Nous présentons ici deux recueils inédits de vers basques du XIXe siècle d'Udabe et de Doneztebe/Santesteban. Les vers d'Udabe critiquent le comportement licencieux de deux femmes et ceux de Doneztebe, le fait que le maître d'école ait provoqué la grossesse de plusieurs femmes. Le travail a consisté à décrire le contexte, à fixer les critères d'édition avant d'éditer les textes. On a pu démontrer que les vers ont également été diffusés par écrit et que la prestigieuse variante centrale du basque du Premier Âge Moderne a également atteint la versification navarraise.
Bi euskal bertso-sorta XIX. mendeko Nafarroan: Udabe eta Doneztebe
Two Basque verse collections in the 19th-century Navarre: Udabe and Doneztebe/Santesteban
1. Sarrera
Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordetako auzibide banatan euskarazko kopla batzuk daude, orain arte argitara eman ez direnak[1]. Auzi bat Basaburu Nagusiko Udaben jazotakoa da, eta Donezteben, Malerrekan, bestea. Udabekoan, herriko bi neskatxaren jokamoldearen kontrako koplak kantatu zituzten herri hartako mutil batzuek. Donezteben, ordea, herriko maisuari paratu zizkioten bertsoak, sei emakumerekin oheratu baitzen, ezkontzatik kanpo, bistan dena.
Lan honetan kopla horien edizioa dakargu. Lehenik, edizio-irizpideak zerrendatu ditugu. Ondoren, hala Udabeko bertsoetan nola Doneztebekoetan, auzibidetik ateratako testuingurua eman dugu, dokumentuaren nondik norakoak zehaztu, eta testuen edizioa egin dugu buruenik. Lanaren hondarrean ondorioak, erreferentzia-zerrendak eta testuen irudiak heldu dira.
2. Edizio irizpideak
Bi auzibideetako koplen edizioa atontzeko, irizpide berak erabili ditugu.
- Testu guztietan transkrizpio paleografikoa egin dugu, baina testua hobeki uler dadin, puntuazioa gaurko moldera ekarri dugu. Hitzen banaketa ere gaukotu dugu, bilkuretan aldaketa fonologikorik gauzatu ez denean.
eman dugu beti grafemak hots bokalikoa islatzen duenean, eta
kontsonantikoa denean. - Oin-oharretan, zuzenketak eta testua hobeki ulertzeko iruzkinak eman ditugu.
- Laburdurak luzatu dira eta gehiketak ere parentesi karratuen artean eman ditugu. Bere horretan utzi dugun laburdura bakarra vmd. da (vuestra merced), frankotan ageri baita.
- Erdarazko testuetan, tiletak egungo moldean eman ditugu.
3. Udabe (1831)
3.1. Testuingurua
Auzibidearen dokumentazioak, zoritxarrez, deus gutxi dio koplen edukiaz; izan ere, auzia ez zen kopla horiek ondu eta kantatzeagatik abiatu. Egia esan, aspaldi zebilen Udabeko gazte talde bat bazterrak inarrosten. Koplak paratzeaz eta Udaben errondan kantuan ibiltzeaz gain, Kilimin etxeko gurdi bat ere ebatsi omen zuten, eta herritik kanpo utzi, besteak beste[2].
Udabeko Borborena (Borbonea, gaur egun). 2023-04-21. Arg.: R. Urrizola
Kinka hartan, Udabe-Beramendiko errejidore nagusiak, Beramendiko Bengoetxeko Migel Aginagak, zortzi gazte udabear preso hartu zituen 1831ko urriaren 30ean: Borboreneko Martin Jose Auza; Errotako, Borboreneko eta Dorreko mutilak; Kasimiro Beramendi harginaren dizipulua, Juan Jose izenekoa; Jose Benito eta Martin Esteban Goñi anaiak, eta Manuel Antonio Beramendi. Azken hori berehala utzi zuten aske, haren aurkako frogarik aurkitu ezinik. Gainerakoak biharamunean askatu zituzten, isuna pagatuta. Martin Jose Auzak, ordea, errurik ez zuela zioen; bestek asmatutako bertsoak kantatzen baizik ez zela ibili, hori ez zela legez kanpokoa, eta ez zuela pagatuko. Gainera errejidoreei ere zakar mintzatu bide zitzaien. Preso jarraitu zuen, beraz, eta horregatik abiatu zuen Errege Gorteko auzitegiko fiskalak Auzaren kontrako auzia. Bestela, isuna ordainduta konponduko zen afera, gainerako atxilotuekin gertatu zen bezala. Hori horrela, dokumentazioak koplak kantatzen aritu zirela azaltzen du, eta bestelako jazoeren berri ere ematen du, Auzaren oldartzea bereziki, baina koplek diotenari buruzko xehetasunetan sartu gabe.
Borboreneko Auzak 21 urte zituen azaroaren 4an, galdeketa egin zitzaionean. Bere burua zuritu nahiz, harginaren aprendiza, Juan Jose, jo zuen Etxeberriko Juana Maria Aldatzen kontrako bertsoen egiletzat, beste lekuko zenbaitek bezala. Harekin batera kantatu omen zituen Auzak. Edonola ere, nekez zatekeen aprendiza bertsoen paratzailea, hura bera baitzen bertsoen protagonista edo sujeta. Gainera, Maria Antonia arrebari ere koplak atera zizkiotela salatu zuen Auzak, baina horien paratzailea nor izan zitekeen ez zuen orduan argitu. Dorreko mutila eta Goñi anaiak ibili omen ziren horiek kantatzen. Bertsoen hizkerak, oharretan bertan azaletik azalduko dugunez, baduke Basaburukotik, baina erdialderagoko eta iparralderagoko formen eragina ere nabarmena da.
