaskuntzan eta ikerketan aritzen naiz, bietan. Denbora gehiena irakaskuntzak hartzen dit, eta ikerketa une lasaietarako uzten dut. Egun libre asko behar dira artxiboetara joan eta agiriak begiratzen ibiltzeko. Ikerketarik politenak puntualak dira. Orain, azken 30 urteetan egin diren ikerketak aprobetxatuz, Nafarroaren eta Behe Nafarroaren Berant Erdi Aroko Historiari buruzko sintesi bat prestatzen ari naiz. Revista Internacional de Estudios Vascos aldizkarian argitaratuko da. Zeintzuk dira zure ikerketen ildoak? Ni aspaldi hasi nintzen agiriekin lanean. Lizentziaturako memoria, 1976an, Vianako parrokiako artxiboko agirien argitalpenari buruz egin nuen. Ordurako Erdi Aroko iturriak argitaratzeko gogoa neukan. Gero, Soriako Burgo de Osma katedralean gordetakoagirien katalogo bat egin nuen. Oraindik argitaratu gabe dauzkat bi lan horiek. Eta geroago, José María Lacarraren ikuspegia osatzeko, Nafarroako Berant Erdi Aroan zentratu nintzen, aztertu gabe zegoelako XIII. mendea, hain zuzen Lacarra eta Martín Duqueren ikerketa ezagunen eta Juan Carrascok egindakoen tarteko epealdia. Tarte horretan oso aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren: Goiz Erdi Aroko erreinutik, molde frantseseko gobernu koadroak zeuzkan Berant Erdi Aroko erreinura pasa zen. Nire lehenengo doktore tesian Nafarroako Teobaldo II.aren erregealdia aztertu nuen (1253 1270): alderdi dinastikoak, politikoak, eta, batez ere, gobernu koadroak nola garatu eta finkatu ziren. Eta ekonomiarekin lotutako alderdiak ere bai: aldaketa sozioekonomikoak, lurraren ustiaketa eta administrazioa, hiriko oligarkien gailentasuna, merkataritzaren garapena, eta abar. Noizean behin, iturri dokumentalak argitaratzen jarraitzen dut. Nafarroako Historiako emakumeak ikertzeari ekin dion lehenengoetarikoa zaitugu. Asko interesatzen zait gai hori. Asko idatzi dut horren inguruan, eta hitzaldiak ere ematen ditut. Moda modan dago. Baina hainbeste aberastu da alderdi zientifiko eta metodologikoan, ezinezkoa dela gaia bere osotasunean aztertzea; alderdi zehatzak aztertu behar dira. Orain XIII. mendearen bigarren erdian Nafarroan zeuden klaratarrak ari naiz ikertzen: beren jatorria, nortzuk ziren, eta abar. Hasierako datuek erakusten dutenaren arabera, Nafarroako konbentuak burgesiarekin zeuden lotuta, ez errege erreginekin, harritzekoa badirudi ere. Emakumeak, Erdi Aroan, senarraren itzalpean bizi ziren, eta askatasun handiena lekaimeek zeukaten beharbada, konbentuan ez zutelako familiaren edo senarraren menpe egon behar. Baina, hori bai, aitaren aginduz sartzen ziren konbentuan. Zer ikasi beharko genuke 2000. urteko gizakiok Erdi Arokoengandik? Gauza zehatzik ez. Baina gure sustraiak berreskuratu beharko genituzke. Asko zor diogu Erdi Aroko gizakiari; ez pentsa inzibilizatu eta basatia zenik.Bere argi ilunak zeuzkan Erdi Aroak, beste edozein garaik bezala, baina gure memoria historikoa bilatzerakoan, nahi eta nahi ez Erdi Aroan amaituko dugu. Orduan sortu zen mendebaldeko zibilizazio kristaua, orduan sortu ziren hizkuntzaren, kulturaren eta zibilizazioaren oinarriak. Ez nuke gauza zehatzik jaso behar dugunik esango. Ikuspegi materialean aurrerakuntza itzela izan da, eta hor ez dago atzera egiterik, baina garai hartako kontzientzia berreskuratu behar