Santiago Arcediano: "'Pajarita' taldeak, frankismoaren garaian, inguruan zeuzkan erresistentzien aurka borrokatu behar izan zuen"

2004-04-02

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Santiago Arcediano

Euskal arte garaikideari buruzko historialaria "'Pajarita' taldeak, frankismoaren garaian, inguruan zeuzkan erresistentzien aurka borrokatu behar izan zuen" Ismael Diaz de Mendibil

Itzulpena: Koro Garmendia

Versión original Koka gaitezen une batez 50eko hamarkadako Gasteizen. Gehienez jota 50.000 biztanle zeuzkan aldi hartan, eta antza gutxi hiriak gaur egun daukan itxurarekin. Frankismoaren urte ilun haietan, Arabako pintore batzuek beren indarrak batu eta tokiko pintura eguneratu zein indartzea erabaki zuten. "Pajarita" izena ipini zioten taldeari. Erregimen frankistak bere arauak gogor inposatzen bazituen ere, pintore hauek modernitaterantz zuzendu zituzten beren pausoak, eta berritu egin zuten panorama, baina modu barean, iraultza zein asaldurarik gabe. Santiago Arcediano historialariak azaldu dizkigu talde honen bilakaeraren nondik norakoak. Zer izan zen zehazki "Pajarita" taldea? "Pajarita" taldea Arabako pintore batzuek osatutako talde bat izan zen. Taldea osatzen zuten kide guztiak 20ko hamarkadaren inguruan jaio ziren, eta Gasteizen bertan ezagutu zuten elkar, aldi hartan 50.000 biztanle baino gutxiago baitzeuzkan. Hirian antolatzen ziren lehiaketetan eta giro artistikoetan topo egin, eta elkarrekin pintatzen hasi ziren. Handik gutxira, Arabatik kanpo antolatzen ziren erakusketa batzuetan parte hartzeko aukeratu zituzten (1954an, Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, eta 1953 eta 1955ean, La Habanako eta Bartzelonako Arte Hispanoamerikarreko Erakusketetan). Madrilgo Eskolak eragin handia izan zuen berengan. Eskola hau 40ko hamarkadan hasi zen indartzen, eta bere adierazle nagusia Benjamín Palencia pintorea izan zen. Hona beranduxeago iritsi zen Madrilgo Eskolaren eragina, 50eko hamarkadan. Hitz bitan esateko, "Pajarita" taldea bere garaiaren adierazle eta ispilu izan zen. Noiz eratu ziren talde gisa? Elkar ezagutu zutenetik hamar urtera; zehazki, 1956ko urriaren 2an, hain zuzen ere talde gisa beren lehen erakusketa egin zuten egunean, Madrilgo Macarrón galerian. Pintore hauek, gehienetan, Gasteizko kaleetan, alde zaharrean, Arabako lautadan eta abar aritzen ziren pintatzen, eta guztien indarrak batu eta talde bat osatzea erabaki zuten. Eta "Pajarita" izena ipini zioten. Nolatan aukeratu zuten hain izen bitxia? Argi dago "pajarita" hitzak txori bat adierazten duela, baina figurazioaren eta abstrakzioaren tartean gelditzen da. Ez da xehetasun guztiekin pintatutako txori bat, baina, abstrakziotik gertu egon arren, ez da irudi abstraktu bat ere. Talde hau, eboluzionatzen joan ahala, pintura desitxuratua egitera iritsi bazen ere, ez zion paisaiak margotzeari utzi. Ez zion korronte jakin bati jarraitzen; ideologia orotatik aske zegoen. Ez dugu ahaztu behar Estatu espainiarrean gerra osteko autarkia 1948an amaitu zela, eta razionamendu kartilak 1953an, eta, beraz, kontsigna bakarreko urte haietan, pintura ihes egiteko modu bat zen. Ez zuten pintura konprometiturik egiten. Gainera, ez dugu ahaztu behar "Pajarita" terminoaren azpian kontzeptu eklektiko bat dagoela. Behin baino gehiagotan adierazi duzu "Pajarita" taldea eklektizismoaren adierazle izan zela, baina zer da zehazki eklektikotasuna? 40ko hamarkadako pintura espainiarra aipatzerakoan askotan erabiltzen den termino bat da. Aldi hartan figurazio akademizistaren eta abstrakzioaren arteko nahasketa zen nagusi. Parentesi bat zabaldu zen gerra osteko figurazioaren eta 50 zein 60ko hamarkadetako abstrakzioaren artean, eta tarte horri eklektikotasunaren aroa deitzen zaio -José María Moreno Galván historialariari esker errotu da termino hori-. Kontua da "Pajarita" taldea eklektizismoaren adierazleetako bat izan zela. Donostian edo Bilbo bezalako hirietan ba al zegoen gisa horretako beste talderik? Gerraostean, Euskal Herriko pintoreek elkartzeko joera izan zuten, oso handia gainera. Inguruan zeuzkaten erresistentzia mota ezberdinen aurka borrokatu behar zirenez (erresistentzia