Aingeru Zabala. Historialaria: Bilbo da behatokirik egokiena biharko Euskal Herriaz hausnartzeko

2012-01-06

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Argi dago nortasuna duen edozein herrik errespetatu egin behar dituela bere historia eta arbasoek utzitako legatua, materiala nahiz immateriala. Era berean, argi dago herentzia hori albait ongien gobernatzea izan behar duela helburu kudeaketa politikoak. Ez dago horren argi, baina, kargu publiko guztiek sentiberatasun bera ote duten. Hartara, gerta daiteke —eta zoritxarrez, gertatu egiten da— kultura-ondarea ahultzea, arian-arian. Historia, ondare material eta immateriala eta kudeaketa- eta hausnarketa-jokabide egokiak ezinbestekoak dira gizarte-paradigma berria eraikitzeko formulan.

Historialaria, unibertsitateko irakaslea, politikaria, administratzaile publikoa... Zer titulu erabiliko zenuke zeure burua definitzeko?

Hasteko, nahiago dut neure burua ez definitzea. Baina egin behar izatekotan, orain dela hogeita hamar urte hainbat gauza ez nintzela esango nukeen, eta gaur egun, ordea, oker egongo nintzela konturatzen naiz. Gogoan dut administrazio publikora iritsi nintzenean teknikaritzat, eta pixka bat politikotzat, jotzen nuela neure burua. Huts galanta: leku batera bazoaz, leku horretan egin beharrekoa egitera zoaz. Ondorioz, garai hartan politikari profesionala izan nintzen. Bestalde, unibertsitateko irakaslea ere banaiz. Ikasketak amaitu nituenetik etengabe eman ditut eskolak. Funtzionarioa ere banaiz, duela hogeita hamar urtetik hona.

Historialaria izatea zailagoa da: badirudi izan nahi duzuna izatea dela helburua, eta ez hainbeste zer zaren benetan. Baina, azkenean, eginahalak egiten ditut, egunen batean esan dezaten historialaria izan nintzela.

1980an, Garaikoetxea lehendakaria zela, Eusko Jaurlaritzako Ondare Historikoko lehen zuzendaria izan zinen. Eraikitzear zegoen herri bat ikusteko plataforma ederra, ezta?

Asko zegoen egiteko. Besteak beste, atzera begiratzea. Kargua onartu nuenean hainbat gauzaz jabetu nintzen, eta horietako bat zera zen: Jose Maria Uzelayren ondorengoa nintzela. Egia da inor ez dela inor baino gehiago, baina xehetasun horrek baieztatu zidan ez neukala konpromiso makala. Uzelayk gerra aurreko lehen gobernuaren etorkizuna eraikitzen lagundu zuen, garai hartan gaztea zela, geroago ni izan nintzen bezala.

Bigarren hausnarketa hauxe izan zen: nigan konfiantza jarri zuenaren zerbitzura egon behar nuela. Nik ez nuen soldadutzarik egin, eta aitari esan nionean zer proposatu zidaten, berak —soldadutzarik egin ez arren, gudan borrokatua zenak— esan zidan: “Aingeru, tente!” Eta hortik aurrera, ilusioa eta lana.

Aita aipatu duzu, eta zuen aitona Angeli buruz hitz egitea nahi nuke. Aingeru (Angel) Zabala izenak izaera dakar?

Ustez, bai. Esker onekoa izatea gizalegezkoa bada, nik halakoa izan behar dut aitonarekiko. Nerabea nintzela, bi gauza nituen garbi: ez nuela politikaria izan nahi eta ez nuela historialaria izan nahi. Aitona halakoxea izan zen, eta egoera txarrak bizi behar izan zituen. Eta, lehenago esan dudanez, orain burrukan nabil historialaritzat izan nazaten gogoan, eta harro nago Gobernu hartan politikari jardun izanagatik. Onartu behar dut gauza batek baduela pisua, alegia: gure aitak —bere aitaren semeak— Bilbon irakatsi zigun euskaraz —garai hartan ez zen ohikoa— eta herria ikuspegi militante batekin barneratzen —hori, akaso, ez da hain arraroa gure gazteen artean—, jarduera kulturala lehenetsita. Nire “aittitterengandik”, beraz, naizena izaten laguntzen didan testuingurua jaso nuen.

