Elkarrizketa: Adolfo Eraso Elkarizketa:Adolfo Eraso Adolfo Eraso, zientzialaria eta abenturazalea "Ebroren delta desagertu egingo da" * Koldo Larrea 0so bitxia da Lizarrako 68 urteko zientzialari honen kasua, batez ere kontuan hartzen badugu herrialde honek ez diola bere historian zehar gehiegizko arretarik eskaini ikerketaren esparruari. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Meatze Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan Hidrogeologiako irakasle titularra da, eta, aurrez inolako espainiarrak lortu ez duena, iaztik Natur Zientzietako Akademia Errusiarreko kidea da, Siberian egindako hainbat eta hainbat lanen ordainez. Berrogei alditik gora izana da Artiko zein Antartikan, eta bera izango da, ziur aski, munduan glaziarrei buruz gehien dakiena. Gure planetaren osasun egoera nolakoa den adierazten diguten masa izoztuetan aditu benetan ospetsua da aurrean daukaguna. Azal iezaguzu, denok erraz ulertzeko moduan, zertan datzan aldaketa klimatikoa. Zer gertatzen ari den azalduko dizuet. Lurreko klima berotzen ari da, eta beroketa horren ondorioz, poloetako izotza lehen baino azkarrago ari da urtzen. Lehen urteko batez besteko tenperatura zero gradutik beherakoa zen lekuetan, orain igo egin da, eta horregatik izotza urtu egiten da. Eta, ondorioz, itsasoaren maila igo egin da. Eta kostak ez direnez bertikalak, ozeanoak pixkanaka lurra jaten ari dira, handitzen ari dira, eta lehen baino ur gehiago lurruntzen da. Horregatik, orain atmosfera hezeagoa da, tenperatura altuagoa du. Horren ondorioz, meteoroen energia, fenomeno klimatikoen energia, handitu egiten da, eta lehen baino indar handiagoa daukate. Munduaren beroketa, aldaketa klimatikoaren eragilea ala ondorioa da? Munduaren beroketa aldaketa klimatikoaren eragilea da. Gero eta zailagoa da fenomeno hauek aurreikustea, baina gainera arriskua gero eta handiagoa da. Sirimiria, berez hain euri onuragarria dena, oso zakar eta kaltegarria bihur daiteke. Nik adibide hau jartzen diet nire ikasleei: aurpegia eskuarekin goxotasunezukitzen badugu, laztandu egingo dugu, baina indarrez jotzen badiogu, zaplasteko bat jasoko dugu. Adolfo Eraso. Artikoan ateratako argazkia Bien bitartean, glaziarrak oso bizkor ari dira urtzen, ziur aski uste baino dezente azkarrago. Nolabait, egoera kezkagarri horrek gure planetaren osasun egoeraren berri ematen digula esan al dezakegu? Bai, dudarik gabe, beraiek erakusten digute ondoen tenperaturak gora egiten ari direla. Oso azkar erreakzionatzen dute beroaren aurrean. Gaur egun bi glaziar dauzkagu monitorizatuta, bost minuturo informazioa ematen. Zuk esana da beroketa berez ez dela arriskutsua Lurrarentzat, baina bai espezie askorentzat, eta gizakiontzat ere bai. Zein itxura har dezake mehatxu honek gure begien aurrean? Lurra egon da orain baino tenperatura altuago eta baxuagoetan, eta ez zaio ezer gertatu. Baina espezieena beste kontu bat da. Batzuk oso gaizki ibiliko dira. Eta ondorioak modu askotara ikusiko ditugu: uholdeak, ekaitza bortitzak, urakan gogorragoak... Hor ditugu, adibidez, Levante aldean izan diren erauntsiak; horrelakoak lehen tropiko inguruetan bakarrik izaten ziren. Herbeherek polderrak sortu dituzte, dikeak, baina puskatu egiten badira, itsasoaren mailak gora egitearen ondorioz etsi egiten baldin badute, kilometro karratu pila bat galduko dituzte. Eta hor dauzkagu tanta hotzak ere, topatzen duten guztia aurrean eramaten dutenak. Gure elkarrizketatua hego poloan Eta zenbat denboran izango gara horrela? Ezin dut datarik eman. Antartikan hamahiru urtetan bikoiztu egin da urtzen diren glaziarren kopurua. Eta, honen eraginez, ziur aski desagertu egingo dira ibaien deltak, lur emankor horiek. Korronteek higatu egingo dituzte, eta azkenean jan egingo dituzte. Ebroren delta, adibidez, nik uste desagertu egingo dela. Eta, gainera, ura kentzen badiote, laster hasiko gara hori ikusten. Deskarga likidoak eragindako fusio glaziala, hau da, izotzaren urtzea, askoz ere handiagoa da Artikoan, Antartikan baino. Dirudienez, horren arrazoietako bat iparraldeandagoen industrializazioa da. Mende honetan tenperatura batez beste hiru eta zazpi gradu artean igo omen da. Zeintzuk izango dira honen ondorioak? Fusio glaziala lau aldiz handiagoa da Artikoan, Antartikoan latitude berean baino. Iparraldean hegoaldean baino askoz ere jende gehiago bizi da, eta CO2 kopurua ere handiagoa da. Izan ere, aireko anhidrido karboniko kopuruak gora egin duelako ere igo da tenperatura. Antartikak mikroklima hotz bat sortzen du, babestu egiten duena. Azken glaziazioa gertatu zenetik (duela 14.000 urte) XVII. mendera arte, tenperatura zazpi gradu igo zen. Eta duela 200 urtetik hona, CO2 kopurua, milioiko 280tik 440 izatera igo da; hau da, 0,028tik 0.040ra. Aro industrialean sartu ginenetik, negutegi efektua sortzen hasi gara gizakiok. Aurreikuspenetan txarrena ere motz gelditu da itsasoaren mailaren igoeraren abiadurari dagokionez. Eraso artikoan Kiotoko protokoloaren bidez, akordio batera heldu ziren hainbat herrialdetako agintariak 1997ko abenduaren 11n. Negutegi efektua sortzen duten gasen emisioa 2012rako %5,2an murrizteko konpromisoa hartu zuten, baina Estatu Batuek ez zuten protokolo hori sinatu, eta kontuan hartu behar da bertan bizi dela mundu osoko biztanleriaren %4a, eta negutegi efektuarekin lotutako materia kutsakorren %30a sortzen duela. Ez al da kontraesana? Etorkizunean munduaren beroketarekin lotutako hondamendiak ezin izango al litzaizkioke berari leporatu? Kontraesana erabatekoa da, eta ikaragarrizko elkartasun gabezia suposatzen du. Erantzukizunei dagokienez... Ni ikerlaria naiz, datuekin aritzen naiz lanean, iragarpenari buruz ahalik eta datu zehatzenak emateko, eta datu horiek gero argitalpen zientifikoetan, sinposioetan eta abar ematen ditugu ezagutzera, politikariek horietan oinarrituz erabakiak har ditzaten. Dena den, etorkizunean sor daitezkeen erantzukizunak eskatzeko arbitro gisa jokatuko luketen organoak sortzeari buruz hasiko beharko luke pentsatzen Nazio Batuen Erakundeak. Potentzia handiek ipintzen dituzten aitzakiapolitiko eta ekonomikoak alde batera utzita, ez ote da egoera hau guztia gizakiak bere iparra galdu izanaren ondorioa, Izadia baino boteretsuagoa dela pentsatu izanaren emaitza? Gizakia ez da Izadia baino handiagoa ez txikiagoa. Kontua da ahaztu egin dugula nondik gatozen. Ikusi, bestela, nola ari den handitzen planetako biztanleria. Lurra handia da oso, baina bere espazio eta baliabideak mugatuak dira. Bizi ahal izateko beste lekurik aurkitzen ez badugu, hemen ez gara guztiak sartuko. Nik ezin du mundua aldatu; gehienez ere nire ingurua aldatzen saiatzen naiz, eta aukeratu dudana gustatzen zaidana izan da, ez diru gehien ematen didana. Horregatik, alde batetik ez naute oso ondo ulertu, baina, beste alde batetik, nahiko zoriontsua naiz. Antartidako glaziarea Urrutiko sustraiak Sar gaitezen maila pertsonalago batean. Hain zara bidaiaria, polo batetik bestera ibiltzen zara eta, faltan botatzen al duzu zure jaioterria? Atera kontuak: oraindik altxor bat balitz bezala dauzkat gordeta hamar urte ere ez neuzkanean osatu nuen mineralen bilduma. Lizarra inguruan bildu nituen. Honekin esan nahi dudana da ezin ditudala oroitzapenak ahaztu. Faltan botatzen dut nire jaioterria, eta noizean behin hurbiltzen naiz hara nire ikasleekin. Baina duela hogei edo hogeita hamar bat urte, oso gauza bitxia gertatu zitzaidan, asko markatu ninduena. Halako batean, Lizarrara joan eta jaio nintzen etxea bota egin zutela ikusi nuen, eta bere lekuan beste bat eraiki zutela. Oso gauza berezia sentitu nuen, ez negatiboa, baina positiboa ere ez. Nolabaiteko hutsunea sentitu nuen, erroak galdu izan banitu bezala. Eta, hala ere, kontuan izan gero Groenlandia edo Papua Nueva Ginea bezalako leku arraroetan egon naizela, baina etxea desagertutakoan lotura garrantzitsu bat galdu nuela iruditu zitzaidan. Turistei gertatzen zaienaren alderantzizkoa, hain zuzen, gainean daukatena besterik ez dutelako eramaten. Izan ere, jendez betetako lekuetan sentitzen dut gehien bakardadea. Nork daki; agian basatia bihurtzenari naiz... Baina egia da aitzakiak bilatzen ibiltzen naizela Lizarrara joateko. Ez ahaztu oso alderdi tentagarria daukala: bere gastronomia. Eta ardoa, nola ez... Osasunez ondo al dabil zure lehenengo urteetan hartu zintuen hiria? Ez zait gustatzen jendearen artean politika edo erlijioagatik sortzen diren tirabirak. Goethek, behin, zera esan zuen, eta ni oso ados nago: "Gizakiak batzen dituena beren konbiktzioak dira, eta aldentzen dituena, beren iritziak". Hori bai egia biribila. Niri