Juan Alemanek berriki argitaratu bezala (Izenik gabe 2023: 26), harginaren aprendiz horri Juan Jose Urritza Lazkano zitzaion izena. Berueten sortua eta Aldatzen hazia, Beramendirengana jo zuen hargingoa ikastera. Han zela, Etxeberriko Juana Maria haurdun utzi zuen lehenik, eta handik urte batzuetara, 1835eko apirilaren 11n hain zuzen, neskato bat izan zuen Mugiroko Fermina Iriarte Zubietarekin, ezkontzatik kanpo hura ere. Azkenerako, 1836ko abuztuaren 25ean, Udabera itzulita, Etxeberriko Juana Maria bera hartu zuen emazte.
Auza azaroaren 7an libre gelditu zen, aitak fidantza pagatuta, baina 1831ko azaroaren 31n ailegatu zen sententzia: 40 libera eta auzibidearen gastuak ordaindu behar izan zituen.
Udabeko Etxeberria. 2023-04-21. Arg.: R. Urrizola
3.2. Dokumentua
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Errege Epaitegietako 308249 zenbakia duen auzibidean daude koplak, zortziko txikian moldatuak. Paper-sortaren hasieran daude, eta ez dute foliaziorik (ik. irudiak eranskinetan, 7.1 atalean). Dokumentuan berean esaten denez, berariaz atera zituzten bertsoak lekukoen deklarazio ofizialetatik eta aparteko pleguan jarri, lizunegiak zirelakoan. Arrazoi hori bera erabili zuten lekuko askok ere, ikasi ez zituztela erakusteko.
Aurreratu dugunez, bi bertso sorta daude auzibidean. Bat Etxeberriko Juana Maria Aldatzen kontrakoa da, eta Borboreneko Maria Antonia Auza du jomuga besteak. Errege Gorteko auzitegiak hala aginduta, Beran sortutako baina Ihabengo Jauregira ezkondutako eta hango notariotzaren ardura zuen Faustino Etxenikeri koplak biltzeko eskatu zion Basaburuko alkateak, 1831ko azaroaren 4an[3]. Agindua betez, lau lekukoren aho-ezpainetatik bildu zituen, Beramendin galdeketa eginda:
- 1. lekukoa: Joakina Beramendi, 15 urteko udabearra.
- 2. lekukoa: Josefa Goñi, 14 urteko udabearra.
- 3. lekukoa: Maria Antonia Auza, Udabeko Borboreneko 24 urteko alaba, Martin Jose Auza presoaren arreba.
- 4. lekukoa: Jose Benito Goñi, 20 urteko udabearra.
3. lekukoari Juana Maria Aldatzen kontrako hamabost bertso bildu zitzaizkion. 1. lekukoak zazpi eman zituen: sei 3. lekukoak ere badakartzanak –aldaerak aldaera– eta berri bat. 2. lekukoak, aldiz, bertso bakarra eman zuen: 3. lekukoaren 3. bertsoaren aldaera da.
Maria Antonia Auzaren kontrako bertsoen kasuan, 4. lekukoak hamabi kopla kantatu zituen. Horietatik sei 1. lekukoak ere eman zituen.
Bertsoak Errege Gortean, hots, epaitegian uler zitezen, 3. eta 4. lekukoek kantatutako sorten itzulpena ere gaineratu zitzaion dokumentuari (ik. § 7.1.2). Faustino Etxenike eskribaua bera izan zen itzulpenaren egilea. Ikusiko denez, itzulpena euskarazko egiturari lotu zitzaion, eta ez dator beti gaztelaniaren arauekin bat. Hori gutxi balitz bezala, dagokionean azalduko dugunez, Etxenikek ez zuen beti bertsoen edukia behar bezala ulertu, edo ez zuen behar bezala itzuli nahi izan.
3.3. Edizioa
Lekuko bakoitzak emandako bertsioa zutabe banatan eman dugu. Etxenikeren erdal itzulpena dagokion aldaeraren ondo-ondoan heldu da. 2. lekukoak bertso bakarra eman zuenez, 12. oin-oharrean ematea erabaki dugu, taula estuagoa izan dadin.
3.3.1. Juana Maria Aldatzen kontrako bertso sorta
1. lekukoa | 3. lekukoa | ITZULPENA |
1 | 1 | 1 |
Bersoaren paracen nic bear dut asi. | Bersoaren[4] paracen[5] nic bear dut asi. | Necesito principiar a poner bersos. |
2[11] | 2 | |
Bersoaren paracen nic bear dut asi; | Yo tengo que principiar a poner unos bersos | |
3[13] | 3 | |
Epaitondoa[14] naicela zuc emen[15] diozu. | Como el ondón o raíz de un árbol que soi, vmd. dicen ha dicho. | |
6 | 4 | 4 |
Orra berso berriec, propiac[17], alere: | Orra berso berriac, politac, alare: | Hai berso nuevo, bonito, por cierto. |
2 | 5 | 5 |
Echealdeco alaba da, Jaungoicoac eguiñic. | Echetaco alaba[19] da, Jaungoicoac eguiñic. | Hija de casa vecinal es, porque Dios le ha hecho. |
3 | 6 | 6 |
Jaunac[22], erabilli dute[23] aleguiñic asqui: | Señores, han tenido bastante quehacer: | |
5 | 7 | 7 |
Urrico illaren bersoaren paracen. | Urriaco[25] illean, bersoaren paracen. | En el mes de septiembre, poniendo bersos. |
8 | 8 | |
Bein batez joan nitzen beren atarira: | Una vez marché a su puerta: | |
3 | 9 | 9 |
Jauna, dama gazte orrec nora bear ote du? | Jaunac, dama gazte orrec nora[29] bear ote du? | Señores, esa dama joven ¿a dónde tendrá que ir? |
10 | 10 | |
Ama bi alabarequin aitaren zurracen | Madre con dos hijas dando una zurra al padre, | |
11 | 11 | |
Ciztor eta solomu, urdai-magrarequin | Longaniza, lomo y magras | |
4 | 12 | 12 |
Apezari eguin diote oyuric asqui. | Apezari eguin diote oyurican asqui. | Al cura le han hecho bastantes gritos |
13 | 13 | |
Aprendiza utci ta Dorrecoa artu duzu[34]. | Dejando al aprendiz, ha tomado al de la casa de Dorrea. | |
14 | 14 | |
Gazteric asi ciñen mutillen atzean. | Joben principió vmd. detrás de los mozos. | |
15 | 15 | |
Amabost berso dire orain paperean[37]. | Quince bersos ahora son en el papel, | |
7 | ||
Orra zazpigarrena zorcigarrentaco: |
3.3.2. Maria Antonia Auzaren kontrako bertso sorta
2. lekukoa | 4. lekukoa | ITZULPENA |
1 | 1 | 1 |
Memorian daucadana bear nuque pasa. | Memorian dudana bear nuque pasa. | Lo que tengo en la memoria debía pasar. |
2 | 2 | 2 |
Dama, emanen dizut garvi aditcera | Dama, emanen dizut garvi aditzera | Dama, la daré a vmd. claro a entender |
3 | 3 | |
Gauza batez nago ni arritua: | Por una cosa estoi yo aturdido: | |
4 | 4 | |
Errutira[45] etorri da gure mandatua. | De lejos ha benido nuestro recado (o se ha hecho público), | |
5 | 5 | |
Gauza bat jaquindu dut nic nere errian: | He sabido una cosa yo en el pueblo: | |
4 | 6 | 6 |
“Dama orren ibillera asco zait gustatu”. | “Dama orren ibillera asco zait gustatu”[51]. | El modo de andar de esa dama mucho me ha gustado; |
3 | 7 | 7 |
Orra berso berriac bear den moduan. | Orra berso berriac, bear den moduan. | Aquí bersos nuebos como deben. |
6 | 8 | 8 |
Cer dela uste dute honrra galcea[54]? | Cer dela uste dute honrra galcia[55]? | ¿Qué les parece que es perder la onrra |
9 | 9 | |
Amargarren[57] bersoa aditu bear duzu[58]. | El décimo berso tiene vmd. q[u]e oír. | |
10 | 10 | |
Despedidac ematen orain bear det asi. | A despedirla ahora tengo q[u]e principiar. | |
11 | 11 | |
Aditu bear duzu, M[ari]a Ant[oni]a: | Oiga vmd., María Antonia: prenda escogida no es posible mejor. | |
5 | 12 | 12 |
Alperric da astia vuelta eta jira; | Alperric da astia vuelta eta jira; | En valde es que principie dando buelta o gira; |
4. Doneztebe (1826)
4.1. Testuingurua
1826ko otsailaren 3an Errege Gorteko auzitegiak Fermin Altxu Beristainen kontrako salaketa jaso zuen. Pedro Jose Donamariako eta Gazteluko maisu erretiratuaren eta Maria Teresaren semea zen; Doneztebeko eskolako maisua eta herriko semea. Dirudienez, Frantziska Etxenike gaztea haurdun utzi zuen, ezkondu gabe. Salaketak hala dio:
Francisca Echenique, soltera, natural de dicha villa [Doneztebekoa], se hallaba embarazada de Alchu, por cuyo motivo salió de la casa de Miguel de Goyeneche, en donde servía en calidad de criada. A esta voz que públicamente corría por el pueblo se agregaron otras diferentes de que no era esta la primera prueba de incontinencia contra el tal maestro, pues que en esta ciudad [Iruñea], en el lugar de Donamaría y aún en Santesteban había seducido a otras. El escándalo consiguiente a estas rémoras fue sucesivamente en aumento, pues al mal ejemplo de un funcionario destinado precisamente a educar la juventud, se agrega la inteligencia general que había abusado de aquella infeliz [Frantziska Etxenike] en la época que como alumna suya asistía a la escuela, siendo esta la que servía de albergue para sus excesos[68].
1826ko otsailaren 5ean, epaileak bidalitako eskribaua Donezteben zen, testigantza bila. Artean, Altxuk, salaketaren berri izanda, Markalaina ihes egin zuen, han baitzuen anaia, maisua hura ere.
Eskribauak Juan Bautista Etxenike galdekatu zuen; Frantziskaren aita. Bazekien alaba haurdun zegoela, eta Altxu beste ume baten aita ere bazela, Maria Martina Andiarenarekin izandakoa, hain zuzen. Gainera, Bitoriana Armasa delakoarekin ere gauza bera gertatu zela zioen. Gero jakin zen Armasarekikoa zurrumurrua baino ez zela.
Frantziska Etxenikek 21 urte zituen galdeketa egin zitzaionean, 1826ko otsailaren 5ean[69]. Bederatzi egun geroago erditu zen Altxurekiko umeaz, baina berehala hil zen haurra. Frantziskak kontatu zuenez, irakurtzen eta idazten ikastera eskolara joaten hasi zen Altxurengana, herriko beste neska gazte batzuekin batera. Orduan hasi zitzaion maisua proposamen lizunak egiten. Hasieran ezetz esan zion, baina, azkenean, gogoz kontra, amore eman zuen. Ez zen horretan haurdun gelditu, baina bai hurrengoan, eskolan berriz bortxatu zuenean. Hirugarrenez ere bortxatu bide zuen, geroago. Etxenikek, haurdun, Altxuri erantzukizuna har zezan eskatu zion, eta maisuak ezetz; lehenago haurdun utzia zuela Donamariako aroztegiko Bitoriana Armasa (labaiendarra sortzez), eta harekin hitzemana zela. Ondorioz, Etxenikek Goienetxean neskame aritzeari utzi behar izan zion[70].
Lukas Karrion Doneztebeko apezari egindako galdeketan jakin zen Altxuk harengana jo zuela Frantziskarekin gertatutakoa estaltzeko, emakumea Iruñeko inklusara edo ospitalera bidaliz; berak ordainduko zituela gastuak. Ordurako eskandalua ezaguna baitzen, Frantziskaren aitak ez zuen halakorik onartu: umearen ardura har zezan eskatu zioten[71]. Apezak, gainera, Altxuk Maria Martina Andiarena ere haurdun utzita zuela kontatu zuen –hura ere ikasle zuela–, baita Iruñeko emakume bat ere, eta beste batzuk.
