Iritsi berria zarela esan genezake…
Bai, hala da, abuztuan oporretan egon ginen. Irailean hasi ginenez… bada, bai, iritsi berria.
Eta zer aurkitu duzu mahai gainean?
Arrantzale mundutik nentorrenez, nahiko harreman estua neukan arrantzaren aterakuntza, komertzializatze eta eraldatze sektoreekin. Eta hemen, portuetan, harremana daukat oraindik aterakuntzarekin eta baita sektore komertzialarekin ere. Hau da, arrantza munduan neuzkan harremanak oraindik dauzkat, EAEra transferitutako portu gehienak arrantza-portuak baitira. Eta “gehienak” diot, baten batek bere arrantza-ontzidia galdu duelako osorik, baina lehen denak ziren arrantza-portuak. Arrantzaz ari naizenean arrantza profesionalez ari naiz noski, hirugarren zerrendako ontziez.
Zeintzuk dira, bada, transferitutako portuak?
Guztiak, Bilbokoa eta Pasaiakoa izan ezik.
Zergatik hori, arrantza-portuak baino ezin daitezke transferitu ala?
Ez. Bermeo, esaterako, merkataritza-portua da, eta transferituta dago. Baina badira interes orokorreko izendatutako zenbait portu, eta Espainiak dio ezin zaiela horien eskumena autonomia erkidegoei eman. EAEn bi horiek dauzkagu, Pasaia eta Bilbo. Orain gutxi, hain zuzen, estatutuaren erreforma onartu dute Kataluniako legebiltzarrean, eta haiek, estatutu berriaren bitartez, orain estatuaren menpe dauden portu katalanak (Bartzelonakoa eta Tarragonakoa) Generalitat-en eskura igarotzea eskatu dute. Gu ere ildo beretik goaz. Espero dezagun interes orokorreko deritzan portu horiek transferitu ahal izatea. Orain da horretarako unea. Une guztiak dira onak, egia esan.
Zer irabaziko litzateke hala?
Hainbat gauza. Batetik, portu horiei bultzada ematea, penintsulako trafikoaren buru izan daitezela, eta Europarekin batzea. Orain asko hitz egiten ari da Short Sea Shipping delakoez (alegia, itsasoko autobideez). Bilbo eta Pasaiako portuak EAEra transferitu izan balira, beharbada, gobernu honek indar handiagoa izango zukeen portuok autobide horietan sartzeko, eta penintsulan buru izateko.
Hala ere badira, ezta? Esan gura dut oso portu garrantzitsuak direla orain ere…
Bai, jakina. Eta gainera, Abrako portuko handitze lanak ia amaituta daude. Baina transferituta egon balira, gaur egun baino indar eta garrantzi handiagoa edukiko lukete nire ustez.
Arrantza-portuei dagokienez, ontzidia gero eta txikiagoa da…
Bai, baina gobernuak buru-belarri ekin dio, Arrantza Sailaren bitartez, ontzidi hori berritzeari. Txikiagoa da beharbada, baina lehengoak baino dezente hobeak diren ontziz hornitu da. Baxura eta inguraketa ontzidietan, 100 GT baino gehiagoko ontzi guztiak altzairuzkoak dira dagoeneko…
… parka, baina, zer dira GTak?
Ontziak daukan bolumen erabilgarriaren berri ematen duen neurria da.
… zeozer esaten ari zinen horretaz, nik eten baino lehenago…
Bai, 100 GT baino gehiagoko ontzidia berritzea lortu da, lehengoek baino bizitzeko baldintza hobeak dituzten altzairuzko ontziekin. Zuretik altzairura igaroz, arrantzaleen bizi-baldintzak ez ezik arrainak ontzian bertan daukan tratamendua ere hobetu da, eta inguraketa metodo berriak ere ezarri dira, estatuan orain arte inon ez zeudenak. Horri esker, iguraketarako lanesku beharra moteldu eta mekanizazioa irabazten da; hori ona da, oraintxe arazoak daudelako arrantza sektorean, baxurakoan batez ere, behar adina arrantzale edukitzeko ontzi bakoitzean. 100 GT baino gutxiagoko ontzidian, berriz, berrikuntza poliesterrezko ontziekin egin da (altzairuzko baten bat ere badago). Kontuak kontu, dagoeneko ez da zurezko ontzirik egiten, bizi-baldintzak hobetu dira, eta arrantza mota edozein dela ere, metodo eta tresna berriak ezarri dira.
Zein izango da hurrengo urratsa?
Eman beharreko hurrengo urratsa -eta eman egingo da-, arraina harrapatu osteko prozesuan hobekuntzak ezartzea da. Ontziek arraina hartu eta lonjan ipintzen dute; orduan hasten da arrain horrek baldintza egokietan irauteko egin beharreko lana, eta baita arraina modu desberdinetan aurkeztu ahal izateko egin beharreko manipulazioa ere, kontsumitzaileek eta batez ere azalera handiko saltokiek eskatzen dutenez. Bide horretan, kontserba-enpresak kalitatearen aldeko apustua egiten ari dira, baina horren aurretik -edo horrekin batera- geuk eman behar ditugu urratsak portuetan instalazio onak egon daitezen, bai lehenbiziko salmentako lonjak bai arraina manipulatzeko instalazioak. Horixe da epe laburrean dugun erronka.
Gainerakoan, portuak egoera onetan daude?
Portu gehienetan burututzat eman ditzakegu obra zibilik garrantzitsuenak. Orain mantenu-lanak egin behar dira noski, eta beharbada zeozer eraberritu beharko da. Bestalde, une honetan oso lan handia ari gara burutzen Mutrikuko portuko sarreran, segurtasuna hobetze aldera. Edonola, uste dut unea iritsi dela lehen aipatutako instalazioei emateko lehentasuna, eta ez obra zibilari.
Hainbat helburu eta erronka aipatu duzu. Badago lehentasun berezia daukan baten bat?
Ondarroako lonja eraikitzen hastea nahi nuke. Zoritxarrez, Ondarroak ez dauka ganorazko lonjarik ez baxurako ez itsas zabaleko arrantzarako, arrain gehien hartzen duen portua izanda. Izan ere, bertara joaten da Kantauri itsasoko ontzi gehien lehen hustuketa eta salmenta lanak egitera. Bestalde, lonja gabezia hori Pasaian ere badugu, baina hor ez dugu eskuduntzarik; Ahalegin handia egiten gabiltza behintzat portuaren zati arrantzalea transferitu diezaguten. Hori da, nire ustez, premiazkoena, Ondarroakoa batez ere.
Eta nola liteke Ondarroan lonjarik ez egotea, hainbeste ontzi sartzen bada bertara?
Orain hiruzpalau urte Sailak lonja bat eraiki nahi izan zuen, baina egiten hasi ziren lanak ez zeuden Ondarroako plan berezian sartuta, eta hasierako lekura itzuli behar izan genuen. Ematen du orain akordioa lortu dela erabiltzaile guztien artean (altura eta baxurako arrantzaleak, eta Ondarroako komertzializatzaileak), lonjaren diseinua egiteko.
Handitze lanak egiten dabiltza Bilbon, Pasaian ere bada zeozer…
Pasaian berriztapen egiten ari da, eta berriztapen horiekin batera portua handituko den ala ez aztertzen dabiltza, baina horiek portuaren beraren kontuak dira.
Eusko Jaurlaritzak ez dauka, orduan, batere zerikusirik?
Portua Sustapen Ministerioaren menpekoa da. Dena dela, bertako administrazio-kontseiluan badago sail honek izendatutako jendea. Eta baita Bilbokoan ere, jakina. Baina ni, oraindik, ez naiz egon ez administrazio- kontseilu batean ez bestean, izendapenek badutelako beren inertzia.
Hitz egin dezagun kirol portuez. Gehiago behar dira, gutxiago?
Teorian behintzat, beti behar dira gehiago, eta praktikan ere bai. Kontua da leku batzutan eskari handiegia dagoela, eta bestetan ez hainbestekoa. Zumaia, esaterako, ez dago guztiz beteta, baina alboko herrian, Getarian, eskaria eskaintza baino handiagoa da. Hara, denok ezin dugu ontzia etxeko atari aurrean eduki. Beraz, dagoen eskaintza banatu beharko da eskatzaileen artean. Gutxi da, asko da? Nire ustez, Orion eta Bermeon egingo diren instalazio berriekin, eta beste portu batzutan egingo diren pantalanekin, ez dut esango eskari osoa aseko dugunik, baina ia. Eta ez dut hala esango eskaria beti izaten delako eskaintza baino handiagoa, baina beste toki batzuetako ratioekin konparatuta, Europara hurbiltzen ari gara.
Eskaria beti handiagoa dela diozu. Hazten ari da, gainera?
Bai, eta gainera gero eta ohikoagoa da lehengoak baino ontzi handiagoak ikustea. Bistan da olgetako sektorea haziz doala.
Eta sustatu egiten da? Izan ere, EAEko instituzioak aisialdi-ekonomia -hala esan diezaiogun- bultzatzen ari direla suma daiteke, alegia, hirugarren sektorean oinarritutako ekonomia…
Argi dago olgetako portuak egiten badira olgetako nautika bultzatzen ari dela. Baina uste dut, ordenarik ezartzekotan, gure lehentasuna sektore arrantzale profesionala izan behar dela eta ondoren olgetakoa. Arrantzale profesionalak horretatik bizi dira, eta hori ez zaigu sekula ahaztu behar. Haien beharrak ase eta gero, besteenez arduratzen has gaitezke.
Olgetako nautikak ere aberastasuna sortzen du, baina…
Egia da, baina nik neuk ez dakit nola neurtu. Badira teoriak. Batak dio zenbat eta pantalan gehiago ipini orduan eta ontzi gehiago egongo direla, eta jende gehiago etorriko dela herri horretara. Ni teoria horrekin bat nator, baina ez erabat. Izan ere, beste teoria batek dio herrikoak beraiek direla, hain zuzen, ontzien jabeak. Beraz, ez dakit pantalan gehiago egiteak aberastasunik sortzen duen.
Aurreko galdera egitean, zeharkako aberastasunaz nengoen pentsatzen batez ere. Getxon, esate baterako, aisdialdi industria indartsu bat loratu da kirol-portuaren gerizpean: zinemak, jatetxeak, tabernak… Hau da, lanpostuak eta diru mugimendua. Hala ere, ez dakit Getxokoa adibide bakana ez ote den…
Argi dago hori ematen dela. Eta Getxon bezala egiten ari da Hondarribian, Zumaian… Hori hala da, eta gehiago egingo dira gainera. Negozio hori hor dago, eta orain arte ez genuen ezagutzen. Getxo muturreko adibidea da beharbada, oso inguru berezian dagoelako, baina argi dago olgetako nautikaren inguruan orain arte ustiatu gabeko negozioak ari direla hazten.
Eta herritarrek zelan hartzen dituzte kirol-portuak, edo kirol-portu proiektuak?
Ondo, lehen esan dizudanagatik: beraiek dira instalazioen erabiltzaile nagusiak, eta gainera kirol-portuak ez dira batere kaltegarriak herrientzat. Ez dute kutsatzen, ez dute hondakinik sortzen, ez eta zaratarik ere. Aldiz, negoziorako eskaintzen dituen aukerak balia daitezke. Uste dut kirol-portuak onuragarriak direla udalentzat.
EAEko portuak zeozertan nabarmentzen dira, beste leku batzutakoekin konparatuta?
Ez dakit ba. Olgetari dagokionez, erakunde eusko-akitaniar baten barruan gaude, frantziar kostaldeko sei portu eta hemengoak biltzen dituena, eta uste dut hori ona dela haien kalitate maila bera lortzeko; frantsesek guk baino dezente eskarmentu handiagoa daukate olgeta-portu kudeaketan, eta orain haiekin parekatzen ari gara. Arrantza portuei dagokienez, ez dut uste inoren bekaitzik eduki behar dugunik, eta orain hasi behar dugun inbertsio aldi hau hastean, besteentzako eredu izango garela pentsatzen dut.
Inbertsioa aipatu duzunez… Zelan zabiltzate diru aldetik, gehiago beharko litzatekete?
(Barre) Betiko galdera da hori! Beti behar da diru gehiago. Orain hainbat inbertsio egin behar dugu, eta argi dago lehentasuna eman beharko zaiela batzuei, ezin delako guztia aldi berean egin. Oraingoz, aurreko inbertsio batzuen inertziak garamatza: batez ere, Bermeoko portuko lanak eta orain hasi behar diren Motrikukoak. Proiektu berrien artean Ondarroako lonja dago, eta badira egitasmoak beste portu batzutan tegi izoztaileak, arraina manipulatzeko lonjak… eraikitzeko. Urtez urte joan beharko da, urtero zer egin daitekeen ikusten.
Itsasoko jendea nekatuta dago? Arrantzan dagoeneko gazterik ez dabilela esaten da beti… Arrantzale profesionalez ari zara, noski. Bada, egia da belaunaldi berriak ez direla zaharrak ordezkatzen ari, baina geratzen direnek aurrera egiten dute. Urte asko eman ditut Arrantza Sailean, eta ez dut inoiz ikusi ontzi berri bat saldu behar izana, itsasoratzeko jenderik ez edukitzearren. Erne, ez dut esan nahi erraza denik! Oso bizimodu gogorra da, etengabeko ahalegina eskatzen duena. Baina oraingoz hor daude itsasontziak. Ikusi beharko da zertan eragiten duen hemendik hamar edo hamabost urtera lanbidean jende gazterik ez hasteak. Joseba Andoni Idoiaga Uribe
(Bilbo, 1953)
Bilbon jaioa izanagatik, eibartarra da Andoni Idoiaga, pare bat egun besterik ez zeukan-eta gurasoek armagintzaren hiriburura eraman zutenean. Lehorrean bizi arren, beti eduki du harreman estua itsasoarekin; aita Mundakakoa izaki, Laida eta Laga inguruan ordu asko emana da Portu eta Itsas Gaietako Zuzendari berria. Itsasoarenganako grinak, seguruenik, zerikusi handia eduki zuen Idoiagak ikasketak aukeratzeko garaian, batxillera amaituta Madrilera jo baitzuen Itsas-ingenieritza ikastera. 1986tik dago Eusko Jaurlaritzan. Nezakaritza eta Arrantza Sailean sartu zen funtzionario (arrantza azpisailean, zer esanik ez), eta 2004an Arrantza-guneen Garapen Zuzendari izendatu zuen. Aurtengo uztailaren erdira arte egon da kargu horretan, eta hil horren amaieran hartu zuen ardura berria.