Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuak indarrak batu dituzte etorkizuneko funtsezko gaien inguruan

Berri korporatiboak

2022/04/05

Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuak indarrak batu dituzte etorkizuneko funtsezko gaien inguruan

Bi erakundeen artean sinatutako hitzarmenari esker, Nafarroako gazteek aniztasunari buruz duten iritzia jakingo da, eta Foru Komunitatean hizkuntza eta kulturaren plan integralerantz aurrera egingo da.

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Hiritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak 2022rako Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko jarduera-plana ezartzen duen hitzarmena sinatu dute Iruñean, apirilaren 5ean.

2019az geroztik, Nafarroako aniztasunaren eta kultura demokratikoaren bizikidetzari buruzko ikerketa soziala egiten ari da Eusko Ikaskuntza. Aurrerapauso gisa, gazteen iritzia bildu nahi da, belaunaldien gako berriak identifikatzeko eta Foru Komunitatearen identitatearen eta ideologiaren konplexutasunari buruz duten pertzepzioa ezagutzeko. “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: gazteen ikuspegia” izeneko proiektuaren esparruan, politizatuta eta politizatu gabe dauden gazteekin lan-talde bana eratuko da, eta Nafarroako adituei arazo horri buruz egin zaizkien elkarrizketak aztertuko dira.

Hitzarmen berriak babesten duen bigarren jardueran, Eusko Ikaskuntzak ezarritako hainbat programak bat egiten dute: bereziki, “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan” eta “Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak”. “Hizkuntza eta kultura plan integral baterantz” ekimenean funtsezko galdera bati erantzun nahi zaio: nola berma daitezke bai eleaniztasuna eta kultura-aniztasuna, bai euskararen eta nafar kulturaren transmisioa? Parte hartzeko metodologia baten bidez, Eusko Ikaskuntzako proiektu guztietako talde eta eragileek hartuko dute parte gogoetetan eta eztabaidetan, baita pertsona adituek eta bereziki Nafarroako errealitatea ezagutzen dutenek ere. Foro bat egitea aurreikusten da, integratzailea eta partekatua izango den hizkuntza- eta kultura-plan integral batek izan beharko lukeen esparruaz eztabaidatzeko.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eta Eusko Ikaskuntzako ordezkariek osatutako Jarraipen Batzorde batek hitzarmenean jasotako jardueren segimendua egingo du. Hitzarmenak 55.000 euroko zuzkidura du, 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontura.
 

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp