Andoni Egaña. Bertsolaria: Kezkatzen nau diskurso hutsuneak gazteen artean

2005-12-02

SALABERRIA, Urkiri

Euskal Filologoa. Bertsolaria (3 aldiz Txapelduna), Gidoilaria (Goenkale), Idazlea, Prentsa idatzian aritua (Argia, Egin, Deia, Aizu, Hemen, Herria..) Ur Gain Tabernan geratu gara. Arratsaldeko bostetan: puntual puntuala iristen da. Bere begi berdeek begirada zorrotza, hotza eta zuzena dute. Hitzak isiltasunak bezain ongi erabiltzen ditu. Kafe pare bat, jelarekin noski, eskuratu eta esertzen gara. Solasaldi lasai batean, Andoni Egañarekin bi ordu eman ditugu. Grabadora bere aurrean jarri eta... Dispara, bai...

Zarautzen jaio, bertsolaria, gidoilaria, idazlea, musikaria...

Ez, musikaria ez naiz.

Baina bertsotan aritzeko, musika jakin behar da, ezta?

Ez. Kantua bai, baina musikak zerikusirik ez dauka. Bakoitzak bere ahotsa gestionatzen jakin behar du, ez da ahots ona izan behar. Jakin beharrekoak dira nola gutxitu edo indartu esaten duzuna. Kadentzia eta erritmo kontuak bai baina musika neretzat txinoa da.

Beno, zu ez bazara musikari sentitzen, ez zara... beste arloak ere ikutu dituzu, ikerketa...

Baina bakarrik ahozko literaturan. Bestela ez, ez naiz ikerlaria.

Apaltasuna zurea!

Ez, baina zer ikertu dut ba! Bertsolaritza eta bertsogintza arloa... Bestela ez.

Txikitako oroimenak.

Zarautzen jaioa naiz, Zarautzko kalean, nik uste dut garrantzitsua dela, hamaika, hamabi urte arte, Azken Portura joan ginela. Azken Portu hegoaldean dago. Trenbideak bereizten ditu bi alde, eta lehen soziologikoki inportantea zen, iparraldean, kostaldean, jende mota bat zegoen eta hegoaldean besteak, auzo langilea, etorkinak. Orduan, ni batean jaioa eta bestera, hamaika urterekin, joana, bi Zarautz horiek ezagutu ditut eta eragin naute, oreka bat lortzen. Orain, jada ez, ez dago halako ezberdintasunik.

Garai haietan, Ikastola ala Ikastetxea...?

Ikastolako ikaslea naiz, lehenengo promoziokoa Zarautzen, Salbatore Mitxelena Ikastolan, eta han ikusten dugu nere gurasoak gazte zirela, bai edadez eta bai mentalidadez. Normalean entzuten duzu artistek haurtzaro zailak izan zituztela, gatazkak eta halakoak, ba nik ez. Haurtzaro eta nerabezaroa zoriontsua izan nuela daukat gogoan. Gatazka berezirik gabe, gatazka pertsonal, berezirik gabe.

Familia, nolakoa zenuen?

Lau anai-arreba gara. Ni naiz zaharrena, eta gero beste bi mutil, 41 eta besteak 33 edo, ... eta gero arreba, deskolgatua... izena ere, Arantza du... (iribarra) eta Maialenen (Lujanbio) edadekoa da...29, uste dut. Ni naiz bere aitajauna, hamabost urteko aldea daukagu...

Eta neska, gainera...

Bai, bai... gure amak ez zuen etsi neska bat izan arte.

Eta zure familia?

Ezkonduta nago eta bi seme-alaba ditut. Neska, 16 urtekoa eta mutilak, 12 egingo ditu. Oso majoak dira. Eta besterik gabe, ez dira bertsozaleak, ez zaie gehiegi interesatzen bertsolaritza... Hori bai, oso "autoantolatuak" dira.

Zein izan zen zure ibilbidea? Ikasketak, lanak...

Bai, Euskal Filologia egin nuen, lehenengo hiru urte Deuston, Donostian, eta azken biak Gasteizko fakultatean. Ez nintzen oso ikasle ona, baina disimulatzeko adina bai. Uste dut, ikasketetan disimulatzeko lana egitea erraza dela...

Nola, ikasle-planta egitea?

Eee...Ez dela egia... Aber! Irakasleek beldurra diote egia esateari. Denek esaten dute... ez dakit zer, baina gero gurasoek harategian esaten dutena da...: "Ohh!, mi hijo es muy inteligente, me han dicho en la Ikastola; lo que pasa es que es muy vago" eta nik uste dut alperra eta tontua ezberdina dela... Hau da, alperra bada eta hamairu urterekin nabaritu badiote... horrek esan nahi du ez dela bereziki intelijentea. Eta egia ez esatea, alde horretatik... gure gizartean horrela funzionatzen da. Beno, ba segi dezagun... ikusiko dugu nola dihoakigun.

Gaztea Gasteizen...

Bai. Gasteizen egin nuen bizitzen hamar urte edo... baina lanean, zazpi eta piko. Filologia bukatu, soldaduska gainetik kendu eta Gasteizko udalean atera nuen lanpostua: Kultur teknikaria. Eta, han hogeitamar urterekin jubilatzea erabaki nuen eta jubilatu nintzen.

Orduan, berehala lana lortu eta...!

Bai, lana lortu eta lana utzi... baina ez pentsa! Zazpi urte lanean.... luzeak egiten dira! Orain ez dute denbora asko ematen baina "ostra", egunero joan behar zenuen garai hartan... Berez, lan polita eta erakargarria, gertatzen da ordurako bertsotan asko nenbilela eta bi gauzak ondo egitea oso zaila egin zitzaidala.

Eta bertsotan zeharo murgiltzearena?

Bertsotan aritzea errexagoa zen, beti jende aurrean tabladoetan ongi egiten saiatu behar duzu baina gero, lantokian beti nintzen baimenak eskatzen, beti norbaiten gain zure lanaren zati bat uzten eta hori ez zait gustatzen. Egiten dudana, nik egitea gustatzen zait, uste dut ez dudala ezer delegatzen, ezta behin ere.

Prozesu osoa egiten duzu?

Bai. Sortzaile naiz eta egilea, ez eragilea.

Sorgin bat?

Ez, kurrela bat.

…Beno, nik esan nahi nuena: Sorgin "sortu eta egin" zentzuan…

¡?, ... ba... (begi irifar gaiztotxoa), igoal bai…, hori da…Sortu eta egin. Biak gustatzen zaizkit alegia... bai, hori da definizioa... ados nago. (Isilunea).

Inoiz esan duzun eta esan dizuten gauzarik politena?

Esan dudan politena... ez dakit, hainbeste gauza esaten ditut eta!

Politak denak?

Ez, ez... denetik. Eta niri esan didaten gauzarik politenen artean: Gasteizko lankide erdaldun batek esan zidan behin: "Oye Andoni, ya me gustaría aprender euskera para poder decir unas guarradas bien dichas como dices tú" eta nere barnean esan nuen, bueno... hizkuntza ikasteko motibazio hori egon liteke. Zergatik ez? Mundu baten ikuspegirik diferentea eman dezake beste hizkuntza batek. Gero, hori bai, orain pixka bat ikasten ari naiz, baina... ez naiz oso emana sentimenduak azaltzen...

Sentimendu kontuan ez dut asko eskatzen eta ez dut asko ematen.

Poesia itzultzea...

Ez. Nik esango nuke "kondentsazio poetiko altua" ezin dela itzuli. Eta kondentsazio poetikoa izan daiteke bertso bat, edo poema zati bat edo telebistako iragarki bat. Ezin da indar berberaz itzuli, hain zuzen poesia, edo kondentsazio poetikoa, delako hizkuntza baten baliakidea muturreraino eraman ondoren lortzen den emaitza.

Hobe hizkuntza ikastea...

Eta gozatzea…

Nola, noiz, norekin, norengandik jaso zenuen bertsozaletasuna?

Hori, nik uste dut, Zarautzko ikastolako giroari zor diodala: Zorte handia izan nuen Imanol Urbietarekin, musika, haur jolasak arloan eta nere irakasle izandako Andu Lertxundirekin... Sormenari eta jendeaurreari, neurri batean, beldurra galdu nion... sustrato horren gainean hasi nintzen ni bertsotan. Hasi nintzen ez 12 edo 9 urterekin orain bezala, 18rekin baizik ... Pentsa, nere lehenengo maratoia nere lehenengo bertsoa baino lehen izan zen. Hasi nintzenerako, nere kosmobisioa egina zegoen. Argazkia: Justy García Koch.

Zerk bultzatu zintuen? Nola ikasi zenuen?

Zeharo autodidakta naiz. Sorpresaz gozatuz, garai hartan inoiz inork ez zuen espero Zarauzko "kalekume" batek bertsolaritza egitea. Nere kabuz lan eginda, nere buruarekin entrenatuz. Ez zen patua izan, erabakia izan zen; Amurizaren txapelketa entzun nuenean, laurogeikoa, esan nuen: " 'joño' ba nik haunditan halako zerbait izan nahi dut".

Entrenamenduak, nolakoak...

