Gaizka Fernández Soldevilla eta Raúl López Romo. Historialariak: Tolerantzia, sineskortasunik gabe egunero landuz ikasitako zerbait da

2012-11-14

AGUIRRE SORONDO, Juan

ALFAGEME, Ainhoa

Gaizka Fernández Soldevilla eta Raúl López Romo, bi historialari euskaldunak dira “Sangre, votos, manifestaciones: ETA y el nacionalismo vasco radical (1958-2011)” (Tecnos, 2012) liburuaren egileak. ETA-ren sorreratik gaur egunera arteko ibilbide eta egitura zibilaren inguruko liburu ausarta eta argia da. Historia politikoa giza- eta kultura-historiarekin osatuz, 400 orrialdetan zehar, mende erdia baino gehiagoko bilakaeran zehar “ezker abertzalea” bezala ezaguna denaren estrategia finkatu duten hiru ardatz nagusien xehaketa burutzen dute, hau da, indarkeria, hauteskunde-partaidetza eta giza-mobilizazioa.

Liburua, zuei “tolerantziaren balioa” irakatsi zizuetenei eskainitakoa da. Agian, gure etorkizunaren gakoa horretan datza?

Denbora luzez Euskadin gorroto nazionalean edo, neurri txikiagoan, klase gorrotoan oinarrituriko ideologia baztertzaileak indarrez agertu dira. Zentzu horretan, gure liburuak, dakartzan sinplifikatzeak direla medio, pentsamendu dikotomikoa zalantzan jartzen du (pertsonak bereizten baititu, barrualdekoak eta kanpoaldekoak, goikoak eta behekoak, onak eta gaiztoak), sinplifikazio desegokiak sortzen dituztelako. Iritzi bera ez duenari errespetua izatea gizabidezko oinarria da, dudarik gabe, guztiz desiragarria. Tolerantzia ikasi egiten da eta egunero lantzen den zerbait da, norberak ohiko bizitzan ibiltzen den leku eta txokoetan alegia. Hala ere, ongi ulertutako tolerantzia izan behar du, sineskortasunik gabekoa, ideia guztiak ezbaitira baliozkoak edota defendatzeko modukoak, neurri berean behintzat. Gizartearen alderdi bat ezabatzea helburu duten ideia horiek ez dira onargarriak demokraziaren baitan.

“Sangre, votos, manifestaciones: ETA y el nacionalismo vasco radical (1958-2011)” liburuaren azala.

Armak uzteaz haratago, indarkeriaren kultura betirako gainditzeko aukera ematen duen trantsizio berri bati buruz hitz egiten dute.

Demokrazia ez da erakunde-arkitektura soilik, mikroskopikoagoa den maila batean, jarrera sozialetan eratzen doan zerbait baizik. Euskal nazionalismo erradikalak bere demokraziarako trantsizioa oraindik garatzeke dauka. Horrek ez du esan nahi bestearen nahia burutu behar denik, euskal gizartea politika nahiz kultura aldetik guztiz anitza dela onartzea baizik, eta beraiek gizarte honen zati baten ordezkari besterik ez direla. Beste askok trantsizio hori duela zenbait hamarkada burutu zuen.

Liburuak erakusten digun lezio nagusia zera litzateke, Euskal Herriaren zorigaiztoa ez dela halabeharrezko zerbait.

