Marrack Goulding: "Gaur egungo mundu globalizatuan, badira estatu bakar batek bere kabuz arituz konpondu ezingo dituen zenbait arazo, estatu hori munduko indartsuena izanda ere; eta horretaz konbentzitu behar ditugu Amerikarrak"

2004-03-12

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Sir Marrack Goulding

Oxford Unibertsitateko St Antony´s College-ko zuzendaria "Gaur egungo mundu globalizatuan, badira estatu bakar batek bere kabuz arituz konpondu ezingo dituen zenbait arazo, estatu hori munduko indartsuena izanda ere; eta horretaz konbentzitu behar ditugu Amerikarrak" Josemari Velez de Mendizabal

English Oxford Unibertsitateko St Antony?s College-ko Sir Marrack Goulding goi aditua da nazioarteko arazoetan. Egun eraikitzen ari den europar espazioak munduko harreman sareen entramatuan zein nolako betekizun eduki dezakeen apur bat gehiago jakiteko Gouldingengana jo dugu. Berak dioenez, europar konstituziorako oinarriak integraziorako nahia hartu beharko luke kontuan, baina, zoritxarrez, ez dirudi estatuen artean integratzeko gogo denik. Gatazka armatuei dagokienez, berriz, Afrika eta Ekialde Hurbilaz gain Balkanetako esparru geografikoaz azaltzen zaigu kezkatuta Sir Marrack, nazioarteko komunitateak ez baitio, bere ustez, irtenbide adostuari behar bezalako arretarik jarri. Zure ustez, munduko potentzien orekarako, zer-nolako eragina izan dezake Europako Konstituzio berriak eskaintzen duen plataformak? Europako Konstituzio bat lortzeko ahaleginak izan dezakeen arrakastak edo porrotak ez du eragin esanguratsurik izango munduko botere orekan. Izan ere, Estatu Batuak superpotentzia bakar gisa agertzen zaizkigu gaur egun, eta horrek erabat ordeztu du botere orekaren kontzeptua. Amerikak bere balioak eta helburuak partekatzen dituen Europa nahi du, Amerikako aitzindaritza onartzen duena eta Amerikaren indar militarra sendotzen laguntzeko prest dagoena, Amerikaren aliatu eraginkorra izateko. Errusiarren ikuspuntua ez dago hain ondo zehaztua, eta defentsa ikuspegia da batik bat. Europa integratua dela eta, errusiarrek ez dute munduan beren interesak sustatzeko duten ahalmena murrizterik nahi, eta hori da beren kezka nagusia. Txinari dagokionez, Europako proiektua berdin zaiela esan genezake.

