Urteko galdera

Jose Javier Fdez. Altuna / Irakaslea

29/06/2016

Jose Javier Fdez. Altuna / Irakaslea

Hezkuntza eredu berri baten beharra dugu baina ez bakarrik kultura humanistikoa eta zientifikoaren arteko banaketa ezabatzeko baizik eta garaia, gizartea eta gizakia bera eten gabe aldatzen ari direlako. Azken hamarkadetan nahiz eta hezkuntza erreformak tamalez behin eta berriro eten gabe egin diren -azkenekoa LOMCE izenekoa-, gure hezkuntza eredua orain dela bi mendekoa da, non kultura humanistikoa eta zientziaren arteko banaketa egiteaz gain gehienetan hezkuntza gizakiaren formakuntza praktikoarekin, orokorrean, eta lanbideekin, zehazki, lotu izan da. Eta gainera, ezagutza hau irakatsi eta ikasteko hezkuntza zatikatu egin izan da arlo desberdinak eta independenteak sortuz -batzuk zientifikoak eta besteak humanistikoak-, beraien artean harremanak saihestuz eta arlo hauetako bakoitzean irakatsi eta ikasi arteko prozesua norabide bakarrekoa bihurtuz, lehenengotik bigarrenera, elkarrekin trukaketa emankorrik sortzeko aukerarik eskaini gabe. Horregatik, kultura humanistikoa eta zientziaren arteko banaketa ezabatzeko egin behar den lehen gauza da hezkuntza sisteman eskaintzen den ezagutzaren antolakuntza aldatu eta orain arte erabili den arlo edota ikasgaietan oinarritutako zatiketa baztertu, alboratu, hesirik gabeko ezagutza proposatuz eta diziplinartekotasuna bultzatuz. Baina, gainera, ezagutzaren eta hezkuntzaren antolamendua berri bat sortzeaz gain, argi izan behar dugu ere ez dugula ikasi behar soilik gauza praktikoetarako edota lanbide zehatz baterako, baizik eta batez ere bizitzan sortzen diren galderei erantzunak emateko ikasi behar dugula, eta horregatik, ondoren erantzunak aurkitu ahal izateko, aurrena derrigorrezkoa da lehenengoz galderak egiten jakitea. Eta ondoren etorriko diren erantzunak aurkitzeko zientziak beharrezkoak badira ere, aurrena galderak egiteko kultura humanistikoa ezinbestekoa da, eta galderak egiteko osagai gisa zientziak lagungarriak badira ere oraindik garrantzitsuagoa izan behar du kultura humanistikoarekin harremana duten ezagutzak. Gainera, azken hauek ikasteko hezkuntza sistemaren laguntza eta babesa ezinbestekoa baita, hezkuntza sistema egoki bat gabe lehenengoa, zientzia, ikasi litekeelako baina bigarrena, kultura humanistikoa, ikastea ezinezkoa baita. Horregatik hezkuntza eredu berri bat behar dugu non kultura humanistikoa zientziak baino garrantzitsuagoak izan behar dira baina antolamendu eredu berri bat proposatuz, merkatu ekonomia eta lanbideen gainetik galderak planteatu eta konpontzeko gai izango dena. Ez baitugu ikasi behar soilik arazo zehatzak eta praktikoak konpontzen edota etorkizunean lanbide bat izateko eta lanbideak sortu litzaken erronkei gaitasun zehatz batzuen bitartez erantzuteko, baizik eta ikasi behar dugu pertsonak askeak eta zoriontsuak izateko. Eta horretarako, hezkuntza mota hori ahalbidetzeko, zientzien ezagutza garrantzitsua eta beharrezkoa bada ere, argi izan behar dugu, benetan pertsona egiten gaituena ez direla zientziak soilik baizik eta bereziki kultura humanistikoa, honek sortzen eta osatzen baitu gizakiaren izaera eta nortasuna, benetan gizakia egiten gaituena.
Compartir:
Facebook Twitter Google Whatsapp

OTRAS RESPUESTAS DE 2016