Agian, batzuentzat gehiegizkoa da baina niri, azterketak bata bestearen atzetik pasatzea gustatzen zait, eta kanpotik jartzen ez dizkidatenean, nik nere buruari jartzen dizkiot. Bizitzan bizitzeko era ezberdinak daude eta bat da azterketarik gabe bizitzea; hori ere beste edozeinen era bezain onargarria da... Ba niri beti gustatzen zait neurgailu bat jartzea eta..

Besteei ere bai?

Ez. Nere buruari, nahiko lan badaukat nere buruarekin! Adibidez, funtzionarioak oso kritikatuak dira, lan gutxi egiten omen dutelako edo alferrak omen direlako, ba "ke ba"! Niri, zerbait izatekotan, iruditzen zait, ba, azterketa bat pasa ondoren berrogei urte egotea lanpostu berean… hori dela problema! Baina… langile pribatu batzuk! Horiek ez dute ezta behin gainditu azterketa!!

Bertsolari baten egunerokoa? Hain zuzen, zure egunerokoa...

Egunero, tabladoan bizi gara gu. Ehun eta berrogeita hamar ekitaldi egiten badituzu... ez da ofizinara joan eta fitxatu... ostras! Jende aurrean dira eta egun txarrak edukitzea jendeari ez zaio gustatzen. Horregatik da hain polita, egunero estimulo berriak daudelako. Orduan, nola entrenatzen dugun, ba, tabladoetan. Ez zaigu "gimnasia mental" horren makinaria herdoiltzen beti kantan garelako.

Hainbeste saio, ez al da oso gogorra?

Beno, alde batetik bestera, jendaurrean, beti jan eta edan eta erre... kastigo handia da; baina gogorragoa izan behar da urtean hamar saio egitea. Zer zaude, egunero zai? Gainera, emaitzen aldetik, bersolaritza oso aleatorioa da. Demagun, zu zoaz herri batera gogorik gabe eta buruko minez eta igual saio oso ona egiten duzu, eta joaten zara beste batera gogotsu eta nahiko lo eginda eta ez zaizu ezer ateratzen...

Beste jardueretan aritzeko denbora ehun eta berrogeita hamar saioekin urtean?

Antolatze kontua da. Horretan Denouex-ekin (Errealeko entrenatzaile ohia) ados nago: "No excusas", aitzakirik ez. Eta telebista ikusten dut, egunkariak irakurri... eta familiarekin nago... orduan irakasle batek esaten didanean... "uf!, oso lanpetua nago!" Ba zer esango dizut! Zein da bere lanpetuaren kontzeptua, hor dago koska. Ezin dut "eske", aitzaki horrekin.

Zuen mundua, partaideen aldetik, itxia, irekia... beti berdinak al zarete?

Ez, ez. Oso mundu irekia da, ni hasi nintzenean garai hartan ibiltzen zirenak apenas ari dira, eta orain, berriz, oso jende gaztearekin ari naiz. Maialen Lujanbio, Amets Arzalluz, Igor Elortza edo Unai Iturriaga... Zuk pentsa! Hasi nintzenean Amets jaiogabe zegoen... Eta gainera, kontratazio sistema herri elkarteek egiten dute, haien esku dago nori deitu... orduan mundu itxia izateko ez dago arrisku handirik.

Eta zure burua, nola ikusten duzu? Belaunaldiak pasatzen... eta zu han pil-pilean...

Beno, interesgarria da neretzat. 86ko finalean, nere lehenengo finalean, nobedosoa izan zen, nik "D" eredua aldarrikatzea ikastetxetarako alkatearen izenean, eta hogei urte pasata ikasi dugu agian eredu horiek ez dutela balio... Begira gai horretan bakarrik nola aldatu den gizartea. Edo, larogeita bian IHESa ez zen existitzen, edo ez genekien hemen, laurogeita lauan gutxi gorabehera jakin genuen, edo nere lehengo txapela zenean... Interneterik ere ez zegoen!

Eta SMS rik...

Ezta! Horri ere, jakina, ikuspegi bat eman behar zaio tabladotik. Ni ez naiz batere digitala, eta horretan neskek abantaila haundia ateratzen digute gizonei.

Digitala?

Bai, "digitaltasunean". Mutilak beti dabiltza 'taka-taka-taka', Game-boy ez bada, Play-station, ez bada, ordenagailu jokuetan, MP3…eta bai trebetasuna behar da baina ez dute balio beste ezertarako. Baina neskek denbora gehiago ematen dute bere baitan agortzen ez diren aktibitateetan, adibidez, hizketan. Hizketan ikasten duzu beste gauza asko hizkera ez dena...