gauzak arrazonatzea gustatzen zait, baina, dena den, ikuspegi naturalean, Lizarra edozein hiritzar baino osasuntsuagoa ikusten dut. Ni Madrilen bizi naiz, baina inoiz ez zait hiri hori gustatu. Adolfo Eraso antartidan Sei hizkuntza hitz egiten dituzu (gaztelania, frantsesa, italiera, ingelesa, portugesa eta alemana). Euskararik bai? Txorakeriak esaten besterik ez dakit. Nire aitak ez zidan erakutsi, gaztea nintzelako hil zenean. Ez dakit aitak euskararik ba ote zekien ere. Nire aitonak bai. Faltan botatzen dut. Astirik izango banu, pozik hasiko nintzateke euskara ikasten. Azken batean, nire kultura ere bada. Dena den, zortziko bat kantatuko nizuke euskaraz. Oilo ipurdia jartzen didate zortzikoek, jotek baino gehiago hunkitzen naute. Eta gauza bat esango dizut: ingelesa ez zait batera gustatzen. Derrigorrean jakin behar dugula ematen du. Eraso antartida latzean Erretiroa hartzen duzunean, zure lurraren berotasuna bilatuko duzu, ala indar handiagoa izango du hotzarekiko sentitzen duzun pasioak? Hotzak gehiago erakartzen nau. Hobeto agoantatzen dut eta gustukoagoa dut. Siberia txundigarria iruditzen zait. Behin batean pasa zitzaidan burutik Madril utzi eta hara joatea, baina, ikasleengatik, hemen jarraitzen dut. Promozio batzuetan lagunen bat edo beste egiten dut, eta horrek poz handia ematen dit. Baina, ziur aski, egunen batean utzi egingo dut hau guztia. Bai, bai, joan egingo naiz... Adolfo Eraso Adolfo Eraso Romero Lizarran (Nafarroa) jaio zen, 1934ko abuztuaren 8an. Hamaika urtezeuzkanean, Vitoria Gasteizko barnetegi batera eraman zuten, baina berari leku hauek sekula ez zaizkio gustatu. "Ez dakit arrazoia zein izango zen, baina ez nintzen ondo egokitzen, eta azkenean beti bota egiten ninduten". Urte mugitu hauen ostean, Zientzia Kimikoetan lizentziatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta Geologian doktore ere bada unibertsitate horretan bertan. Lizentziatutakoan, zulaketa petrolifero, hidrogeologia eta ingurumenari lotutako esparruetan aritu zen lanean. Lanean urte asko eman ditu eta epe horretan argitalpen ugari kaleratu ditu: hirurehun artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu nazioko zein atzerriko aldizkarietan, berrehun eta berrogeita hamar txosten profesionaletik gora enpresentzat, eta hamabi liburu hainbat egilerekin batera, besteak beste "Cuevas en hielo y ríos bajo los glaciares" eta "Divulgación científica". Ikerketaren munduan nazioarte mailako ospea eskuratu du bere azterlanei esker, eta zenbait sari garrantzitsu lortu ditu, azpimarratzeko modukoak izanik 1976an Doktore Tesi Onenari emandako Ezohiko saria, eta hamar urte geroago Espeleologiaren Elkarte Txekiarrak eman zion Urrezko Domina. Dibortziatua dago eta bi seme dauzka, eta 1994az geroztik New Yorkeko Zientzien Akademiako kide da, hamahiru urte daramatza kobazulo glaziar eta karst ak aztertzeko Nazioarteko Batzordeko lehendakaria izaten, eta 2003ko maiatzean urte bete egingo du Natur Zientzien Akademia Errusiarrean. Bere lanak bultzatuta, hainbat aldiz izan da Siberian baliabide mineralak eta lurpeko geologia aztertzen, eta berrogei espedizio baino gehiago egin ditu Artikora eta Antartikara. Bukatzeko, esan behar da zientziarekiko eta abenturekiko sentitzen duen grinak bere nortasun berezia islatzen duten bizipen bitxiak izatera eraman dutela. Bera izan zen Protodyakonov en Metodoa Espainian erabili zuen lehenengo pertsona, Madrileko metroko 9. Linearen exekuzioan. Gaur egun guztiz jasoa dago teknika hau, eta behar beharrezkoa da edozein metropolitar eraikitzerakoan.Baina, are bitxiagoa dena: KGBren esanetan, berak du Vladivostok debekatuan sartu zen lehen espainiarra izatearen ohorea. 1991n gertatu zen hori, oraindik Sobiet Batasuna existitzen zen garaian, aipaturiko hiria mendebaldekoentzat itxita baitzegoen. Baina, hori, beste istorio bat da. Koldo Larrea Argazkiak: Karmenka Euskonews & Media 195. zbk (2003 / 01 / 17 24) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak.
Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere
hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik
"konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz
gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula
adierazten ari zara. Sakatu
Irakurri gehiago
lotura informazio gehiago lortzeko.