Hala, 25 urteko Maria Martina Andiarena ostatuko neskame donamariarrak eskribauari kontatu zionez, bi urte lehenago Altxuren ume batez erditu zen, lau urte lehenago hasi baitzen harekin harremanetan. Bistan denez, Altxuk ez zuen umearen ardurarik hartu[72].
Bazterrak inarrosirik baitzeuden, bertsoak paratu zituzten Fermin Altxuren gorabeheren berri emanez. Bertsook, karrikan kantatzeaz gain, idatziz ere ibili omen ziren. Juan Angel Erkaztiren deklarazioa argigarria da zentzu horretan:
ahora como unos vente días recibió una carta anónima, que no sabe de quién sea, en la que le remetían unas canciones criticándole que Alchu había tenido engañadas hasta seis mozas, las cuales ha dado a una persona para que las tuviese[73].
Altxuk 1826ko otsailaren 22an defendatu zuen bere burua. Ordurako preso zen Iruñeko gartzelan. 24 urte zituen orduan doneztebarrak[74]. Maisuak zioenez, egia da 1825eko martxo aldera, eta abuztuan bi aldiz, Frantziskarekin harremanak izan zituela, baina neskak ez zuela inongo trabarik jarri. Are gehiago, Frantziskaren umea berea zela ere dudan paratu zuen, eta zin egin ez ziola behin ere ezkontzeko promesarik luzatu[75]. Andiarenarekiko harremanak ere onartu zituen, eta umeak izan zituztela ere bai, baina ez zekiela ezkontzeko agindurik eman ote zion[76].
1826ko martxoaren 8an Fermin Altxuren aitak akordioa erdietsi zuen Frantziskaren eta Maria Martinaren gurasoekin, baina hil horren 30ean Errege Gorteak kausa-errematea plazaratu zuen[77]. Maisua sei urtez Zeutara soldado bidali, eta Donezteben maisu aritzeko baimena kendu zioten. Altxuk errematea onartu ez zuenez, epaiketak aurrera egin zuen. Hala, ekainean, Doneztebeko 60 bat biztanle pasatu ziren epaitegietatik, Altxuren alde deklaratzera.
Abuztuan sententzia eman zuen Errege Gorteak. Haatik, epaia kausa-errematea baino latzagoa izan zen, Zeutako zerbitzua zortzi urtetara igo baitzuen, maisu izateko baimena kendu, bai eta epaiketaren kostuak ordaintzeko agindu ere. Helegiteak aurkeztu bazituzten ere, sententzia bere horretan gelditu zen.
4.2. Dokumentua
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko Errege Epaitegietako 343566 auzibidean daude koplak, dokumentazioan bertan josirik dagoen liburuska batean. Hamalau bertso dira, 72r-73v folioetan jasoak (ik. irudiak eranskinetan, 7.2 atalean). Datarik edo egilearen sinadurarik ez da ageri. Aitzitik, Fermin Altxuk berak, Geronimo Goñi, Martin Jose Etxenike, Martin Etxaideren mutila eta Kosme zurginaren semea zituen erruduntzat, horiek aritu baitziren kopla kantari Altxuren etxe aitzinean[78].
Altxuri koplak jasotzen dituen dokumentua bera erakutsi zioten, eta letrakera Norberto Goienetxe errege-eskribauarena zela esan zuen[79]. Bertsook Goienetxek berak erredaktatutako beste izkribu batekin erkatu ditugu[80] eta, kopletakoa letrakera zainduagoa bada ere, eta zalantzak zalantza, Altxuk arrazoia zuelakoan gaude.
Maisuak berak salatu zuenez, Goienetxek herra zion arrazoi politikoak tarteko, eta hainbat lekukok eman zuten bien arteko tirabiren berri auzibidean. Goienetxe liberala zen eta Altxu, aldiz, Fernando VII.aren absolutismoaren aldekoa. Goienetxeri buruz jakin ahal izan dugunez[81], Donezteben jaio zen 1792ko abuztuaren 13an. Aita Frantzisko zubietarra zuen, eta ama Mª Josefa Manuela Irurtzun, doneztebarra. Aitaren aldetiko aiton-amonak zubietarrak eta berastegiarrak ziren, eta amaren aldetikoak, aldiz, Errozkoa bata, eta Doneztebekoa bestea. 1818 urtean Araitzen eta Betelun idazkari zebilen Goienetxe[82], baina 1824ko abenduan ideia libralek postua galtzera eraman zuten, eta 1825eko urrian Doneztebera joan zen osaba Miguel Goienetxeren etxera. Hain zuzen ere, etxe hartan zebilen Frantziska Etxenike neskame, Altxuk umea egin zionean. 1826an, auzibidea abiatu zenean, 32 urte zituen idazkariak, eta ezkongabea zen[83]. 1829ko irailean Araitza itzuli zen Goienetxe, lehenago zuen postura, eta ordutik aurrera liberalen aldeko borrokan ageri zaigu, teniente koronel izateraino (García-Sanz 2014: 101).
Nabarmena da, edonola ere, bertsoek ez dutela Doneztebeko edo inguruko hizkera ageri. Mintzoa erdialdekoa da; Gipuzkoakoa, ziurrenik (cf. txistukarien neutralizazioa, dan / zan, hiatusaren kontrako -uba epentesia, asco, -ana menderagailua perpaus osagarrietan...). Azterketa sakonik egiteko asmorik gabe, ezaugarri zenbait –ez denak¬ Juan Inazio Iztueta (1767-1845) zaldibiarraren euskaran ere badirela ikusi dugu, baita Manuel Larramendi (1690-1766) andoaindarrarenean ere. Ikertzeko dago, beraz, Larramendiz geroztiko erdialdeko eredu linguistikoak (cf. Urgell 2018) bertsootan zenbaiterainoko isla duen. Baliteke Goienetxek Araizko aldian Gipuzkoatik heldu zen eredu jaso hori ezagutu izana, baina garbi esan behar da, batetik, mintzoa ez dela Araizkoa eta, bestetik, horrek ez duela baitezpada esan nahi bertsook Goienetxek berak egin zituenik.
