Izaskun Moyua Pinillos. Emakundeko zuzendaria: Uneotan, presentzia politikoan baino ez dago berdintasunik

2005-11-18

ELORZA, Aiala

GARMENDIA IARTZA, Koro

Otsailaren 18an, Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunaren Legea onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, zeinaren helburua gizarte berdinzalea sortzea baiten, gizaki guztiek euren ahalmenak garatu eta erabakiak hartzeko askatasuna izango dutenekoa, zeregin tradizionalek inposaturiko mugarik gabe. Izaskun Moyua baikor agertzen da Legeak eskainiko dituen aukerez mintzatzean. Emakundeko idazkari nagusi gisa sei urte eman ostean, Eusko Jaurlaritza berria eratutakoan zuzendari izendatu zuen lehendakariak Vitoria/Gasteizen bizi den oñatiar hau.

Emakundek gaur egun bizi duen egoera Eusko Jaurlaritzak onarturiko Berdintasun Legearen gidaritzapean al dago?

Bai, inolako zalantzarik gabe Legea garatzeko unea bizi dugu, eta horren alde jardungo dugu legegintzaldi honetan. Legeak ate asko zabaldu dizkigu, eta erakusten digun gela bakoitzean altzariak jartzen hasi behar dugu. Lege berriak ondo baino hobeto finkatu ditu arlo hauetan guztietan eman beharreko pausoak, eta baita legegintzaldi honetan zehar garatu beharreko ekintza positiborako laugarren planerako ere.

Gaur-gaurkoz, berdintasun politika hori Eusko Jaurlaritzako Sail guztietan aplikatzen al da?

Sail batzuetan ez zuten berdintasun politika oso ondo ulertzen, harik eta neutraltasun ezaren printzipioa agertu zen arte. Duela zenbait urte ez genuen pentsatuko gaur egun garatzen ari garen jarduera edo ekintza zehatzetan, eta horrek erakusten digu pixkanaka-pixkanaka ezinezkoak iruditzen zitzaizkigun eremuetan aurrera egiten goazela.

Garraio eta Herri Lana bezalako Sailetan, adibidez, zenbateko aplikagarritasuna du Berdintasun Legeak?

Kasu zehatz horretan, duela urte batzuk ez genuen pentsatu ere egingo garraio publikoen erabileran dagoen aldeaz, baina, gaur egun, Garraio Sailak berak aztertzen du inguruabar hori. Eta, emaitzek erakusten digutenaren arabera, nagusiki emakumeak gara garraio publikoa erabiltzen dugunak, segur aski beribilak eskuratzeko aukera gutxiago dauzkagulako. Nire ustez, orain bertan, edozein arlotan gauza dezakegu politiken neutraltasun eza. Gainera, kontuan izan behar dugu gisa honetako ikerlanek erakusten digutela ez bakarrik zenbateko erabilera daukaten, baizik eta baita zein behar dauzkaten gizonek eta zein behar dauzkaten emakumeek. Eta, bestetik, horrelako jarduerek erakusten digute gauza guztiak joaten direla pixkanaka aldatzen, eta generoen ezberdintasunak politika guztiei eragiten diela.

Berdintasun politika aintzat hartzen ari al dira Bilbon Saburua inguru berria antolatzeko orduan, edota Zabalgana edo Ibaiondo Vitoria/Gasteizen?

Nahiko genuke, baina oraingoz ez da halakorik egin. Dakidanez, Bilbon elkarlanean jardungo dute Hirigintza Sailak eta Emakume Sailak, eta, horrela, nola edo hala, ikusaraziko da arazo batzuk sorten direla hirigintzaren arloan, bertan biziko direnen bizitzaren kalitatearekin lotuta. Gero eta azterlan eta pertsona gehiago dago arlo profesional sektoriala emakumeen ikuspuntuarekin aberasten. Iruditzen zait uneotan emakumeek parte hartu behar dutela erabakiak hartzeko orduan; presentziaren bidez baldin bada, ondo, baina eragina ere izaten badu, are hobeto. Emakumeek nola bizi nahi duten edo nola bizi behar duten erakutsiko digun ikuspegi bat behar dugu, baina ez hirigintzari dagokionez bakarrik, baizik eta antolakuntza politiko osoan.

