Lancé par Eusko Ikaskuntza, ce projet de recherche vise à ouvrir un espace de débat et de réflexion autour de la création de l'identité collective de la population basque au XXIe siècle. Cet article présente certaines des conclusions après les actions menées dans le cadre de l'étude.
Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu: euskal nortasunaren gizarte errepresentazioak
Basque identity(ies) in the 21st century: target 2050. Social representations of Basque identities
1. Sarrera
Gutxienez XVI. mendetik, euskaldunen jatorriari, izaerari eta etorkizunari buruzko jakinmina egon da, eta jakinmin horri erantzuteko ikerketa linguistikoak, etimologikoak, historikoak, onomastikoak, etnografikoak eta toponimikoak burutu dira. Adibidez, 1571an, Esteban Garibai Zamalloak XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España lana argitaratu zuen. Bilduma hura Espainiako lehen historia unibertsala dela esaten da, baina, egiatan, aitzindaria izan zen euskara ikertzen, eta baita euskararen balioa azpimarratzen ere[1]. Eta lan hartatik aurrera, belaunaldi bakoitzak, paradigma ideologiko, teoriko eta metodologiko desberdinetan oinarrituta, eta testuinguru sozial, ekonomiko edo politikoaren arabera, bere erara erantzun die euskal nortasunaren iraganari, orainari eta geroari buruzko jakinminari. Hots, belaunaldi bakoitzak euskal nortasuna aztertu du eta etorkizunean ere bizirauteko estrategiak eta proposamenak aurkeztu ditu[2].
Eusko Ikaskuntzak ere aspaldi erakutsi zuen gai honen inguruko ardura. 1928ko irailaren 12ko Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorrak Euskal Herriaren historia liburu bat egiteko lehiaketa antolatu zuen. Ikuspuntu historizista-kulturalean oinarrituta, liburuak Euskal Herriko historia aztertu behar zuen, baita euskal nortasunaren bilakaera ere. Aipatutako saria desierto deklaratu zen. Dena dela, liburu haren ideiatik abiatuta, Bernardo Estornes Lasak Historia del País Basko liburua argitaratu zuen 1933an. Liburu hartan, euskal nortasunari buruz ere hitz egiten zen[3].
70. eta 80. hamarkadetan, euskaldunen tradiziozko erakundeei eta erakunde horien oinarrian dauden balioei buruzko hainbat lan eta ikerketa argitaratu ziren. Horien artean, aipatzeko da 1978an, Euskaldunak. Euskal Etnia bildumaren lehen aleak argitaratu zirela[4].
80. hamarkadaren hasieran, identitate kolektiboaren kontzeptua hedatzen joan zen heinean, pertenentzia sentimenduaren inguruko ikerketak hasi ziren Euskal Herrian. Horrela, 1982an, José A. Garmendia, Francisco Parra Luna eta Alfonso Pérez Agotek Abertzales y Vascos liburua argitaratu zuten[5].
90. hamarkadan, euskal gizartearen balioen inguruko ikerketak hasi ziren. Besteak beste aipatzekoa da 1992an, Javier Elzoren zuzendaritzapean, Euskalherría en la encuesta europea de valores: ¿son los vascos diferentes? ikerketa argitaratu zela[6]. 90. hamarkadatik aurrera, ugariak izan dira euskal herritarren balioei buruzko ikerketak.
2006an, Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran Ikerketan euskal biztanleriak euskal kulturari eta euskal nortasunari buruz dituen pertzepzio, iritzi eta jarrerak aztertu zituen[7]. Ikerketa hark XXI. mendearen hasieran, euskal identitatea ezagutzeko kartografia kuantitatibo bat eskaintzen zuen, baita euskal nortasunaren etorkizunari buruzko lehen hurbilpen kualitatibo bat ere.
Globalizazioak (eta berari lotuta dauden mundu mailako migrazioek eta teknologian ematen ari diren aldaketek) indartu egin dute identitate kolektiboei buruzko ardura munduan zehar, eta, ondorioz, ugaritu egin dira talde-nortasunei buruzko gogoeta eta ikerketak. Izan ere, hainbat autoreren arabera, globalizazioarekin, eta hauekin batera hedatu diren teknologia berriekin, munduan hizkuntza, kultura eta herri-identitate gutxi batzuk gailenduko dira (hizkuntza eta kultura indartsuei loturiko herri-identitateak), eta horrek kohesio arazoak, alienazioa eta ongizatearen galera ekarriko ditu[8].
Euskal Herrian ere hainbat erakunde, aldizkari, pertsona eta elkarte daude arduratuta euskal nortasunaren egungo egoerarekin zein etorkizunarekin.
Testuinguru honetan, 2022an, Eusko Ikaskuntzak Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu ikerketa egitasmoa abiatu zuen.
Hain zuzen ere, ikerketa honen helburu nagusia da XXI. mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Ipar Euskal Herriko herritarren nortasun plural, kohesiogile eta inklusibo berrituaren eraikuntzarako oinarriak proposatzea.
Bigarren mailako helburuak dira euskal nortasun-elementuei eta izaerari buruzko diskurtsoak ezagutzea; euskal nortasuna bultzatzen, sortzen edo indartzen duten egungo eragileak identifikatzea; euskal nortasunaren aldaketa aztertzea; eta euskal nortasun kohesionatu bat eraikitzeko etorkizunera begira ditugun erronkak ezagutzea.
Helburu hauek guztiak lortzeko, euskal nortasunaren parte sentitzen direnen diskurtsoetan (euskal nortasunetik kanpo sentitzen direnak ez ditugu kontuan hartu[9]) euskal nortasunari buruzko gizarte errepresentazioak aztertu ditugu; hau da, euskal nortasunari buruz dituzten ezagutzak ikertu ditugu[10]. Gizarte errepresentazio (edo ezagutza) horien bidez, komunitate batetako gizakien arteko komunikazioak, hartu-emanak eta elkarrekintza ahalbidetzen dira; gizakiek inguratzen dituzten errealitate material, soziala zein ideala ulertzen edo/eta barneratzen dituzte; eta komunitate baten parte bihurtzen dira[11].
Ikerketa hau 2022an hasi zen eta 2024an bukatuko da. Hain zuzen ere, emaitzak 2024ko urriaren 2-tik 4-ra egingo den Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan aurkeztuko dira.
2. Ikerketaren metodologia, faseak eta teknikak
2.1. Metodologia: oinarritutako teoria
Euskal nortasunaren azterketa era askotako paradigma metodologikoen bidez burutu daiteke (Metodo Biografikoa, Metodo Fenomenologikoa, Metodo Etnografia, Oinarritutako Teoria edo Grounded Theory...). Euskal nortasunari buruzko ikerketa honek aipatutako metodo kualitatibo hauen guztien arrastoak ditu; baina, nagusiki, Oinarritutako Teoria edo Groundek Theory gizarte ikerketarako metodoan oinarritu da.
Oinarritutako Teoria metodoak kontzeptuak eta teoriak sortzea du helburu. Bildutako datuetan oinarrituta, eta metodo induktiboaren bidez, errealitate zehatz bati buruzko teoria sustantibo bat (ez teoria orokor bat) egin nahi du[12]. Hau da, garai eta toki zehatz batean gai bati buruzko ondorioak atera nahi ditu.
Ez dago metodologia hau aplikatzeko modu bakar bat. Glaser eta Strauss-ek, 1967an, The discovery of grounded theory: strategies for qualitative research liburua plazaratu zutenetik[13], metodologia honetan oinarrituta era askotako ikerketa-diseinuak egin dira.
Ikerketa honetan, Oinarritutako Teoria metodoa modu honetan aplikatu dugu:
- Informazioa biltzeko lau ikerketa-teknika kualitatibo erabili ditugu: sakoneko elkarrizketa, eztabaida taldea, Delphia eta narrazioen eduki azterketa.
- Lagina ez dugu aldez aurretik zehaztu eta osatu, baizik eta datuen bilketa aurrera joan den heinean osatzen joan da. Lagina osatzeko prozesuan kontuan izan ditugu informatzaileen jatorri geografikoa, generoa, adina eta hizkuntza.
- Ikerketarako erabili diren datuen bilketa eta azterketa aldi berean burutzen ari gara. Hots, aipatutako tekniken bidez datuak biltzen goazen heinean, hipotesi berriak ateratzen ditugu eta bildutako datuen baitan informazio hutsuneak non dauden ikusten dugu. Hipotesi eta hutsune horiek datu berriak biltzera eta aurretik lortutako informazioa kontrastatzera bultzatzen gaituzte.
- Bi eratako informazio iturriak erabili ditugu. Alde batetik, euskal nortasunari buruzko gizarte errepresentazioei buruzko informazioa euskal nortasun sentimendua duten pertsonengandik jaso dugu: herritar arruntengandik (jatorri geografiko, hizkuntza, genero eta adin desberdineko pertsonak), nortasun gaietan adituak direnengandik (irakasle eta ikerlariak), euskal nortasun-elementuen sortzaileengandik (kantariak, antzezleak, idazleak...) eta euskal nortasunari loturiko esparruetan ekintzaile direnengandik. Hauei guztiei, euskal nortasunaren izaerari, eragileei, aldaketari eta etorkizunari buruzko iritziak eskatu dizkiegu. Eta bestetik, EAE, Nafarroa eta Iparraldeko elkarte, enpresa eta erakundeen web orrietan euskal nortasuna nola agertzen den aztertu dugu.
- Sakoneko elkarrizketetan eta eztabaida taldeetan erabili diren gidoiak, baita narrazioetan eta Delphian erabili diren galdeketak edo eduki azterketak egiteko erabili diren kodifikazio liburuak galdera irekiak izan dituzte. Hau da, informatzaileen eta informazio iturrien erantzunak ahal den gutxien bideratzen saiatu gara; iturriei hitz egiteko edo/eta diskurtsoa sortzeko askatasun osoa utzi diegu.
- Ikerketa gidatu duten hipotesiak zein ikerketarako erabili diren prozedurak (elkarrizketen edo narrazioen kodifikaziorako erabili diren erregistro unitateak zein erregistro kategoriak, adibidez) ez dira aldez aurretik sortutako teoria batetik atera, bildutako datuetatik baizik; hots, informazioa metodo induktiboaren bidez lortu dugu. Gure nahia da bildutako datuetan oinarrituta, modu induktiboan, euskal nortasunari buruzko teoria sustantibo bat eraikitzea.
- Informazioa jasotzen joan garen heinean, azterketak egin, txostenak idatzi eta informatzaileei itzultzen joan gara. Horrekin, informatzaileei emandako laguntza eskertu nahi izan diegu, eta baita emandako informazioa ondo jaso dela ziurtatu ere. Itzultze horren hirugarren helburua, gure informatzaile guztiekin euskal nortasunaren ikerketaren komunitatea sortzea izan da. Komunitate hori osatzen duten kideak ikerketan zehar burutu ditugun kontraste ekimen eta saioetara gonbidatu ditugu.
2.2. Ikerketaren faseak
Ikerketa hau lau fasetan burutzen ari gara:
1. Fasea: Informazio biltze-fasea (2022ko martxoa-abendua): EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskal nortasuna nola bizi den aztertu dugu, hainbat pertsonei narrazioak eskatuta (130 narrazio eskatu ditugu eta 40 jaso ditugu) eta sakoneko elkarrizketak eginda (14 sakoneko elkarrizketa orain arte). Horrez gain, 76 web orri ere aztertu ditugu.
2. Fasea: Ikerketa, osaketa eta kontraste fasea (2023ko urtarrila-azaroa): biltze-fasean lortutako informazioa ikertu, osatu eta kontrastatu dugu: Delphi bat egin dugu narrazioak bidali zizkiguten pertsonekin, sakoneko elkarrizketa berriak egin ditugu, baita lau eztabaida talde ere 17 eta 25 urte bitarteko gazteekin. Fase honen bukaeran, informazioa kontrastatzeko eta etorkizuneko proposamenak lantzeko bi mintegi antolatu ditugu euskal nortasunaren gaiaren inguruan adituak diren edo/eta interesa dutenekin.
3. Fasea: Ikerketa-proiektuaren emaitzen kontrasterako fasea (2023ko abendua - 2024ko maiatza): aurreko fasean landutako etorkizuneko proposamenak kontrastatzeko lau pauso emango ditugu: bigarren Delphia egingo dugu prozesuan zehar parte hartu duten herritar guztiekin (Euskal Nortasuna(k) XXI. Mendera Begira: 2050 Helburu ikerketaren komunitatea osatzen dutenekin); eztabaida talde berriak egingo ditugu gazteekin udalerrietan, diasporan bizi direnen iritzia jasoko dugu eta landutako proposamenak nortasun gaietan adituak direnekin ere kontrastatuko dugu.
4. Fasea: Sozializazio fasea (2024ko urritik aurrera): Ikerketa-proiektuaren emaitzen gizarteratzea. Sozializazio fase honi lotuta, ikerketaren emaitzak Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan agertuko ditugu. Kongresu hau 2024ko urriaren 2-tik 4-ra ospatuko da.
2.3. IKERKETA TEKNIKAK
Aurretik esan bezala, euskal nortasunaren gizarte errepresentazioak ikusgune desberdinetatik aztertzeko helburuarekin, gizarte ikerketarako hurrengo teknika kualitatiboak erabiltzen ari gara:
- Narrazioen eduki azterketa: era desberdineko harremanak dituzten pertsonei (jatorri geografiko, hizkuntza, genero eta adin desberdineko pertsonei), euskal identitatearen inguruan, modu irekian, 3.000 karaktereko narrazioa egiteko eskatu diegu, euskal nortasunari buruzko gizarte errepresentazioak ezagutzeko. 130 narrazio eskaera egin ditugu eta guztira 40 jaso ditugu. Narrazio hauek guztiak eduki azterketa teknikaren bidez aztertu ditugu.
- Delphia, narrazioetatik lortutako informazioarekin: 40 narrazioetan bildutako informazioarekin emaitzen laburpen bat prestatu ostean, narrazioak idatzi zituztenei bidali diegu, zerbait gaineratu, zehaztu edo kendu nahi duten esanez. Horrekin bi helburu izan ditugu: batetik, emandako informazioa narratzaileei bueltatzea; eta bestetik, atera ziren emaitzak kontrastatzea eta osatzea.
- Web orrien eduki azterketa: azterketarako 439 web orriko zerrenda prestatu dugu. Hauek aukeratzeko bi irizpide nagusi erabili dira: batetik, eremu desberdineko web orriak izatea (etxea eta familia, hezkuntza, feminismoa, ingurumena, komunikabideak, teknologia berriak, aisialdia eta kirola…); eta, bestetik, Euskal Herriko lurralde guztiak eta diaspora (euskal nortasunarekin lotura duten Euskal Herritik kanpoko espazio geografikoak) ordezkatuta egotea. Web orrietan esaldien, ikurren, argazkien eta mapen eduki azterketa burutu dugu. Elkarte, enpresa eta erakundeei, euskal nortasunari buruzko iritzia, ezagutza edo/eta harremana zuzenean galdetu ordez, euren web orrietan euskal nortasuna nola agertzen den aztertu dugu. Hots, zer esaten duten aztertu ordez, zer egiten duten ikusi dugu. Artikulu honetan ez ditugu eduki azterketaren emaitzak modu agerian agertzen. Dena dela, aurkezten ditugun emaitzak eta ondorioak hobeto interpretatzen lagundu digute.
- Sakoneko elkarrizketak: profil eta izaera desberdineko 14 pertsona elkarrizketatu ditugu: nortasun gaietan adituak eta arituak direnak (antropologian, hezkuntza, komunikazioan, politikan edo soziologian adituak); euskal nortasunari buruzko gaietan erreferenteak direnak (euskalgintzan aktibistak direnak); euskal nortasuna ahalbidetzen, sortzen, gordetzen edo aldatzen duten esparruetan lanean ari direnak edo hauekin harremanetan daudenak. Ahots hauen identifikaziorako ere kontuan izan dugu: generoa, jatorri geografikoa eta adina.
- Gazteekin eztabaida taldeak udalerrietan: Gazteen ahotsa jasotzeko, 17 eta 25 urte bitarteko gazteekin lau eztabaida talde egin ditugu: Baionan, Leioan, Idiazabalen eta Gasteizen. Guztira 23 gaztek parte hartu dute eztabaida taldeetan. Lurralde guztietako diskurtsoak biltzeko, Nafarroan bostgarren eztabaida talde bat egingo dugu.
- Kontraste saioak (mintegiak eta kongresuak): 2023ko uztailaren 6an, ikerketa proiektuaren lehen emaitzak Euskal Soziologia Kongresuan kontrastatu genituen; eta ondoren, 2023ko irailaren 28an, ikerketa eta emaitzak 40 pertsonen aurrean aurkeztu genituen, on-lineko saio baten bidez. 2023ko urriaren 27an, euskal nortasunaren etorkizunari begirako proposamenei buruzko mintegi irekia antolatu genuen Donostian. Mintegi hartan, proiektuaren eta lehen emaitzen aurkezpena egin genuen, eta hiru eztabaida talderen bidez (bakoitzean 6-7 pertsona) etorkizuneko proposamen, estrategia, ekintza edo bide-orriaren lanketa egin genuen.
Gizarte ikerketarako teknika hauek guztiak aplikatu ostean jaso dugun informazioak osatzen du gure datuen bilduma. Esan bezala, datuen lagina ez dugu aldez aurretik zehaztu eta osatu, baizik eta etengabe osatzen joan da, ikerketaren beharrizanen arabera, atzera eta aurrerako prozesu baten baitan.
3. Euskal nortasunaren gizarte errepresentazioak: nortasun-elementuak, izaera, eragileak, aldaketa eta etorkizunari buruzko helburuak
Ikerketaren metodologia, faseak eta teknikak aurkeztuta, gure informatzaileen diskurtsoetan euskal nortasunaren elementuen, izaeraren, eragileen, aldaketaren eta etorkizunaren inguruan azaleratzen diren gizarte errepresentazioak aurkeztuko ditugu. Izan ere, eta aurrerago ikusiko dugun bezala, bost arlo hauen inguruko diskurtsoen azterketan (nortasunaren elementuak, izaera, eragileak, aldaketa eta etorkizuna) oinarritu da ikerketa.
Bost arlo hauen inguruan bildu dugun informazioa ordenatzeko, ideia batean oinarritu gara: gizarte errepresentazioak inguratzen gaituen errealitate material, sozial zein ideala ulertzen edo/eta barneratzen laguntzen duten ezagutzak dira[14]. Zehatzago esanda, abiapuntuko premisa da gizarte errepresentazioek berezitasun hauek dituztela[15]:
- Herri jakintzarekin, ezagutza espontaneoarekin, zen onarekin edo pentsamendu naturalarekin lotuta daude.
- Norbere esperientzietatik eraikitzen dira, baita sozializazio prozesuan parte hartzen duten hainbat eragileren eraginaren bidez.
- Gizarte errepresentazio batzuk oinarri erreala dute, baina beste batzuk estereotipoak, aurreiritziak edo klitxeak dira.
- Taldean eraikitzen eta partekatzen dira.
- Elkarrekin komunikatzea, harremanetan sartzea eta elkar eragitea ahalbidetzen dute.
- Besteekin komunitatean bizitzeko, kohesioa mantentzeko eta elkarrekintzan aritzeko ezagutza praktikoa ematen dute.
Gizarte errepresentazioen berezitasun hauek kontuan hartuta, ikerketaren norabidea zehaztu duten galdera batzuetan oinarritu gara: zeintzuk dira euskal nortasunaren gizarte errepresentazioak? Zeintzuk dira euskal nortasunaren inguruan adostasuna sortzen duten gizarte errepresentazioak? Eta desadostasuna sortzen dutenak?
Gure informatzaileentzat euskal nortasuna konstrukto konplexu eta abstraktua da; definitzen eta neurtzen zaila den errealitate, gizarte egitate edo/eta kontzeptua.
“Es ke esaten duzu ‘euskalduna’ eta beti etortzen zaizun irudia da pertsona zuri, herri ttiki batekoa eta euskara hitz egiten duena. Hori delako euskaldun baten estereotipoa. Baina errealitatea da jende asko dagoela, euskaraz egiten duena edo ez, eta kanpoko familia duena, edo hemengo familia duena... hemengo errealitateak asko dira. (...). Oso zaila da, oso konplexua. Nire ustez, oso zaila da euskal nortasuna definitzea, arlo asko daudelako. Liburu handi eta luze bat idatzi beharko zen definitzeko. Buff” (13. Sakoneko elkarrizketa).
Arestian esan bezala, euskal nortasuna operazionalizatzeko (aztertuko ditugun nortasunaren atalak zehazteko) eta bere inguruan dauden adostasunak eta desadostasunak ezagutzeko, gure informatzaileen diskurtsoetan agertzen diren bost eratako gizarte errepresentazioak aztertu ditugu: euskal nortasun-elementuei buruzko gizarte errepresentazioak, euskal nortasunaren izaerari buruzkoak, euskal nortasunaren eragileei buruzkoak, euskal nortasunaren aldaketari buruzkoak eta euskal nortasunaren etorkizuneko erronkei buruzkoak.
Ikerketaren helburu nagusia da euskal nortasun plural, kohesionatzaile eta inklusibo berrituaren eraikuntzarako oinarriak proposatzea. Dena dela, artikulu honetan ez dugu proposamenei buruz hitz egingo, baizik eta bost arlo horien azterketatik lortutako lehen ondorioei buruz. Proposamenak 2024ko Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan aurkeztuko ditugu.
Aldez aurretik esan nahi dugu, artikulu honetan, gure informatzaileen artean agerpen-maiztasun handiena duten gizarte errepresentazioetan jarri dugula fokua; hau da, adostasun eta desadostasun handienak sortzen dituzten gizarte errepresentazioetan.
3.1. Euskal nortasun-elementuei buruzko gizarte errepresentazioak
Komunitate baten nortasuna komunitate hori osatzen duen kideek partekatzen dituzten nortasun-elementu (ezaugarri, bereizgarri, berezitasun, adierazle edo osagai) objektiboen (kanpotik jasotzen ditugunak) eta subjektiboen (gure barnean garatzen ditugunak) bilduma bezala definitu daiteke.
3.1.1. Nortasun-elementu objektiboak
Nortasun-elementu objektiboak dira gizakiarengandik kanpo sortzen edo garatzen diren, gizakiak sozializazio prozesuaren bidez barneratzen dituen eta gizarte errepresentazioak osatzen dituzten ezaugarri, bereizgarri, berezitasun, adierazle edo osagaiak. Gure informatzaileek bost nortasun-elementu objektibo nagusi partekatzen dituzte: euskara, kultura, politika, ekonomia eta lanaren kudeaketa eredua, eta lurraldea.
EUSKARA
Gure informatzaileentzat euskal nortasunaren oinarrian nortasun linguistiko indartsua dago. Euskal nortasuna modu desberdinean definitzen dutenek ere euskara euskal nortasunaren erdigunean dagoela esaten dute. Euskara da euskal nortasunaren elementu, ezaugarri, bereizgarri, berezitasun, adierazle edo osagai nagusia edo zentrala.
“(...) euskal hizkuntza da euskal nortasunaren elementurik nagusiena. Hizkuntza da gure nortasuna, euskal herritar gisa, goitik behera zeharkatzen duen gauzarik inportanteena. Euskararen inguruan sortu den herria da gurea” (36. Narrazioa).
Adostasun handia dago euskararen zentralitatearen edo/eta garrantziaren inguruan. Dena dela, euskal nortasunean duen funtzioari buruzko ikuspuntu desberdinak agertzen dira.
Batzuk, euskal nortasuna euskara ezagutzearekin, hitz egitearekin edo euskaraz bizitzearekin lotzen dute. Hauen ustez, euskararik gabe ez dago euskal nortasunik. Are gehiago, hauetako batzuk euskaldunaren (euskaraz hitz egiten eta erabiltzen duenaren) eta “vasco/vasca/basque”-ren (euskaldun gisa definitzen den baina euskaraz hitz egiten ez dakienaren) artean bereizten dute. Hauen ustez, euskaldun hitzak berak dioen bezala, euskalduna euskaraduna da.
“(...) euskarak zedarritzen du euskal nortasuna, nire ustez. ‘Basque’ izateko molde asko daude, baina ‘euskaldun’ izateko bakarra. Eta hau da euskara ulertzea, mintzatzea edo ikasteko ahaleginak egitea” (6. Narrazioa).
Beste batzuentzat, aldiz, euskaraz ez dakitenek edo egunerokotasunean euskara erabiltzeko arazoak dituztenek ere euskal nortasunaren jabe dira, euskararekiko atxikimendua edo euskararen aldeko sentimendua erakusten badute; euskara erreferentea bada eurentzat. Talde honetako kideek garrantzia ematen diote euskarari, euskara zentrala da euskal nortasunean, baina euskal nortasuna izateko ez da, nahitaez, euskara jakin behar. Hauen diskurtsoetan, askotan aipatzen dira euskaraz ez jakinda ere, euren seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatzen dituztenen, euskararen alde lan egiten dutenen, euskararen aldeko jarrerak dituztenen eta baita euskaraz jakin gabe ikastolak sortu dituztenen kasuak. Hauek guztiek euskal nortasuna dute, nahiz eta ez dakiten euskaraz hitz egiten.
“Ni horrekin ez nago ados. Nik jarriko nuke, euskara hitz egitea baino gehiago ‘proteger el idioma’, en las decisiones que se toman a la hora de proteger idiomas, políticamente o socialemente, lo que se haga. Nire amak adibidez, bere amak bezala, ez du euskara hitz egiten, baina sartu gintuen, nire ahizpa eta ni D ereduko ikastola oso euskaldun batean. Eta gero ba, bozkatzeko orduan, partido politiko horren euskararen bisioa kontuan hartzen du, nahiz eta berak euskara bakarrik ulertu egiten duen eta ez duen hitz egiten, eta ulertu kili-kolo. Orduan, ez da hainbeste euskara hitz egitea edo euskara egunero hitz egitea edo esaten duzun lehenengo hitza euskara izatea, baizik eta euskara babesteko interes hori” (Eztabaida Taldea Gasteiz, 2023-06-06).
Hirugarren talde batek euskara euskal nortasun-elementu gisa ikusten du, baina euskal nortasuna ez du nahitaez euskararekin lotzen, ezta euskararen aldeko jarrerarekin ere; hots, hauen ustez, euskararen maila berean beste nortasun-elementu batzuk daude euskal nortasuna definitzen (garrantzitsuena, euren ustez, pertenentzia sentimendua edo euskal nortasuna izatearen sentimendua da). Hauen ustez, euskal nortasuna gaztelaniaz edo frantsesez ere bizi da. Hirugarren tipologia honetan kokatzen direnek askotan aipatu dituzte arrazoi desberdinengandik (frankismoa, arazo ekonomikoak, etorkinak izatea...) euskara ikasteko aukerarik izan ez dutenen kasuak. Euskararik gabe ere pertsona batek euskal nortasuna izan dezake, berak horrela sentitzen badu. Aipatzekoa da hirugarren diskurtso hau aurreko beste biak baino indar gutxiagorekin agertzen dela gure informatzaileen artean.
“Nik ulertzen det, egin zan saiakera erlazionatzeko euskaldun, o sea euskal nortasuna, euskerarekin; alegia, euskaldun egiten zaituena euskera da. Nik ulertzen det hori, diskurtso horrek egiten zielako oposizioa diskurtso esentzialistei, erlazionatzen dutenak, adibidez, euskal nortasuna edo odolarekin, edo jaioterriarekin, edo horrelako hainbat gauza esentzialekin, eta ez horrenbeste kulturalagoak diren gauzekin. Hori ulertuta ere, eta oso garrantzitsua izanik ideia hori eta bere funtzioa oso ondo egin zuela iritziz, bai iristen da momentu bat, behintzat neretzako, nire belaunaldiarentzako, nun arazo bat daukagun euskerarekin, alegia euskalduna definitzerakoan. Zergatik? Ezin delako XXI. mendean euskaldun deitu bakarrik euskera dakien horri. Zergatik? hor daude arrazoi desberdinak. Alde batetikan, gu ez gera alemanak, alemana egiteagatik. Eta hori oso ondo ulertzen dugu denok. Beraz zergatik euskera egiteagatik, euskalduna zera? Zer gertatzen da hor? Euskalduna euskaradunatik datorrela. Baina ez dago alemana esateko ezer euskeraz ez baldin baduzu esaten Euskal herritarra. Eta orduan horrek estrategikoki eta politikoki asko oztopatzen du. (...). Bagina edo alua edukitzeak ez zaitu emakume bilakatzen, beraz euskara edukitzea ere euskaldun ez zaitu bilakatzen. Askoz ere erlazionatuta dago egoera, praktika historiko, ekonomiko eta politikoekin. (...). Horregatik nik esaten det, euskal nortasuna, desde luego ez dizu euskarak ematen sinpleki, baizik eta momentu honetan, euskal nortasunak amankomunean duena da subalternitatea” (2. Sakoneko elkarrizketa).
“Nosotros somos vascos del País Vasco interior (Behe Nafarroari buruz ari da), que hemos perdido el euskara y el euskara no es un elemento fundamental en nuestra visión de la identidad vasca. La gente se siente vasca porque vive en el País Vasco interior, tiene un cierto modo de vida inconscientemente ligado a lo vasco, pero no al euskara, hay otras cosas” (1. Sakoneko elkarrizketa).
KULTURA
Euskararekin batera, kultura ere euskal nortasunaren elementu garrantzitsua da. Euskal nortasunaren baitan, mundua ikusteko modu propio bat garatu da, partekatzen den kultura bat sortu da. Euskal nortasuna nortasun kulturala ere bada.
“Actualmente la mayoría de la sociedad vasca considera que los elementos que constituyen la identidad vasca están muy relacionados con la cultura y la lengua. Es decir, las tradiciones, el legado histórico, el deporte y el euskara (12. narrazioa).
Gure informatzaileek bi eratako kultur adierazpenak aipatu dituzte: berbazko komunikazioan oinarritzen diren kultura adierazpenak eta ez-berbazko komunikazioan oinarritzen diren kultur adierazpenak.
Euskal nortasunaren oinarrian berbazko komunikazioan oinarritzen diren zazpi kultur adierazpen aipatu dituzte: bertsolaritza, kantagintza, idatzizko zein ahozko literatura, antzerkigintza, zinea, komunikabideak, sare sozialak eta Internet.
Berbazko komunikazioan oinarritzen diren kultur adierazpenen inguruan, euskararen inguruan ikusi dugun eztabaida bera agertzen da: batzuen ustez, euskal nortasunaren oinarrian dagoen kultura euskaraz egiten den kultura da. Hauen ustez, Euskal Herrian egiten den erdarazko kantagintza, literatura, antzerkia, zinea, kazetaritza eta komunikazioa ez dira euskal nortasuna.
“Berrian nengoenean, Garakoekin izaten nizkian. “Gu ere bagara euskal” –esaten zidaten–, “baina ez zarete euskaldunak. Ez duzue euskaraz egiten, beraz niretzat ez zarete euskaldunak. Egin nahi duzuen buila guztia, baina ez duzue euskaraz egiten, ez zarete euskaldunak. Niretzako zarete “un periodico vasco”, eta ez zarete euskal egunkari bat” (3. Sakoneko elkarrizketa).
Beste batzuentzat, aldiz, euskara erabiltzen ez duten kultur adierazpenak (literatura, kantagintza, zinea...) euskal kultura izan daitezke, beti ere euskararen eta euskal kulturaren normalizazioan laguntzen badute.
“(...) kultur adierazpide horrek EUSKAL izatea nahi badu, euskararen normalizazioan lagundu behar du, Ibai Iztuetak bere Euskal kultura vs. Cultura vasca liburuan azaltzen duen moduan” (7. Narrazioa).
Hirugarren talde batentzat, euskal nortasunaren oinarrian erdaraz egiten den kultura ere badago. Euskal nortasuna dutenek hainbat hizkuntza (euskara, gaztelania, frantsesa eta baita etorkinen hizkuntzak ere) erabiltzen dituzte euren sormena, zalantzak, ideiak eta proposamenak agertzeko, eta guztiak dira euskal kultura.
“Yo asocio lo vasco a todo lo anterior; también a todo tipo de manifestaciones culturales, expresadas en las dos lenguas -euskera y castellano- que vienen siendo vehículo para comunicar la creatividad, las inquietudes, las ideas y las propuestas que surgen de las gentes de la tierra y de la diáspora” (18. narrazioa).
Berbazko komunikazioan oinarritzen diren kultur adierazpenen alboan, ez-berbazko komunikazioan oinarritzen diren adierazpenak aipatzen dira: gastronomia, musika, dantza, artea, praktika kolektiboak (euskararen, euskarazko irakaskuntzaren eta euskal kulturaren aldeko ekimenak, jaiak, auzolanari loturiko ekimenak, kuadrilla, elkarteak, poteoa, tabernak eta gai soziopolitikoei loturiko praktika kolektiboak), ohitura zaharrak, balioak, paisaia, kirola, ikurrak, historia, hirigintza eta arkitektura eta jantziak.
Oro har, adostasun handia dago ez-berbazko komunikazioan oinarritzen diren kultur adierazpenek euskal nortasunean duten garrantziaren eta funtzioaren inguruan. Izan ere, hizkuntzan oinarritzen ez direnez, elkartzeko gaitasun handia dute; euskaraz dakitenak eta ez dakitenak elkartzen dituzte, eta komunitatearen zentzua eta pertenentzia sentimendua ematen dute. Herritarrak euskal nortasunera erakartzeko ere balio dute.
“(...) nire sustraiak ez daude Euskal Herrian. (...) Nik ez daukat euskal nortasuna familiarengatik; niri euskal nortasuna, batez ere, musikatik heldu zait. Musikaren bidez Euskal Herriaren egoera edo izan duen egoera aztertu dut; musikaren bitartez, euskaldunagoa sentitzen naiz” (Eztabaida Taldea Leioa, 2023-06-29).
Hala ere, badira diotenak euskaraz egiten den kultura alboratu eta euskal nortasuna ez-berbazko komunikazioan oinarritzen diren kultur adierazpenetan gehiegi oinarritzeak euskal nortasunaren folklorizazioa ekartzen duela. Euskal nortasuna bereziki gastronomiarekin, tradiziozko dantzarekin, kirolarekin (herri-kirolekin eta futbolarekin) eta ikur zehatz batzuekin (ikurrina eta lauburua) gehiegi lotzearen ondorioz, euskal nortasunaren azaleko irudi desitxuratua ematen da; euskal nortasuna edukirik gabeko postal bat bihurtzen du; eta “vascotasuna” indartzen du, hau da, euskararik gabeko euskal nortasuna.
“Neretzat euskara da, oroz gainetik, euskara. Euskararik gabe ez dago euskal nortasunik. Euskararik gabe postal bat izango da iraungo duena. Euskara desagertzen bada, gure iruditeria… Begira, Ipar Euskal Herrian euskara ia desagertuta dago, Lapurdin bereziki: baina etxe gehienek, eraikitzen diren bizitoki handi gehienek, euskal izen bat dute. Seguraski eraikitzaileek berek ez dakite ia zer erran nahi duen izen horrek, baina gaur egun ez dute egingo bizileku bat, hiru solairutakoa, izen frantses bat duenik. ‘Hendaiako arbola’, jarriko dute, adibidez. Erran nahi dut ikur horiek, dantzariaren ikurra eta horiek, geldituko dira eta gastronomia geldituko da. Baina horrek ez gaitu… frantses bizitzeko baldin bada edo espainol bizitzeko baldin bada, hori ez da euskal nortasuna. Euskararik gabe... euskarak du, euskarak dakar dena. (...). Iparraldean oso ohikoa da euskal herri kirolak erakustea, eta hori da gure erakusleiho bakarra, turistei erakusten dieguna. Oso azalekoa da” (4. Sakoneko elkarrizketa).
Ez-berbazko kultur adierazpenen artean garrantzi berezia dute balioek. Hau da, gauzen ontasunaz edo txartasunaz ohartarazten duten printzipio, bertute edo kualitateek; egunerokotasunean kokatzeko eta jokatzeko moduetan eragiten dutenak.
“Euskal kultura askotan pentsatzen dugu dantzak, bertsolaritza, herri kirolak eta jantziak edo horrelakoak direla. Nik uste det gutxienez honek bezain beste garrantzia ere baduela, nola esan, gure etxeetan, gure gurasoek eta delakoek eskaini dizkiguten balioak. Eta zentzu horretan, baita gauzak egiteko moduak, ulertzeko moduak, etab.” (Eztabaida Taldea Gasteiz, 23-06-06).
Gure informatzaileek era askotako balioak aipatu dituzte, baina sei dira adostasun handiena sortzen dutenak: tradizioa; komunitatea, elkartasuna, modernitatea; inkonformismoa, erresistentziarako joera edo/eta aldarrikapenerako edo borrokarako grina; eta parte hartzea.
- Tradizioa: gure nortasuna tradizioak, sustraiek, aurreko belaunaldien irakatsiek edo antzinako ohiturek elikatzen dute, eta, beraz, balio garrantzitsuak dira.
“Ikusten dut, urrutirago jun gabe, Espainiako beste puntu batzutan ez dutela hainbeste zaintzen kultura. O sea kultura, gure aiton-amonen jatorrie edo jaiek eitteko modue mantentze hori. Noski leku guztietan ez dala hala, baina guk heldu eitten diogu horri. (...) eboluzionatzen ari gara baina beti ere gure sustraiei helduta. Eta azkenen gure mitologia, dantza, bertsolaritza… gure sustraiek dire eta hori danak euskaldun egiten gaitu” (Eztabaida Taldea Idiazabal, 2023-07-12).
Tradizioari lotuta, beste hiru balio agertzen dira indartsu:
- Lanarekiko konpromisoa, lanerako ekimen tinkoa edo lan serioa.
- Konfiantzazkoak, leialak edo/eta hitza errespetatzea.
- Elkarlana eta auzolana (bi balio hauei lotuta kooperatibismoaren balioak aipatzen dira).
“Beharbada, hein batean, estereotipoak dirudite, baina sinetsita nago euskal nortasuna identifikatzen jarraitzen duten ezaugarriak izaten jarraitzen dutela leialtasuna, lanerako ekimen tinkoa eta konfiantzazko nortasuna” (8. Narrazioa).
- Komunitatea: euskal nortasuna dutenek barneratua dute komunitate bateko kideak direla.
“(Euskal nortasunaren balioak): kolektibotasuna (talde baten parte izatea), elkartasuna, naturarekiko sentsibilitatea, berdintasuna, inkonformismo-puntu bat, lan-esparrua antolatzeko modua (kooperatibismoa), lanarekiko konpromisoa...” (2. Narrazioa).
- Elkartasuna: gure informatzaile gehienen arabera, besteekiko (euskal nortasuna dutenekiko zein ez dutenekiko) elkartasuna edo ardura euskal nortasunaren balio garrantzitsua da.
“(...), nik uste dut elkartasuna bai dela elementu inportante bat. Izan ere, egia da Euskal Herria bai dela herri eskuzabal bat. Enpatizatzen dugu, elkartasun mugimenduak sortzen dira. Seguraski beste herrialdetan elkartasuna badagoela. Ez dut errango gu garela munduko solidarioenak eta solidaritaterik ez dagoela beste tokitan, dudarik gabe. Baina bai badagoela herri mugimendu asko elkartasuna bultzatzen dutenak. Beharbada, badator familiatik jasotako balore horietatik. Badator herri zapaldua denekiko enpatiagatik, ez dakit. Baina uste dut orokorrean kultura eskuzabala garela. Askotan kanpotik errango digute itxiak garela. Itxiaren itxura dugu. Lehen kontaktuan beharbada ez gara errazak, baina uste dut sakonean euskaldunak pertsona irekiak garela. Behin atea irekiz gero, sartzen garela” (4. Sakoneko elkarrizketa).
- Modernitatea: tradizioarekin batera, balioan jartzen da modernitatea. Gure informatzaile gehienen arabera, tradiziozko balio horiek berriztatu, modernizatu edo eguneratu egin behar dira.
Euskal tradizioko balioek, beraz, izaera dinamikoa dute, jakin izan dugulako transmititzen, ulertzen, eta berritzen. (...). Egiatan, horixe izan da euskal izanbidea, alegia, balioak transmititzea, ulertzea eta berritzea. (...) euskal nortasuna izateko modu bati dago lotua. (...); balioen izaera, zentzua eta helburua ulertu ditugun heinean, haiek berritzen, eguneratzen eta gaurkotzen saiatu izan gara (4. Narrazioa).
- Inkonformismoa, erresistentziarako joera edo/eta aldarrikapenerako edo borrokarako grina: euskal nortasuna borrokan, aldarrikapenean, erresistentzian... eraiki da. Borrokarako grin hori balioesten da.
“(...), herri honek historian zehar eta gaur egun erresistentziarako indarra eta gaitasuna izan duen herria dela azpimarratuko nuke. Erresistentziaren eta borrokaren ezaugarriak ezinbertzekoak dira euskal nortasunaz mintzo garenean” (36. Narrazioa).
- Parte hartzea: euskal nortasuna modu aktiboan bizitza sozialean, politikoan, kulturalean edo ekonomikoan parte hartuz eraikitzen da.
“(...) la gente de fuera que viene tiene bastante facilidad de adherirles a la identidad vasca. Porque cuando vienes de zonas de Francia, donde la gente está muy individualizada, donde se han perdido las costumbres antiguas de fiesta colectiva, de solidaridad entre vecinos etc. y vienes a algo como el Pais Vasco, donde tienes esas comidas populares, lo de las peñas muy fuerte, (…), la fiesta y el tipo de fiesta, pero también facilidades de construir redes de solidaridad, de auzolan, aquí los AMAP[16], -todos esos circuitos entre laboral y consumidores- muchísimas cosas como esas. (...) Y pienso además en algo como Bizi![17] Que es una puerta de entrada situada entre el movimiento abertzale (bueno en el sentido amplio de todo lo que produce el movimiento abertzale en Iparralde: Herri Urrats, un cierto circuito en las fiestas de Baiona, Nafarroaren eguna, etc) y la gente que no tiene ningún lazo con el movimiento abertzale, pero que también a veces se siente fuera del País Vasco. (...). Esa gente cuando pasa por este puente de Bizi!, poco a poco, está en contacto con Herri Urrats, con tal cosa, participa en la Korrika, etc. Y entonces, poco a poco además del proyecto político de geolocalización, de metamorfosis ecológica del País Vasco, […] ese movimiento es una puerta de entrada muy práctica a prácticas comunitarias, diría yo, que hace que descubran que hay otro mundo que hace fiesta de una cierta manera, que tiene ciertos circuitos de intercambios de comida, de tal cosa, etc. y que es otro mundo y entran poco a poco a ese mundo. Y eso, poco a poco, les hace sentirse vascos y muchas veces empiezan a aprender euskara en AEK, etc. etc.” (1. Sakoneko elkarrizketa).
POLITIKA
Gure informatzaile gehienentzat euskal nortasuna hautu edo kontzientzia politikoarekin lotzen da. Euskal nortasuna nortasun politikoa da. Era batera edo bestera, euskal nortasuna era honetako kontzeptuekin lotzen da:
- Hautu edo kontzientzia politikoarekin
- Karga politikoarekin
- Aldarrikapen eta borroka politikoarekin
- Abertzaletasunarekin
- Nazioa izatearen ideiarekin edo kontzientzia nazionalarekin
- Aberriaren ideia politikoarekin
- Foruekin
- Askatasun nahiarekin
- Herri izatearen ideiarekin
- Euskal nortasuna eta euskara arriskuan egotearen kontzientziarekin
“Euskal nortasuna nik, pertsonalki, biziki lotzen dut, izan hein handi batean edo ttipian, politikari. Guttituak gara, beraz politikoa da. Eta hortik da kontziente izatearena. Badugu egoera berezi bat. Eta badira gure inguruan euskaldunak direnak hizkuntza gabe ere; eta suposatzen dut kontzientziaren aspektu horrek duela nortasuna osatzen; nahiz eta hizkuntza ezinbestekoa den” (Eztabaida Taldea Baiona, 2023-09-06.)
Oro har, osagai edo eragin politiko hori euskal nortasunaren ezaugarri positibotzat hartzen da. Euskal nortasunaren bultzatzaile izan da eta da kontzientzia politiko hori. Hala ere, badira pentsatzen dutenak politikak kalte egin diola eta egiten diola euskal nortasunari. Politikak euskal nortasun-elementu asko, bereziki euskara, instrumentalizatu ditu, eta horrek pertsona asko urrundu ditu euskaratik eta euskal nortasunetik.
“Oso banandua ikusten dut euskaldunen mundua, eta hori hizkuntzak berak zehazten duela uste dut. Ez diot, horregatik, euskarari leporatu nahi gure banaketa, baina bai, hain zuzen, politikak egindako hizkuntzaren instrumentalizazioari” (37. Narrazioa).
Beste batzuen ustez, despolitizazioak kalte egin dio euskal nortasunari.
“Uste dut hizkuntza despolizatu dala, guztiz. Pentsatu genuela bere momentuan hori estrategia ona izan zitekeela eta ez dut uste holan denik. Despolitizatu, ulertu ondo, ez dauke zer ikusirik ez alderdi politikoakaz, politika maiuskulaz nabil. Politizatzea hizkuntza horrek zer dakarren atzean, ez da bakarrik hautu bat ondoriorik ez dekona baizik eta bere ondorio sozialak eta ondorio politikoak ditu hautu horrek. Klaro, karga hori kentzen badetsazu, ondoriorik ez badago, errazena erdara egitea da, erdarak adostasun handiagoa daukalako, askoz aukera gehiago dekoz eta ez deu problemarik emoten. Euskaraz hitz egiteak beti arazoak sortzen ditu eta egon behar zara beti hor borrokan. Orduan, nik uste dut momentu honetan izango litzatekeela gakoa, berreskuratzea benetan dekon zama edo karga politiko eta soziala, ze hizkuntza ez da holan hautu aske bat” (11. Sakoneko elkarrizketa).
EKONOMIA ETA LANAREN KUDEAKETA EREDUA
Gure informatzailetako batzuentzat, ekonomia eta lan mundua antolatzeko eta kudeatzeko modu berezi bat egon da eta dago EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian: ekintzailetza, auzolana, taldean lan egiteko joera, kooperatibak edo Mondragon taldea euskal nortasunaren emaitza edo/eta adierazle dira. Gure informatzaileetako batzuk eredu sozio-ekonomiko berezi bati buruz hitz egiten dute.
“Gizarte Komunalaren zentzua oso barneratukik daukana eta isladatzen dela gauza askotan: auzolanetan, kooperatibetan, elkartetan, herri antolakuntzetan, elkartasunerako joeran…” (34. Narrazioa).
“Ba enpresa mailan, nik esango nuke kooperatibak. Mondragon da euskal nortasunaren erreferente garbia, eta gainera mundu mailan” (6. Sakoneko elkarrizketa).
LURRALDEA
Hizkuntza, kultura, politika eta ekonomia eta lanaren kudeaketa ereduarekin batera, euskal lurraldea ere euskal nortasun-elementu garrantzitsua da. Gure informatzaile gehienek euskal nortasunaren oinarrian euskal lurraldearekiko atxikimendua, lotura edo identifikazioa dagoela esaten dute. Euskal nortasuna lurralde nortasuna da.
“(...) lurraldeari dugun atxikimenduak ere osatzen baitu gure nortasuna” (9. narrazioa).
Dena dela, euskal lurraldeari buruzko definizio desberdinak daude: informatzaile gehienek zazpi lurraldez osatutako euskal lurraldeari lotuta ikusten dute euskal nortasuna, baina badira EAE, Nafarroa eta Iparraldeari buruz hitz egiten dutenak ere.
“(...) Identitate desberdinak daude lurralde osoan, baina guztiak ez dira ‘euskal’. Nafarroako identitatea herritar guztien artean existitzen dela uste dut (Baztango batek, Iruñeko batek eta Tuterako batek nafarrak direla esango dute); Euskadiko (EAE) identitatea ere bai; eta Iparraldeko (Pays Basque) identitatea ere ulertzen dut badagoela (Iparraldean aditua izan gabe). (...) ‘Euskal’ identitatea sentitzen duten herritarrak Euskal Herriko multzo handi bat dira, baina ez guztiak” (26. narrazioa).
3.1.2. Nortasun-elementu subjektiboak edo sentimenduak
Nortasun-elementu objektiboen alboan, nortasun-elementu subjektiboak azaleratzen dira; hau da, nortasun horrekiko pertsona bakoitzak garatzen dituen sentimenduak. Zentzu horretan, euskal nortasuna nortasun subjektibo edo sentimentala da. Sentimendu horiek bizitzan izandako esperientzien arabera sortzen eta garatzen dira, eta positiboak edo negatiboak izan daitezke.
Gure informatzaileen artean, sentimendu batzuk modu positiboan bizi dira, hau da, ongizatea edo sentsazio atseginak sortzen dituzte. Honako hauek dira euskal nortasunari loturiko sentimendu positibo aipatuenak:
- Pertenentzia sentimendua.
- Desberdinak, bakarrak, ezaugarri propioak... izatearen sentimendua.
- Aberastasun bat izatearen sentimendua.
- Harrotasunaren sentimendu.
- Erresilienteak izatearen sentimendua.
Beste sentimendu batzuk sentsazio ezkorrak edo negatiboak sortzen dituzte. Euskal nortasunari loturiko sentimendu negatibo aipatuenak honako hauek dira:
- Gutxituta, zapalduta, garaituta, asimilatuta, okupatua, subalternitatean edo/eta preso egotearen sentimendua.
- Galduta, noraezean eta bertigoarekin egotearen sentimendua.
- Txikiegiak izatearen sentimendua.
- Sufrimenduaren edo tentsioaren sentimendua.
- Zatituak egotearen sentimendua.
- Erreferentziarik, estrategiarik, memoria historikorik eta kontzientziarik gabe egotearen sentimendua; balioak galduta eta zahartuta. Gainera, toki batzuetan irudi txarra dauka.
Euskal nortasunaren oinarrian agertzen den sentimendu positibo indartsuena pertenentzia sentimendua da, euskaldun izatearen kontzientzia edo euskal nortasunarekiko lotura subjektiboa edo boluntarista. Dena dela, ez dago pertenentzia sentimendu hori bizitzeko, ulertzeko edo sentitzeko modu bakar bat.
Gure informatzaileetako batzuk soilik euskal nortasuna dutela esaten dute, soilik euskaldunak direla azpimarratzen dute.
“Neretzat zer da euskaldun izatea? Esklusiboki euskalduna izatea, (...). Euskalduna naizelako ez naiz frantsesa, eta ez naiz espainola, norbait frantsesa izanik, alemana ez den bezala” (4. Sakoneko elkarrizketa).
Beste batzuk euskal nortasun hibridoa dute; hots, nortasun partekatua edo bikoitza dute: euskaldun eta espainiar, euskaldun eta frantziar, nafar eta espainiar, euskaldun eta ginear...
“Yo aprendí en casa que éramos navarros, unos navarros de cultura, tradiciones y costumbres ligados al mundo vasco que, sin embargo, no sentíamos ninguna contradicción por definirnos también como españoles” (18. Narrazioa).
“(...) Gasteizen niri norbaitek galdetzen badit nongoa naizen, normalean nire erantzuna ez da izaten euskalduna naizela. Niri ez didate galdetzen ea euskalduna naizen. Kontestu zehatz batzuetan aurkezten dut neure burua euskalduntzat eta besteetan Ginea ekuatorial esaten dut” (Gasteizko Eztabaida Taldea, 2023-06-06).
Bi tipologia hauetan (soilik euskaldunak eta euskaldun hibridoak) kokatzen diren gehienek, maila handiago edo txikiagoan, euskal nortasunarekiko pertenentzia sentimendua arrazoi afektibo-sentimentaletan oinarritzen dute. Hau da, afektibitatean edo/eta sentimendu positiboetan oinarritutako harremana edo lotura dute euskararekin, euskal kulturarekin, politikarekin edo euskal lurraldearekin.
Gure informatzaileen artean ez da agertu, baina gure informatzaileak kontziente dira euskal nortasunarekin lotzen den hirugarren tipologia bat ere badagoela. Hau da, gure informatzaileek diotenez, Euskal Herrian badira euskal nortasuna dutela esaten dutenak, baina, era berean, euskal nortasun-elementuekiko atxikimendu afektiborik ez dutenak edo/eta euskal nortasunaren berezitasunekin identifikatzen ez direnak. Gure informatzaileen arabera, era honetako pertsonek euskal nortasuna EAEn, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian jaiotzearekin, lan egitearekin edo bizitzearekin lotzen dute. Nortasun zibiko-administratiboa dute.
“(...) baina gure bizilagunak izan arren, euskal kontzientzia edo sentimendua errefuxatzen dute, edo oso bazterreko ezaugarritzat (izendatze administratibo mota) jotzen dute. Halakoentzat, euskal izaera kontrajartzen zaio beren egiten duten espainiar/frantziar sentimenduari” (15. Narrazioa).
Ikerketan honetan ez ditugu aztertu, baina gure informatzaileek behin eta berriz esaten dute EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskal nortasuna ez dutenak ere badirela; hots, espainiar, frantziar, nafartar, ipar euskal herritar edo beste zerbait sentitzen direnak. Are gehiago, badira euskal nortasunaren aurka daudenak, euskal nortasunari uko egiten diotenak edo euskal nortasuna errezeloz ikusten dutenak.
3.2. Euskal nortasunaren izaerari buruzko gizarte errepresentazioak
Euskal nortasunaren oinarrian dauden nortasun-elementu garrantzitsuenei buruzko gizarte errepresentazioak ezagutu ostean, euskal nortasunaren izaerari buruzko gizarte errepresentazioak ezagutuko ditugu; hau da, gure informatzaileek euskal nortasuna nola ulertzen, definitzen edo ikusten den aztertuko dugu. Izan ere, komunitate baten nortasuna komunitate hori osatzen duen kideek partekatzen dituzten nortasuna ulertzeko moduen, nortasunari buruzko ideien edo/eta definizioen bilduma bezala ere definitu daiteke. Gure informatzaileen artean, zortzi dira euskal nortasunaren izaera definitzerakoan gehiena errepikatzen diren ideia, definizio edo ulerkerak:
- Indibiduala eta, era berean, kolektiboa da: Euskal nortasuna sentimendu subjektiboa da, norberak eraikitzen duena, baina nortasun kolektibo bati, komunitate bati, talde bati edo sentimendu orokor bati atxikitzen edo lotzen zaiona. Euskal nortasuna sozialki eraikitako eta partekatutako ezagutza da, eta euskal nortasunaren subjektua subjektu kolektiboa da.
“Asko laburbilduz, (euskal nortasuna) euskaran, gutxieneko kodigo moral batzuetan, eta hainbat izateko modutan oinarritzen den kidetasuna kolektiboa da” (16. Narrazioa).
Ikerketan parte hartu duten informatzaile gehienentzat euskal nortasuna indibiduala eta, era berean, kolektiboa da. Dena dela, euskal nortasuna soilik modu indibidualistan bizi dutenak ere badira; hau da, hainbat dira euskal nortasuna modu pertsonalean definitzen den zerbait bezala ikusten dutenak.
“Bakoitza izan dadila nahi eta behar duen euskalduna, bere neurrira eta mugarik gabe“ (37. Narrazioa).
- Tradizionala eta, era berean, modernoa da: Arestian esan bezala, tradizioak, aurreko belaunaldien irakatsiak, antzinako ohiturak edo historia erreferente garrantzitsuak dira euskal nortasunarekin bat egiten dutenentzat. Baina horrekin batera, euskal nortasuna modernoa dela esaten da. Euskal nortasunak modernizatzen jakin izan du.
“Oro har, euskal nortasuna ez da monolito bat, zerbait bizia baizik. Baditu bere tradizioak (hots, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan diren balioak, jakintzak, kultur adierazpenak), tradizio horiek aldaketak izan dituzte denboran zehar, eta aldatzen jarraituko dute” (39. Narrazioa).
- Mundura irekia dago: Euskal nortasuna ez da egon eta ez dago isolatuta. Europako, mendebaldeko edo mundu globaleko parte da, mundura irekita dagoen nortasuna da, eta inguruko kulturen, hizkuntzen eta nortasunen eragina jasan du.
“Baina gauzak egiteko modua ez da guretik soilik sortu, beste kultura eta hizkuntza batzuekin izandako elkartrukeak ekarri duen hartu-emanetik eraiki izan da. Ingurua, eta garaian garaiko kultura eta hizkuntzak, osatzen joan dira egun ezagutzen dugun euskal nortasuna” (19. Narrazioa).
- Heterogeneoa da: Aurretik ikusi bezala, euskal nortasuna izateko modu bakarra dagoela diote batzuk: euskal nortasuna euskararen ezagutzarekin eta erabilerarekin loturik dago. Hauetako batzuentzat gauza bat da “euskalduna” izatea eta beste bat “vasco” edo “basque” izatea. Dena dela, gehienentzat euskal nortasuna ulertzeko, definitzeko edo pentsatzeko modu asko bizi dira elkarren alboan EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Eta hori horrela da, bizitzeko modu desberdinak daudelako (batez ere Euskal Herriko Iparraldean eta Hegoan); euskararekiko eta euskal kulturarekiko harreman mota desberdinak daudelako; eta kanpoko nortasun, hizkuntza eta kulturen eragina dagoelako. Beraz, euskal nortasuna ezin da klitxeen, estereotipoen edo ikur zehatz batzuen bidez definitu, ezta modu monolitikoan deskribatu ere.
“Hay muchas maneras de ser vasco, vivimos en una sociedad muy dinámica y además con globalización y con muchos temas. Entonces cada uno desarrolla su nortasun euskalduna de manera diferente. Y yo creo que hay que reconocer esa aniztasuna que hay. Creo que es imposible definir la nortasun euskalduna sin reconocer la aniztasuna que hay hoy en día” (Eztabaida Taldea Gasteiz, 2023-06-06).
- Gatazkari edo tentsioari loturik dago: Euskal nortasunaren oinarrian adostasun ugari daude. Partekatzen diren nortasun-elementuak, nortasunari buruzko ideia, definizio eta ulerkerak eta etorkizuneko helburuak daude, baina gatazka edo/eta tentsioa ere euskal nortasunari lotuta agertzen dira. Euskal nortasuna bizirauteko borrokan, aldarrikapenean, erresistentzian edo konfrontazioan eraiki da. Eta tentsio edo gatazka sentsazio hori ez da soilik inguruko nortasunekiko harremanetan nabaritzen, euskal nortasuna heterogeneoa izanda, bere baitan tentsioak, minak, zatiketak edo gatazka daudela ere esaten da. Gure informatzaileetako askok “nortasun tentsioarekin” bizi direla aipatzen dute; hau da, euskal nortasunaren arabera bizitzeak (euskaraz hitz egiteko zailtasunak, euskal nortasuna bizitzeko zailtasunak, zatiketak, estereotipoak, ...) sortzen dien tentsioari buruz hitz egiten dute.
“Nafarroako hainbat sektoretan euskalduntasunaren eta euskararen existitzeko eskubidea kolokan jartzen da; EAE-n hor jaio izatearekin bakarrik lotzen dute batzuek euskalduntasuna (euskara eta kulturari uko egiten); Iparraldean euskaldun/abertzaleak gaizki ikusita/tratatuta daude hainbat tokitan, kostaldean gehienbat” (25. Narrazioa).
“Ez nuen esan nahi euskara hitz egin behar dela euskaldun edo euskal herritarra izateko, baizik eta euskararekin erlazio hori izatea dela ezinbesteko zati bat edo guztiok konpartitzen dugun zerbait. Eta gainera, zentzu horretan bazegoen esaldi bat hor esaten zuena ‘euskalduna dela euskaraz egiten duena eta punto’ iruditzen zait horrek, gainera hemen Araban, euskal munduaren aurkako gorroto handia sortu duela adineko jendearen artean, bigarren mailako euskaldun sentitu direlako, eta segun eta zein instituzioetatik baztertuak sentitu izan direlako. Zentzu batean egon da jendea, Arabako Errioxakoa igual ez dutenak euskararekin erlaziorik izan, arrazoi politiko edo delakoengandik, ba hori esatea ‘euskalduna da euskaraz egiten duena’ iruditzen zait konplexutasun handia duen gai bat gehiegi sinplifikatzen dugula” (Eztabaida taldea Gasteiz, 2023-06-06).
- Etengabe aldatzen edo/eta egokitzen ari da: euskal nortasuna etengabe ari da egokitzen edo/eta aldatzen; zerbait bizia da.
“Beste elementu garrantzitsu bat dinamismoa litzateke. Nortasuna eraikuntza sozial, kulturala eta politiko bat da. Dinamikoa da eta nortasun hori partekatzen duen herriak eta komunitatea eraldatzen doan heinean, nazio horren nortasuna definitzen duten elementuak ere aldatzen doaz” (22. Narrazioa).
- Euskal nortasuna eraikuntza da: Euskal nortasuna eraikuntza pertsonala eta kolektiboa da. Pertsonala da maila subjektibo eta boluntarista batean eraikitzen delako. Eta kolektiboa da jende askoren partehartzearen edo/eta ekintzaren emaitza delako. Eta inguruko kultura eta hizkuntzekin izan ditugun eta gaur egun ere ditugun elkartrukeek ere eragina dute eraikuntza horretan.
“Euskal identitatea da momentu bakoitzean egiten dena, egiten duguna. Ez dago identitate bat eta ez dago ezer identitate horren muinean (esentzia moduko bat). Identitatea litzateke gonbidapen bat testuinguru batean, une historiko batean eta kolektiboki eraikitzen dena. Unean uneko zerbait bezala ulertzen dut. Baita praktika ezberdinetan oinarrituta. (...) Beraz euskal identitatea da eta izango da eskura ditugun elementu eta materialekin (hizkuntza, ohiturak, bizimodua, paisaia…) egiten eta egingo duguna, kolektiboki” (24. Narrazioa).
“(...) euskaldun edo gure komunitatearen parte egiten gaituena da zer lan egiten dugun komunitate horretan parte hartzeko, gure sustraiak edo gure familian zenbat euskal abizen ditugun baino” (Eztabaida Taldea Gasteiz, 2023.06.06).
Beraz, euskal nortasuna indibiduala eta kolektiboa da; tradizionala eta modernoa; mundura irekia dago; heterogeneoa da; gatazkak eta tentsioek markatuta dago; etengabe ari da egokitzen edo/eta aldatzen; eta unean uneko faktore eta elementurekin eraikitzen da.
Euskal nortasunaren izaera baiezkoaren bidetik definitzearekin batera (hau da, euskal nortasunaren izaerari buruzko baieztapenak egiteaz gain) ukazioaren bidetik ere definitzen da. Hau da, gure informatzaileek euskal nortasuna zer ez den ere aipatzen dute:
- Ez da nortasun esentzialista edo primordialista: gure informatzaileen arabera, euskal nortasuna ez da aldez aurretik, jaiotzatik, eta automatikoki gizakiek herentziaz jasotzen dituzten ezaugarrien multzoa. Hau da, badirudi kanpo itxurak, ezaugarri fisikoek, abizenek edo gurasoen jatorriak garrantzi gutxi dutela euskal nortasuna definitzerakoan. Gure informatzaileen artean euskal nortasuna ematen duten esentziazko edo oinarrizko elementurik ez da aipatzen.
“(...) identitatea ez dut esentziekin lotuta ikusten, baizik eta, norbanako zein kolektibo maila etengabe eraikitzen ari garen zerbait bezala. Ikuspegi konstruktibistan kokatzen naiz gehienbat, ez esentzialistan.” (26. Narrazioa).
- Ez da nortasun erlijiosoa: gure informatzaile gehienen arabera, momentu honetan euskal nortasuna laikoa da[18]. Dena dela, hainbatek dioenaren arabera, euskal nortasunean kristautasunak duen eragina uka ezina da. Beste berba batzuekin esanda, kristautasunari loturiko balio humanistikoen (zintzotasuna, elkartasuna...) eta eliza katolikoaren errituen (mezak) eragina oso presente daude gaur eguneko euskal nortasunean.
“Zeintzuk izan dira berezitasun horiek? Funtsean niretzat bi, gehiago izan daitezke, baina bi: euskara eta euskal munduari lotutako garaian garaiko edukiak; garai batean izanen zen euskaldun fededun, baina beste garai batean zen euskaldun borrokalaria edo horrelako zerbait eta gero, erakundeak” (5. Sakoneko elkarrizketa).
- Ez dirudi nortasun materialista denik: artikuluaren hasieran esan bezala, informatzaileen eta informazio iturrien erantzunak ahal den gutxien bideratzen saiatu gara; iturriei hitz egiteko edo/eta diskurtsoa sortzeko askatasun osoa utzi diegu. Zentzu horretan, ez diegu galdetu, zuzenean, euskal nortasunaren ikur materialei, ereserkiei edo toki eta eraikin sinbolikoei buruz. Hori kontuan izanik, gure informatzaileen artean euskal nortasunari buruz hitz egiten denean, ez dira inoiz aipatzen monumentuak, eraikin enblematikoak, ondare arkeologikoak, ereserkiak, armarriak, ondare artistikoak edo esanahi berezia duten hitz edo toki fisiko zehatzak. Ikur materialei buruzko aipamenak ere oso gutxi dira (gehien aipatzen dena ikurrina da). Aldiz, ugariak dira euskal nortasuna ondare ez-materialarekin edo ukiezinarekin lotzen dutenak: hizkuntza, kultura, tradizioa, parte-hartzea, komunitatearen zentzua...
“Orain, euskaldun izanda, zer nortasun ikur? Ez dakit ikurrik behar dugunik ere. Seguraski hemendik urte batzuetarako Europa oso hibridoa izango da. Komunitate asko nahasiak egongo diren leku bat izango da” (4. Sakoneko elkarrizketa).
3.3. Euskal nortasunaren eragileak
Nortasun eragileak nortasun-elementuei eta nortasunaren izaerari buruzko ezagutzak sortzen, hedatzen edo transmititzen dituzten pertsona, enpresa, erakunde eta elkarteak dira.
Sozializazio prozesuan parte hartzen duten eragileen eraginaren edo bitartekaritzaren ondorioz, nortasun-elementuei eta nortasunaren izaerari buruzko gizarte errepresentazioak barneratzen ditugu.
Euskal nortasunaren eragileen mapan, barne eragileak (euskal nortasunarekin lotura dutenak) eta kanpo eragileak (euskal nortasunarekin zerikusirik ez duten edo nortasunaren periferian kokatzen direnak) agertzen dira.
3.3.1. Barne eragileak
Barne eragileak dira nortasunari lotuta dauden edo nortasunarekin identifikatzen diren eta nortasunean eragiten duten pertsona, elkarte, enpresa edo erakundeak. Gure informatzaileek euskal nortasunean eragiten ari diren 12 barne eragile aipatu dituzte:
- Etxea / Familia.
- Hezkuntza sistema.
- Kultura- eta arte-sortzaileak: kulturgileak eta artistak.
- Euskararen eta euskal kulturaren alde lanean ari diren erakundeak: euskalgintzaren eta kulturgintzaren inguruko erakundeak.
- Lagunak / Kuadrilla.
- Abertzaleak, euskal nortasun sentimendua dutenak edo/eta herri izatearen kontzientzia dutenak.
- NABO[19], Euskal Etxeen Sarea eta munduan zehar ireki diren euskararen eta euskal kulturaren institutuak.
- Kirolariak eta kirol taldeak.
- Gizarte mugimenduak.
- Administrazioa.
- Komunikabideak.
- Sare sozialak eta Internet.
12 eragile hauetatik, gehien aipatzen direnak eta, beraz, gure informatzaileen arabera garrantzitsuenak, lehen biak dira; hau da, etxea/familia eta hezkuntza sistema. Dena dela, guztiak dira garrantzitsuak bost funtzio nagusi betetzen dituztelako:
- Transmisioa ziurtatzen dute: Maila handiago edo txikiagoan, barne eragile hauek euskal nortasuna transmititzen dute. Eta transmisioaren eragile garrantzitsuena familia edo etxea da. Dena dela, transmisioa egiten duten familiak ez dira homogeneoak. Hau da, euskal nortasun-elementuen transmisioa ez da soilik euskara transmititzen duten familien edo euskal nortasunarekin harreman zuzena duten familien bidez egiten. Familia erdaldunak edo euskal nortasunaren periferietan dauden familia asko ere euskal nortasunaren igorle dira, euren seme-alabei pertenentzia sentimendua edo euskal nortasunari lotuta dauden beste era bateko sentimenduak ematen dizkietelako, balio batzuk transmititzen dizkietelako, irakaskuntzako euskal adarrean matrikulatzen dituztelako, edo, kasu batzuetan, baita ikastolen sortzaile edo/eta bultzatzaile izan direlako ere.
“Etxea nire ustez izan da hizkuntzaren transmisiorako elementu inportanteena, zeren etxe erdaldunetan erabaki zen seme-alabak eredu euskaldunetan bidaltzea. Orduan, etxearen garrantzia hor dago. Nahiz eta bertan ez transmititu, (...) baina zenbait erabakitan badago transmisio hori bideratzeko asmoa behintzat, ez transmititzekoa, baina bai bideratzekoa (3. Sakoneko elkarrizketa).
Familiarekin batera, gure informatzaileetako askorentzat hezkuntza sistemak ere garrantzia du euskal nortasunaren transmisioan. Etxetik euskal nortasuna jasotzen dutenen kopurua gutxitzen doan heinean, eskola eragile garrantzitsua bihurtzen ari da euskal nortasunaren transmisioan. Baina ez bakarrik umeak, hezkuntza sistemak gurasoak ere sozializatzen ditu. Hots, euskal nortasunaren periferian dauden gurasoak (euskaraz ez dakitenak, euskal nortasun-elementuekin harreman gutxi dutenak, nortasun hibridoak dituztenak edo EAEn, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian bizitzen denbora gutxi daramatenak) euskal nortasun hezkuntza sistemaren bidez hurbiltzen dira euskal nortasunera.
“El papel más activo igual lo veo en la administración; es la que está promoviendo más activamente el uso del euskera y de la cultura vasca. Luego la educación, sin duda. O sea la educación, los colegios y tal. Esos también. Y luego lo que son los movimientos sociales, o sea las diferentes asociaciones y tal. Así, promover, promover, eso: administración y educación” (10. Sakoneko elkarrizketa).
- Jendea erakartzen dute: Bereziki euskararen eta euskal kulturaren alde lanean ari diren erakundeek (euskalgintzaren eta kulturgintzaren inguruko erakundeek) eta hauek antolatzen dituzten gizarte ekimenek (Korrika, Herri Urrats, Ibilaldia...); kultura eta arte sortzaileek (idazleek, kantariek, bertsolariek, musikariek, dantzariek...); gizarte mugimenduek eta hauek sortzen dituzten praktika kolektiboek (Gure Esku Dago, etxebizitza duin baten aldeko taldeak, talde ekologistak, talde feministak, arrazakeriaren aurkako taldeak...) jendea erakartzen dute euskal nortasunera; euskal nortasunera sartzeko ateak dira.
“Orduan, nola transmititzen den enetako? Oinarrizkoena familiaren bidez. Gurasoek, haurrei pasatuz, transmitituz, bistan da. Gero, eskolaren bidez, ikastolaren bidez. AEKren bidez, horiez ez ditugu ahantzi behar, helduen kurtsoak. Maiz ahazten ditugu, eta errealitate bizi bat da. Eta horren bidez gero Korrika, Herri Urrats eta AEK. Korrika, hor sekulako sare bat sortzen da, indartzen duena eta euskara ez duena biltzen duena. Nola erran dezaket? Biltzen du mugimendu horren barrenera, euskararen mundura biltzen du. Eta hor, atzematen du bizitzeko interes berri bat aintzinean ez zuena, ezagutzen ez zuena eta jende bat motibatzen du ere euskara horren ikastera. Giro on bat sortzen da euskara horren inguruan, eta zer behar du gehiago?” (8. Sakoneko elkarrizketa).
- Berrikuntza sustatzen dute: Bereziki euskararen eta euskal kulturaren alde lanean ari diren erakundeen (euskalgintzaren eta kulturgintzaren inguruko erakundeak) eta kultura eta arte sortzaileen bidez (idazleak, kantariak, bertsolariak, musikariak, dantzariak...) euskal nortasuna berriztatu edo/eta modernizatu egiten da.
“Eredu, zeintzuk dira? Izan daitezke Nindratik hasi, Nindra da rapera bat, baina neretzako ere bada, La Furia, adibidez, eta horrek ia ia dena gazteleraz dauka, Tuterakoa da uste det, Nafarrakoa. Eta neretzako erreferenteak dira. Eta ez bakarrik neretzako, euskal emakume askorentzako ere erreferenteak dira” (2. Sakoneko elkarrizketa).
- Kohesioa ahalbidetzen dute: Bereziki euskararen eta euskal kulturaren alde lanean ari diren erakundeek eta hauek antolatzen dituzten gizarte ekimenek (Korrika, Herri Urrats, Ibilaldia...) jendea elkartzen dute euskal nortasunaren inguruan; kohesioa ematen diote euskal nortasunari. Diasporaren kasuan, NABO, Euskal Etxeen Sarea eta munduan zehar ireki diren euskararen eta euskal kulturaren institutuak dira elkartu egiten dute jendea.
“Tokian-tokiko komunitateetatik sortzen diren lankidetza-ekimenak; jendartea batu egiten dela uste dut, eta honek kolektibo baten parte sentitzen zaituela uste dut” (20. Narrazioa).
- Euskal nortasuna sustatu edo bultzatu egiten dute: Erreferentziak eta ereduak sortuz, esanahia ematen diote euskal nortasunari eta euskal nortasuna zer den ulertarazten laguntzen dute. Euskal nortasunean garrantzitsua dena eta babestu eta eredutzat hartu behar dena adierazten dute; euskal nortasunak aurrera egitea ahalbidetzen dute.
“(...) uste det garrantzitsuena izan daitekela musika, artea eta politika, ze hortikan sortzen dira nortasunak. (...). Horregatik uste det euskal nortasun hori sortu behar dela politikatik, noski ekonomiatik eta kulturatik, artetik. (...) artetik esatean esan nahi det, artean sortzen diren berrikuntza guzti horiek geure eginez, eta hortikan sortuz (...). (...) uste det horrelako fenomeno politikoek, sindikatuek, musikak, mugimenduek, sortzen dutela edo sortuko dutela, sortzekotan, etorkizunean euskal nortasuna” (2. Sakoneko elkarrizketa).
“(...) gure helburua bai dela hor permeatzen egotea... bai produktuekin, bai mugimenduekin, bai.. produktua esan nahi dut sormenarekin, gozamena edo ondo pasatzea, edo festa eremu bat edo horrekin” (9. Sakoneko elkarrizketa).
12 barne nortasun-eragile hauek garrantzitsuak dira euskal nortasunarentzat, aipatutako funtzioak betetzen dituztelako. Dena dela, askoren ustez, barne eragile hauetako gehienak ahulegiak dira funtzio horiek behar bezala betetzeko. Etxea edo familia euskal nortasunaren igorle garrantzitsua izan da eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du, baina gero eta gutxiago dira euskal nortasuna etxean jasotzen dutenak, eta, aldiz, gero eta gehiago dira euskal nortasuna beste iturri batzuetatik jasotzen dutenak; hau da, gure informatzaileen arabera, euskal nortasuna jasotzeko modua aldatu egin da. Dena dela, etxearen papera hartu beharko luketen eragileak ahulegiak dira: eskolak ez du euskal nortasuna behar bezala transmititzen; kultura eta arte sortzaileak ezezagunak dira gehienentzat; sare sozialek eta Internetek gero eta garrantzi gehiago dute mundu globalizatu honetan, baina gaur egun euskal nortasunaren eragile ahulak dira; euskal komunikabideek ere zailtasunak dituzte; eta administrazioa eta herri-erakundeak ahulegiak dira euskal nortasuna behar bezala bultzatzeko. NABO eta euskal etxeen sareak ere garrantzia galtzen ari dira, belaunaldi berriek gutxiago hurbiltzen direlako euskal-etxeetara.
“Euskal nortasunak dauka, noski, aldaketa haundi bat da, hibridazio bat da; erran nahi dut, gaur egun euskal nortasuna etxetik dakarten gazteak askoz gutxiago dira. Horrek dakar euskalduna izateko modua ere beste era batera jasotzea. Lehen aipatu dut familiatik jasotzen den guztia edo familia bizitzeko modua, gehi hitz egiteko modua, gehi pentsatzeko modua, gehi mila gauza. Horiek familiatik etortzen ez direnez eta eskolatik gutxi, hor badago aldaketa sakon bat, dudarik gabe, transmisio kanal horretan, (...) eta batzuetan familiatik transmitituta ere, hiri handietan bizi diren gazte nerabe batzuk euskaraz hitz egiteari uko egiten diote, eta 18-20 urtera iritsi eta euskaraz kostata hitz egin dute” (4. Sakoneko elkarrizketa).
3.3.2. Kanpo eragileak
Kanpo eragileak dira, euskal nortasunarekin zerikusirik ez duten edo nortasunaren periferian kokatzen diren (euskaraz ez dakite eta euskal nortasun-elementuekin harreman gutxi dute) eta nortasunean eragiten duten pertsona, elkarte, enpresa edo erakundeak. Euskal nortasunaren eragileen mapan euskal nortasunetik kanpo dauden bi eragile nagusi aipatzen dira:
- Inguruko nortasun, hizkuntza eta kulturekin harremanetan dauden pertsona, elkarte eta erakundeak.
- Estatu frantziarra eta espainiarra.
- Inguruko nortasun, hizkuntza eta kulturekin harremanetan dauden pertsona, elkarte eta erakundeak: gure informatzaileetako askorentzat euskal nortasuna ez da egon eta gaur egun ere ez dago isolatuta. Horrek esan nahi du beste nortasun, hizkuntza eta kulturak dituzten pertsona, elkarte eta erakundeek eragin handia dutela euskal nortasunean.
Hauen eraginari buruz hitz egiterakoan, bi ikuspuntu nahasten dira:
Alde batetik, modu positiboan ikusten da eragin hori. Hau da, euskal nortasuna inguruko nortasunek eraginda dago; inguruko nortasunekin izan dituen elkartrukeen emaitza da.
“Gure nortasuna, beste hainbat kulturek inspiratutako, elikatutako izaera da” (6. Narrazioa).
Baina, era berean, inguruko nortasun, hizkuntza eta kulturekin harremanetan dauden pertsona, elkarte eta erakunde batzuk euskal nortasunean duten eragin ezkorra azpimarratzen da. Bereziki euskararen aurka daudenak aipatzen dira.
“Nafarroako hainbat sektoretan euskalduntasunaren eta euskararen existitzeko eskubidea kolokan jartzen da; EAE-n hor jaio izatearekin bakarrik lotzen dute batzuek euskalduntasuna (euskara eta kulturari uko egiten); Iparraldean euskaldun/abertzaleak gaizki ikusita/tratatuta daude hainbat tokitan, kostaldean gehienbat” (25. Narrazioa).
- Estatu frantziarra eta espainiarra: gure informatzaileetako askorentzat, Estatu espainiarrak eta frantziarrak modu ezkorrean eragiten dute euskal nortasunean, nortasun espainiarra eta frantziarra inposatzen dituztelako; eta homogeneizazioa bultzatzen dutelako.
“(...) gure eremuaren tentsio handi bat goitik behera zeharkatuta dago eremu hori nazio-estatuen eraginagatik. Eta ezin dugu ukatu euskal identitate horren eraikuntza parte hartze handi bat izan dutela nazio estatuek eta nazio estatu horien politika eta ideologiek. Adibidez: askotan esaten dugu, nik esaten dut e?, euskal identitate modernoa kasi-kasik esan dezakegula Frantziak eta Espainiak sortu dutela. Ez Frantzia-Espainia estatu bezala bakarrik. Hor, proiektu horietan modu batean edo bestean, inplikatu diren oligarkiek, ideologiek, eta holakoek. Horiek ere eraiki dute gure identitatea eta zein zen identitate hori? Zein zentzutan? Sortu dituztelako erreakziorako baldintzak eta kondizioak. Eta kondizio eta baldintza horietan mugitu da nolabait euskal identitate horren eraikuntza modernoa. (...) nik oso argi daukat hemen eskaintza dugula bai, borroka tradizioa politika tradizio batetik, edo izateko tradizio bat izan dugulako. Izate bati eusteko tradizio bat izan dugulako (...)” (5. Sakoneko elkarrizketa).
3.4. Euskal nortasunaren aldaketa
Euskal nortasunaren elementuen, izaeraren eta eragileen gure informatzaileek dituzten gizarte errepresentazioak aurkeztu ostean, euskal nortasunak bizi duen aldaketari buruzko gizarte errepresentazioak aurkeztuko ditugu.
Arestian esan bezala, euskal nortasunak izaera dinamikoa du; etengabe berritzen, aldatzen, berrasmatzen, zizelkatzen, berresten, moldatzen edo eraldatzen ari da. Gure informatzaileen arabera, faktore demografiko, kultural eta teknologikoek eragiten dute euskal nortasunean:
Faktore demografikoa: Euskal Herriaren osaketa demografikoa anitza da eta azken urteetan aniztasun hori areagotu egin da.
“Euskal gizarte modernoa plurala da, eta joera hori areagotu besterik ez da egin azken hamarkadetan munduko bazter askotatik etorritako etorkinei esker. Gure gizartearen ezaugarri estrukturala izaten jarraituko du” (29. Narrazioa).
Faktore kulturala:
- Arte eta kultura sortzaileen eta euskararen eta euskalgintzaren inguruko erakunde eta elkarteen eragina: Arte eta kultura sortzaileen eta euskararen eta euskalgintzaren inguruko erakunde eta elkarteak etengabe ari dira euskal nortasuna berritzen, berrasmatzen edo/eta berrinterpretatzen.
“Ni gaztea naiz eta asko jarraitzen ditut sareak, orduan, sareetan beti erreferente asko topatzen ditut. Sareetan hor, normalean daudenak, egunero ikusten ditudanak; hor daudenak gauzak zabaltzen, ideiak, musika, makilajea, sukaldatzea… Niri adibidez, artearen mundua asko gustatzen zait. Orduan, erreferenteak hortik hartzen ditut. (elkarrizketatzailea: Eta zeintzuk dira esan dituzun horietatik, euskal nortasuna eraikitzen dutenak?) Ba esango dut orain dagoela mugimendu bat, gaztea, hor sartzen ari garenak, nahi dugula irudi bat sortu edo presente egon, erreferente moduan egoteko. Eta izenak? ba esango dizut. Julenpo, ez dakit ezagutzen duzun, ba umorea sortzen du sareetan. Gero adibidez, dago Libetxu, dela Bilboko neska bat, egiten duela influencer moduan gauzak sarera igo; eta begira, berak euskaraz zein gazteleraz igotzen ditu, eta pixkat kontrobertsia dago taldean, ze badaude batzuk pentsatzen dutenak euskal edukia sortzeko bakarrik euskaraz izan behar dela. Eta berak, adibidez dauzka 25.000 jarraitzaile eta nahiz eta euskaraz zein gaztelaniaz igo, normalean beti Euskal Herriko gauzekin erlazionatutako gauzak dira: Athletic edo orain izan dela mundiala, edo euskara, edo… beti jeneratzen du debatea. Gero Anepe, dela dantzaria” (13. Sakoneko elkarrizketa).
- Globalizazioa eta inguruko kultura, nortasun eta hizkuntzen eragina: Euskal nortasuna ez da egon eta ez dago isolatuta; mundura irekita dagoen nortasuna da, eta inguruko kultura, nortasun eta hizkuntzek eragina izan dute euskal nortasunean.
- Hiritartze prozesua: euskal nortasuna hiritartu egin da. Hasieran, hiritartze horren ondorioz, nortasun espainolaren eta frantsesaren eragina handitu egin zen, eta horrek euskal nortasunaren ahultzea ekarri zuen. Dena dela, euskal nortasunak hirira egokitzen jakin du, eta horrekin baita modernizatzen ere.
“Hiritartu garen heinean, aldatu egin da ere bai euskal nortasuna. Hiritartu da. Hiria bihurtu da frantsesteko edo espainol bihurtzeko elementu inportante bat. Izan ere, hiririk ez zegoen garaian, beno, hiriak eraiki direnean hemen, masiboki frantses edo espainol erara eraiki dira, espainol gisa. Orduan, hor hiria bihurtu da euskal nortasuna galtzeko tresna inportante bat. Zorionez, azken 50 urtetan, euskal kulturak, euskal mugimenduak asmatu du hiria ere euskal nortasunaren parte izaten, eta euskal nortasuna hirira ere egokitzen” (4. Sakoneko elkarrizketa).
- Etxearen edo familiaren garrantzitsuaren gutxitzea: Etxea/familia euskal nortasunaren igorle garrantzitsua izan da eta gaur egun ere horrela izaten jarraitzen du, baina aldaketa sakonak gertatzen ari dira. Alde batetik, familia eredu berria agertzen ari dira. Eta bestetik, euskal nortasuna etxean jasotzen dutenen kopurua gutxitzen doa.
- Balioen aldaketa: Aniztasunaren balioa gero eta indartsuagoa da. Euskal nortasunari buruz hitz egiten denean, aniztasunaren ideia indar handiarekin azaleratzen da. Bestetik, gero eta gehiago dira euskal nortasuna modu indibidualistan bizi dutenak. Gure informatzailetako askoren arabera, iraganeko euskal subjektu kolektiboa aldatzen ari da. Euskal nortasuna kolektibitate bati lotutako nortasun-elementuen eta euskal nortasunari buruzko ideia, definizio edo ulerkeren bilduma izatetik pertsonari loturiko nortasun-elementuen eta euskal nortasunari buruzko ideia, definizio edo ulerkeren bilduma izatera pasatzen ari da.
“Balio batzuk izan ditu iraganean (ekintzailetasun kolektiboa, elkartasuna, kolektibotasuna, erresilientzia, kulturzaletasuna, naturzaletasuna...) baina balio horiek gaur egun ez daude modan. Gainbeheran daude. Joerak beste batzuk dira, neoliberalismoarekin oso lotutakoak: lehia, norbanakoaren lehiakortasuna, indibidualismoa, besteen zain egotea... "Nahi eta ezin" moduko bat ikusten dut...” (2. Narrazioa).
- Aldaketa ideologikoa: Hainbaten ustez, ideologia, pentsamendu korronte edo diskurtso berriak txertatzen ari dira euskal nortasunean. Besteak beste, feminismoaren, jasangarritasunaren edo ekologiaren, zaintzaren, etorkinen eta aniztasunaren aldeko diskurtsoen indartzea edo/eta eragina aipatzen da.
“(...) euskal identitatea bera ulertzeko eta sentitzeko moduak ez ezik, euskal identitate horrek Euskal Herrian ditugun beste identitate kolektiboekiko duen lekua eta pisua ere aldaketa nabarmenean dagoela uste dut. Alegia, euskal identitateaz esan dezakeguna da ezin dela ‘bakartu’ inguruko beste identitate kolektibo motak (nazional, erlijioso, generoko, eta abarrak) izaten ari diren eraldaketak ere kontuan hartu gabe” (16. Narrazioa)
Faktore teknologikoa: gure informatzaileen arabera, aldaketa teknologikoekin gure sozializatzeko, komunikatzeko eta interakzionatzeko moduak aldatzen ari dira. Gaur egun, errazagoa da kanpoko erreferentziak izatea.
Euskal nortasunak eta euskal kulturak jakin dute teknologia berrietara egokitzen. Gaur egun, euskal nortasuna badago sare sozialetan eta Interneten. Are gehiago, sare sozialetan eta Interneten euskal nortasunaren erreferentzia berriak sortzen ari dira. Dena dela, arlo horretan gehiago egin beharra dago; izan ere, bide hauetatik datozen erreferenteen eragina gero eta handiagoa da, eta euskal nortasunari lotuta dauden sare sozialak eta Internet edukiak ahulegiak dira oraindik ere.
“Euskaldunon bi zutarri nagusi izan dira euskal tradizioko izanbidea eta lanaren eta beharraren garrantzia. Bata eta bestea transformatzen ari dira: Disrupzio teknologikoarekin batera gure sozializatzeko, komunikatzeko eta interakzionatzeko moduak aldatzen ari dira; Enpleguaren berregituratzea ez ezik lanaren izaera, zentzua eta helburua ere eraldatzen ari dira. Horri gaineratu behar zaizkio demografia berria, munduko aktibitate ekonomikoaren desplazamendua edota gure tamaina baldintzatzaile inportanteak direla. (...). (euskal) balioen izaera, zentzua eta helburua ulertu ditugun heinean, haiek berritzen, eguneratzen eta gaurkotzen saiatu izan gara. Euskal tradizioko balioek, beraz, izaera dinamikoa dute, jakin izan dugulako transmititzen, ulertzen, eta berritzen” (4. Narrazioa).
3.5. Etorkizuneko euskal nortasuna
Komunitate baten nortasuna komunitate hori osatzen duen kideek partekatzen dituzten etorkizuneko erronken bilduma bezala ere definitzen da.
3.5.1. Etorkizuneko euskal nortasunaren gaitasunak eta ahultasunak
Etorkizuneko euskal nortasunaren gizarte errepresentazioetan, nahastuta agertzen dira gaitasunak eta ahultasunak. Hau da, alde batetik, euskal nortasunak aurrera egiteko eta etorkizunean ere bizitzeko gaitasuna duela esaten da, baina, era berean, etorkizunera begira dituen ahultasunak azpimarratzen dira.
Etorkizuneko euskal nortasunaren ahultasunak azpimarratzen dituztenek kanpo eta barne faktoreak aipatu dituzte:
Euskal nortasunaren ahultasuna eragiten ari diren eta elkarri lotuta dauden kanpo-faktore hauek aipatzen dira:
- Globalizazioa.
- Homogeneizazioa.
- Aldaketa demografikoak.
- Klima krisia.
- Hegemonikoak diren bi estatu indartsuren erdian menderatuta egotea.
