"Euskal Nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu" azterketaren emaitzak Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroetan

Ikastaroak

2025/06/17

"Euskal Nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu" azterketaren emaitzak Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroetan

Uztailaren 2an Baionako Cité des Arts-en egingo den topaketa honek mugako bi aldeetako ikuspegiak uztartzeko aukera eskainiko du.

Mugaz Gaindiko Udako Ikastaro honetan izango dira proiektu honen lantaldean parte izan diren Euskal Herriko unibertsitateetako diziplina arteko irakasle, ikertzaile eta ikasleak. Horiekin batera Ipar Euskal Herriko begirada eta ezagutza emango diguten aditu, idazle eta eragileak izango ditugu.

Uztailaren 2ko egitaraua askotarikoa izango da: hitzaldiak, mahai-inguruak, elkarrizketak eta tailer bat, guztiak ere euskal nortasunaren erronkeei eta etorkizuneko aukerei buruz.  Ikastaroan izango dira, hurrenkera alfabetikoan, Igor Ahedo, Itxaro Borda, Elena Casiriain, Paxkal Indo, Carmen Innerarity, Olatz Elexpuru, Jone Goirigolzarri, Francis Jaureguiberry, Patxi Juaristi, Iñaki Marko, Ana Urkiza eta Iñaki Zaldua.

Euskarazko, frantsesezko eta gaztelaniazko hitzaldiekin, funtsezko gaiak jorratuko dira: euskal nortasunaren aniztasuna, euskarak komunitatearen eraikuntzan duen papera, eta nortasunak aurre egin beharreko erronkak. Horrez gain, euskal nortasuna naturaltasunez eta tentsiorik gabe bizitzeko moduari buruzko hausnarketa pertsonala eta kolektiboa egiteko aukera izango da aurreikusi den tailer batean. Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren lankidetzarekin egingo den tailerrean jasoko diren ekarpenak “Iparralde 2040” proiekturako izango dira.

Euskal nortasunaren etorkizuna eraikitzeko gogoeta kolektiboan parte hartu nahi duen guztientzat ikastaro irekia da. Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroaren informazioa eta egitaraua UIKen weborrian dago ikusgai. Era berean, proiektuaren eta ikastaroaren inguruan partaide bik (Elena Casiriain eta Iñaki Zaldua) izandako Solasaldia ikus dezakezu hemen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp