Urteko galdera

Eneritz Garro Larrañaga / Mondragon Unibertsitatea-HUHEZI

09/11/2016

Eneritz Garro Larrañaga / Mondragon Unibertsitatea-HUHEZI

Galderari erantzuten hasita orain urte batzuk irakurritako Morin-en testu bat etorri zitzaidan gogora, zeinetan azpimarratzen den eskolako tradizioak erakutsi digula mundua ideia argi eta bananduekin ezagutzen, konplexua sinple eginez, elkarri lotuak dauden errealitateak banatuz, askotarikoa dena bilduz, gure ulermenerako desordena edota kontraesana suposatzen duen oro kenduz. Eta aldiz, errealitatea nekez uler daiteke horrela: banatua, fragmentatua, isolatua. Askotariko dimentsioak (kulturakoak, finantzazkoak, politikoak, zientifikoak, sozialak, erlijiosoak, ekologikoak...) elkarri lotuak dauden eta elkarrekiko menpekoak diren sasoi hauetan gure ikasleek konplexutasun hori modu kritikoan ulertu behar dutela aldarrikatzen da han eta hemen, eta hori nekez egin daiteke ikasleei errealitatearen ikuspegi partziala ematen bazaie diziplinetatik, pentsatuz euren kabuz bilduko dutela diziplinetatik banatuta eta elkarrekin harremanetan jarri gabe aurkezten zaiena. Egungo informazio-eta datu-oldean (dena dago sarean) eskolak ezin du jarraitu pentsatzen jakintzaren transmisioa bere esku dagoenik, eta geure buruari galdetu beharko diogu ez horrenbeste zer erakutsi, baizik eta nola erakutsi. Eduki curricularrez ari garelarik, badirudi dena erakutsi ezin den honetan erakusten dena sakontasunez erakutsi behar dela, erpin desberdinak azaleratuz, ikuspegi desberdinak kontuan hartuz, loturak eginaraziz... Nahiz eta oraindik eskola askotako ordutegietan euskara, matematika, ingurunea, gorputz hezkuntza, musika... laukitxo banatuetan agertu ohi diren, baditugu inguruan zenbait eskola printzipio globalizatzaileei jarraituz antolatzen dutenak euren Hezkuntza Proiektua eta lan jarduna. Ikuspegi honetatik curriculuma ez da diziplina eta eduki isolatuez osatzen, diziplinak bitartekariak dira elkarrekin harremanetan jarriz mundua ulertu eta egungo ikasleek -etorkizuneko herritar aktiboak- behar dituzten gaitasunak landu ahal izateko. Kontua ez da ezagutzak eta edukiak bata bestearen alboan gehitzea, baizik eta euren arteko harremanak azaleratzea eta horietan sakontzea. Ikuspegi honetan eskolaren zein irakaslearen lana da konplexutasun horretan ikasleak euren garapenean laguntzea, bakoitzari bere errealitatetik abiatuz munduaren askotariko errealitateak interpretatzeko ahalik eta tresna esanguratsuenak eskuratzen laguntzea. Horrek eskatzen du irakasleok geure diziplinaz gaindiko ikuspegiarekin jokatzea, elkarrekin eta elkarrengandik ikastea, ikaslea eta bere ikaskuntza prozesua erdigunean jarri eta konplexutasunari konplexutasunez erantzutea.
Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp

OTRAS RESPUESTAS DE 2016