Urteko galdera

Ana Eizagirre Sagardia / UPV/EHU-ko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko Zuzendaria

09/03/2016

Ana Eizagirre Sagardia / UPV/EHU-ko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saileko Zuzendaria

Kultura humanistikoa eta zientziaren arteko banaketaren (edo berau ezabatzearen) zilegitasunaren auzia funtsezkoa izanik ere, ez naiz ni ur horietan sartuko orain. Aitzitik, nire begiradaren abiapuntua zertarako-etan kokatzen da gehiago. Lehen lehenik datorkidan galdera zera da, zeri -ze gizarte motari, kulturari buruzko ze ikuspegiri- egiten dio mesede horrelako banaketa egon eta mantentzeak?. Honela planteatutako galderak, noski, erantzun instrumental edo tekniko hutsa baino botere erlazioen klabeetan eraikia eskatzen du. Abiapuntu horretan kokatzen dut, bada, hezkuntza eredu egokienari buruzko gogoeta eta ezinbestekoa iruditzen zait eskola sistemari buruz hitz egitea, eta zehazki banaketa horren elikaduran eta mantenuan eskolak bete izan duen eta duen funtzioaren inguruan aritzea. Izan ere, begirada bat botatzen badiogu lehen hezkuntzatik hasi eta goi mailako ikasketetaraino antolatuta daukagun eskola sistemaren egitura curricularrari, berehala ikusiko dugu honen muinean dagoela aipatu banaketa. Diziplina desberdinetan zatikatua dago ezagutzaren transmisioa, ikasgaietan zatikatua. Adibiderik nabarmenena Batxilergo mailako ikasketek eskaintzen digute. Bertan, hiru arlo nagusien (zientzia eta teknologia, humanitate eta gizarte zientziak eta arteak) arteko bereizketa giltzarria da. Are gehiago, banaketak ikasmailari identitatea ematen diola esango nuke. Hezkuntza erreforma desberdinen arabera ikasgai batzuen edo besteen izena (eta zenbatetan izana) aldatzen da, baina finean egituraren izaera zatikatua ez da aldatzen. Egitura curricularrak, aldi berean, ikaskuntza ulertzeko modua islatzen du, eta indartzen du. Eta esan daiteke kasu honetan, egitura zatikatuak tradizionalki lehenetsi duen ikuspegia ikaskuntza modu zatikatuan interpretatu duena izan dela . Bestalde, ageriko curriculumean nabarmena den bereizketa eta zatiketa inozoak ez direla frogatzen dute eskolako curriculum ezkutuan atzeman daitezkeen errealitateek. Ikasgeletan, lehen mailako, bigarren mailako zein Unibertsitate mailako ikasgeletan sartu eta irakasle bat baino gehiago entzuten badugu, hainbat eta hainbat eskoletako orientatzaile bat baino gehiago ikasle zein gurasoei eskainitako orientazio hitzaldietan esandakoak entzuten baditugu, gurasoen bileretan gurasoek azaltzen dituzten kezka eta komentarioetan erreparatzen badugu, finean, eskolako eguneroko bizitzan -eskola kulturan- murgiltzen bagara, berehala ohartuko gara diziplinen arteko bereizketak, ezin bestean, duen izaera baloratiboaz eta hierarkikoaz. "Zientziak gai serioagoak dira", "ikasteko balio duenak har dezala alor zientifiko eta teknologikoa eta ikasteko zailtasunak dituztenak hobe letrak edo artistikoa hartzea" gisako espresioen abar luzeak zipriztintzen du eskola komunitate osoa, automatikoki ateratzen dira eta eskolan ez ezik gure kulturan eta gizartean oso errotua dagoen iritzia islatzen dute, hots, lehenengo mailako, bigarren mailako... ezagutzak, ikaskuntzak, lanbideak, pertsonak, etab. bereizten dituen ikuspegia. Oro har, esan genezake, orain arte nagusitu den eskola sistemaren antolaketa eta curriculumaren egitura mesedegarri izan zaiola, besteren artean, ezagutza zientifiko-teknologiko espezializatuaren garapenari, industrializazio prozesuaren garapenak beharrezkoa izan duen eliteen formazioari eta kapitalismoak berezkoa