ideologikoak, sozialak, ekonomikoak, etab.), euren indarrak batzearren taldeak sortzen hasi ziren. Gasteizen "Pajarita" taldea zegoen bezala, Bilbon "El Suizo" delakoa eratu zen. Baina bazeuden gehiago ere; hala nola Artista Vitoriano Kasinoko pintoreen taldea Gasteizen, eta Euskal Akuarelisten Elkartea -oraindik ere existitzen dena- eta Bizkaiko Artisten Elkartea Bilbon. Bilboko taldeek garrantzi handiagoa zeukaten, gustatu edo ez, han zegoelako euskal pinturaren benetako muina. Ulertzekoa da, azken batean Bilbon uztartzen zirelako ekonomia eta kultura. Non sortzen dira joera intelektual, literario eta artistikoak? Indar eta bultzada ekonomikoa dagoen lekuetan. Gipuzkoari dagokionez, Artista Gipuzkoarren Elkartea eta San Telmo Museoaren inguruko San Ignacio Zirkulua zeuden, besteak beste. Estatu mailan, "Pajarita" taldea beste talde bat gehiago besterik ez zen. Bere ekarpena Arabara mugatzen zen. Nortzuk osatzen zuten taldea? Gerardo Armesto Hernandok, Ángel Moraza Ruizek, Florentino Fernández de Retanak, Enrique Pichotek, Enrique Suárez Albak eta José Miguel Jimeno Mateok. Florentino Fernández de Retana beranduago sartu zen, 1957an, Gerardo Armesto hil zenean -oso gazterik hil zen, 38 urterekin-. Gero taldea banatu egin zen, baina ez Armestoren heriotzagatik bakarrik, baizik eta Morazak kanpora joan behar izan zuelako lanera, eta Pichot lau urterako Logroñora joan zelako. Taldeko artista profesionalak Enrique Pichot eta Enrique Suárez Alba izan ziren; gainerakoek beste lanbide batzuk zeuzkaten: Jimeno, adibidez, Mercedes-Benzeko delineatzailea zen, Armesto optikaria, Florentino Fernández de Retana pintore industriala, etab. Zein jatorri zeukaten aldi hartako artistek? Erdi-goi mailako klaseetako jendea izaten zen? Ez. Bai XIX. mendearen amaieran, garai hartan maila ekonomiko eta kultural jakin bat behar izaten zirelako, eta diruduna izan beharra zegoelako pinturan trebatzeko, bidaiatzeko eta bolada ekonomiko larrietan bizirauteko. Oso zaila zen pinturatik bizitzea. Baina, denborarekin, gauzak aldatzen joan ziren. "Pajarita" taldea osatzen zuten pintoreak klase ertainekoak ziren, "jende arrunta", nolabait esatearren. Agian, horixe bera da gerra osteko lehen urteetako euskal pinturaren meritua. Pintore horiek inguruan zeuzkaten erresistentzien aurka borrokatu behar izan ziren, sorkuntza artistikorako batere mesedegarriak ez ziren baldintzetan. Eta, gainera, ez ziren klase aberatsetakoak, ez zeukaten indar ekonomiko handirik. Meritu handia zeukaten. "Pajarita" taldeak 1964ra arte ez zuen beren sorterrian, Gasteizen alegia, erakusketarik egin. Nolatan hain berandu? Erakusketa hori beren bigarren aroan antolatu zuten, kontuan izan behar dugulako 1957tik 1964ra bitartean taldea deseginda egon zela. Lehen esan dudan bezala, "Pajarita" taldea 1956ko urrian sortu zen, Madrilen erakusketa bat egiterakoan, eta bere bigarren erakusketa 1957ko martxoan egin zuen, Iruñean. Handik hilabete gutxi batzuetara, abuztuan, taldea desegin egin zen, hain zuzen ere Gerardo Armesto hildakoan. Baina ia zazpi urte geroago, 1963an, Gasteizko prentsak taldea berpizteko saiakerak egin zituen, eta lortu egin zuen, handik urte betera taldea berriro osatu eta, Logroñon erakusketa bat eginez, bere bigarren aroa zabaldu zuelako. Erakusketa horretan sei pintoreen lanak aurkeztu zituzten, Gerardo Armestorenak ere ipini zituztelako, hildako lagunari omenaldi modura. Eta handik gutxira egin zuten Gasteizko lehen erakusketa. "Pajarita" taldeak egindako zortzi erakusketen artean zeinek izan zuen oihartzun handiena? 1956an Madrilen, Macarrón aretoan, egindakoak. Erakusketa horrek sekulako oihartzuna izan zuen garai hartako prentsan, bai Madrilgoan, bai Gasteizkoan. Madrilgo aldizkari guztiek egin zioten aipamenen bat "Pajarita" taldearen erakusketari. Zein zen taldearen helburu nagusia? Inguruan zeuzkaten erresistentziei aurre egitea eta Arabako pintura ezagutzera ematea. Errazagoa zen erakusketak taldean egitea, banaka baino. Batzuek hain zuzen ere hori leporatzen zieten, erosoagoa zela taldeko erakusketak egitea. Kontuan izan behar da pintore bakoitzak bospasei koadro eramaten zituela erakusketa bakoitzera, eta, beraz, guztira hogeita hamar