Aurrekoan bezala, oraingoan ere bertsoak gaztelaniara itzuli ziren, eta itzulpena auzibidearen 26r-27v folioetan dago (§ 7.2.2). Manuel Indartek hartu zuen ardura hori, horretan iaioa baitzen, antza[84]. Itzulpena Iruñean sinatua dago, 1826ko otsailaren 20an[85].
4.3. Edizioa
Ezkerreko zutabean bertsoen euskarazko jatorrizkoa eman dugu, eta Indarten itzulpena, eskuinean.
1 | ITZULPENA |
Canta berri eder bat | Una canción nueva hermosa |
2 | |
Santestebanen dute | En Santesteban tienen |
3 | |
Escribatzen omen du | Dicen que escribe |
4 | |
Maisu on izatea | El ser buen maestro |
5 | |
Escu ariña du ta | La mano muy airosa, |
6 | |
Escola jarri zuen | Puso la escuela |
7 | |
Maizuari ezanic[90] | Teniendo al maestro |
8 | |
Mari Martin gaisoa, | Maria Martina infeliz, |
9 | |
Eguin zuen orduan | Cuando verificó |
10 | |
Ycuziric ain gazte, | Visto tan joven, |
11 | |
Dama Vitoriana, | Dama Vitoriana, |
12 | |
Eguin esqueroztanic[93] | Despues de tanto trabajo. |
13 | |
Nafarroan ez dago | No hay en Navarra |
14 | |
Sei andre omen dauzca | Seis mugeres dicen |
5. Ondorioak
Lan honetan, Udaben eta Donezteben XIX. mendean kantatu ziren bertso-sorta bana eman dugu ezagutzera. Ez dira gutxi mutilak errondan ibiltzearen ondorioz abiatutako auziak, eta hauek ere tankera hartakoak dira. Bertsoak inoren leihopean kantatzen aritzea iraina zen, eta auzi-iturri izan baitziren, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiko auzibide banatan gorde dira. Zoritxarrez, ezohikoa da halakoetan jatorrizkoak ere aurkitzea, maiz suntsitu egiten baitziren; hortaz, salbuespena dira honako biak.
Bi kasuetan, bestalde, itzulpenak ere eginarazi zituzten, epaitegian edukiak behar bezala ulertzeko. Gure ustez, Doneztebeko bertsoen itzultzailea zorrotzago aritu zen zeregin horretan Udabekoa baino. Egia da, gainera, azken horiek ilunagoak direla hainbat pasartetan.
Hizkuntza-azterketa sistematikorik egin ez badugu ere, bistakoa da testuek ez dutela herriko hizkera zorrotz islatzen; Doneztebekoan bereziki nabarmena da hori. Horrek, ezbairik gabe, bertsogintzara ere Lehen Euskara Modernoko (Urgell 2018) prestigiozko aldaerak ailegatu zirela iradokitzen du, eta are bertsogileak kanpokoak izan zitezkeela ere. Ezagun da bertsolari profesionalek bertsoak idatziz paratu, eta paperean igortzen zituztela maiz (cf. Txirritaren kasua, esaterako; Zavala 1971). Gero zabalduko ziren ahoz edo idatziz, Udaben gertatu bezala. Deigarria da, bide batez, lekukoak, bertsoen egileez ari direla, mintzoaren ezaugarriez deus ez aipatzea, Doneztebeko kasuan batik bat. Gogoan izan bi kasuetan herriko –edo, bederen, inguruko– norbait dutela egiletzat, hizkerak oso bestelakoak izanik ere.
6. Erreferentziak
APALAUZA, A. (2012). Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura geolinguistikoa. Bilbo & Iruñea: Euskaltzaindia & Nafarroako Gobernua.
ARTOLA, K. (2001). Olaizko euskal eskuizkribuak. FLV, 88, 485-520.
FUNDACIÓN CAJA NAVARRA. (s. d). Gran enciclopedia de Navarra. Iruñea: Fundación Caja Navarra.
GARCÍA-SANZ, Á. (2014). Liberales navarros en la primera guerra carlista: los cuerpos francos y el motín de 1837. Iruñea: NUP.
IBARRA, O. (2003). Isoglosen aldaketa nafarroako zenbait hizkeratan. In J. Gorrochategui (arg.), Basque and (Paleo)Hispanic Studies in the wake of Michelenas's work: proceedings of the First Conference of the Koldo Mitxelena Chair = Koldo Mitxelena Katedraren Lehen Jardunaldietako aktak = Actas del Primer Congreso de la Cátedra Luis Michelena Koldo Mitxelena Katedraren Lehen Jardunaldietako Aktak (349.-364. or.). Bilbo: UPV/EHU.
IZENIK GABE. 2023. Aprendiza dugu herrian nagusi. Txori kabi bila abila. Pulunpe, 235, 26.
LEKAROZ, G. (2014). Basaburu Txikiko euskararen lekukoak (I). FLV, 118, 247-278. https://doi.org/10.35462/flv118.2
MITXELENA, K.; SARASOLA, I. 1987-2005. Orotariko euskal hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.
MUJIKA, J. A. (2008). Adlatiboaren berbalizazioaz. In X. Artiagoitia & J. A. Lakarra (arg.), Gramatika jaietan. Patxi Goenagaren omenez (ASJUren Gehigarriak 51) (605.-615. or.). Bilbo: UPV/EHU.
OEH = Mitxelena; Sarasola (1987-2005).
RIEZU, J. de (arg.). (1994). Cancionero Vasco. P. Donostia (II. lbk.). Donostia: Eusko Ikaskuntza.
URGELL, B. (2018). Lehen Euskara Modernoa. In J. Gorrochategui, I. Igartua & J. A. Lakarra (arg.), Euskararen historia (543.-657. or.). Gasteiz: Eusko Jaurlaritza.
