Maite Celaya Vazquez: "Brasil oso herrialde handi eta aberatsa da, eta, argentinarrak arazoz gainezka dauden arren, oso interesgarria da enpresarientzat"

2002-12-13

ORMAZABAL, Estebe

Elkarrizketa: Maite Celaya Vazquez Maite Celaya Vazquez, "Kaiku Industria de Autopeças" eko finantza zuzendaria "Brasil oso herrialde handi eta aberatsa da, eta, argentinarrak arazoz gainezka dauden arren, oso interesgarria da enpresarientzat" * Estebe Ormazabal Aita Urretxukoa du, eta ama berriz Galiziakoa, baina Maite Celaya paulistana da goitik behera, São Paulo hiri brasildarrekoa alegia. Kaiku Industria de Autopeças eko zuzendari finantzieroa da, emakume dinamikoa inondik ere, gizonak nagusi diren metalurgiaren esparruan. Eta, hori guztia, nazionalitate eta kultura ezberdinak besarkatzen dituen herrialde batean, Brasilen alegia. 50eko hamarkadan Brasil aldera jo zuten emigrante euskaldunen eta globalizazioak bultzatuta emigratzen dutenen artean dagoen belaunaldikoa da. Baikor agertzen den arren, kritikarik ere zuzentzen dio herrialde handi honen egoera ekonomiko eta sozialari. Kontaiguzu pixka bat nor zaren. São Paulon jaio nintzen, 1957ko uztailaren 11n. Nire aita euskalduna da eta ama berriz galiziarra. Brasilen ezagutu zuten elkar. Anaia bat daukat, Mikel. São Paulon hezi nintzen, eta hementxe jarraitzen dut. Ez dakit euskaraz hitz egiten, aitak egun guztia lanean ematen zuenez, asteburuetan bakarrik ikusten genuelako, eta ez guztietan gainera. Nolakoak izan ziren Kaikuren hasiera urteak? Nire aita 1957an abiatu zen Euskal Herritik Brasilera, Argentinatik pasata, eta Ricardo Matesanz euskaldunaren Termotec enpresan hasi zen lanean, tornulari bezala. Baina, pixkanaka, Matesanzen eta beste hiru lagunen laguntzarekin, bere kontura hasi zen lana egiten. Elkarren artean, hau da, José Antonio Porras Pardo (Burgoskoa, ama bilbotarra zuen), Evaristo Martín Sanz (bilbotarra) eta Francisco Peraltarekin (Burgoskoa hau ere), Metalúrgica UMBE sortu zuten, eta 1963an, berriz, Kaiku Industria de Autopeças. Hasieran pieza mota desberdinak egiten zituzten, baina gero automobilak arrankatzeko motorrean erabiltzen diren koroetan espezializatu ziren. Garai hartan bi enpresaitaliarrek bakarrik egiten zituzten Brasilen horrelako piezak. Kaiku hazten zihoan heinean, Brasilen kokatzen ari ziren enpresa handi guztiekin hasi zen lanean: General Motors, Mercedes, Fiat, MWM, Messey Fergusson, etab.ekin. Azken bost urteotan Argentinara esportatzen aritu gara, baina sortu zaizkien arazo ekonomiko larrien ondorioz, enpresa handi asko handik ateratzen hasi dira. Zein izan da zure ibilbide profesionala? Ekonomia ikasten hasi nintzen, baina ikasketak utzi eta lanean hasi nintzen. 1977an, denboraldi batean São Pauloko Estatistika Idazkaritzan aritu nintzen lanean, eta gero ordezkari komertzial gisa. 1982an Kaikun sartu eta administrazio lanak egiten aritu nintzen (salmentak, diruzaintza, etab.), baina 1992an Mikelek eta biok material elektrikoko enpresa bat sortu genuen, ONAK Comercio. 