bat ipintzen zituztela. Jakina, beren koadrorik onenak erakusten zituzten, eta, beraz, arrisku gutxiago hartzen zituzten, bakoitzak izan zitzakeen gabeziak elkarren babesarekin estaltzen zituztelako. Arabako pinturaren Historian inoiz izan den talderik garrantzitsuenetarikoa dela esan dezakegu? Talde honi garrantzia ematen diona ez da hainbeste taldean jardun izana, baizik eta Araban une hartan egiten zen pinturaren ordezkari izatea. Guztira zortzi erakusketa egin zituzten, baina beren gorabeherekin: lehen aroan, urte erdian bi erakusketa egin zituzten, eta bigarren aroan, hiru urtetan sei. Berritzaileak bai, baina ez omen ziren iraultzaileak. Zer esan nahi duzu horrekin? Iraganeko maisu handien irakatsietan oinarritzen ziren, baina ez zeukaten abangoardista erradikalak izateko asmorik, mugimendu abstrakzionistek bezala. Beraiek modernitaterantz zihoazen, baina modernitate matizatu baterantz betiere. Madrilgo Eskola bezalakoak ziren: berritzaileak bai, baina iraultzaileak ez. "Pajarita" taldea bere garaiaren eta inguruabarren emaitza zen. Kontuan izan behar dugu urte ilunak tokatu zitzaizkiela; hainbeste, ezen azken mendeko euskal pinturari buruzko azterlan batzuek ez dituztela 40 eta 50eko hamarkadako pintoreak aipatu ere egiten. Vicente Aguilera historialariak -goian bego- esaten zuen ez pintore horiek eta ezta Madrilgo Eskolakoek ere ez zutela inolako arretarik merezi. Horregatik, azterlan batzuek gerra aurreko pintoreetatik (Arteta, Zubiaurre, Tellaetxe mitikoetatik) 60ko hamarkadakoetara egiten dute salto, beste belaunaldi batera, abangoardistetara: Ruiz Balerdi, Sistiaga, Juan Mieg, Ortiz de Elguea, Lafuente... Eta hori bidegabea iruditzen zaizu. Bai, artista hauei oso garai txarrak tokatu zitzaizkien. Espainiako gerraosteaz gain, mundu gerra bat eta gerra honen gerraostea bizitu behar izan zituzten. Zein da zure iritzia erregimen frankistari aurre egitea erabaki zuten artistei dagokienez? Zer gertatu zen haiekin? Batzuk, Zuloaga, Tellaetxe, Arteta edo Gustavo de Maeztu adibidez, erbestean hil ziren. Beste batzuek, berriz, erbestera joan beharrean hemen gelditzea erabaki zutenek, isolatu egin zuten beren burua, eta hori erbeste mota guztien artean gogorrena izatera iris daiteke. Gutxi batzuek, bestalde, erresistentzia egitea erabaki zuten; Jorge Oteizak, adibidez. "Pajarita" taldearen bilakaera ikusita, zein ondorio atera duzu? "Pajarita" taldea bere garaiaren lekuko izan zela; Arabako pinturaren Historian oso kontuan izan beharreko talde bat. Oso testuinguru historiko triste eta gogorra bizitzea tokatu zitzaien: nazioartean baztertuta egon ziren, isolatuta, ez zeukaten ez prestakuntzarik ez informaziorik... Autodidaktak ziren. Beren pizgarri nagusiak pintore klasikoak (El Greco, Velázquez eta Goya), eta inpresionista frantsesak izan ziren (Monet, Van Gogh...). Gainera, argi dago Araban modernitate piktorikoaren kontzientzia izan zuten lehendabizikoak izan zirela. Zalaparta handia piztu zuten Gasteizen, jendearentzat oso abangoardistak zirelako. Orduko gasteiztarrek beste erreferente bat zeukaten pinturan, Ignacio Díaz de Olano. Bera zen arabar pinturako "maisu" edo "buruzagia", pintoreen eredua. Baina "Pajarita" taldearen obrek ez zeukaten Olanoren ohiturazko pintura etnografikoarekin zerikusirik, eta jendeak ez zuen beren ildo berritzailea ulertzen. Gerora bai, aitortu zaie ofizialtasun artistikoa, baina beren garaian erabat baztertuta, mesprezatuta eta kritikatuta egon ziren. Lan ederra izan zuten inguruko erresistentziei aurre egiten. Abangoardistak izan ziren. "Pajarita" taldeak, nire ustez, 50eko hamarkadako pintore arabar batzuek egindako esfortzu bateratua sinbolizatzen du. Pintoreak dira, batez ere, taldeari garrantzia ematen diotenak, ez hainbeste taldearen beraren ibilbidea. Lehenagoko artistak ala oraingoak, nortzuk bizi dira hobeto? Nik uste dut orain lehia handiagoa dagoela, baina askoz ere irtenbide gehiago dauzkatela. Nolanahi ere, artetik bizitzea beti izan da zaila; soilik pribilegiatu gutxi batzuren esku egon da. Ez dut esango ezinezkoa denik artetik bizitzea, baina urte asko eta asko eman behar dira jo eta ke, sona eta ospea lortu arte. Santiago Arcediano