dugu, eta garai horri dagokion balioa eman. Ez al zaio behar duen balioa ematen? Ez. XVI. mendeaz geroztik, eta agian baita lehenagotik ere, Erdi Aroa baztertuta egon da, garai iluna, zikina, fanatikoa eta kulturarik gabea balitz bezala. Baina Erdi Aroko gizakiak gaur egungoaren kezka berdinak zeuzkan: familia, lana, gai traszendentalak, espiritua... ez zen hain desberdina. Taldean, elkartasunaren kontzientzia zeukan. Nazioaz gaindiko egiturak aztertzen aritu ziren; orduan hasi ziren Europar Batasuna sortzen. Fenomeno nazionalistek Erdi Aroan daukate beren jatorria. Beraz, orain zer garen ulertzeko begiratu behar diogu Erdi Aroari, gure sustraiak aurkitzeko, eta ez nostalgiarekin edo garai eredugarri bat balitz bezala. Gaur egun aplikazio praktikoa eskatzen zaie ikasketei, eta, alde horretatik, Humanitateak nahiko bazterreratuta daude. Zertan lagun diezaguke Historia ezagutzeak? Historiak oraina ulertzeko, iragana ezagutzeko eta etorkizuna planifikatzeko balio digu, errealitatea ongi ezagutuz, erreferente batzuk izanik eta logikari eutsiz, eta ez edonola, mundua ezin baita goizetik gauera aldatu. Bigarren Hezkuntzako ikasleek Historia Garaikide apur bat ikasten dute, baina ez da nahikoa. Historia, zirkulu konzentrikoz dago osatuta, eta, beraz, ezin da Historia Garaikidea Aro Modernoa alde batera utzita ulertu, eta Aro Modernoa Erdi Aroa aztertu gabe ere ez. Historia gizateriaren memoria da, eta Historian ez dago ezer baztertzerik, bestela ez baitu ezertarako balio. Historia guztia hartu behar da kontuan, ezberriena bakarrik. Nolanahi ere, Historia hobeto ezagutu arren, gatazkak ez dira itzaltzen. Horra hor Israelen eta Balkanen kasuak, beste askoren artean... Iraganak ez digu konponbiderik ematen. Erdi Aroan kristau eta musulmanen arteko gatazkak konpontzeko balio izan zuen irtenbideak ez digu gaurko balio. Borrokatzeko eta baketzeko dauden bitartekoak ere ez dira berdinak. Ezagutzak ikerlarien esku gelditu, eta politikariei eta gizarteari ezagutzera eman ez izanagatik gertatu ote da akaso? Politikari onek oso ondo ezagutu izan dute beti Historia. Ez dut uste arazoa informazio faltan dagoenik. Politikariek konpontzen ez dituzten eta konponduko ez dituzten arazo pila daude, askotan daudenik ere ez dutelako ikusten. Harrokeriagatik edo, gizakien zoriontasuna beren esku dagoela pentsatzen dute, eta batzuk printzipio unibertsalak aldarrikatzen ibiltzen dira, Erdi Aroan bezala, baina gizartean dauden desberdintasunez konturatu gabe. Ez legoke batere gaizki noizean behin atzera begiratuko balute, ez garela hainbeste aldatu ikusteko. Aldarrikatzen dituzten printzipioen inguruan erabateko adostasuna dago, baina gero horiek benetan gauzatzea oso zaila da. Inork ez baldin baditu printzipio eta esaldi eder horiek praktikara eramaten, ez gara urrutiegi joango. Zein da ikerlari historikoaren zeregina? Beste arloetako ikerketen kasuan inoiz ez da zalantzarik sortzen. Medikuntzaren arloko ikerketak, esaterako, oso garrantzitsuak direla esaten da, jende guztiaren onerako direla. Jendeak uste du gu gela batean sartuta armiarma sareei begira egoten garela. Inork ez dizkigu eskerrak ematen. Historia ez zaio unibertsitateko ikasleari bakarrik erakutsi behar, baizik eta baita ere haur eta helduei. Ikerlariok ez dugu gure lana