Zu bezala apirilean jaiotakoak —Taurus, Ariesekin mugan—, pazientzia handikoak, saiatuak, ausartak eta fidatzekoak omen zarete. Bihotz onekoak eta maitekorrak. Aries zeinukoak —badaezpada, esan egingo dut—, abenturazaleak dira, energia handikoak, aitzindariak eta ausartak, euren buruaz seguruak. Zein definizio dator bat zure izaerarekin?

Halako deskribapenek alderdi positiboak erakuste aldera egiten dute. Beharbada, dohainek baino, alde txarrek hobeto definitzen gaituzte. Zuk esan duzun horretatik, ziurrenik ez batak eta ez besteak. Badago pentsatzen duenik Taurus burugogorra dela, zuk esandakoa txarrean esanez; pertsona saiatua dela esatea onean esatea da. Egia esanda, gutxi identifikatzen naiz halako soslaiekin. Bai uste dut, ordea, ikertzailea izanik pertsona saiatua izan behar dudala. Era berean, pentsatu nahi nuke leiala naizela lagunekin, eta tolerantea, horri ere funtsezkoa baiteritzot. Izan ere, leialtasuna zerbait pertsonala da, ezin zaie inoiz besteei eskatu.

“Ondare immaterialari, batik bat hizkuntzari, gizateriaren ondare ere izan beharko lukeenari, asko laguntzen diote bai erakundeek bai gizarteak.”

Hogeita hamar urte joan dira administrazioan ibili zinenetik. Ordutik hona aldatu egin da gure gizarteaz duzun iritzia?

Administrazioa gizartea baino gutxiago aldatu dela uste dut. Gogoan dut Lakuara iritsi nintzenean pentsatzen nuela bestelako administrazio bat prestatuko genuela. Gero, guk sinesten ez genuen eredu hartan prestatutako legelariek idatzita zituzten esparru-legeak zirela bide, aurretik zegoenaren antzeko administrazioa sortu da: paperez betetako padura baten antzekoa.

Gizartea gehiago aldatu da, gauza batzuetan onerako. Nire iritzian, toleranteagoak gara. Gazteak ginela Estatu Batuetako edo Ingalaterrako gizarteaz esaten genuen hura esan dezakegu orain: “Hemen ez zaitu inork begiratzen kalean zoazenean”. Hau da, pertsonen askatasun-esparrua zabaldu egin delakoan nago. Gure nerabezaroan, normala zen enpresariaren etxearen aurrean pintadak egotea. Denok ezagutzen ditugun arrazoiak medio, askatasunik eza jasan dugu. Gaur egun, errazago onartzen ditugu gauzak. Aldiz, elkartasunean galdu egin dugula uste dut. Duela urte batzuk, dena egiten genuen eskuzabaltasunez, guztion onerako. Orain norberarena lehenesten da. Eta denon onerako zerbait egiten bada, norberaren onuraz ere ondo igurtzita egoten da, denon onurak norberaren onuraren alde ere zerbait isur dezan. Beraz, anonimian irabazi eta elkartasunean galdu egin dugula uste dut.

Gutxi dira gure administrazio publikoa zuk bezain ondo ezagutzen dutenak. Ondare-, kultura-, historia-... gaietan aurrera egiteko aski artikulatuta dago, ala hori utopia gaindiezina da?

Erraz lortuko dugula uste dut. Gure ondare materialari dagokionez, aberastasuna eskasa izan da. Ondare immaterialari, batik bat hizkuntzari, gizateriaren ondare ere izan beharko lukeenari, asko laguntzen diote bai erakundeek bai gizarteak. Zer gehiago behar duen, hori beste kontu bat da.