YRIZAR, P. (1992). Morfología del verbo auxiliar alto navarro septentrional (estudio dialectológico) Tomo I: Subdialectos de Ulzama y de las Cinco Villas. Bilbo: Euskaltzaindia.
ZAVALA, A. (1971). Txirritaren bertsoak (I). Donostia: Auspoa.
7. ERANSKINAK
7.1 Udabe, 1826 (NEAN, Procesos, 308249)
7.1.1. Euskarazko bertsoak
7.1.2. Itzulpena
7.2. Doneztebe, 1831 (NEAN, Procesos, 34356, 72r-73v, 26r-27v)
7.2.1 Euskarazko bertsoak
7.2.2. Itzulpena
[1] Guk geuk ezagutzera eman ditugu jadanik, Ttipi-ttapa aldizkariaren 833. eta Pulunpe aldizkariaren 233. eta 234. zenbakietan. Bertsolari aldizkariaren 133. zenbakian ere izan da horien berri.
[2] Auzibide honen orriak ez daude zenbakituta; horregatik, ez ditugu aipatu.
[3] Biharamunean, eskuz esku zebiltzan koplen kopia guztiak erretzeko agindua ere eman zuen alkateak.
[4] Itzultzaileak pluraltzat du, eta baliteke hala izatea. Ibar hauetan bertsoan bezalako forma bat singularra zein plurala izan daiteke (Apalauza 2012: 297), eta bertsoaren plurala hiperzuzenketaz sortua izan daiteke, metrikak ere lagunduta.
[5] Bertso sorta honetan, behin baino gehiagotan ageri da objektua genitiboan. Halakoak gaur egun Ekialdeko eta Iparraldeko mintzoetan erabiltzen badira ere, inoiz zabalduago egon direla badakigu. Zer esanik ez, halako formula ihartuetan. Urrunera gabe, Ultzamako eta Anueko XIX eta XX. mende hasmentako dotrinetan ere ageri dira halakoak (Ibarra 2003: 351-352).
[6] Ikusten denez, harginaren dizipulua ez da Aldatzen kontrako bertsoen egilea, argi eta garbi.
[7] *Edun saileko adizkietan, -e- eta -u- dutenen arteko txandaketa dago testuan zehar. Cf. bertso honetan berean, dut ~ degu.
[8] Hots, kantariak bertsoak ikasi ditu, horretarako zergatiak baititu. Bertso hau hobeki ulertzen da lehen eta hirugarren bertsoak elkarrekin irakurrita, eta bigarrena eta laugarrena gero.
[9] Zentzu hertsian, zerrien beroaldia da irausia. Hemen emakume batez ari dira, ordea.
[10] Bertso-lerro honen ondotik, ezabaturik, honakoa: «o bien puede decir en la [...]». Azken hitza irakurgaitza zaigu.
[11] Lehen bi lerroak formulaikoak dira. Belateko lapurren bertsoetan (Riezu 1994: 672) ere antzekoak ageri dira: «Gauza bat deklaratzen / Bear det orain asi; / Denbora asko eztuela; / Zer degun ikusi».
[12] Jatorrizkoan ecusi dagoela dirudi. Artolak ere (2001: 498, 501) Olaitzen aurkitutako bertsoetan bitan dakar ecusi, eta aldaera ez da ezezaguna inguruan (Apalauza 2012: 253).
[13] 2. lekukoak ere bertso honen aldaera eman zuen: «Epeitondoa naicela zuc emen diozu. / Musturraren erditic guezurra diozu. / Abazabal bat izandu zara zu; / orain berso berriac argatic dituzu». Epeitondoa iluna zaigu; izan ere, «epestondoa» ere irakur daiteke. Autoreak > eta <s> maiz antzeko irudikatzen ditu, lehenak gainean puntua duela kenduta. Hemen, beraz, puntua ahantzi duela pentsa daiteke, 3. lekukoaren bertsioak argi eta garbi epaitondoa esaten baitu. Mustur aldaera txistukariduna, pace OEH, Mendebaldetik landara, ezaguna da Nafarroako erdialdean, gaztelaniaz bederen.
[14] Cf. OEH epaitondo ‘tocón de madera’ (< ebaki + ondo), arbola ebaki ondoren gelditzen dena. Metaforaren zergatia ulertzea, ordea, ez da erraza. Itzultzaileak ere hitza behar bezala ulertu eta itzuli ote zuen ezin jakin daiteke. Gogoan izan, bestalde, 2. lekukoak epeitondoa edo are epestondoa eman zuela eta ez dela, baitezpada, hitz berbera. Juan Alemanek gaztigatu digunez, ‘temazu’ adiera har dezake hemen.
[15] Hots, ‘omen’.
[16] Jatorrizkoan erdit, oker. Metrikak ere silaba bat falta dela iradokitzen du.
[17] OEHren arabera, propi ez da Ipar euskal herritik kanpo erraz aurki daitekeen aldaera. Haatik, ezaguna da Imotzen eta inguruetan (gaztigua: Juan Aleman).
[18] Hitz hau ondoren gehitu du esku berak, gaineko lerroartean.
[19] Hots, ‘etxejabea’, eta ez maizterra.
[20] Hots, ‘kutxatila’. Dotea, maiz ohe-jantziak eta halakoak baitziren, kutxan gordetzen zen.
[21] Hots, alaba etxe aberatsen batera ezkontzeko asmoa du amak.
[22] Jaunak, segur aski, errejidoreak dira; hau da, Auza eta beste mutilak, aprendiza barne, preso sarrarazi zituztenak. Gogoan izan, Auza kenduta, isuna pagatu ondoren, libre gelditu zirela denak.
[23] Berorika ari zaie Jaunei.
[24] Hitz hau ondoren gehitu du esku berak, gaineko lerroartean.
[25] Hots, ‘iraileko’.