duen produkzio sistema eta gizarte-egitura zatikatuari. Egun, ordea, sektore ekonomikoan eragin duen globalizazioak eta espazio eta denboraren dimentsio berrietan jarri gaituzten teknologia berrien garapenak ekarri dute ezagutzak gizartean duen lekua berraztertzea eta, horren segidan baita ere, ezagutzaren jabekuntzak (ikaskuntzak) izan behar dituen ezaugarriak birplanteatzea. Zentzu honetan, gero eta indartsuagoak dira giza eta gizarte gaien konponbidea hurbilpen sistemiko eta holistiko batetik datorrela aldarrikatzen duten jarrerak, bai ikerkuntza munduan bai enpresa munduan; ezagutzetan baino gaitasunetan zentraturiko ikaskuntza. Horrenbestez, diziplinartekotasuna eta desberdinen arteko elkarlana nagusitasuna hartzen ari diren hein berean, esanahia galtzen ari da kultura humanistikoa eta zientziaren arteko banaketa, besteren artean, finkatzen duen ikaskuntza eredu diziplinar eta zatikatua. Zorrotz hartuta, herritarrengan errealitatea interpretatzeko eta berarengan eragiteko ikuspegi global eta sistemikoa garatzeak eskatzen du ikaskuntzaren antolaketarako abiapuntua eta ardatza ikaslea bera eta bere inguruko kezkak, interesak, arazoak izatea, eta ez diziplina edo ezagutza arlo partikularrak, orain arte bezala. Baina Irudikatu al dezakegu diziplinaka, ezagutza arloka zatikatu gabeko egitura duen curriculumik, eskola antolaketarik? Ez al dugu, horrela, eskolaren muin-muina dena kolokan jartzen? Baietz esango nuke. Aldaketarako ze aukera dugu, bada? Gaur gaurkoz, akademikoak ez baizik soziologikoak, ekonomikoak eta politikoak diren arrazoi estrukturalengatik ez dirudi horrelako eredu erradikala bideragarria denik. Halere, ezin ukatuko diegu irakasleriari ezta eskolari ere egitura instituzionalak sortzen dituen ondorio ez-desiragarriak arintzeko -zenbaitetan iraultzeko- izan dezaketen ahalmena eta, zentzu horretan uste dut eraldaketarako urratsak eman daitezkeela. Besteak beste, ondorengo aspektu hauek garrantzitsuak iruditzen zaizkit: Lehenik eta behin, kontzientzia hartu eta hartzen lagundu. Eskola komunitateak hausnarketa egin beharko luke ezagutzen banaketaren funtsaren eta balioaren inguruan. Eguneroko praktikan egi aldagaitz diruditen horietaz galdegin: zergatik, zertarako eta nola curriculum zatikatua? Bigarrenik, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan ardatz gisa ikaslea hartu eta honen gaitasunen garapena helburutzat, eduki diziplinarioak horietara makurtuz, eta ez alderantziz. Ezagutza desberdinen integrazioa ahalbidetzen duten, diziplinartekotasuna eta honen balioa bultzatzen duten ikaskuntza egoerak sortu, ikaslearen formazio polibalentea (intelektuala, teknikoa, artistikoa, etikoa, etab.) bultzatuz. Ikasleengan jabekuntza modu berria eta bere balioa indartu nahi bada, halere, irakasleengandik hasi beharko litzateke, lehenik eta behin. Horrek esan nahi du norberaren ezagutza arloak eta ikasgelaren paretek eskaintzen duten confort egoeratik ateratzea eta irakaskuntza prozesuen diseinua eta garapena beste profesionalekin elkarlanean eta modu koordinatuan egitea. Azken batean, honelako jokabide aldaketak suposatzen du irakaskuntza tradizioarekin apurtzea eta hein handi batean irakaslearen identitate profesionalaz hausnartzea. Hausnartze eta birplanteatze lana prozesu malkartsua da beti ere, irakasleak bere bakardadean egin ezin duena eta, dela hasierako formazio orokor berritzailea medio dela formazio iraunkorraren bitartez, hezkuntza sistema orokorretik lagundua izan behar duena.  
Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp

OTRAS RESPUESTAS DE 2016