Euskal nortasunean ahultasuna eragiten duten barne-faktore hauek aipatzen dira:
- Gatazka, nekea, lotsa, beldurra, konplexuak, biktima gisa sentitzea, zapalkuntza, itolarria, trauma edo tentsioa bezalako sentimenduak.
- Txikitasuna.
- Euskararen eta euskal kulturaren ahultasuna.
- Lurraldetasunaren kontzientzia falta.
- Egituratze juridiko, politiko, administratibo edo instituzional ahula.
Etorkizunari buruzko gizarte errepresentazio ezkorrenen arabera, euskal nortasunaren elementu zein eragileak ahulduz edo/eta desagertuz joango dira eta asimilazioa gertatuko da. Txikiegiak eta ahulegiak gara globalizazioari eta inguruan ditugun estatu hegemonikoen kultura, hizkuntza eta nortasunei aurre egiteko.
Ahultasuna azpimarratzen duten diskurtsoaren alboan, esperantzaren eta baikortasunaren diskurtsoak ageri dira. Euskal nortasunak potentzialitatea dauka, eta etorkizunean ere biziko da.
Etorkizuna baikorki ikusteko kanpo-faktore bat aipatzen da: teknologia berrien garapena. Honekin, hizkuntzen inguruan dauden oztopoak gainditu ahal izango dira.
Etorkizuna baikorki ikusteko barne-faktoreak dira:
- Potentzialitatea duen komunitatea.
- Prestatutako pertsonak.
- Balioak dituzten pertsonak.
- Borrokarako eta erresistentziarako gai den jendea.
- Bizirauteko gaitasuna duen komunitatea.
- Ekintzailea den komunitatea.
- Langilea den komunitatea.
- Euskal nortasunarekin, euskararekin eta euskal kulturarekin arduratuta eta lan egiteko prest dauden pertsonak.
“Orduan, paradoxikoki krisi handian ikusten badut ere, sentsazioa daukat, azken aste hauetan piztu zaidan sentsazioa da talde txiki asko daudela, elkarte asko, Eusko Ikaskuntzan egiten ari zaretena izan daiteke adibide bat, gai honen inguruan; Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan, euskal kulturaren etorkizunaren inguruan, hezkuntzan, hizkuntzan komunikabideetan... oraindik ez da hainbeste piztu, baina bada hainbat talde txiki kezkatuta, erabat isolatuta, atomizatuta, baina beno, elkarren artean iruditzen zait badaudela haziak edo kimuak, pentsaraztera eramaten didatenak, edo hori pentsatu nahiko nuke edo intuizio hori nahiko nuke bete dadin, baina iruditzen zait badaudela osagaiak gaur egun hitz egiteko hirugarren pizkunde baten bezperan egon gaitezkeela. Nik aldi berean ikusten dut egoera ilun eta aldi berean ikusten ditut kimu batzuk hor, hemendik 5-10 urtera oso lore onak ekar ditzaketenak. Ikusiko dugu hemendik 5-10 urtera” (4. Sakoneko elkarrizketa).
Gaitasunen eta ahultasunen gizarte errepresentazioekin batera, badira euskal nortasunaren etorkizunari buruz zalantzak dituztenak ere.
3.5.2. Euskal nortasunaren etorkizuneko erronkak
Euskal nortasunaren etorkizuna gaitasunen, ahultasunen edo zalantzen ikuspuntutik ikusita, gure informatzaileentzat euskal nortasunak bederatzi erronka nagusi dauzka:
- erronka: Euskal nortasuna mantentzea, transmititzea, bizirautea edo garatzea.
- erronka: Euskararen biziberritzea.
- erronka: Kohesio soziala.
- erronka: Lurraldetasuna.
- erronka: Ikuspuntu politikotik burujabetza edo askatasun maila handiagoa.
- erronka: Tradizioan eta jasangarritasunean oinarritutako lan eta ekonomia eredu berri bat.
- erronka: Pertenentzia sentimendua indartu.
- erronka: Euskal nortasuna naturaltasunez eta tentsiorik gabe bizitzea.
- erronka: Mundu globalera egokitzea.
1. erronka: Euskal nortasuna mantentzea, transmititzea, bizirautea edo garatzea
Euskal nortasunak duen erronka garrantzitsuena bizirautea, mantentzea edo transmititzea da; euskal nortasuna bizirik egotea eta garatzea. Inork ere ez du esaten euskal nortasuna desagertu behar denik, edo euskal nortasunari etorkizun on bat emateko ahalegina egin behar ez denik. Euskal nortasuna babestu eta garatu beharreko zerbait da.
“Euskal nortasuna, mantentzearen, transmititzearen, bizirautearen, garatzearen eta hedatzearen arteko tentsiopean bizi izan da, bizi da eta biziko da” (32. Narrazioa).
2. erronka: Euskararen biziberritzea
Euskararen ezagutza maila eta erabilera hobetzea, euskaraz bizitzeko nahia, euskararen biziberritzea eta/edo euskararen normalizazioa euskal nortasunari buruz hitz egiten denean etengabe ateratzen diren erronkak dira. Dena dela, gutxi dira elebakartasunaren alde egiten dutenak. Gehienek gizarte elebidun edo eleanitza nahi dute. Gure informatzaileen arabera, ez da errealista EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskaraz bakarrik bizitzea, eta etorkizunean are eta gutxiago izango da.
“Ez da errealista EHan euskaraz bakarrik bizitzea. 30 urte barru, hobeto bagaude, ongi. Ni pozik. Errealista eta gustatuko litzaigukenaren artean, alde bat dago. Nik nahi dut amestu zerbait posiblea dena, hurbildu gaitezkeena. Gustatuko litzaidake, jendea elebidun izatea euskara/frantsesa, euskara/gaztelera. Bermatzeko, modu naturalean, euskaraz hitz egitea. Bigarren euskaraldiarekin, ohartu nintzen langile talde bat baztertzen nituela. EHan konturatu nintzen, supermerkatuetako langileak baztertzen nituela. Erantzuten nuen euskaraz beren galderei. Denek ulertzen dute, batek ezarri zidan aurpegi txarra. Ni bizi izan naiz Belgikan. Bruxela elebiduna da. Indian ere bai. Bermatu behar da jendea hizkuntza bat baino gehiagorekin bizitzea. Ezin da euskaraz bakarrik bizi. Gaur egun ez dago bermatuta bi hizkuntzak izatea. Gustatuko litzaidake jendea elebidun izatea benetan. Nola bizi gaitezen modu erosoago batean? Gure gizartea ez da bakarrik euskalduna” (2023ko urriaren 27ko mintegia).
Dena dela, eleaniztasun hau ulertzeko modu desberdinak daude.
Batzuk, euskara EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian hitz egiten diren beste hizkuntzen maila berean jartzen dute, eta, beraz, euskal nortasuna euskara ez den beste hizkuntza batzuen bidez ere bizi daiteke.
“Nortasun jendetsua eta anitza, baina euskaraz ulertzen eta erabiltzen duena, nahiz eta beste hizkuntza asko erabili” (1. Narrazioa).
“Ez, ezinbestez, euskaraz beti eta ondo hitz egitea. Atxikimendu mailan ere izan daiteke, euskara erreferentzia izatea, nahiz eta gero gaztelaniak nahi baino pisu handiagoa izan” (2. Narrazioa).
Hala ere, gehienentzat, gizarte eleanitz horretan, euskara izan behar da euskal nortasunaren ardatz garrantzitsuena. Euskara izan behar da hizkuntza nagusia.
“(...) igual deitzen ahal diogu euskararen nagusitasuna: hegemoniko, lehenengoa, nagusia izatea. Ez bakarra. Nik behintzat ez dut konpartitzen estaturizazio klasikoaren eredua, herri bat hizkuntza bat, ez. (...). Baina bai hegemonia, eta gaur egun euskara ez da hegemonikoa Euskal Herrian” (2024ko urriaren 27ko mintegia).
“(...) aniztasun linguistikoaren bermea, gaur eta hemen, euskararen normalizazioa da. Orduan, aniztasuna ez da Babelgo dorre bat, zentzu txarrean hartzen badugu, baizik eta da zapaldua dagoen hizkuntzaren normalizazioak bermatuko duela hizkuntza aniztasuna edo bermatu beharko lukeela. (...) aniztasuna ez da nik espainolez hitz egingo dut, ze askatasunak daude. Hori da aniztasunaren kontrako politika bat, baizik eta euskararen zentralitatea, aniztasunaren berme bezala. (...)” (9. Sakoneko elkarrizketa).
3. erronka: Kohesio soziala
Euskal nortasuna bizirautearen eta euskararen biziberritzearen erronkei lotuta, justizia soziala, aukera berdintasuna, hobekuntza soziala, kohesio soziala, berdintasuna, elkartasuna, bizi modu ona... bezalako erronkak agertzen dira.
“Euskal nortasunek aurrera egingo badute, irekiera eta aniztasuna besarkatuz soilik izango da posible. Horrela izan da orain artean, modu ez kontziente batean agian, eta hemen gaude. (2050era begira nahi dut) Aniztasuna eta ezberdintasuna baloratzen dena. (...). Etorkin eta diaspora-kideekin etengabe herrigintza egiten dakien nortasun ireki bat. (...)” (23. Narrazioa).
Eta kohesio hori lortzeko, balio sozio-komunitarioek garrantzi handia dute. Hau da, etorkizuneko euskal nortasuna balio sozio-komunitarioetan oinarritu behar da. Hain zuzen ere, zazpi dira gehien aipatzen diren balio sozio-komunitarioak:
- Nortasun-artekotasuna edo inklusioa.
- Aniztasuna.
- Elkarrekiko errespetua.
- Elkarrekiko ardura, elkartasuna eta adiskidantza.
- Justizia soziala, hobekuntza soziala eta kohesio soziala.
- Berdintasuna.
- Komunitatearen zentzua edo izaera komunitarioa.
1. Nortasun-artekotasuna edo inklusioa: beste nortasun, hizkuntza edo kulturak dituztenak duintasunez hartzeaz gain, gizarte horren parte egin behar dira. Dena dela, gehienentzat inklusio hori euskal nortasuna, kultura eta hizkuntza erdigunean jarrita egin behar da.
“(2050ra begira nahi dut): Euskara ardatz duen nortasun eleanitz eta kulturartekoa” (32. Narrazioa).
“Ez dugu errango euskalduna izateko Benito Lertxundiren zalea izan behar duzula derrigorrez edo euskal rock alternatiboa entzun behar duzula. (...). Markoa izan behar da gure lurraldea, gure geografia, gure erreferentzia kulturalak eta historikoak, etorkizunerako begirada eta egunean eguneko egoerara, tekniketara, teknologietara, eztabaidara egokitua izatea. Hori da pixka bat marko mentala, horrela deituko nuke eta horretan oinarritu behar gara. Ez gara oinarritzen duela 500 urteko istorio batean, baina ezin dugu debekatu ere aipatzea duela 500 urte konkista edo gerra batean izan ginela. (...)” (4. Sakoneko elkarrizketa).
2. Aniztasuna: Diskurtso nagusiaren arabera, nortasun aniztasunetik (nortasun desberdinak elkarren alboan bizitzen eta errespetatzen dira) nortasun-artekotasunera joan behar da. Hala ere, informatzaileen diskurtsoetan aniztasunak, heterogeneitateak edo desberdintasunak garrantzi handia dute. Aniztasuna, heterogeneitatea eta desberdintasuna aldarrikatzea euskal nortasunaren alde egitea da, euskal nortasuna ere desberdina delako. Euskal nortasunak bizirauteko aukera gehiago dauzka gizarte anitz batean. Homogeneitatea euskal nortasunaren azkena izango litzateke.
“(...) euskaraz bizi nahi dugunok edo euskararen kontzientzia dugunok, halabeharrez jartzen gaitu aniztasunean, berdintasunean pentsatzen. Ze hor jokatzen da gure biziraupena. (...). Hau da, aniztasun gabeko gizarte batean gu galduta gaude. Homogeneoa den gizarte baten galduta gaude, ze hor hegemoniek irabazten dute, eta ez badugu diferenteekiko errespeturik, gu galduta gaude. Zeren gu, diferenteak gera” (9. Sakoneko elkarrizketa).
3. Elkarrekiko errespetua: Etorkizuneko euskal nortasuna elkarrekiko errespetuan oinarritu behar da. Errespetua hurkoarekiko, desberdinak direnekiko eta beste nortasun, kultura eta hizkuntzekiko.
“2050erako nahiko nuke euskal nortasunaren zutabeak esandako biak izatea: euskal herritar izate-nahia edo euskal sentimendua eta euskara. Horiei gehituko genieke hirugarren bat: elkarren arteko errespetua” (15. Narrazioa).
“Errespetua izan behar da denei begira. Parisekoak (Parisetik Euskal Herrira bizitzera datozenak), errespetatzea naiz eta ados ez izan. Gutxietsi gabe” (Baionako Eztabaida Taldea, 2023-09-06).
4. Elkarrekiko ardura, elkartasuna eta adiskidantza: Elkarrekiko ardura, elkartasuna eta adiskidantza balio garrantzitsuak dira etorkizunera begira. Euskal Herrian dagoen elkartasunerako joera etorkizunean ere gorde beharra dago.
5. Justizia soziala, hobekuntza soziala eta kohesio soziala: Kohesio soziala, inklusioa eta justizia soziala gure nortasunaren oinarrietako bat izan behar dira.
“Nire ametsa? Euskal identitatea justizian, berdintasunean eta solidaritatean oinarrituta izatea da. Hau gertatzen bada, euskara bezalako hizkuntza eta kultura txikiak bizirik egongo dira, justizia, berdintasuna eta solidaritatearen kontua delako horren biziraupena” (24. Narrazioa).
6. Berdintasuna: Aukera berdintasunean, genero berdintasunean, jatorri desberdina duten pertsonen berdintasunean edo klase berdintasunean oinarritutako euskal nortasuna nahi da. Dena dela, berdintasunaren balioa euskal nortasunarekiko harremanetan jartzen denean, bi ikuspuntu agertzen dira:
- Batzuk euskaraz egiten dutenen eta egiten ez dutenen arteko berdintasuna aipatzen dute. Euskaraz dakitenek zein ez dakitenek euskal nortasunaren parte izateko aukera berdinak izan behar dituzte.
“(...) euskeraz egiten dutenen arteko desberdintasunak, klaseak, arrazaliazazioa, kapital kulturala,.. guzti hori, eta gero euskeraz ez dakitenen eta euskeraz dakitenen horien artean. Ze berriro, neretzako, ezinbestekoa da, euskeraz ez dakiten horiek ere euskalduntasunaren barruan sartzen hastea edo estrategiak egitea” (2. Sakoneko elkarrizketa).
- Beste batzuk, berdintasunaren aldeko apustua egiten dute, baina euskara erdigunean jarrita. Izan ere, horrela egiten ez bada, euskara galtzeko arriskuan egon daiteke.
“Hizkuntzaren zentrabidea zergatik? euskara gugan dagoen heinean gizartea izango da demokratikoagoa, edo izango da anitzagoa, izango da berdinzaleagoa” (9. Sakoneko elkarrizketa).
7. Komunitatearen zentzua edo izaera komunitarioa: etorkizunera begira euskal nortasunak izaera komunitarioa gorde behar du. Gero eta indibidualistagoa eta bakartiagoa den gizarte honetan, gure informatzaileen arabera, euskal nortasuna modu komunitarioan, kolektiboki, eraikitzen jarraitu behar da. Izan ere, izaera komunitario horrek indartu egiten du euskal nortasuna, euskal nortasunetik kanpo daudenak (etorkinak zein euskal nortasunaren periferian daudenak) erakartzen dituelako.
“(2050era begira nahi dut) Gizarte Komunalaren zentzua oso barneraturik daukana eta islatzen dela gauza askotan: auzolanetan, kooperatibetan, elkartetan, herri antolakuntzetan, elkartasunerako joeran...” (34. Narrazioa).
Gure informatzaileek diotenez, herritarrak komunitate bateko kide sentitzen badira, euskara ikastera jotzen dute edo gutxienez euskaraz bizi nahi dutenak ulertzeko edo euskal komunitateari bere bidea egiten uzteko aukerak handitzen dira.
“Zu komunidade baten parte sentitzen bazara esfortzua egiten duzu hizkuntza hori ikasteko, ta nahiz eta zu ez izan gai espresatzeko, gutxienez ulertzeko gai izango zara, eta horrek utziko du komunidade horrek bere bidea egiten jarraitu dezan. Orduan, holako gutxiengo batzuk bilatu behar ditugu. Eta komunidade kontzeptuan sakontzea, niretzat benetan garrantzitsua da” (2023ko urriaren 27ko mintegia).
Balio sozio-komunitarioen bidez euskal nortasunaren barnean kokatzen ez direnak euskal nortasunaren parte bihurtu nahi dira, eta horrekin euskal nortasunaren biziraupena ziurtatu:
- Euskal nortasunetik kanpo edo euskal nortasunaren periferian daudenak: euskaraz ez dakitenak, euskal nortasun-elementuekin harreman gutxi dutenak eta EAEn, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian bizitzen denbora gutxi daramatenak, hauetako asko hirietan bizi direnak, behar dira.
“(...) potentzialki hiriburuetan eta periferietan dago euskaldun gehien irabazteko aukera. Eta euskal nortasunak behar du jende hori, hor dago. Berez, hor egon beharko da helburua. (...). Baina uste dut bai periferietako jendea bai atzerritarrak direla gure etorkizuneko euskaldun potentzialak (...)” (12. Sakoneko elkarrizketa).
- Etorkinak: etorkinak onartzen dituen euskal nortasuna nahi da. Euskal nortasuna etorkinekin eraiki behar da. Euren nortasuna galdu gabe (homogeneizaziorik ez da nahi), euskal nortasunaren jabe egin behar dira.
- Diasporan bizi direnak: diasporan bizi direnetako askok euskara galdua dute, baina euskal nortasun sentimenduaren jabe dira, eta beste nortasun-elementu batzuk ere badituzte (dantzak, gastronomia, pilota, mus partidak, ikurrak, kantak...). Horiei ezin zaie euskal nortasuna ukatu. Etorkizunean ere, Euskal Herritik, EAEtik, Nafarroatik eta Iparraldetik kanpo bizi direnak ere euskalduntzat hartu behar dira.
“Izan ere, euskal nortasunaren sentimenduarekin bat egiten duten hainbat gazte –eta ez hain gazte- sakabanatuta daude munduan barna. Nork ukatuko die euskaldun sentimenduaren zilegitasuna?” (15. Narrazioa).
- Herritar behartsuak: euskal nortasunak ezin du inor bazterrean utzi; ezta arazo ekonomikoak dituztenak ere. Euskal nortasunak kohesio soziala eta era guztietako pertsonen inklusioa bilatu behar ditu.
“Me gustaría que en un futuro estos elementos se asociaran con la identidad vasca: la solidaridad social, la cohesión social, la igualdad entre mujeres y hombres, las lenguas, la cultura, las tradiciones, la libertad de expresión y la democracia” (12. Narrazioa).
4. erronka: Lurraldetasuna
Bi estatu hegemonikoren erdian eta hiru administraziotan banatuta bizi da euskal nortasuna, beraz, euskal nortasuna irudikatzea zaila da. Zentzu horretan, etorkizunera begira, lurraldetasunaren gaia gehiago jorratu beharko litzateke; euskal nortasuna zazpi probintziaz osatutako lurralde bati lotuta dagoela barneratu beharko litzateke; lurraldetasunaren kontzientzia handiagoa izan beharko litzateke.
“Gustatuko litzaidake euskal nortasuna harremanetan egotea zazpi probintziekin. Egon behar da lurraldetasunaren kontzientzia (...). Ezezagutza handia dago. Existitzen denik ere Iparraldea. Baiona Euskal herria denik ez dakite batzuek” (urriaren 27ko mintegia).
5. erronka: Ikuspuntu politikotik burujabetza edo askatasun maila handiagoa
Euskal nortasunak etorkizuna izan dezan, autonomia, erakundetze maila handiagoa, boterea, askatasuna, burujabetza, erabakitzeko gaitasuna edo estatu propio bat behar dira.
“(2050era begira nahi nuke) Euskal Herriaren erakundetze maila handiagoa eta sakonagoa izatea. (...) Zazpi probintzien arteko lotura edo batasuna handiagoa izatea. Zazpien batasuna eta independentzia? Herritarrek hala nahiko balute, primeran!” (26. Narrazioa).
6. erronka: Tradizioan eta jasangarritasunean oinarritutako lan eta ekonomia eredu berri bat
Ekonomia eta lan mundua antolatzeko eta kudeatzeko modu berezi bat egon da eta dago Euskal Herrian (auzolana eta kooperatibak horren emaitza edo isla dira). Lanaren kultura, hitzaren garrantzia edo ekintzailetza bezalako tradiziozko balioak bizirik mantendu behar dira.
“Gazteek orain beste gauza batzuk dekiez buruan eta eraikitzen ari dira euskal nortasuna, etorkizunean izango dena, gaur eraikitzen ari dira. (...). ni, adibidez, auzolanaren kontzeptua, konfiantzazkoa izatea, askotan aipatzen den hori, berba ematen badogu… Ba hori niretzat inportantea da, alkarregaz egitea gauzak” (6. Sakoneko elkarrizketa).
Eta horrekin batera, gure informatzaileen arabera, euskal nortasunari lotuta egongo den etorkizuneko lan eta ekonomia ereduak berezitasun hauek izan behar ditu:
- Teknologia berrien (bereziki adimen artifizialaren) jabe izan behar da.
- Parte hartzailea izan behar da.
- Euskaraz aritu behar da.
- Pertsonak kontuan hartu behar ditu.
- Natura babestu, kutsadura gutxitu eta ekonomia zirkularra eta kontsumo eredu jasangarriak bultzatu behar ditu.
- Erabaki ekonomikoak Euskal Herrian hartu behar dira.
- Euskal Herri mailako erakunde ekonomiko komunak egon behar dira.
Hitz gutxitan esateko, etorkizuneko euskal nortasuna garapen jasangarrian oinarrituta egon behar da.
“(...), nahi nuke gure haurrek izan dezaten mundu jasangarri batean bizitzeko aukera, ikuspegi ekologiko oro har baten araberakoa, nun elgarri lotu ginezazken lurraren baliabideen zaintzea, ekonomia eraldatzaile bat, hizkuntza guttituen aldeko jarrera eta neurriak, genero berdintasuna, lurralde gobernantza partehartzaile eta orekatu bat, munduaren hego eta iparraren arteko harreman orekatuak, eta abar luze bat. Euskal herrian, mundu zabalean bezala.” (27. Narrazioa).
7. erronka: Pertenentzia sentimendu indartu
Euskal nortasunari buruz hitz egin denean, era askotako sentimendu positiboak agertzen dira: pertenentzia sentimendua, harrotasuna, euskararekiko atxikimendua, tradiziozko balio batzuekiko miresmena (hitzaren garrantzia, lana, konfiantzazkoak izatea...) eta euskal lurraldearekiko lotura.
Sentimendu hauen artean aipatuena pertenentzia sentimendua da. Hain zuzen ere, etorkizunera begira ere, pertenentzia sentimendu hori indartsu egotea nahi da.
“2050erako nahiko nuke euskal nortasunaren zutabeak esandako biak izatea: euskal herritar izate-nahia edo euskal sentimendua eta euskara. Horiei gehituko genieke hirugarren bat: elkarren arteko errespetua.” (15. Narrazioa).
Dena dela, informatzaileak kontziente dira pertenentzia sentimendu hori aldatu egingo dela etorkizunean. Hain zuzen ere, aldaketa hori eragin dezaketen faktore edo arrazoi desberdinak aipatzen dira:
- Globalizazioaren eta Euskal Herrira helduko diren kultura, hizkuntza eta nortasun berrien ondorioz, aniztasuna handituko da, eta euskal nortasuna ulertzeko eta bizitzeko modu berriak agertuko dira.
“(...) los valores así básicos no creo que cambien mucho. Pero (...) ¿qué hacemos con los inmigrantes? ¿Y qué hacemos con las segundas generaciones, y las terceras generaciones, y ahora cuartas generaciones? ¿Qué hacemos con ellas? Yo creo que cada vez son más y están ejerciendo presión también por abrir las fronteras de la identidad vasca (...)” (10. Sakoneko elkarrizketa).
- Pertenentzia sentimendu hibridoak dituzten pertsonak ugaritu daitezke.
“(...) es también una tendencia la creciente porosidad de las identidades colectivas nacionalitarias. Empieza a ser más frecuente sentirse a la vez de varios sitios, asumir otras realidades culturales, viajar más y estar abiertos a otras influencias, o simplemente no conceder un valor absoluto a nuestra identidad étnica, por así llamarla, frente a otras identidades que conviven en nosotros. Siempre será importante, y no debe dejar de serlo, porque las raíces son esenciales, pero considero que los posibles cambios que ya están produciéndose no hay que afrontarlos con temor. Creo que es la mejor forma de mantener lo propio, fortaleciéndolo pero no aislándolo, sino dejando que conviva con naturalidad con otras realidades” (18. Narrazioa).
- Euskal nortasuna modu indibidualistan bizi dutenak ugaritu daitezke.
“Gero eta pisu gehiago hartzen ari den indibidualismoari talka bat jartzea. Bizitza kolektiborako espazio eta erritual batzuk bizirik mantentzea, eraberrituta bada ere: poteoa, koadrilla, kultura-eskaintza zabal bat...” (2. Narrazioa)
- Euskal nortasuna folklorean eta azaleko ikur eta iruditegietan oinarriko dutenak ugaritu daitezke.
“Batzuetan inpresioa ematen dit Iparraldera joaten naizenean eta ikusten ditudanean pastel guztiak ikurrinez beteta eta ematen du hori dela euskal nortasuna, hau da, ikurrina bat izatea euskal horrekin lotuta dagoela, ezaugarri horiekin. Eta daramagun martxan, Hego Euskal Herrian ere antzeko zerbaitekin bukatuko dugu, ikurrinarekin ez seguru aski, baina horrelako zera batekin, non eta euskarak ez duen sekulako bultzada hartzen, eta ez diot ikusten aspaldi honetan horretarako bidean goazenik” (3. Sakoneko elkarrizketa).
8. Erronka: Euskal nortasuna naturaltasunez eta tentsiorik gabe bizitzea
Euskal nortasunari lotuta sentimendu negatiboak agertzen dira: gatazka, nekea, lotsa, beldurra, konplexuak, biktima gisa sentitzea, zapalkuntza, itolarria, trauma, esfortzua edo tentsioa.
“Nere ustez esfortzu bat bada euskaldun izatea. Hemen bizitzeagatik soilik ez zara euskaldune. Esfortzue esan nahi det, hori dena mantentzeari, gure nahia hori trasmititzeari,… esfortzu hori egiten duena da euskaldune” (Eztabaida Taldea Idiazabal, 2023-07-12).
Etorkizunera begira, euskal nortasuna sentimendu ezkor horietatik ateratzea nahiko litzateke; euskal nortasuna naturaltasunez eta tentsiorik gabe bizitzea.
“(...) gure nortasuna naturaltasunez bizitzea da etorkizunean nahiko genukeena. (...). Armairutik atera behar gara gu. Lotsa, beldurra ez egotea 30 urte barru gustatuko litzaidake. Konplexuak kendu behar ditugu. Etxean gaude, ez gaude atzerrian. Gustatuko litzaidake euskal nortasuna naturaltasunez bizi ahal izatea (2023ko urriaren 27ko mintegia)”.
Euskal nortasuna “nortasun tentsio” horretatik ateratzeko, pertenentzia sentimendua balio positiboekin lotu behar da. Zentzu horretan, hiru dira etorkizunera begira garrantzia duten balioak (guztiak balio postmaterialistak[20]):
- Parte-hartzea: etorkizunean, parte hartze aktiboan oinarritutako nortasuna nahi da. Euskal nortasunarekin harremanetan dauden ekimenetan eta gizarte mugimenduetan parte hartuz (jaiak, ekitaldi kulturalak, euskararen aldeko ekimenak...) euskal nortasunaren periferian kokatzen direnak, herritar behartsuak edo etorkinak errazago hurbilduko dira euskal nortasunera.
“(2050era begira euskal nortasunaren elementuen artean nahi nuke: Parte hartze aktiboa. (...) Euskal Herria 2050ean Europako lurralde parte-hartzaileenetako bat bezala ikusten dut. Hori da, behingoz, irudikatzen eta desiratzen dudan euskal identitatea: parte hartzean oinarritutako identitate bat. Nahi dudan euskal identitatea egite batean datza, ez izate batean. Identitate hori bizitza sozialean, politikan, bizitza kulturalean, produktiboan… parte hartuz gauzatzen da. Irudikatzen eta desiratzen dudan euskal nortasuna eragiten diguten gaiei buruz eztabaidatzean eta erabakitzean datza, politika publikoen definiziotik elikagaien produkziora” (1. Narrazioa).
- Genero berdintasuna edo feminismoa: etorkizunera begira, euskal nortasuna genero berdintasunari edo/eta feminismoari lotu behar zaio.
“2050ean Euskal Herriaren nortasuna definitzerakoan herri aurreratu gisa irudikatzen dut. Berdintasunerako pausuak eman dituena; emakumezkoak aske biziko diren herria, LGTB kolektiboa lotsa eta beldurrik gabe bizi ahal izanen den herria” (36. Narrazioa).
- Ekologia, jasangarritasuna eta natura: ekologia, jasangarritasuna eta natura balio garrantzitsuak izan behar dira etorkizunera begira. Naturaren defentsan jarrera aktiboa izango duen nortasuna nahi da.
“(...) herri txikia izanagatik eredugarri izateko ahalegina egitea (ekologian, ekonomian, kulturan, hizkuntzan, besteekiko tratuan…), (...). Euskara, duintasuna bizitzan, errespetua besteekiko eta naturarekiko, (...)” (17. Narrazioa).
9. erronka: Mundu globalera egokitzea
Mundua aldatzen ari da, eta euskal nortasunaren jabe direnek jakin behar dute inguruan gertatzen dena ondo interpretatzen eta aldaketetara ondo egokitzen. Etorkizunera begiratu eta euskal nortasuna berrasmatzen, berrinterpretatzen edo eguneratzen jakin behar da.
“2050eko euskal identitateak izan beharko luke pertsonaren kontzepzio humanistan (berezko balioa duena, askea, besteen beharrekoa, arduratsua…) eta euskaran oinarrituta, munduan kokatzeko eta jokatzeko aukera aberats eta emankorra eskaintzen duena. Horretarako, erro errokoak diren identitatearen elementu horiek gaurtik interpretatuta, dibertsitatea bere baitan biltzen, integratzailea izaten eta pertsonari komunitate interesgarri bateko kide izateko aukera eskaintzen asmatu beharko genuke. Horrek eskatuko du, identitatearen erro erroko elementu moral eta kulturaletatik abiatuta, egungo euskal gizartearen irakurketa zintzoa egitea eta testuingurua kontuan hartuta, baldintza material zein ez-material egokiak sortzen saiatzea” (16. Narrazioa).
“Nik uste dut inportanteena dela bilakaera, eboluzioa, nola egokitzen garen garai barrietara” (6. Sakoneko elkarrizketa).
Gure informatzaileen diskurtsoetan, erronka hauek guztiak nahastuta, elkarlotuta edo elkarrekintzan agertzen dira. Horrela, euskal nortasuna mantentzea, transmititzea, bizirautea edo garatzea euskararen biziberritzearekin edo kohesio sozialarekin lotzen da; edo pertenentzia sentimenduarekin edo burujabetzarekin; edo lurraldetasunarekin edo ekonomia eredu berri batekin.
4. Ondorio orokorrak
Arestian esan bezala, ikerketa honen azken helburua da euskal nortasun plural, kohesiogile eta inklusibo berrituaren eraikuntzarako oinarriak proposatzea; edo beste era batera esanda, euskal nortasunak etorkizunean dituen erronkei erantzuteko proposamenak egitea. Baina hori egin aurretik, ezinbestekoa da euskal nortasuna dutenek zer partekatzen duten aztertzea; eta, era berean, baita desadostasunak non dauden ikustea ere.
Zentzu horretan euskal nortasunaren jabe direnek nortasun-elementuei, nortasunaren izaerari buruzko ideia, definizio edo ulerkerei eta etorkizuneko helburuei buruzko gizarte errepresentazioak partekatzen dituzte; baita euskal nortasuna jasaten ari den aldaketari eta euskal nortasunaren eragileei buruzko gizarte errepresentazioak ere. Honako hauek dira partekatzen diren edo/eta adostasuna sortzen duten eta euskal nortasunari batasuna edo koherentzia ematen dioten gizarte errepresentazio garrantzitsuenak:
- Euskal nortasuna sei nortasun-elementu nagusitan oinarritzen da: euskara, kultura, politika, ekonomia eta lanaren kudeaketa eredua, lurraldea eta sentimenduak. Euskal nortasuna, nortasun linguistikoa, kulturala, politikoa, sentimentala, ekonomikoa eta lurraldeari loturikoa da.
- Euskal nortasunaren oinarrian sei balio nagusi agertzen dira: tradizioa; komunitatea; elkartasuna; modernitatea; inkonformismoa, erresistentziarako joera edo/eta aldarrikapenerako edo borrokarako grina; eta parte hartzea.
- Euskal nortasunak izateko modu bat du: indibiduala eta, era berean, kolektiboa da; tradizionala eta, era berean, modernoa; mundura irekia dago; heterogeneoa da; gatazkari edo tentsioari loturik dago; eta etengabe aldatzen edo/eta egokitzen ari da; eta eraikuntza da.
- Euskal nortasuna ez dirudi nortasun esentzialista edo primordialista; ez da nortasun erlijiosoa; eta ez da nortasun materialista.
- Euskal nortasunean eragiten duten barne-eragileek (etxea, lagunak, kultura eta arte sortzaileak, euskararen eta euskal kulturaren alde lanean ari diren erakundeak, euskalgintzaren eta kulturgintzaren inguruko erakundeak...) transmisioa ziurtatzen dute, jendea erakartzen dute, berrikuntza sustatzen dute, kohesioa ahalbidetzen dute eta euskal nortasuna indartzen dute. Dena dela, gehienentzat, barne-eragile hauek ahulegiak dira funtzio horiek guztiak behar bezala betetzeko.
- Euskal nortasunean eragiten duten kanpo-eragileek (hegemonikoak diren nortasun, hizkuntza eta kulturekin harremanetan dauden pertsona, elkarte eta erakundeak, estatu frantziarra eta espainiarra, komunikabideak eta sare sozialak eta Internet) euskal nortasuna ahultzen dute, politika inperialistak, asimilazioa, subalternitatea edo/eta zapalkuntza bultzatu dituztelako.
- Euskal nortasuna etengabe ari da aldatzen edo/eta egokitzen. Aldaketa horretan, faktore demografiko, kultural eta teknologikoek eragiten dute.
- Euskal nortasunaren etorkizuneko gizarte errepresentazioetan, nahastuta agertzen dira ikuspuntu baikorrak eta ezkorrak. Hau da, alde batetik, euskal nortasunak aurrera egiteko eta etorkizunean ere bizitzeko gaitasuna duela pentsatzen da, baina, era berean, etorkizunean bizitzeko dituen ahultasunak gehiegi direla aipatzen da.
- Euskal nortasunari lotuta agertzen diren etorkizuneko erronkak bederatzi dira: mantentzea, transmititzea, bizirautea edo garatzea; euskararen biziberritzea; kohesio soziala; lurraldetasuna; burujabetza edo askatasun maila handiagoa; tradizioan eta jasangarritasunean oinarritutako lan eta ekonomia eredu berri bat; pertenentzia sentimendua indartzea; euskal nortasuna naturaltasunez eta tentsiorik gabe bizitzea; eta, mundu globalera egokitzea.
