Maite Erro. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defendatzailea: Emakumeok ez daukagu batere erreza, eta horren kontzientzia eskasa dugu

2006-09-15

SALABERRIA, Urkiri

Eguerdian geratuak gara Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan. Aurtengo Maiatzean Juan Joxe Ibarretxe Lehendakariak lehenengo “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defendatzailea” izendatu zuen, hain zuzen Maite Erro Jauregi. Baina karguaren atzean dagoen pertsonaz, pixka bat gehiago, jakin nahiko genuke. Bere bulegoan lanean, presentzia handiko emakume bat, argala eta dotorea, aurkitu dugu: begirada zuzena eta sarkorra, irriparra frankoa eta hausnartzerako bere denbora hartzen duen horietakoa da. Gure aste honetako elkarrizketan Maite Errorekin, emakumearekin, hitz egingo dugu.

Lesakakoa, bertan jaioa?

Bai, Lesakako baserri batean eta han bizi nintzen hamalau urte arte. Bost anai-arrebak ginen eta hamalau urtetik aurrera, ikasketak zirela medio, uda partez bakarrik baserriratzen ginen. Baita Gabonetan eta Aste Santuan ere. Horregatik, baserrian eta Lesakan bizi-bizi hamalau urte arte izan nintzen.

Orduan zure umetako oroimenak ez dute zerikusirik egungo haur baten bizimoduarekin?

Lehenik eta behin argi dago gure oroimenetan aldaketa asko egiten ditugula, urteak aurrera egin arabera oroimenak aldatzen ditugu, egokitzen ditugu desio eta nahietara, baina orokorrean oroimen onak ditut. Baserri batekoa naizela komentatu dizut. Aitak lan egiten zuen baserritik kanpo, Iberdueron (orain Iberdrola), eta amak baserrian, bai etxekoa eta baita ere baratza eta abereak, (tartetxo ttipi bat hartzen du). Egia esanda, nire oroimenak bi etapa ditu: hamaika urte arte eta hortik aurrekoa.

Zergatik zatiketa hori?

Gure bizitzan, baserriko bizitzan aurreko garai bat eta ondoko garai bat izan genituen. Gure anai zaharrena hil zen ikasketak bukatzear zegoela eta itxaropen eten bat bizi izan genuen. Garai haietan, anai zaharrenak egin behar zuena funtsezkoa zen, ba ikasketak bukatu ostean lanean hasi behar zuen, ondokoek ikasi ahal izateko diru iturri inportantea ziurtatzen baitzen etxean, aitaren soldata ez zelako nahikoa. Momentu horretan etorkizuna erabat ilundu egin zitzaigun, beltza nagusitu zen...

Beltza?

Gure anaia hil zenean, amak jaso zuen kolpea bi alderditik izan zen. Alde batetik, seme baten galera eta bestetik gainontzeko seme-alaben etorkizuna eta ametsak desagertu. Gure anaia Iruñan hil zen, motor istripuz, eta momentu horretan ez genuen bere gorpua Lesakara ekartzeko aukerarik izan. Amak ez zuen luto kendu bere semea etxeratu eta bere atseden lekua eman arte, hau da hamar urte beranduago.

Hala ere, txikitako oroimen onak dituzula komentatu duzu...

Baserrian genuen bizimodua librea eta sortzailea zen. Jostailu gehiegi ez genuen, eta horregatik sortu egin behar izaten genituen, adibidez panpinak patatekin egin, panpinentzako soinekoak, arto pagotxak erabiltzen genituen ilea egiteko... Baita ahizpak eta biok gure beste jokoak ere bagenituen, zulo txiki ugari lurrean egin eta loreak jartzen genituen gero kristal batekin babesten genituelarik; oso marrazki politak egiten genituen; edo elurra egiten zuenean indioen kanpamenduak egiten genituen, lerarekin irristan elur gainean ibili… Aitarekin ikasi genuen igerian eta arrantzan, hainbat zuhaitz eta landareak ezberdintzen, inguruko mendien izenak... Gauza ugari ezberdin eta naturarekin oso lotuta.

Baserri batean, emakumeen arteko harremanak nolakoak ziren?

Oso bereziak, "emakumeen konfidentziak" zirela esango nizuke. Ama eta bi ahizpak ginen, eta amak bilatzen zituen une bereziak. Adibidez, gure amak arropa guztia josten zigun eta josten jartzen zenean, bere “Singer” pedaldunarekin (josteko makina), gu bere ondoan esertzen ginen, batek sobreilatu eta besteak beste zerbait egiten... eta orduan kontatzen zigun ba hilekoa noiz etorriko zitzaigun, zer zen, eta hau eta bestea...; lotsa pittin batekin jasotzen genuen informazio hori, halako zama batekin. Baina beste aldetik beti esaten zigun, eta errepikatzen zigun: "bihotz eta maitasun arloan ez naiz sartuko baina "zuek, inoiz ere, ez duzue gizon baten menpekotasun ekonomikoan erori behar, hori da emakume batentzat okerrena" (parrez). Imajinatu hori, sobreilatuak, hileko eta halako gaien artean! Agian, momentuan ez nintzen konturatzen zertaz ari zen, baina gero, nire bizitzan oso presentea izan dut eta dauzkat amak esandakoak.