Horren harira, gaur egun oso gauza kezkagarria egiten zait: gazte askok erabiltzen duten "sin mas" hori, koletila bezala. Horrekin elkarrizketa eten egiten duzu; kezkatzen nau diskurso hutsuneak gazteen artean.

Neske-mutilen arteko ezberdintasunak ...

Bai, bai... neskek gehiago lantzen dute hitz egitearena eta gero... emakume eragile bat... uf... alegia, zu etxean zaude eta emakume eragile bati esaten badiote zu harrapatzea… ba, ez du etsiko harrapatu arte!

Gaiaz jakiteak tabladotan laguntzen du?

Ez berezirik. Adibidez, Tsunamirekin gertatu dena: Hobe da asko jakitea edo ez? Asko jakiteak ez du zerikusirik, horregatik... Pedro Miguel Etxenike ez da bertsolaria eta Joxe Agirre bai…(irifarra). Bertsolaritza "jakinduriarekin" ez dauka zerikusirik.

Zer da bertsolaritza?

Bat batean, eta gehienetan paper baten barruan... jartzen dizkizuten gaiei buruzko pentsamenduak eta sentimenduak ahalik eta modu eraginkorrenean ematea... (hau definizioa!).

Eraginkorra izatea...

Hiru bide daude gauzak norbaiti sartzeko, bat da bihotzetik, bestea burmuinetik eta bestea belarritik, eta ahal baduzu aldi berean hirurak flaseatzea...

Bukatzen joateko… hiru aldiz txapeldun, laugarren bat? Hamasei urte?

Asko da! Gehiegi! Irabazi nuen lehengo aldian bigarren edo hirugarren Tourra irabazi zuen Indurainek... Eta gero Ulrich, Pantani eta Armstrong etorri dira...

Gogoz irabazteko?

Ez naiz oso gogoz joaten, irabazteko baizik eta saio on bat egiteko. Matematikak emango digu gure tokia, matematikak direlako eta ez epaimahaia. Epaimahikideek erabakitzen dute hasieran nola puntuatu, baina hortik aurrera ez dira biltzen, saio bakoitzari zein puntuazio eman, bueltarik gabe eta puntuak batzen dira, eta listo! Matematikak erabakiko du.

Datorren txapelketan, nobedaderik? Bai. Erabaki dugu Donostiako "kabi segurutik" atera eta Barakaldora joatea. Gu hangoak ere bagarelako, han ere euskaldun mordo bat dago eta, ez gu bezala, euskera ikasteko ahalegin handi bat egin dute... eta euskera ludikoa ere badenez gero! Gainera aurten ahalegin berezia egingo dugu erdaldunek jakiteko zer den euskerazko inprobisazioa. Andoni Egaña Makazaga (Zarautz, 1961) Bertsolaria. Euskal Filologia ikasketak egin zituen Gasteizen. 1993 eta 1997ko Bertsolari Txapelketa Nagusietan txapeldun izan zen. Besteak beste, bertsogintza, artikulugintza eta gidoigintza ditu bizibide. Literaturgintzan ere hainbat liburu argitaratu ditu. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide izan da (1995-2000), eta egun, ahozkotasuna eskolan lantzeko metodo bat sortzen ari den lan taldeko partaide da. Sokratikoek ere badute ama ipuin-bilduma (Elkar, 1989) eta Aitaren batean (Elkar, 1990) artikulu-bilduma nabarmendu daitezke bere literatur ibilbidean. Bertsolaritzari buruzko saiakera bat idatzi zuen, Jon Sarasuarekin eskuz esku, Zozoak beleari (Alberdania, 1997). 1999. urtean Euskadi Saria jaso zuen, Pausoa noiz luzatu eleberriari eske.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Nicolas Gaminde. Eusko Ikaskuntzako XVI. Kongresuko lehendakaria: Garapen iraunkorra jendarte osoaren eskaria izan behar da

 

Irakurri

Izaskun Moyua Pinillos. Emakundeko zuzendaria: Uneotan, presentzia politikoan baino ez dago berdintasunik

 

Irakurri

Andoni Idoiaga. Eusko Jaularitzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaria: Ordenarik ezartzekotan, gure lehentasuna sektore arrantzale profesionala izan behar da, eta ondoren olgetakoa

 

Irakurri

Aizpea Goenaga. Aktore, idazle eta zuzendaria: Ikus-entzunezko euskal mundua oso mugatua da eta horri buruz hausnarketa egitea izugarri sanoa iruditzen zait

 

Irakurri

Ana Agirre. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburua: Gaur egun Euskadin I+G jarduerak egiten dituztenak 1.000 enpresa dira. Lisboan finkatutako helburu europarrera iritsi nahi badugu 500 gehiago behar ditugu

 

Irakurri