- Euskal nortasunari buruz hitz egiten denean, erronka garrantzitsuena da euskal nortasuna mantentzea, transmititzea, bizirautea edo garatzea, baina erronka horri lotuta, indar handiarekin agertzen da gizarte kohesioa hobeagotzea. Euskal nortasuna eta gizarte kohesioa zatikatu ezin den osotasun bereko bi parteak dira. Eta hori lortzeko, etorkizuneko euskal nortasuna balio sozio-komunitarioetan oinarritu behar da: nortasun-artekotasunean edo inklusioan, aniztasunean, elkarrekiko errespetuan, elkarrekiko arduran, elkartasunean eta adiskidantzan, justizia sozialean, hobekuntza sozialean eta kohesio sozialean, berdintasunean eta komunitatearen zentzuan oinarritu behar da.
- Etorkizunera begira ere, pertenentzia sentimendu indartsu egotea nahi da. Dena dela, informatzaileak kontziente dira pertenentzia sentimendu hori aldatu egingo dela etorkizunean. Hain zuzen ere, aldaketa hori eragin dezaketen faktore edo arrazoi desberdinak aipatzen dira: globalizazioaren eta Euskal Herrira helduko diren kultura, hizkuntza eta nortasun berrien ondorioz, aniztasuna handituko da, eta euskal nortasuna ulertzeko, definitzeko edo/eta bizitzeko modu berriak agertuko dira; eta horrekin batera, pertenentzia sentimendu hibridoak dituzten pertsonak ugaritu daitezke; baita euskal nortasuna modu indibidualistan bizi dutenak; eta, euskal nortasuna folklorean eta azaleko ikur eta iruditegietan oinarrituko duten nortasun sentimenduak dituztenak.
- Sentimendu positiboekin batera, euskal nortasunari lotuta sentimendu negatiboak ere agertzen dira: gatazka, nekea, lotsa, beldurra, konplexuak, biktima gisa sentitzea, zapalkuntza, itolarria, trauma, esfortzua edo tentsioa. Etorkizunera begira, euskal nortasuna sentimendu ezkor horietatik ateratzea nahiko litzateke; euskal nortasuna naturaltasunez eta tentsiorik gabe bizitzea. Eta “nortasun tentsio” horretatik ateratzeko, pertenentzia sentimendua balio positiboekin lotu behar da. Zentzu horretan, hiru dira etorkizunera begira jorratu nahi diren balio garrantzitsuenak: parte-hartzea, genero berdintasuna edo feminismoa eta ekologia, jasangarritasuna eta natura.
Gizarte errepresentazio horiek partekatzen dituztenek errealitate sozial, material eta ideala modu berean interpretatzen dute, eta komunitate bateko kide izatearen zentzua garatzen dute; euskal nortasunaren parte sentitzen dira.
Dena dela, gizarte errepresentazio hauek guztiak ez dira guztiz homogeneoak. Gizarte errepresentazio horietako batzuk modu desberdinean definitzen, ulertzen edo interpretatzen dira. Hasierako homogeneotasunaren azpian, heterogeneitatea ageri da:
- Adostasun handia dago euskararen zentralitatearen edo/eta garrantziaren inguruan. Dena dela, euskal nortasunean duen funtzioari buruzko ikuspuntu edo diskurtso desberdinak daude. Batzuentzat, euskal nortasuna izateko euskaraz jakin eta hitz egin beharra dago. Beste batzuentzat, aldiz, euskaraz ez dakitenek ere euskal nortasuna izan dezakete, euskararekiko atxikimendua edo euskararen aldeko sentimendua erakusten badute. Hirugarren talde baten arabera, euskararen maila berean beste nortasun-elementu batzuk daude. Euskal nortasuna gaztelaniaz edo frantsesez ere bizi da. Gure informatzaileen artean, lehen bi ikuspuntu edo diskurtsoak dira nagusi. Dena dela, hirugarren diskurtso hori ere agertzen da.
- Euskal kultura zer den definitzerakoan ere eztabaida bera agertzen da: batzuen ustez, euskal kultura euskaraz egiten den kultura da. Euskal Herrian egiten den erdarazko kantagintza, literatura, antzerkia, zinea, kazetaritza eta komunikazioa ez dira euskal nortasuna. Beste batzuentzat, aldiz, euskal nortasunaren oinarrian erdaraz egiten den kultura ere badago. Hirugarren talde batek dio euskara erabiltzen ez duten kultur adierazpenak euskal nortasuna izan daitezkeela, beti ere euskararen eta euskal kulturaren biziberritzean laguntzen badute.
- Politika euskal nortasun-elementu garrantzitsua da. Dena dela, ikuspuntu desberdinak daude politikak euskal nortasunean izan duen eraginaren inguruan. Batzuentzat, politika euskal nortasunaren bultzatzaile izan da. Beste batzuentzat, aldiz, euskal nortasunaren eta nortasun-elementuen instrumentalizazio politikoa egon da, eta horrek jendea urrundu du euskal nortasunetik.
- Euskal lurraldearekiko atxikimendua euskal nortasunaren elementu garrantzitsua da. Dena dela, euskal lurraldeari buruzko definizio desberdinak daude: informatzaile gehienek zazpi lurraldez osatutako euskal lurraldeari lotuta ikusten dute euskal nortasuna, baina badira EAE, Nafarroa eta Iparraldeari buruz hitz egiten dutenak ere.
- Euskal nortasunaren oinarrian agertzen den sentimendu positibo indartsuena pertenentzia sentimendua da. Dena dela, ez dago pertenentzia sentimendu hori bizitzeko, ulertzeko edo sentitzeko modu bakar bat. Batzuk soilik euskal nortasuna dutela esaten dute. Beste batzuk, aldiz, euskal nortasun hibridoa dute (euskaldun eta espainiar, euskaldun eta frantziar, nafar eta espainiar, euskaldun eta ginear...). Hirugarren tipologia batean kokatzen direnek euskal nortasunarekiko pertenentzia sentimendua adierazten dute, baina ez dira euskal nortasunaren elementuekin eta euskal nortasunaren izaerarekin identifikatzen. EAEn, Nafarroan eta Iparraldean jaio, bizi edo lan egiten dutelako dute euskal nortasuna; hau da, nortasun zibiko-administratiboa dute.
Euskal nortasunaren inguruan dauden adostasunen edo partekatzen diren gizarte errepresentazioen azpian, euskal nortasuna ulertzeko, bizitzeko edo definitzeko modu desberdinak ageri dira. Hau da, euskal nortasuna era berean homogeneoa eta heterogeneoa da. Beste berba batzuekin esanda, euskal nortasun bat dago, baina, era berean, euskal nortasunak daude.
5. Aipatutako liburu eta artikuluak
CASTELLS, Manuel (1996-1997): La era de la información, 3 liburuki, Madril, Alianza.
ELZO, Javier (Zuzendaria) (1992): Euskalherría en la encuesta europea de valores: ¿son los vasos diferentes?, Bilbao, Deustuko Unibertsitatea.
BAXOK, Erramun; ETXEGOIN, Pantxoa; LEKUNBERRI, Terexa; MARTINEZ DE LUNA, Iñaki; MENDIZABAL, Larraitz; AHEDO, Igor; ITZAINA, Xabier eta JIMENO, Roldan (2006): Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran. Donostia, Eusko Ikaskuntza.
ESTORNES LASA, Bernardo (1933): Historia del País Basco. Zarautz, Editorial Vasca.
GARMENDIA, Jose Antonio; PEREZ-AGOTE, Alfonso eta PARRA, Francisco (1982): Abertzales y vascos identificación vasquista y nacionalista en el País Vasco. Madril, Akal.
GLASER, Barney G. eta STRAUSS, Anselm. L. (1967): The discovery of grounded theory: strategies for qualitative research. USA eta Londres, Aldine Transaction.
GONZALEZ, Iñigo (2023-5-26): ¿Navarro, vasco o español? Así se sienten los votantes en Navarra. Diario de Navarra.
HAINBAT AUTORE (1978-1993): Euskaldunak La Etnia Vasca. Lasarte-Oria, Etor argitaletxea.
HARITSCHELHAR, Jean (1986): Ser Vasco. Bilbo, Mensajero.
INGLEHART, Ronald (1991): El cambio cultural en las sociedades industriales avanzadas. Madril, CIS.
JODELET, Denise (1986): “La representación social: fenómenos, concepto y teoría” in MOSCOVICI, Serge (koordinatzailea): Psicología social II. Pensamiento y vida social. Psicología social y problemas sociales. Barcelona, Paidós.
JUNYENT, M. Carme; COMELLAS Pere; CORTÈS-COLOMÉ, Montserrat; BARRIERAS, Mònica; MONRÓS, Eva; FIDALGO. Mònica (2014): La diversidad lingüistica: una invitación a reconocerla, comprenderla e incorporarla. Barcelona, Horsori.
LEONISIO, Rafael eta SILVESTRE, Maria (2021): “El Capital Social, el grado de solidaridad y las identidades nacionales en Euskadi” in SILVESTRE, Maria (koordinatzailea): Valores para una pandemia: la fuerza de los vínculos. Madril, Sintesis.
MOSCOVICI, Serge (1979): El Psicoanálisis, su imagen y su público. Buenos Aires, Huemul.
STRAUSS, Anselm L. eta CORBIN, Juliet M. (2002): Bases de la investigación cualitativa: técnicas y procedimientos para desarrollar la teoría fundada. Medellín, Editorial Universidad de Antioquia.
URRUTIA, Manuel (2021): “Los valores religiosos de la población vasca” in SILVESTRE, Maria (koordinatzailea): Valores para una pandemia: la fuerza de los vínculos. Madril, Sintesis.
ZUBIAUR, Jose Ramon (1992): “Garibai hizkuntzalari” ASJU, 15,1992.
Proiektuaren lantaldea: Zuzendari Zientifikoa, Patxi Juaristi Larrinaga; taldekideak: Igor Ahedo Gurrutxaga, Elena Casiriain Iturriria, Jone Goirigolzarri Garaizar, Carmen Innerarity Grau, J. Inazio Marko Jaunikorena, Izaskun Rekarte Bengoetxea eta Iñaki Zaldua Calleja; Eusko Ikaskuntzako proiektu arduraduna, Josune Etxaniz Barrio.
[1]Jose Ramon Zubiaur-ek dioen bezala: “Euskararen balioa, euskararen apologiarako hastapenak jarri zituela, Poza, Larramendi eta Astarloa baino lehenago”. Zubiaur, Jose Ramon (1992): “Garibai hizkuntzalari” ASJU, 15,1992,173-182 orrialdeak, 181. orrialdea.
[2] 1986an, Jean Haritscehlhar-ek zioen bezala: “Ser vasco: así reza el título otorgado al a presente obra. Pero, ¿poner el título no supone a la par, interrogarse? ¿Ser Vasco? Euskaldun izan? En efecto, la pregunta surge imperiosa, inevitable, renovada una y otra vez en la mente en tanto existan vascos y gentes que piensen”. Haritschelhar, Jean (1986): Ser Vasco. Bilbo, Mensajero, 8. orrialdea.
[3] Estornés Lasa, Bernardo (1933): Historia del País Basko. Zarautz, Editorial Vasca.
[4]Hainbat autore (1978-1993): Euskaldunak La Etnia Vasca. Lasarte-Oria, Etor argitaletxea.
[5] Garmendia, Jose Antonio, Perez-Agote, Alfonso eta Parra, Francisco (1982): Abertzales y vascos identificación vasquista y nacionalista en el País Vasco. Madril, Akal.
[6]Elzo, Javier (Zuzendaria) (1992): Euskalherría en la encuesta europea de valores: ¿son los vasos diferentes?, Bilbao, Deustuko Unibertsitatea.
[7]Erramun Baxok, Pantxoa Etxegoin, Terexa Lekunberri, Iñaki Martinez de Luna, Larraitz Mendizabal, Igor Ahedo, Xabier Itzaina eta Roldan Jimeno (2006): Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran. Donostia, Eusko Ikaskuntza.
[8]Junyent, M. Carme; Comellas Pere; Cortès-Colomé, Montserrat; Barrieras, Mònica; Monrós, Eva; Fidalgo. Mònica (2014): La diversidad lingüistica: una invitación a reconocerla, comprenderla e incorporarla. Barcelona, Horsori. Hala ere, Castellsen ustez (1996-1997), globalizazioak ez ditu identitate kolektiboak desagertuko. Izan ere, munduan gertatzen ari den geldiezineko prozesu homogeneizatzailearen eta bateratzailearen ondorio garrantzitsuena da noraezeko egoera ekartzen diela gizabanakoei, eta horren aurkako erreakzio bezala, hurbilen ditugun identitateari loturiko oinarrietara itzulia egiten ari garela. Castellek dioen bezala, ezagutzen ditugun eta neurri batean kontrola ditzakegun eremuetara itzultzen ari gara; eta horrek berrindartu egiten du hurbileko taldeen (lagunak, familia, herri nortasuna, erlijioa...), kulturen eta identitateen beharra. Castells, Manuel (1996-1997): La era de la información, 3 liburuki, Madril, Alianza.
[9] 2019ko abenduaren eta 2020ko urtarrilaren arteko asteetan, Balioen Europako Inkesta pasatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Ikerketa horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %2,5 bakarrik espainiarra sentitzen da, %3,9 euskal herritar baino gehiago espainol sentitzen da, %36,5 era berean euskal herritar eta espainiar sentitzen da; ,3 espainiar baino gehiago euskal herritar, %21,4 soilik euskal herritar sentitzen da eta %8,5ak ez du erantzuten. Leonisio, Rafael eta Silvestre, Maria (2021): “El Capital Social, el grado de solidaridad y las identidades nacionales en Euskadi” in Silvestre, Maria (koordinatzailea). Valores para una pandemia: la fuerza de los vínculos. Madril, Editorial Sintesis, 183. orrialdea. Diario de Navarrarentzat CIES-ek 2023an egindako ikerketa baten arabera, nafarren %36 euskaldun gisa definitzen da. Gonzalez, Iñigo (2023-5-26): ¿Navarro, vasco o español? Así se sienten los votantes en Navarra. Diario de Navarra.
[10] Denise Jodeletek gizarte errepresentazioaren definizio hau eman zuen: "El concepto de representación social designa una forma de conocimiento específico, el saber de sentido común, cuyos contenidos manifiestan la operación de procesos generativos y funcionales socialmente caracterizados. En sentido más amplio, designa una forma de pensamiento social. Las representaciones sociales constituyen modalidades de pensamiento práctico orientados hacia la comunicación, la comprensión y el dominio del entorno social, material e ideal”. Jodelet, Denise (1986): “La representación social: fenómenos, concepto y teoría”. Moscovici, Serge (koordinatzailea): Psicología social II. Pensamiento y vida social. Psicología social y problemas sociales. Barcelona, Paidós 474. orrialdea.
[11]Moscovici, Serge (1979): El Psicoanálisis, su imagen y su público. Buenos Aires, Huemul, 17-18. orrialdeak.
[12] Strauss, Anselm L. eta Corbin, Juliet M. (2002): Bases de la investigación cualitativa: técnicas y procedimientos para desarrollar la teoría fundada. Medellín, Editorial Universidad de Antioquia, 152. orrialdea.
[13] Glaser, Barney G. eta Strauss, Anselm. L. (1967): The discovery of grounded theory: strategies for qualitative research. USA eta London, Aldine Transaction.
[14] “Las representaciones sociales constituyen modalidades de pensamiento práctico orientados hacia la comunicación, la comprensión y el dominio del entorno social, material e ideal”. Jodelet, Denise, 1986, aipatutako liburua, 474. orrialdea.
[15] “Así pues, la noción de representación social nos sitúa en el punto donde se entersectan los psicológico y lo social. Antes que nada concierne a la manera cómo nosotros, sujetos sociales, aprehendemos los acontecimientos de la vida diaria, las características de nuestro medio ambiente, las informaciones que en él circulan, a las personas de nuestro entorno próximo o lejano. En pocas palabras, el conocimiento ‘espontáneo’, ‘ingenuo’ que tanto interesa en la actualidad a las ciencias sociales, ese que habitualmente se denomina conocimiento de sentido común, o bien pensamiento natural, por oposición al pensamiento científico. Este conocimiento se constituye a partir de nuestras experiencias, pero también de las informaciones, conocimientos, y modelos de pensamiento que recibimos y transmitimos a través de la tradición, la educación y la comunicación social. De este modo, este conocimiento es, en muchos aspectos, un conocimiento socialmente elaborado y compartido”. Jodelet, Denise, 1986, aipatutako liburua, 473. Orrialdea.
[16] AMAP (Association pour le Maintien de l’Agriculture Paysanne), nekazariei loturiko nekazaritzaren aldeko elkarteak dira. Kontsumitzaileen eta nekazarien arteko harreman zuzena bultzatzen dute.
[17] Bizi! Ipar Euskal Herriko herritar mugimendu altermundialista da. 2009ko ekainean sortu zen Manu Robles-Arangiz fundazioaren babespean, eta larrialdi ekologikoaren aurka eta justizia sozialaren alde lan egiten du. Euskara eta frantsesa dira lan-hizkuntzak.
[18] Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %50,7k dio erlijio baten parte dela. Estatu espainiarrean euren buruak erlijio baten parte direla diotenak %64,7 dira. Adinaren arabera desberdintasun garrantzitsuak daude: Euskal Autonomia Erkidegoko 65 urte edo gehiago dituztenen %76,3 erlijio baten parte da. Aldiz, 18 eta 24 urte bitartekoan artean, erlijio baten parte dira %31,9. Urrutia, Manuel, (2021): “Los valores religiosos de la población vasca” in Silvestre, Maria (koordinatzailea), Valores pra una pandemia: la fuerza de los vínculos. Madril, Sintesis, 110-111. orrialdeak.
[19]North American Basque Organizations Incorporated (NABO laburdurarekin ezagunagoa) Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeen federakuntza da.
[20]Ronald Inglehart-ek bere El cambio cultural en las sociedades industriales avanzadas liburuan zioen mendebaldeko herrialde aberatsetan bizi direnek ongizate materialari, diruari eta ziurtasun fisikoari garrantzia ematetik, bizi-kalitatea azpimarratzera pasatu direla. Bere ustez, gizarte aberatsek balore materialistetatik balore postmaterialistetarako jauzia egin dute. Balio postmaterialistak dira ekologia, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna, kontsumitzaileen eskubideak, demokrazia hobeagoak lortzeko nahia, gutxiengoen eskubideak, garapen kulturala… Inglehart, Ronald (1991): El cambio cultural en las sociedades industriales avanzadas. Madril, CIS.
PARTAGER