Santiago Arcediano edo "Santi" duela 40 urte jaio zen Gasteizen. Historian lizentziaduna da, eta ikertzaile zorrotz nekaezin horietakoa. Berari buruzko erreferentziarik nahi baduzue, galde egizue Bilboko Arte Ederren Museoan -hantxe ibili baitzen lanean- edota EITB-Radio Vitorian -bertako lankide baita gaur egun-. Bere zaletasunen artean irakurtzea, bizikletaz ibiltzea eta zakurrak aipa genitzake. Gizon atsegina, Santiago Arcediano. Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 249 > Elkarrizketa -->

2004/04/02-16
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Ander Manterola: "Hizkuntza errota bat da, eta errota horrek buruan ditugun ideiak landu egiten ditu, horregatik dago euskal pentsakera bat"

 

Irakurri

Amaia Gabantxo: "Itzultzailea sortzaile bat da; eskuetan duen obra berriro sortu egiten du"

 

Irakurri

Marrack Goulding: "Gaur egungo mundu globalizatuan, badira estatu bakar batek bere kabuz arituz konpondu ezingo dituen zenbait arazo, estatu hori munduko indartsuena izanda ere; eta horretaz konbentzitu behar ditugu Amerikarrak"

 

Irakurri

Mariví Bilbao-Goyoaga: "Nire asmoa, helburuak finkatzea baino gehiago, egiten dudanarekin gozatzea da"

 

Irakurri

Juan Colmenero: "Mende honetan, kulturadunak izateko, zientziaz eta teknologiaz jakin beharko dugu"

 

Irakurri