Administrazio publikoan badira zenbait arlo, hezkuntzarena esaterako, non emakumeak urte luzez borrokatu behar izan duen bere lekua egiteko, baina zein beste arlotan emakumea oraindik ez da ehuneko horietara iritsi?

Hainbat dira emakumeak oraindik ehuneko onargarriak ez dauzkan arloak, baina hezkuntza bezalako eremuetan ere, zehaztasunak eman behar dira. Gaur-gaurkoz, sexu bietako haurrak berdin eskolatzen direla esan dezakegu, baina gehiago sakondu beharko genuke ikusteko sexuan oinarritzen diren estereotipoak oraindik ere gailendu egiten ote diren, batik bat unibertsitate mailan. Gaur egun, jendea zaintzearekin lotuta dauden ikasketetan, emakumezkoak dira ikasle gehienak; izan ere, gizarteak espero baitu emakumeak izango direla zeregin hori beteko dutenak. Iruditzen zait horren guztiaren atzean esku beltz bat dagoela kulturan, aurreko mendetik datorkiguna, eta bakoitzari leku zehatz bat esleitzen diola. Kontua da emakumeok, askotan, aukera asko galtzen ditugula bidean, eta hori bai ezin dugula onartu. Konturatu gabe hartzen ditugun jarrera horiek, bidezkoak ez diren diskriminazio eta ezberdintasunak sortzen dituzte.

Galderari eman diozun erantzunetik ondoriozta daiteke ez duzula berdintasuna arlo batean ere sumatzen...

Gaur egun, presentzia politikoan baino ez dago berdintasunik. Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Legeak ahalegin handia egin du, arlo politikoak ekintza positiboen kuota ezartzean.

Ni neu, ekintza positiboen kuotaren alde nago erabat. Lazgarria iruditzen zait gaitasuna daukaten pertsonek bakarrik egon behar dutela defendatzen dutenen jarrera; nik uste dut emakumeok, gaur egun, ez dugula gure gaitasuna frogatu beharrik.

Ezberdintasuna ez da, nire ustez, gaitasunarekin lotuta dagoen arazo bat; beste arrazoi batzuk daude horren atzean, eta konpondu egin behar ditugu. Zentzu horretan, ezberdintasun egoerak dirauen bitartean, beharrezkoa da ekintza positiboaren neurria mantentzea, baina ezberdintasun egoera amaitzen den orduko, utzi egingo zaio neurriak aplikatzeari. Edonola ere, neurri honek alderdi politiko guztien oniritzia du.

Hala eta guztiz ere, Lege hau ez zen Legebiltzarrean aho batez onartu...

Lege hau PPren ezezkoarekin eta EHren abstentzioarekin onartu zen. Egia esateko, asko eztabaidatu da Lege honen gainean, eta gogorrak izan dira bi urteak. Prozesuan jende askok hartu du parte, eta lan handia egin behar izan da, Emakunden gustatzen zaigun bezala.

Konturatzen al dira legebiltzarkideak nolako Legea onartu duten?

Ziur aski bat baino gehiago gerora konturatu da, Legea onartu ostean bere edukia irakurri duenean. Zaila izaten da gisa honetako lege bat martxan jartzea, baina Emakunden beti esan dugu guk ez genuela interesak adieraztera mugatuko zen lege bat nahi, baizik eta ezberdintasunaren erroak astinduko zituen lege bat.

Ekintza Positiboaren Legearen arabera, ezberdinak dira emakumeek Gobernuan eta Parlamentuan izan beharreko presentziaren ehunekoak. Zer dela-eta?