behar bezala hedatzen; herren samar gabiltza hor, baina hedapenak ere bere garaia du ikerlariaren bizitzan: hasierako urteetan ikerketak egin behar ditu, monografiak idatzi, kongresuetan parte hartu, liburuak argitaratu, eta abar, baina heldutasuna eta zahartzaroagarai egokiak dira egindako lana zabaltzeko. Hala ere, gaur egun adinak ez dauka hainbesteko garrantzirik, aurrerapen teknologikoekin ez dagoelako informazioa eskuratzeko leku batetik bestera joaten ibili beharrik, eta, beraz, urte gehiago eman daitezke ikertzen, oztopo fisiko eta teknologikorik gabe, eta taldean. Geroan zertan jarduteko asmoa daukazu, ikertzen ala ikertutakoa zabaltzen? Ikertzen jarraitzea beharrezkoa da, baina bizitzan heldutasunera iritsita, nik uste dut jendeari Historia beste modu batera ikusten irakatsi behar zaiola, egindako lanaren berri eman, liburuak idatziz, hitzaldiak emanez, eta abar. Ez da ikerlarioi gehien gustatzen zaigun gauza, baina bizitzan gari hori da horretarako onena. Lehen ezezko borobila ematen nion hori egin behar izateari, baina orain ez zait hainbeste axola. Nafarroako Unibertsitateko ikasleek hainbat sari eman dizkizute... Gertu naukatelako maite naute hainbeste. Ikasleek beren kabuz pentsatu eta ikastea gustatzen zait, eskolen egunerokotasunetik atera eta Historiaren arrastoa beren inguruan ikustea: zineman, eleberrietan, prentsan... Erdi Aroak bizirik dirauela ikustea. Gustatzen zait ikasleengandik gertu egotea. Suspenditu egiten dutenean kezkatu egiten naiz. Historiako ikasleak axolagabe samarrak dira, gutxi irakurtzen eta ikasten dute, eta, horregatik, noizean behin astindu txiki bat eman behar zaie. Irtenaldiak egiten ditugu, Historia eraikinen bidez ikusteko. Nik herrian ikus daitekeen Historia erakusten diet, begien aurrean daukatena. Iruñaren kasuan, %90 Erdi Arokoa da. Gaserako zulo bat egin orduko, Erdi Aroarekin egiten dugu topo. Historia hedabide berrien bidez erakutsi behar da, baina horretarako irakurri eta hausnartu egin behar da, eta niri, aldiz, ikasleak ikasgelatik atera eta denbora "galtzen" ibiltzea gustatzen zait. Argitalpen aipagarrienak: 7. zkia Champañako dinastiako Nafarroako Errege erreginen Bilduma Diplomatikoa. Teobaldo II (1253 70) 85. zkia. Nafarroako Artxibo Orokorra 1234 1253 II Kontueta Kartulario errealak 98 63. zkia. Nafarroako Artxibo Orokorra 1253 1270 II Kontu eta Kartulario errealak 96 gutxira: 102. zkia. Nafarroako Artxibo Orokorra 1259 1266 Kontuen Saila, 1. zkia Argazkiak: Idoia Marcellán Euskonews & Media 106.zbk (2001 / 1 / 12 19) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Miguel Artola: "Historian, ezagutzen inguruko beste edozein diziplinatan bezala, etengabe berritu beharra dago. Eta hala egiten da"

 

Irakurri

Gabriel Imbuluzqueta: "Artisauak enpresari batek bezala pentsatu behar du. Merkataritzako planteamenduak ez du inolaz ere artisautzaren karisma biziatzen, salgai jartzen dena lanaren emaitza da-eta"

 

Irakurri

José Luis Ansorena: "Nahiago nuke hezkuntza musikal hobea jaso izan banu"

 

Irakurri

Antton Mari Aldekoa-Otalora: "Durangoko azoka Euskal Herriko azoka bihurtzea lortu dugu"

 

Irakurri

Jose Joakin Gallastegi: "Udal bateko hizkuntza politika goragotik datorren hizkuntza politikaren osagarri izan behar da"

 

Irakurri