Zergatik aukeratu zenuen Psikologia?

Jendea, gertaerak eta abar aztertzea oso gustukoa dudalako: hau zergatik? eta hori nola? eta bestea nondik dator?… kuriositatea eta harridura. Gaur egun ere harritzeko gaitasuna mantentzen dut. Eta, Psikologia zergatik? Alde batetik pertsonak ezagutzeko irrika, kuriositatea eta bestetik nire burua, ere bai, aztertzeko gogoa. Betidanik sentitu dut desadostasun bat dagoela natura eta jendearen artean, hau da, zuk lore bat, landare bat, zuhaitz bat ikusten duzunean, koloreak, irudiak... dira direnak, baina maiz pertsona ez da azaltzen den modura; gauza bat esan eta beste bat egin, desoreka handia sortzen da jarrera eta portaera hau dela medio.

Ikasketak (Lizentziatura eta Doktoradutza) aipatzen ari garela, salto bat egiten dugu denboran: helduen munduan sartzen gara. Seme alabarik izan dituzu?

Bai. Bi alaba ditut, adin diferentzia handiarekin. Bat irakaslea, Unibertsitatean eskolak ematen ditu, eta bestea aurten sartzekoa da Unibertsitatean Biologia ikasketak hasteko.

Eta kontziliazio familiarraren prezioa zein izan da?

Prezioarena... (arnasa hartuta). Lehenik eta hasteko, karrera egin behar duzu, gero Tesi Doktorala, eskolak prestatu eta eman, gero oposaketak Irakasle Titularra izateko (nire jabetzan dut postu hori), gero, nahi izango bazenu, Katedradun postua ateratzeko beste hainbeste ordu, urte eta ahaleginak. Bigarrenik, norberaren bizitza pertsonala dago. Egon naiz, urteak eta urteak, goizeko lauretan jaikiz: zazpiak arte Tesiarekin, zazpietan gosaldu, dutxa hartu, eta lanera joan; eta horri gehitu etxea, bikotea, umeak eta errudun sentimendu handia; norberaren bizi profesionala atera nahi duzulako eta batzuetan ondokoak, agian, pixka bat baztertuak sentitzen direlako. Zentzu horretan gizonek, jasotzen duten heziketarengatik, abantaila dute.

Irakasle garaian, Psikologian fakultatean egiten zenuen lana, nolakoa zen?

Ba, irakaskuntza eta ikerkuntza gustukoak ditut. Nire plaza elebiduna delako, euskaraz eta erdarazko eskolak eman behar izan ditut; ondorioz ele bakarreko irakasleek baino ikasgai gehiago eman behar izan ditut; euskarazko klaseek lan gehiago eskatzen dute itzulpen lana egin behar delako. Zorionez, gaur egun egoera hau aldatzen ari da.

Orduan, Euskara jakiteak zigortzen zintuen?

Horrela ikusita bai. Zuk ematen baduzu ikasgai bat frantsesez edo ingelesez abantailak dituzu, errekonozitua dago, baina euskaraz ematen baduzu... ez.

Zure ibilbidea jarraituz, UPV- EHUko Ikasle Errektoreorde gisa aritu zara, zertan datza lan hori?

Unibertsitatean dauden ikasleentzako zerbitzuak kudeatzea da ardura nagusia. Pertsonalaren kontratazioa bideratzea, programak egokitzea, zerbitzu berriak sortu, hedatu …. gestioa, antolakuntza eta eguneroko ikasleen arazoei irtenbideak ematea, eta abar.

Nola ikusten dituzu egungo Unibertsitateko Ikasleak?

Nire ustez exijenteak dira, baina jendartea ere gero eta exijenteagoa da eta gazteak hori jasotzen dute. Zer esanik ez ikasle-neskak! asko eskatzen diete beraien buruei etorkizunari begira daudelako; eta ikasketak garrantzizkoak dira etorkizunean autonomia eta askatasuna lortzeko. Gero, behar bada, iruditzen zait, aldarrikapen bat egin beharko bazuten, kalera aterako ziren, elkartasuna, batasuna eta deialdirako indarra dutelako.

Esaten duzunarengatik ezberdintasunak nabarmentzen dira neska eta mutilen artean?

Bai, hasteko eta orokorrean hitz eginez, emakumeek espediente akademikoak oso onak lortzen dituzte, eta portzentaia Unibertsitate ikasketetan altuagoa da (emakumeak %56a- gizonak %44a); baina kezkagarriena egiten zaidana ikasketen banaketa da, adibidez Irakasle eskolan, Erizaintzan, Psikologian, Medikuntzan, Pedagogian... oro har, jendartearen "zaintza”rekin zer ikusia duten ikasketek emakumeez beteta dago. Beste aldetik, karrera teknikoetan, nahiz eta emakume gehiago izan, gizonak dira nagusi. Nola aldatu hori? Kontua ez da bakarrik emakume gehiago karrera teknikoetan matrikulatzea, baizik eta gizon gehiago beste ikasketetan matrikulatzea. Ikasketa estereotipatuak aldatzeko premia dago eta horretan lana egin behar da.