Gaur egun, sexuen arteko oreka lortzeko, %40 gizonezkoak eta %60 emakumezkoak izan behar omen dute, eta guk ehuneko horiek islatu nahi izan ditugu botere exekutiboan. Parlamentuan, ordea, aldaketa batzuk sartu nahi izan genituen, eta proposatu genuen gutxienez %50 emakumezkoak izan zitezela, kasu honetan hautagaitzak baitira aukeratzen direnak, ez izen-abizenak.

Eremu politiko lokalean ere indarrean al da Lege hau?

Administrazioaren deszentralizazioari esker, errazagoa gertatu zaigu erakundeetara iristea, baina ez guztietara hala ere. Uneotan, Lege hau, Eusko Legebiltzarrean ez ezik, hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusietan eta Foru Aldundietan ere aplikatzen da.

Lege hau Administrazio Publikoko Sail guztietan aplikatzea dago aurreikusita?

Administrazioa, ulertzekoa denez, eredugarria da emakumeen presentzia islatzerakoan; arlo pribatuan, ordea, askoz ere txikiagoa da presentzia hori, eta gizonezkoen esku dago kontratatzeko ahalmena. Enpresaritzaren munduak aldatu egin beharko du europar esparruan inposatzen diren irizpideak bete nahi baldin baditu, eta 2010. urterako emakumeen %60 onartu beharko du lan munduan. Nik uste dut badela hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia.

Ba al da gure Autonomia Erkidegoan neurri hauei dagokienez eredugarria den enpresa pribaturik?

Gaur egun hamar enpresa ditugu gure Autonomia Erkidegoan, aukeren berdintasunerako lankide direnak. Gizon eta emakumeen egoerari buruz barne diagnostiko bat egin da enpresaren baitan ekintza plan bat ezarri duten enpresei Eusko Jaurlaritzak ematen dien "label" moduko sari bat da. Guztiak ere, finantza arloko enpresa garrantzitsuak dira. Oso pozgarria da niretzat gure inguruan mugitzen ari diren erakundeak dauzkagula ikustea. Sindikatuen arloan ere plan hauen harian lan egiteko mugimendua sortzen ari dela ere azpimarratu nahiko nuke.

Kontratatzen den unetik bertatik ager al daiteke diskriminazioa?

Bai. Asko dira giza baliabideetan prestatuta egon arren, oharkabean diskriminatzen ari direnak. Desagertu egin beharko lirateke “Zein asmo dauzkazu etorkizunerako?” edo “Ba al duzu familia bat osatzeko asmorik?” bezalako galderak. Orain guri dagokigu, gizon eta emakume guztioi, gauzak beste modu batean egin daitezkeela aldarrikatzea. Desegin egin behar ditugu gizarteko eta kulturako hainbat egitura. Gogoan dut Psikologiako irakasle batek zera esaten zigula: “batzuetan, badirudi gure bizitzako gidoia jaio garenetik idatzita daukagula, baina, gizakiaren borondateak, pelikularen amaiera aldatzeko ahalmena du”.

Zenbateko aplikagarritasuna du Berdintasunerako Legeak arlo pribatuan?

Oraingoz, erregelamendu bidez garatu beharra dago. Dena den, garrantzitsuena iruditzen zait lehenik eta behin lanerako dinamika bat sortzea, eredu gisa hartuko dena. Agertoki aberatsa sortzen ari gara enpresek arlo hau landu ahal izan dezaten. Dagoeneko hasiak gara ikusten nola ari diren enpresa munduan zentzu honetara bideratzen, eta nola hasi diren adiskidetze edo malgutasun bezalako hitzak erabiltzen.

Kultur arlora etorrita, erakundeek diote gizonezkoen alardeetan ez dela Legea betetzen. Hala izanez gero, zergatik ez zaie betearazten?

Nik uste dut arlo zehatz horretan, hala botere legegileak nola exekutiboak egin dutela egin beharrekoa. Kontua da legeak askotan ez direla betetzen, eta, horrelakoetan, bide judizialera jo behar dela. Edonola ere, garrantzitsua da Emakundek eta Eusko Jaurlaritzak gai honen inguruan daukaten jarrera garbi uztea. Gu emakumeek alardeetan parte hartzearen alde gaude, eta onartu dugun Legea oso argia da honi dagokionez.