Europako Konstituzioak Europako Batasuneko kide diren estatu guztien nahia izan behar du oinarri, Europa integratuaren alde urrats berri eta garrantzitsua eman ahal izateko. Gaur egun ez dago horrelakorik. Zoritxarrez, prozesu hori abiarazteko aukeratu den unea ez da egokiena, egun Batasunaren zabalkundeak eraginiko arazoei aurre egiten saiatzen ari baitira. Zer egin behar du Europak superpotentzia bakarrarekin batera existitzeko? Lehen aipatu dugun moduan, amerikarrek Europarengandik espero dutena betetzen badu existi daiteke Europa Estatu Batuekin batera. Europako zenbait agintari prest daude hori egiteko. Baina beste batzuk ez. Horrelako harreman batean, Estatu Batuek bakarrik ezarriko lituzkete politikak, eta, gaur egun, Estatu Batuen politika indar militarraren erabileran oinarritzen da batik bat, alde anitzeko lankidetza mesprezatzean; beraz, agintari horiek ez daude prest horrelakorik onartzeko. Baterako existentzia hori lortzeko, ezinbestekoa da Europak eta Amerikak elkarren arteko ardurak hobeto ulertzea, bai eta bakoitzak bere politikak eta erretorika egokitzea ere. Eta ez dirudi hori gertatzea oso posible denik Washingtoneko egungo administrazioak irauten duen bitartean. Elkarren antzeko ditugun balioak sustatzeko, zer-nolako elkarlana egin daiteke AEBekin? Lehenik eta behin, balioak errespetatu behar dira. Giza eskubideak sustatzea gure balio komun nagusietakoa dela esaten badugu, den-denok errespetatu behar ditugu giza eskubideak. Eta gaur egun argi dago ez dela hori gertatzen, horrela adierazten baitute Guantanamon gertatzen ari denak eta Amerikan nahiz mundu osoko beste leku batzuetan sorturiko politikek, “terrorismoaren aurkako” gerra delako hori dela eta. Bigarrenik, sariak eta zigorrak adostu behar dira; hau da, sariak, gure balioekin bat etorri eta sustatzen dituztenentzat, eta zigorrak, jokabide horren aurka egiten dutenentzat. Europarrak eta amerikarrak balioei buruz eta horiek praktikan jartzeko moduari buruz liskarretan bagabiltza, bai balioek, bai geuk, sinesgarritasuna galduko dugu. Europarrok alderdi anitzeko ikuspegiaren alde egiten dugu; nola konbentzi ditzakegu AEBak ikuspegi hori onesteko? Gaur egungo mundu globalizatuan, badira estatu bakar batek bere kabuz arituz konpondu ezingo dituen zenbait arazo, estatu hori munduko indartsuena izanda ere; eta horretaz konbentzitu behar ditugu Amerikarrak. Bush presidentearen administrazioak Iraken ez du inondik inora lortu “zirrara eta izua” operazioaren bidez lortzea espero zuena. Orain, amerikarrek erresistentzia armatuari egin behar diote aurre; izan ere, onartu gabeko kanpoko botere gerrazale batek lurralde bat legez kanpo hartzean, normalean horrelako erreakzioa jasotzen du. Hain zuzen, antzekoa gertatzen zaio Israeli Palestinako lurralde okupatuetan. Amerikarrek eta horien aliatuek alderdi anitzeko ildo bati jarraitzea erabaki izan balute, eta Segurtasun Kontseiluko baimena lortu, Kontseiluak onarturiko helburuak lortzeko indarra erabiltzeko –George W. Bushen aitak 1990-91n egin zuen bezala–, ez lukete beren burua egun duten saltsan nahastuta ikusiko.