Gure gizartean, emakumearen egoera nola ikusten duzu?

Hobetzeko badugu oraindik: soldatak txikiagoak, kontratuak kaxkarragoak, langabezi tasa handiagoa, botere eta erabakitze guneetan emakume gutxi, kontraturik gabeko emakumeak %90a, eta abar; diskriminazio horizontala eta bertikala jasaten dugu: lan estereotipatuak eta zailtasun handia kristalezko sapaia gainditzeko; baita etxeko ardurak, umeak eta zaharren zainketa; zama handiena emakumeentzat da. Biolentzia, gero eta gordinagoa, erasotzaileak gero eta gazteagoak, jazarpen sexista lanpostuetan... Ez daukagu batere erreza, eta horren kontzientzia eskasa dugu.

Eusko Jaurlaritzak sortu duen erakunde berrian, Ibarretxe Lehendakariak izendatu zaituen "Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defendatzaile"aren eginkizunak zein dira?

Beno, erakunde berri bat da, eta beroren helburu nagusia hauxe da: arlo pribatuan (enpresak, elkarteak eta abar) sexuaren ondorioz ematen diren diskriminazioaz arduratuko da. Pribatua publiko bilakatzea izango da, muga hori apurtzea, eta hau aurrerapauso handia izango da, gehien bat emakumeentzako.

"Nik nire neskalagun, bikote edo emaztearekin egiten dut nahi dudana nirea delako" bukatu da eta hori bukatzeko pausoak eman diren bezala, banakoaren arazo pribatua (emakumearena) zena, jendartearena bihurtzeko ere pausoak ematen ari dira.

Bukatzeko, galdera labur batzuk.

Bete ez duzun nahi bat.

Munduari txalupa batean buelta eman

Bizitzan egin duzun oparirik zoragarriena.

Nire bi alabei bizitza eman.

Eta jaso duzuna?

Maitatua eta babestua sentitzen naizen aldiro.

Miresten duzun pertsonai bat.

Sigmund Freud.

Nola konkistatzen zaituzte?

Egiarekin eta ondoan zaudela adieraziz.

Gure gizartearen erronka, zure ustez, izan beharko zen...

Emakumeentzako justizia soziala.

Zerk jaikiarazten zaitu egunero? Bizitzeko gogoak. Maite Erro Jauregi (Lesaka, 1948) Psikologian doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Gizarte Psikologia (Gizarte eta Komunitate Eskuartzea) da bere espezialitatea. Orain arte, EHUko Psikologia Saileko irakasle titularra izan da, eta EHUko egungo Erretoretza Taldeko Ikasleen Errektoreordea. Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Masterraren zuzendarikidea izan da sortu zutenetik, 2001etik, EHUko Psikologia eta Zuzenbide fakultateetan. Esperientzia handia du baliabideak eta aurrekontuak kudeatzen, eta lotura handia izan du emakumezkoentzako ekintza positiboak ebaluatzeko eta abiarazteko zereginekin. Azken hamabi urteotan, ikerkuntza eta ebaluazio azterketak, gehienak emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorrekoak, zuzendu ditu enpresa eta herri administrazioentzat. Ildo horretan aipatzekoak dira, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeentzako Ekintza Positiboko bigarren eta hirugarren Planaren Ebaluazio Orokorra; Etxeko tratu txarrak eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeei laguntza hobea emateko Erakunde arteko Hitzarmena hedatzeko eta gauzatzeko neurriak zenbateraino bete diren jakiteko ebaluazioa; eta Genero indarkeriaren alorrean lanean dabiltzan EAEko Emakume Elkarteei buruzko Azterketa. Berdintasunari buruzko hainbat doktorego tesi ari da zuzentzen, eta argitalpen akademiko ugari kaleratu ditu.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Rafael Hueso Vicent. Pirinioetako Lan Elkarteko idazkari nagusia: Arazoak konponduz EB barruko mugak egiazki gainditzea, hori da PLEren helburua

 

Irakurri

Ángel José Gómez Montoro. Nafarroako Unibertsitateko errektorea: Nafarroako Unibertsitatea oso harro dago bere jatorria Erresuma Zaharrean izateaz, baina zabalpena ere bilatzen du

 

Irakurri

Ibon Martín Álvarez. Txangozalea eta aisia zein bidaietan espezializatutako kazetaria: Gure lurraldeko ingururik egiazkoena Ipar Euskal Herria da. Bertan bai nabari dela, eta oso modu berezian gainera, Euskadin gaudela

 

Irakurri

Enrique Echeburúa Odriozola. EHUko Psikologia Fakultateko Psikologia klinikoan katedraduna: Maitasunak giroa goxotu eta indar positiboak sortzen ditu. Kontsumismo ergelean erori beharrean, gauza txikien aurrean hunkitzen erakusten digu. Bizipozaren iturri da

 

Irakurri

Joxean Muñoz. CICC-Tabacaleraren zuzendaria: Tabacaleraren gidoia idazten ari gara

 

Irakurri