[26] Enkargatu aditzak Nor-Nork saileko adizkiak hartzea ez da ohikoa Udabe aldeko mintzoan. Haatik, bertsolarien moldeetan maiz ageri da formula hori XIX. mendetik bederen, eta erdialdeko mintzoetan (cf. OEH s. v. enkargatu).
[27] Horra beste argudio bat bertsoen egilea aprendiza ez, baina beste norbait dela erakusten duena.
[28] Ez dugu adlatibo forma hau hitz honekin espero Basaburuan (Apalauza 2012: 323). Notario beratarraren ekarpena ote?
[29] Aditz bilakatutako halako adlatiboak ohikoak (izan) dira hizkera guztietan, eta bereziki emankorrak dira behar izan eta nahi izan perifrasiekin (Cf. Mujika 2008).
[30] Haurdun zen neska.
[31] Hitz honen hasierako karakterea ez da ongi irakurtzen, errataren bat duelako. Guk <t>
[32] Hitz hau aurreko lerroaren bukaeran idatzi zen lehenik, eta ezabatu gero, hemen idazteko.
[33] Hots, ‘soberaxe’.
[34] Dorrekoa nor ote zen ez dakigu. Edonola ere, etxe hartan sortu zen 1819an Joakin Mariano Erbiti, bost anaietan gazteena, zeinaren dotrina ibili baitzuen Bonaparte printzeak, euskarazko datuen bila zebilela (Lekaroz 2014). Anaia-arrebak gazterik gelditu baitziren umezurtz eta batzuek etxea utzi behar izan zutenez, ezin jakin hemen aipatzen dena Erbitiren anaiaren bat ote zen, etxeko mutila, ala beste inor.
[35] Haurdun zeuden emakumeek mineraletan aberatsak ziren urak hartzen ohi zituzten. Baliteke, haurdunaldia estali nahiz edo, neska urak edatera herritik kanpo joan izana.
[36] Itzultzaileak bertso hau gaizki ulertu bide du; «ura urac» sekuentziako lehen hitza ez du kontuan hartu eta, ondorioz, itzulpenean, andregaiari zuzentzen zaio bertsolaria; ez, ordea, euskarazko testuan.
[37] Lerro honetan,
[38] Jatorrizkoan berar.
[39] Jatorrizkoan yoande.
[40] Hots, ‘hautatua’, ‘galanta’.
[41] Hots, ‘lasai’. OEHk dioenez, aldaera dokumentatua dago Nafarroan, ‘tranquilo’ eta ‘ancho, holgado, amplio; flojo, suelto’ adieretan.
[42] Hots, ‘topatu’. Aldaera zabaldua dago Nafarroan, OEHk dioenez.
[43] Basaburuan -te pluralgilea bide dago, baina Larrauna orduko -i ageri da (< -e). Baliteke Udaben biak ezagun izatea (Apalauza 2012: 355).
[44] Salbea Ama Birjinaren omenezko errezua baita, eta Udabeko festak iraileko Ama Birjinaren patroitzapekoak baitira, dudarik ez dago gertakariak herriko festetan izan zirela. Juana Maria Aldatzen kontrako bertsoetan aipatzen den urri hori, beraz, iraila da.
[45] Da idatzi zen, eta gero ezabatu. Segur aski, 6. kopla kopiatzen hasi zen eskribaua, oker. Hitz honen aldaera hau bera, bestalde, dokumentaturik dugu eremuan (Apalauza 2012: 253).
[46] Hitz honetan, -ren bigarren trazu bertikalari ondoko -ren puntua jarri zaio, oker.
[47] Jatorrizkoan gazeza, segur aski. Badirudi -ren lehen trazuan <z>
[48] Adizki hau plurala da, baina itzultzaileak singularrean itzuli du, dama subjektutzat hartuta. Gure ustez, subjektua ez da dama. Beste batzuek, mutilek segur aski, dama topatu dute iturrian, piperropil eske.
[49] Itzultzaileak ez du pasartearen zentzua harrapatu. Nafarroako erdialde eta mendialdean bederen, ohitura zabaldua zen, festa eta dantza egunetan, neskek mutil-taldeei edo gustuko zuten mutilari plazan piperropilak ematea. Leku batzuetan, mutilek ere gustuko neskei banatzen zizkieten. Hemen, baina, badirudi neskak zuzenean eskatu dizkiela piperropilak mutilei (cf. 52. oin-oharra).
[50] Apalauzak (2012: 312) -s instrumentala bildu du Basaburuan.
[51] Gure ustez, hau zioten herriko mutikoek, plazan emakumeei gorte egiten zebiltzala.
[52] Bertso honen zentzua ez da gardena. Ematen du, kasu honetan, mutil batek hura atsegin zuela esanda, neskak berak eskatu eta zatitu zuela piperropila, mutilak berak eskaini aurretik (cf. 49. oin-oharra). Beste aukera bat da mutilari pluraltzat hartzea, eta zioten ‘zien’ dela pentsatzea (cf. Yrizar 1992). Edonola ere, neska ekimen handikoa izatea salatzen dute koplek.
[53] Esaldi hau galderatzat ere jo daiteke.
[54] Hitz honetan izkiriatzaileak duda egin du azken-aurreko karakterean
[55] Berriz ere, errimak salatzen du gainerako puntuak ere -ia ahoskatzen zirela, -ea idatzi bada ere.
[56] Erdarazko itzulpenari begira, ematen du gaizki-egin izentzat hartu behar dela hemen. Cf. OEH (s. v. gaizki egin ‘Ofensa, acción mala, falta, pecado’).
[57] Haatik, bederatzigarrena da. Azken bertsoan denera hamabi zirela esaten baitzaigu eta hemen ere hamabi baitira, ez dugu uste bertsorik falta den. Segur aski, bertso hau ez dago jatorrian zegokion hurrenkeran.
[58] Ohar bedi bertso honen duzu / dezu txandaketa. Errimak, ziur aski, dezuren alde egiten du, baina duzu da hango hizkeran espero duguna. Hemen dezu formaren prestigioa egon daiteke atzean, bertsoetarako erdialdeko formak hobetsiz, batez ere errimak hori errazten badu.