Gaia aldatuta, zein da zure iritzia Euskal Autonomia Erkidegoko indarkeria epaitegien inguruan?

Orain bertan horrelako hiru epaitegi dauzkagu Euskadin, eta, dakidanez, lanez gainezka dabiltza. Ziur aski, horrek esan nahi du baliabide gehiago eta bitarteko hobeak behar dituztela epaitegietan. Kontuak kontu, erakusten diguna da emakume asko daudela baliabideen beharrean, aurrera egiteko babes sozial, juridiko, polizial eta psikologikoa behar dutela.

Araban, 120 kasu eman dira aurten, pentsa zitekeena baino gehiago. Ez zaizu iruditzen atzera egiten ari garela?

Ez, ez zait iruditzen. Alderantziz, nik uste dut kasuak orain ari direla ezagutzera ematen. Gizartea bera garatzen doan neurrian eta gertakariak aztertzen jarraitzen badugu ikusiko dugu zein ondorio sortzen dituen joera honek. Ez dakigu joera hauek lehen ere existitzen ote ziren, baina behintzat orain ari dira argitara ateratzen.

Gizarteak emakumeen aurkako indarkeria behar bezala arbuiatzen duela esango al zenuke?

Ez behar bezala. Tamalez, ez da helburu nagusi bat, ez hemen eta ez munduan, eta ez dut uste gizarteak arazo bezala ikusten duenik ere. Gure lana, eta emakumeen aldeko mugimenduena, gizarteari premiazko erantzuna behar duen arazo bat dela erakustean datza. Onartezina da gizartearen erdiak beste erdia baztertzea, zergatik eta emakumezkoa delako.

Egin dezagun Emakunderen azken urteotako jardunaren balantzea. Emakundek urte asko eman ditu gizarte zein Administrazio mailan ereiten, eta uzta txikia jasotzen. Denbora askoan, emakumeei erasaten zieten arazoak ez dira arazo bezala ikusi. Gizartea, gaur egun, kontzientziatuagoa dagoenez, Emakundek aurreko urteetan baino protagonismo handiagoa du. Izaskun Moyua (Oñati, 1958) Izaskun Moyua Oñatin jaio zen (Gipuzkoa), 1958an. Psikologia ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Informazio Zientziak Euskal Herriko Unibertsitatean. Minusbaliotasun Sailean aritu zen Arabako Foru Aldundian, harik eta 1991n Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean aholkularitza eta prestakuntza lanak egiten hasi zen arte. 1995ean, Arabako Foru Aldundira itzuli zen, gizarte zerbitzu balio anitzeko teknikari gisa, eta 1999an Emakundeko idazkari nagusi izendatu zuten. Bertan jardun du lanean, zuzendari bihurtu den arte.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Andoni Idoiaga. Eusko Jaularitzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaria: Ordenarik ezartzekotan, gure lehentasuna sektore arrantzale profesionala izan behar da, eta ondoren olgetakoa

 

Irakurri

Aizpea Goenaga. Aktore, idazle eta zuzendaria: Ikus-entzunezko euskal mundua oso mugatua da eta horri buruz hausnarketa egitea izugarri sanoa iruditzen zait

 

Irakurri

Ana Agirre. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburua: Gaur egun Euskadin I+G jarduerak egiten dituztenak 1.000 enpresa dira. Lisboan finkatutako helburu europarrera iritsi nahi badugu 500 gehiago behar ditugu

 

Irakurri

Joxerra Gartzia. Komunikazioan aditua: Askoren kezka nagusia ergatiboa zuzen erabiltzea da, baina ergatibo guztiak bere tokian jarrita inor hunkitzeko gaitasunik ez daukan diskurtsoa alperrikakoa da

 

Irakurri

Jose Miguel Larrañaga. Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria: Galtzen bazara, erreka bilatu eta ura jarraitu, iritsiko zara-eta

 

Irakurri