Amerikar gehienek Nazio Batuak erakunde baliagarritzat jotzen dute gaur egungo mundu goibel honetan, eta hori alaitzekoa da. Dena den, erakunde hori baliagarritzat hartzeko arrazoia ez da beren herrialdearen segurtasuna bermatzeko erakundea dela uste izatea (horretarako badute armada indartsu bat); Nazio Batuen Erakundea alderdi anitzeko forotzat ulertzen dute: estatuek lankidetzan aritzeko erabil dezaketen foroa, alegia, jendearen osasuna eta oparotasuna arriskuan jar ditzaketen kanpoko mehatxuei aurre egiteko (esaterako, nazioarteko krimena, drogak, gaixotasun infekziosoak, ingurumenaren aurkako neurrigabekeriak eta kontrolik gabeko migrazioa). Estatu Batuak ere ahulak izan daitezke horrelako mehatxuen aurrean. Horrelako arazoei aurre egiteko alderdi anitzeko ahaleginetan parte hartzea lagungarria izan daiteke, alderdi anitzeko elkarkidetzaren bidez lor daitekeenari buruz amerikarren eta europarren ikuspuntuak hurbiltzeko. Litekeena da Txina superpotentzia bihurtzea; zer-nolako eragina izango luke horrek AEBen eta Europaren arteko harremanetan? Zaila da horri erantzutea, aldagarri asko daudelako. Batetik, litekeena da –nik horrelakorik gertatuko denik uste ez dudan arren– Txina potentzia militar nagusietakoa bihurtzea eta Asiako ekialdean eta eki-mendebaldean nagusitasuna lortu nahi izatea, Japoniak 1930eko hamarkadan egin zuen moduan. Hori gertatuko balitz, Europak eta Amerikak bat egin lezakete Txinaren nagusitasuna murrizteko eta beren interes komunak babesteko. Bestetik, Txinak merkatu ekonomiako estatu industrializatu gisa joka dezake, eta antzeko estatuekin lerrokatzea erabaki. Kasu horretan ere, Europak eta Amerikak interes komunak izango lituzkete, Txinarekin ezarritako harremanak adiskidetsuak eta denen onerakoak direla ziurtatzeko. Ozeano Barea Atlantikoa baino “putzu” garrantzitsuagoa bihurtuko al da amerikarrentzat? Agian dagoeneko bada; hain zuzen ere, hemendik hamarkada pare batera Txina zer-nolako herrialdea izango den ez jakiteak sortzen dizkigun zalantzak direla eta. Gerra Hotzaren garaian, europarrok Atlantikoa putzu garrantzitsuena zela uste genuen, NATOgatik, eta sobietarrek gu erasotzeko arriskua zegoela uste genuelako. Baina garai hartan Estatu Batuek bi putzuetan ikusten zituzten mehatxuak. Lehen aipatu dugun moduan, Txinaren eta Estatu Batuen arteko harremanen bilakaerak erabakiko du, batez ere, etorkizunean Ozeano Bareak Estatu Batuentzat izango duen garrantzia. Nola egoki daiteke Errusia, sortzen ari den botere oreka (ala desoreka?) berrian? Galdera horren erantzuna ere Txinaren bilakaeraren baitan dago; hau da, Txinak aukeratutako eginkizunak eragin handia izango du horretan. Batetik, Txinak Eurasiako lurraldeetan nagusitasuna ezartzeko ahaleginak egiten baditu, lurralde gatazkak berpiztu daitezke, bai eta Moskuren gaitasuna ahuldu ere, bere ekialdeko lurraldeak eraginkortasunez kontrolatzeko. Hori gertatuz gero, Errusiak Europarekiko eta Amerikarekiko harremanak sendotzeko aukera eta arrazoiak izango lituzke, Txinaren anbizioei aurre egiteko. Bestetik, merkatu ekonomiadun Txina industrializatu batek, Europarekin eta Amerikarekin harreman adiskidetsuak izango balitu, hori Errusiarentzat pizgarria izango litzateke, herrialde horiekin bat egiteko. Litekeena da, bestalde, Mosku garatze bidean dauden herrialdeen defendatzaile bihurtzea berriro (herrialde horiek herrialde garatuekiko dituzten harremanetan). Aukera hori ez da erakargarriegia, baina, dena den, ez dut uste horrelakorik gertatuko denik. Gaur egungo mundua baketsuagoa al da? Ala, aitzitik, lurralde desorekek etengabeko gatazka armatuak eragiten dituzte? Ez dirudi oso posible denik potentzia nagusien artean lurralde desorekengatik gerraren bat piztea. Potentzia bi edo gehiagoren artean nolabaiteko gatazka sortuko balitz, arrisku nuklearrak zuzeneko gatazka armatua eragotziko luke, seguruenik. Hala ere, litekeena da Gerra Hotzaren garaian gertatutako gatazken modukoak berriro izatea; hau da, potentzia nagusi batek Hirugarren Munduko aliatuak diruz eta armaz hornitzea, bere interesak beste potentzia nagusien aliatuen aurka defendatzeko. Baina eskala handiko gatazka armatuak izateko arriskua dago munduko zenbait herrialdetan, Afrikan batez ere, baina baita Ekialde Ertainean eta Balkanetan ere. Hain zuzen, leku horietan ez dago gizarte irekirik, gobernuak ahulak eta ustelak dira, eta biztanleria banaturik dago arrazoi etniko edo erlijiosoengatik. Hori benetako mehatxua izango da, harik eta nazioarteko komunitateak –aitzindari nagusien gidaritzapean– gatazka horien arrazoiak hobeto ulertzen ez dituzten arte, horiek aurreikusi, kudeatu eta konpondu ahal izateko. Sir Marrack Goulding

Sir Marrack Goulding KCMG, MA Oxford Unibertsitateko St Antony-ko zuzendari izendatu zuten 1996an, eta 1997ko urrian hartu zuen kargua.

Marrack Goulding 1936ko irailaren 2an jaio zen, Plymouthen (Ingalaterra). Londresko St. Paul’s School-en eta Oxford Unibertsitateko Magdalen College-n egin zituen ikasketak. Azken horretan, Literae Humaniores-en lizentziatu zen (Filologia Klasikoa –Greziera eta Latina–, Antzinatearen Historia, Filosofia Grekoa eta Modernoa).

Diplomazia Zerbitzu Britainiarrean sartu zen 1959an, eta, Libanon arabiera ikasi ondoren, Kuwaiteko Enbaxada Britainiarrean aritu zen funtzionario lanetan, 1961etik 1964ra, lehenik Politika Sailean eta geroago Informazio Sailean. 1964tik 1968ra Londresen aritu zen, Kanpo Arazoetarako Ministerioan, Arabiako Sailean (1964-1966) eta Plangintza Sailean (1966-1968). Ondoren, Tripolira (Libia) bidali zuten, 1968tik 1970era, bertako Britainiar Enbaxadako Kantzelaritzako zuzendari. Kargu berean aritu zen Kairoko Britainiar Enbaxadan, 1970etik 1972ra.