1995ean utzi egin nuen, ama gaixotu eta bera zaintzen gelditu nintzelako, hil arte. 1998an KAIKUra itzuli eta aitak erretiratutakoan utzitako kargua hartu nuen, eta ordudanik administrazio eta finantzen arduraduna naiz. Ba al duzu São Paulon egon zinen urteetako oroitzapenik? Ni Bras auzoan jaio nintzen, baina hezi Moocan egin nintzen. Emigrante italiarren auzoak ziren biak. Egun osoa kalean jolasten ematen nuen. Baina orduko hiriak ez zeukan gaur egungoarekin zerikusirik. Estatuaren eskola batera joaten nintzen, eta gero agostinoetara joan nintzen. Asteburuetan Euskal Etxera joaten ginen beti, lagun euskaldunengana. Nolakoa zen Euskal Etxeko giroa aldi hartan? Oso animatua. Astebururo 30 bat euskaldun eta katalan batzuk elkartzen ziren, beren familia eta lagunekin. Frontoiean palan edo frontenisean jokatzen genuen, abestu egiten genuen, musean jolastu... Haurrok asko entretenitzen ginen. Eta nolakoa zen kulturaren ikuspegitik, euskalduntasunaren aldetik? Euskal Etxean beti abesti euskaldunak abesten zituzten, eta zaharrek beren jaioterriari buruz hitz egiten zuten. Nire aita beti Urretxu eta Azkoitiari buruz hitz egiten aritzen zen. Baina ez genuen euskara ikasi.Aitak hainbeste denbora ematen zuen lanean, etxean ez genuela ikusi ere egiten. Nik, gainera, batez ere amaren eragina jaso dut, galiziarra. Brasildarrek oso ondo hartzen dituzte atzerritarrak. Emigrantez beteta dago. Hala ere, nire gurasoak emigranteak izan arren, nik oso garbi daukat ni brasildarra naizela. Eta nola integratu ziren euskaldunak gizarte brasildarrean? Nire gurasoei asko gustatu zitzaien Brasil. Pentsa, nire aita oraindik hemen bizi da. Dena den, konturatzen ziren gizartean arazo handiak zeudela. Brasilek baliabide asko dauzka, baina klase politikoa hain dago ustela, egitasmo askok ez dutela aurrera egiten. Nolanahi ere, inoiz ez ziren politikaren munduan sartu. Ezta diktadura militarraren garaian ere. Seguruenik, Espainian ezagutu zutelako horrelakorik. Gainera, atzerritarrak izanik, nahiago zuten arazorik ez izateko politikatik kanpo mantendu. Nolako irudia duzu Euskal Herriari buruz? Zazpi urterekin joan nintzen lehen aldiz, eta gero 1980an, lau hilabetez Galizian eta Euskal Herrian barna ibili nintzen, familia ezagutzen. Ez nuen inolako arazorik izan integratzeko. Nire lehengusuak nire adin beretsukoak dira, eta Urretxu, Ordizia, etab. ezagutzera eraman ninduten. Harrituta gelditu nintzen herrixka txikietako jendeak nolako harreman estua zuen ikustean! Pentsatu al duzu inoiz Euskal Herrira itzuli eta han betiko gelditzea? Ez, inoiz ez. Nik hemen dauzkat sustraiak, lagunak: espainiarrak, italiarrak, brasildarrak... Beraiek dira nire familia. Euskal Herria asko gustatu zitzaidan, baina ni Brasilgoa naiz. Zer da Euskal Herrian arreta gehien erakarri zizuna? Asko gustatu zitzaidan Euskal Herria. Oso jende jatorra iruditu zitzaidan. Eta gizartea oso ondo antolatuta zegoela iruditu zitzaidan. Trantsizio urteetan, Suárezen garaian, langabezia tasa handia zen arren, jende guztiak jasotzen zuten laguntzaren bat Gobernuaren aldetik. Politikaren ikuspuntutik, Euskal Herriak eta Brasilek ez daukate zerikusirik. Euskal Herrian ez dauzkate hemen bezaindesberdintasun sozial handiak. Gainera, Euskal Herriko hezkuntza sistema hemengoa baino hobea da. Jendeak interes handiagoa azaltzen du politikarekiko. Hiritar xumeenek ere badakite zein eskubide dauzkaten, politikaren egoera zein den... Hemengo jendeak ez. Hemen jendea ez da behar bezala elikatzen, txaboletan bizi dira, eta beren kezkak alokairuari edota argi indarraren fakturari buruzkoak izaten dira. Desberdintasun ikaragarriak daude. Gaia pixka bat aldatuz, jakin nahiko nuke zer