Ondarearen inguruan bi arazo aipa daitezke: ondarea ezagutzea bera eta hori non kokatu. Orain dela urte batzuk txarto ikusita zegoen ondareaz eta turismoaz berba egitea. Gaur egun askatasun osoz egiten da berba lotura horren inguruan. Nik beti pentsatu dut ona dela bi kontzeptuak batzea. Alabaina, zoritxarrez, ez dut uste denek berdin pentsatzen dutenik. Hor dago industria-ondarea, proiektu bateratu baten oinarria izan litekeena, eta apurka-apurka gainbeheran datorrena, arduradunen axolagabekeria tartean, ez direlako hori baloratzeko gai. Lehen gobernu hartan Teknikaren Museoa sortzen hasi ginen herriarentzat... Estatu osoan ez zegoen esparru geografiko eta sozial aproposagorik. Harrezkero ez da ezer aurreratu. Eta ez da egin, ez dagoelako egungo Euskal Herria industrializazioak egituratu zuen kontzientziarik. Baina industrializazioari esker, gutako bakoitzak leku bat du etorkizuneko herri-proiektuan. Batzuk ekin eta ekin jarraitzen dute industrializazio-garaiaren aurretik datorren horri industria-ondare deitzen, konturatu barik horrek, berez, galarazi egiten duela iragan hurbilagoa etorkizunean gauzatzea. Beraz, horrexek arduratzen nau: industria-ondarea ez dela barneratzen gu guztiok etorkizun-kontzeptu batean txertatuko garen gako intelektual gisara. Horrek huts egiten badu, zure galderari ezkortasunez erantzutea baino ez daukat, ondasun materialean gelditzen dena ondo kontserbatuta egon arren. Alabaina, berriro diot, arazoa da ez dugula barneratzen ondarea ez direla gauzak soilik eta, aldiz, gauzak ondarearen oinarria direla.

Agerikoa dirudi pentsatzea ondareaz (materiala nahiz immateriala izan) egin nahi den edozein planteamendu egitekotan, etorkizunari begira egon behar duela...

Horrelaxe da. Ondarea badaukat dagoeneko. Etorkizuneko belaunaldiek hori gozatzea eta garatzea da helburua.

“Nire iritzian, gizarteek krisiaren bidez egiten dute aurrera, eta sekula ere ez norberaren atseginaren bidez.”

Orain dela egun batzuk, herri honetako politikari esanguratsu batek esan zuen euskal herritarrok berrikuntzaren eta esportazioaren premia dugula. Ederra aurkikuntza! Horren inguruan, historialari moduan, baduzu zer esan ikuspegi luzeko pertsona horri, ezta?

Filosofiak aspaldian azaleratu zuen nominalismoa. Berritu hitza polisemikoa da, hainbat definizio baititu. Baina, agerikoa denez, berrikuntzarik gabe ez dago aurrerakuntzarik, aurrera egiteak zerbait berria lortzea dakarrelako. Ez dakit ona ala txarra den, baina inork ez du ezer aurkitzen aurrera egin gabe. Esportatzea? Printzipio zaharra. Merkantilismoa XVIII. mendearen hasieran ezarri zen eta orduko teoria da nazioarteko ordainketa-balantzak zehazten duela herrialde baten aberastasuna. Bide batez esateko, dagoeneko ikusi da teoria hori ez zela egia.

Nik beste argudio batzuk ditut, eta sendoagoak iruditzen zaizkit, lausoagoak izan daitezkeen arren. Nire iritzian, gizarteek krisiaren bidez egiten dute aurrera, eta sekula ere ez norberaren atseginaren bidez. Ez da historiaren behin betiko paradigma, baina egia samarra delakoan nago. Krisi-uneak konplexuak izaten dira, eta hortik aurrera urrats zuzenak eman daitezke ala ez. Ondo aukeratzea da kontua. Argi dago aldaketak ezinbestekoak direla, gertatu egingo direla, nahitaez. Baina aldaketek ez dute etorkizuna baldintzatzen, aldaketa horiek eman ala ez etorkizuna hor egongo delako. Nire ustez, une horietan, aukera zuzena egitea da garrantzitsuena.

Historialariarentzako galdera, historialaria ez den baten aldetik: historiak Euskal Herria hobeto ulertzen laguntzen du? Edo gehiago nahas gaitzake?

Uste dut historia asko daudela. Horietako batzuk nahastu egiten gaituzte. Historiak —eta ez dut nahi Hegelena bezalako trataturik egitea—, orokorrean eta benetan zer den ulertuta, Euskal Herria ulertzen laguntzen digu. Oroitzapenik gabe, ezin gara ibili. Jaio baino lehenago ez dugu arnasarik hartzen eta, jaiotzen garen unean, ipurdiko baten bidez, arnasa hartzen eta negar egiten irakasten digute. Norbaitek dena ahaztuko balu, nola arnastu behar den ere ahaztuko luke, azkenean. Eta hil egingo litzateke. Pertsonen oroitzapenen parekoa da oroitzapen kolektiboa gizarteentzat. Dena ahazten duen herria hil egiten da. Denok jokatzen dugu geure oroitzapenen arabera, eta horien inguruan eraikitzen ditugu geure ekintzak. Zenbat eta gehiago jabetu herriak euren oroitzapenez, eskuragarriago izango dute etorkizuna. Kolektibo gisa gure etorkizuna eraikitzeko tresna da. Etorkizuna ez da errepikatuko, kontua ez da hori: eraikitzeko erabaki egokia hartu ahal izateko, oinarri egokia behar da; horra hor gakoa.

Eta historia txarto irakurtzen badugu? Zerbait txarto joango da, zalantzarik gabe. Uste dut Euskal Herrian kontatzen den historiaren zati bat txarto kontatzen dela. Eta, ondorioz, uste dut txarto kontatutako historia horretan oinarrituta eraiki behar den etorkizuna txarto egindako Euskal Herria izan daitekeela. Baina errua ezin diogu leporatu gure gaitasun-gabeziari, gure oroimen txarrari baizik.

Hegel aipatu duzu historia definitzea dela-eta. Gure gazte-sasoian derrigorrez irakurri beharreko beste egile bat etorri zait gogora: Freud. Historia sublimatu egiten da?

Ez nuen halako ur sakonetan murgildu nahi, baina esan behar dut herri honetako militantzia politikoaren zati batek historia —eta historia txarra, gainera— sublimatu egin duela.

“Pertsonen oroitzapenen parekoa da oroitzapen kolektiboa gizarteentzat. Dena ahazten duen herria hil egiten da.”

Gaur egun, hainbeste aldaketa politiko bizitzen ari garela, noren lana izango da historia hori idaztea?

Gai horrek haserre nauka azkenaldian. Hedabideetan behin eta berriro errepikatzen den historia eraikitzeko premia horrek amorrarazi egiten nau. Adierazpen horiek guztiak historia manipulatzeko muturreko saiakerak dira. Historia oroitzapen indibidualen batuketa dela oinarri hartuta, bakoitzak bere modura gogoratuko du historia. Nire kasuan, gurean gerra zibila ez zen gogoratzen beste etxe batzuetan bezala. Errealitate historikoa bata ala bestea izango da, baina bakoitzak bere erara eraikitzen du bere historia. Horregatik, historia ofiziala idazteko ahalegin horrek etorkizun laburra izango duela uste dut.

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, nazioen historiak eraiki ziren, adierazpen-paradigma gisa. Espainiako kasuan, Americo Castrok eta Sanchez Albornozek informazio asko eskuratu eta euren historiak sortu zituzten. Eta XXI. mendean zalantzan jarri ditugu. Frantziako, Belgikako eta beste herrialde batzuetako prozesuak antzekoak izan dira. Zer ari da gertatzen, berriz, Euskal Herrian? Pertsona batzuek historiaren paradigma behar dute, historia itxi bat behar izango bagenu bezala, XIX. mendearen amaieran kontatzen zirenen parekoa, nazioak justifikatzeko sortuak estatua-elementu oso bihurtzeko asmoz. Horregatik nahi dute historia bat Euskal Herriarentzat, estatu-konfigurazio gisa. Baina, nire uste, gaur egun badaude beste gako batzuk estatua eraikitzeko, eta ez dute derrigorrez egon behar herriaren eskenatoki historiko bati lotuta. Lehenik eta behin, ibilbide konplexua duen herria garelako. Eta, bigarrenik, gaur egun gehiago begiratzen diegulako desberdintasunei, antzekotasunei baino. Desberdinak izatea azpimarratzeko joera dugu.

Historiak ikuspegi desberdinak izan ditzakeela barneratuta, eta bizileku ugariko gizona zarela kontuan hartuta, nondik ikusten da hobekien Euskal Herria? Bermeotik, Bilbotik? Kanariar Uharteetatik?

Errealitateek perspektiba ugari dituzte, ikuspuntu bakoitzak bat eskaintzen duelako. Ikuspuntu horiek aldartearen menpe egon daitezke, eta egon badaude. Lekuek sentimendua sortzen dute. Halatan, hainbat lekutatik mugitzen naizenez, hainbat ikuspegi eskuratzen ditut, bakoitzeko bat. Zuzenean erantzutearren, nire gaur egungo aldartean, oraindik orain klase aktibokoa izanik, Euskal Herria ikusteko behatokirik onena Bilbo dela erantzungo dizut. Etorkizuneko dinamika horretan, tokirik biziena eta ikuspunturik interesgarriena da. Bilbok beste inork baino gehiago eta hobeto uztartzen eta islatzen ditu egungo euskal gizartearen pluraltasuna eta ekimena. Hiria ezinbestekoa da gaur egungo gizarte-ereduan. Europak hiri-eredu baten aldeko apustua egiten badu, Bilbo eredu horren parte izango da. AEBko konfederazio-eredu baten aldeko apustua egingo balu, Euskal Herriak bere protagonismoa izango luke. Eta gaur egungo hondamendi europarrarekin jarraitzen badugu, gure herria bere horretan geldituko da. Europaren etorkizuna, nire ustez, hiritarra da. Gero, gure biharko Euskal Herrian pentsatu eta hausnartzeko behatokirik egokiena Bilbo dela uste dut. Aingeru Zabala Uriarte (Bilbo, 1949)1974an Deustuko Unibertsitatean ikasketak amaitu eta urte berean irakasle hasi zen, Deustun bertan, Historia sailean. 1990etik 1999ra La Lagunako Unibertsitateko irakasle gonbidatua izan zen.Bizkaiko Foru Aldundiko Foru Artxibozaina eta Ondare Historikoaren zerbitzuburua, Eusko Jaurlaritzako Ondare Historikoaren zuzendaria (1980-1983) eta Guggenheim Museoaren Kontsortzioko administrazio-kontseiluko kidea (1993-1998) izan zen. Era berean, Ondarea Zaintzeko Nazioarteko Zentroaren Espainiako Federazioko (CICOP) lehendakariordea ez ezik, Bilboko Euskal Museoko, Bilboko Arte Ederren Museoko, Azpeitiko Tren Museoko eta Donostiako Itsas Museoko kontseilukidea eta Euskadiko Monumentu Ondarearen batzordekidea ere izan da. Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko Batzorde Akademikoko kidea da 1994az geroztik. Urte berean, Euskal Herriko Erdi Aroko Dokumentazio Iturrien Bildumaren zuzendari izendatu zuten, eta bertako erredakzio-kontseiluko kidea da 1979an sortu zenez geroztik.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Iñaki Perurena. Harrijasotzailea: Harriak jarri nau Euskal Herriaz jabetzearen bidean

 

Irakurri

Jesus Altuna. Arkeologoa: On Jose Migelek gauza ugari lapurtu zion heriotzari

 

Irakurri

Mª José Ibáñez. ADDENEko lehendakaria: Obesitatea epe luzerako tratamendua eskatzen duen gaixotasuna da

 

Irakurri

María Bayo. Sopranoa: Gehiago hartu beharko genuke kontuan opera gure eguneroko bizitzan

 

Irakurri

Mikel Bujanda. Euskalerria Irratiko zuzendaria: 24 urteren bueltan uhinetako okupak gara oraindik

 

Irakurri