1972tik 1974ra Kanpo eta Commonwealth-eko Arazoetarako ministroaren idazkari pribatua izan zen, Londresen. 1975etik 1977ra Ministroen Kontseiluko bulegoaren Central Policy Review Staff-en (Londres) aritu zen. Batez ere, atzerriko ordezkaritzaz, nazioarteko energia arazoez eta etxebizitza politikez arduratu zen.

Lisboako Britainiar Enbaxadako aholkularia izan zen, 1977tik 1979ra. Ondoren, 1979tik 1983ra, New Yorkera bidali zuten, Nazio Batuetan aritzeko, Erresuma Batuko Misioko aholkulari eta Kantzelaritzako zuzendari. 1983tik 1985eko erdialdera arte, Britainiar enbaxadore aritu zen Angolan eta Sao Tome eta Principen, eta hori izan zen Diplomazia Zerbitzu Britainiarrean izan zuen azken kargua.

Oxford Unibertsitateko St. Antony's College-n urte sabatikoa igaro eta gero, Nazio Batuetako idazkari nagusiak, Javier Pérez de Cuellarrek, Politika Arazo Berezietarako idazkariorde nagusi izendatu zuen, kargu horretan 1986ko urtarrilaren 1etik aurrera jarduteko. 1992ko otsailean, Boutros-Ghali idazkari nagusi zela, Idazkaritza berregituratu egin zuten, eta kargu horri Bakea mantentzeko Operazioetarako Idazkariorde Nagusi deitu zioten. Bi karguetan, Idazkaritza Nagusiaren menpe, Nazio Batuek bakea mantentzeko egiten zituzten operazioen arduraduna zen Marrack Goulding. 1992ko abenduaren 31rako, ekintza horien baitan, 55.000 pertsona (militarrak, poliziak eta zibilak) mobilizatu zituzten, hamahiru operaziotan, eta 2.700 milioi dolarreko urteko aurrekontua zuten. Idazkari nagusiaren izenean ere zenbait misio berezi egin zituen, batez ere Ekialde Ertainean, Jugoslavia ohian, eta Erdialdeko Amerikan.

1993an Arazo Politikoetarako idazkariorde nagusi izendatu zuten, eta martxoaren 1ean hartu zuen kargua. Kargu horren baitan, Erakundeak munduan zehar egiten zituen diplomazia prebentiboko eta bakearen aldeko ekintzez arduratzen zen.

1966ko azaroan Oxford Unibertsitateko St. Antony's College-ko zuzendari izendatu zuten, eta 1997ko urriaren 1ean hasi zen kargu hori betetzen. Nazio Batuen zerbitzuak 1997ko uztailean utzi zituen.

Zenbait urtetan, honako erakunde hauetako batzordeetan aritu da: Stockholm International Peace Research Institute (SIPRI), International Peace Academy (New York) eta Cedar Crest College (Allentown, Pennsylvania), eta, azken horren aurretik, Nazio Batuetako Nazioarteko Eskolan (New York). Southampton-eko Unibertsitateak Ohorezko Doktoretza (Giza Zientziak) eman zion 1997an. Urte horretan bertan Knight Commander of the Order of St. Michael and St. George (KCMG) izendatu zuten. Robin Cook-ek (Kanpo eta Commonwealth-eko Arazoetarako idazkariak), Kanpo Politikako Zentro berria sortu zuen 1998an, eta erakunde horren Aholkularitza Batzorderako ere izendatu zuten Marrack Goulding. Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 246 > Elkarrizketa -->

2004/03/12-18
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Mariví Bilbao-Goyoaga: "Nire asmoa, helburuak finkatzea baino gehiago, egiten dudanarekin gozatzea da"

 

Irakurri

Juan Colmenero: "Mende honetan, kulturadunak izateko, zientziaz eta teknologiaz jakin beharko dugu"

 

Irakurri

Mikel Etxebarria: "Hizkuntza gutxituak zein erregionalak babestu behar dira Europako ondare direlako"

 

Irakurri

Eva Forest: "Gizarte demokratiko eta aurreratuen gaitz nagusiak pasibotasuna eta erreakzionatzeko ezgaitasuna dira"

 

Irakurri

Juanito Oiarzabal: "Oso neurekoia naiz zortzimilakoak igotzeko orduan"

 

Irakurri