[59] Hitz hau irakurtzeko zailtasuna izan dugu. Agian «usu» ere irakur daiteke.
[60] Hemen, beste behin, lehen eta hirugarren lerroak batera doaz, baita bigarrena eta laugarrena ere.
[61] Hitz hau irakurgaitza da, eta itzulpena oinarri hartuta eman dugu horrela. Bestalde, erdal itzulpena ikusita, jatorrizkoan heldu den beguira gueigo asi horretan ez falta dela deritzogu, eta hala zuzendu dugu.
[62] Erriman dagoen -ea / -ia txandaketak salatzen du, beste behin, -ia ahoskatzen zutela, baina ez idatzi. Antonia hitzarekin errima egon dadin, honoria eta podoria behar genuke, obia dugun bezala.
[63] Hots, ‘baimena’. Cf. OEH (s. v. podore).
[64] Honek erakusten du bertsolariak idatziz ondu zituela bertsoak. Horrek ez du kentzen, jakina, jendeak buruz ikasi eta ahoz zabaltzean, aldaerak sortzea. Horren erakusgarri da lekuko bakoitzak ez zituela koplak berdin-berdin gogoan, eta badirela aldeak lekukotik lekukora.
[65] Zentzuari eta erdal itzulpenari begira, lerro honetan egokiagoa dirudi bigarren lekukoak emandakoa.
[66] Ez dago garbi zergatik aipatzen den Tolosa. Baliteke formula ihartu bat izatea, bertsoen anonimotasunaren adierazgarri, ala, benetan, Tolosako edo Tolosatik Udaberako bidean den herriren bateko bertsolari baten lana izatea.
[67] Bertso honetan dira / dire txandaketa dugu. Lehenak jira hitzarekin egiten du errima, eta bigarrenak biderekin. Ez ote dugu, berriz ere, jire eta dire ahoskatu behar bertsoak errima bakarra izan dezan?
[68] Nafarroako Errege Artxibo Nagusia (NEAN), Procesos, 343566, 1r.
[69] Juana Frantziska Markos Etxenike 1805eko apirilaren 24an jaio zen Donezteben. Aita Juan Bautista Gaztelukoa zuen, eta ama, Maria Frantziska Perotxena, Doneztebekoa (IEA, Bautizados Santesteban).
[70] NEAN, Procesos, 343566, 97r-97v.
[71] NEAN, Procesos, 343566, 101r-101v.
[72] NEAN, Procesos, 343566, 109r.
[73] NEAN, Procesos, 343566, 113v.
[74] Donezteben jaio zen 1801eko irailaren 2an. Aita, Pedro Jose, Gaztelukoa zuen; ama, Maria Teresa Beristain, Gipuzkoako Itziarkoa (IEA, Bautizados Santesteban).
[75] NEAN, Procesos, 343566, 28v.
[76] NEAN, Procesos, 343566, 29r.
[77] Kausa-errematea Errege Gorteko auzitegiaren lehen sententzia zen, inplikatuak galdekatu eta berehala ematen zena, defentsak lekukoak aurkeztu baino lehen. Kausa-erremateak aurrera egiteko, fiskalak eta akusatuak ontzat eman behar zuten. Batek edo bestek errefusatuz gero, epaiketak aurrera egiten zuen, defentsak aurkeztutako lekukoak galdekatuz, eta galdeketa berriak eginez. Horrek, jakina, epaiketaren kostuak erruz handitzen zituen.
[78] NEAN, Procesos, 343566, 30v.
[79] NEAN, Procesos, 343566, 30v.
[80] NEAN, Not. Lecumberri, Prot. Goyeneche (Atallu, 1818-04-18).
[81] IEA, Bautizados Santesteban.
[82] NEAN, Inventario de los escribanos de Lekunberri 1813-1830. 22973/5.
[83] NEAN, Procesos, 343566, 85r.
[84] Testuak «persona inteligente en la materia» dio.
[85] Manuel Indart legasarra zen. Errege Auzitegietako eskribau postua erosi zuen, baina 25 urte beteak behar ziren kargua hartu ahal izateko. Hala, 1829ko urriaren 10eko agiri batean adinaren eskakizuna barkatzeko eskatu zion erregeordeari, adin hori betetzeko hiru urte eta hamaika hilabete falta zituenean (NEAN, 085170). Hartara, 1826ko otsailean, bertsoak itzuli zituenean, 17 urte zituen.
[86] Guk dakigula, Doneztebe ez da sekula Bertizarana izan. Doneztebe Lerin delako ibarreko burua zen, zeinetatik Sunbilla eta Bertizarana XVII. mendean bereizi baitziren. 1845ean atera ziren, bestalde, Ituren, Zubieta, Elgorriaga, Gaztelu, Donamaria, Urrotz eta Oitz. Bertsoak egin zirenean, beraz, Doneztebeko ibarrekoak ziren oraindik (Fundación Caja Navarra s. d.).
[87] Erakusle hau erdialdeko euskararen lekukotasunetan kausitu dugu. Iztuetak ere hala darabil.
[88] Ongi erdialdeko hizkeretan ere lekukotzen da, eredu literarioan. Iztuetak, esaterako, frankotan darabil bere bertsoetan.
[89] Hots, ‘umorea’ (cf. OEH s. v. gaita).
[90] OEHk izan aditzaren ezan aldaera Gernikan, Bortzirietan, Azpeitian eta Ainhoan lekukotzen dela dio.
[91] Adizki hau Iztueta zaldibiarrak, esaterako, badarabil. Ohar bedi, halere, bertso hauetan bertan zuen ere badela.
[92] Azken lerro hau eta aurreko lerroko azken hitzeko <c>
[93] Forma hau Larramendiren eta Iztuetaren testuetan dokumentatzen da.
[94] Erdialdeko autore batzuek ere badarabilte forma hau, Larramendik edo Otxoa Arinek kasu. Beste behin, nasai ediren daiteke Iztuetaren lanetan.
PARTAGER