suposatzen duen Brasil bezalako herrialde matxista batean, eta metalurgia bezalako sektore batean gainera, emakumea eta enpresaria izateak. Euskal Herrian izan nintzenean konturatu nintzen han emakumeek oso ikuspegi praktikoa dutela. Etxeko lanetan aritzen direnak ere familiaren alderdi praktikoaz arduratzen dira. Etxean bederen matriarkatu moduko bat dutela esango nuke. Hemen, aldiz, emakumeek menpekotasuna handiagoa da. Euskal Etxean bertan, gizonak ziren agintzen zutenak. Emakumeak hutsaren hurrengoa ziren. Brasildarrak ez ziren emakumeak bizimodu horretara egokitu ziren, eta azkenerako senarraren menpe bizitzen amaitu zuten, inolako bizitza sozialik gabe, askatasunik gabe. Eta, bizimodua horrelakoa izanik, nola lortzen duzu zuk menpekotasun horretatik kanpo egotea? Ni berez naiz independientea. Ikasketak egiten hasi nintzen, enpresan postu on bat lortu dut, eta nire ingurukoek errespetatu egiten naute. Nolanahi ere, ez da gauza bera nire maila sozialean emakume izatea, edo maila baxuago batean izatea. Pertsona batzuk harrituta gelditzen dira enpresa metalurgiko bateko gerentzian emakume bat ikustean, baina dagoeneko ez da hain gauza arraroa. Zer esango zenioke Brasilen inbertitzekotan dabilen enpresario bati? Brasilen edo munduko beste edozein lekutan enpresa bat zabaldu baino lehen, gauza batzuk aztertu behar dira; besteak beste merkatua, bezeroak eta lehiakideak. Hemen ez dugu arrisku handirik. Zama fiskala handia da, baina etorkizunerako aurreikuspen onak dauzkagu, merkatuazabala denez hazteko aukerak dauzkagulako. Brasil oso leku interesgarria iruditzen zait inbertsioak egiteko. Brasil osoan lau enpresa besterik ez daude gure produktu bera merkaturatzen dutenak. Metalurgia arloko soldatak ez dira handiegiak, teknologia badago, industrialdeak ere badaude, pizgarri fiskalak ere bai, makinak erosteko laguntza ematen dute, zergetatik salbuetsi egiten gaituzte, etab. Eta Kaiku? Kaiku enpresa txikia da; guztira 35 langile dauzkagu. Gure aurreikuspenen arabera, urtearen bukaerarako %50 handituko dugu gure fakturazioa. Gainera, langile gehiago kontratatzeko eta makina berriak erosteko asmoa daukagu... Egoera ekonomikoa ez da aproposena, batez ere Argentinan bizi duten egoerak duen eraginagatik. Kolpe latza izan da han gertatutakoa. Dena den, orain Europa aldera esportatzen hasi gara, merkatu berrietara irekitzen. Gainera, Brasilen gazteak gero eta hobeto ari dira prestatzen, eta horrek asko laguntzen du. Nik uste dut Brasilek etorkizun ona duela aurrean. Estebe Ormazabal Argazkiak Maite Celayak utziak Euskonews & Media 192. zbk (2002 / 12 / 13 20) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Manuel Castells: "Alde batetik globalizazio ekonomikorantz goaz, eta bestetik corpus juridikoa lokalizatzera. Sare telematiko ekonomikoen aurrean erantzun onena ematen dutenak ondo kohesionatuta dauden entitate lurraldetarrak dira"

 

Irakurri

Bingen Mendizabal, Konpositorea: "Zaila da musika ogibide edukitzea"

 

Irakurri

Marie Jeanne Minaberry : "Nire idazteko moldean hori da garrantzitsuena: erritmoa eta bihotza"

 

Irakurri

Joseba Jauregizar Bilbao: "20 urtetan, I+G-n egindako inbertsioa 22 aldiz biderkatu dugu"

 

Irakurri

Manuel Fuentes: "Ezingo dugu gizarte modernoa izan, baldin eta ez bagara zientzia eta teknologi ikerkuntzan buru belarri aritzen"

 

Irakurri