Nazionalismo erradikalaren ustetan, Euskadik “espainiar” inbasioa jasan zuen, euskal herria bizirik iraun zezan irtenbide bakarra armak hartzearena izan zelarik. Horretan datza “gatazka” deritzona: ustez galdutako hasierako independentzia berreskuratu ahal izateko borroka. Kontakizun hori historiaren zeharkako irakurketa manikeoan oinarritzen da, alderdikeriaz betea alegia. Baina Walker Connor-ek baieztatu moduan, “nabarmentasun politiko gehien duena, ez da errealitate bera izaten, jendeak erreala dela pentsatzen duena baizik”. Faltsututako iraganaren bertsioa zabalduz, ETAk bere ekintzen erruduntasuna “Estatua”-ri transferitzea lortu du. ETA kideek euren buruaren defentsan erail dutela argudiatu ohi dute eta jende askok sinetsi egin die. Hala ere, ETA-ko kideek euren jokabidea finkatzeko askatasun osoa zeukaten eta, beste aukerak baztertuz, indarkeria aukeratu zuten. Gainera, egun zehatz batetan erabaki zuten, 1968. urteko ekainean alegia, taldearen zuzendaritzak heriozko atentatuak burutzeari baiezkoa eman zion unean. “Txabi” Etxebarrietak gertakarien bilakaera bizkortu egin zuen, trafikoko guardia zibil bat bizkarrez erail zuen unean. Baina gauzak ez zuten zertan hala izan beharrik.

Zuen liburuan zehaztasunez azaltzen duzue ETA Espainiaren aurkako erakunde gisa sortu eta hazi zela, ez omen zen frankismoaren aurkako erakunde soila.

ETAko kideak Gerra Zibileko gudarien eta XIX. mendeko karlisten oinordekoak zirela uste zuten. Antzinako gertakarien oinordekoak omen ziren, guzti horiek Franko jaio aurretik sortutako “gatazka” bereko alderdiak izanik. Beraien ikuspuntutik, diktadura borroka haren azken kapitulua besterik ez zen. ETAko kideek, beraiek azaldu moduan, ez zuten erregimenaren aurka borroka egin, Espainiaren aurka baizik, metropoli kolonizatzailea baitzen. Erakundearen sortze-helburua Estatu-nazio burujabea erdiestea zen, elebakarra eta politika eta kultura aldetik bateratua. Arazoa zera izan zen, indar antifrankisten gehiengoak ez zuela hala zela ikusi nahi izan, beranduegi izan zen arte.

Ideologia ezkertiarrak, hitzaldiez gain, benetako zein eragin izatera iritsi da?

“Ezker abertzaleak” honela izendatu du bere burua, bere nazionalismoa marxismoarekin bat egiten zuela erakutsi nahian. Dena den, bai bere doktrinak, baita bere jarduerak ere, nazionalismo erradikalaren bertsio intrantsigenteenekin uztartzen dira. Euren sozialismoak, aitzitik sentimentala, bigarren mailako osagaia izan da. Adibidez, “KAS aukera” (ETAm nahiz HBren programa-dokumentu nagusia), klase-eskabide bakarra, langileen bizi-baldintzen hobekuntza xume bat zen. Gainera, betidanik, abertzalea ez zen edozein alderdi politikoekin ituntzeari uko egin dio, nahiz eta guztiz ezkertiarrak izan.

Zein neurritan markatu dituzte buruzagiek urrunduz doazen ETA-ren adar ezberdinen ibilbideak?

Orokorrean, ETA-ren zuzendaritza talde edo batzorde baten esku izan dugu. Baina zenbait kasutan buruzagi batzuk taldeko beste kide guztien gainetik egon dira eta jarraitu beharreko bidea finkatu dute. Badira nabarmentzekoak diren hainbat kasu. Jose Miguel Beñaranek (“Argala”), ETA militarraren buru politikoak, HBren alde egin zuen EE-k “ezker abertzalearen” lekua monopolizatzear zegoenean. Ondoren, eta HB osatzen zuten alderdiek autonomiaz aritu nahi zutela antzeman zutenean, koalizioaren kontrola hartzea agindu eta disidenteak baztertu zituen. HB ETAm-ren adar politiko bihurtu zen. Orduz geroztik, eta duela oso gutxira arte, nazionalismo erradikala erakunde terroristaren menpe egon da. Eduardo Moreno Bergaretxe (“Pertur”), ETA politiko-militarraren buruzagi intelektualaren planteamenduaren kontrakoa izan zen. Berak EIA alderdiaren sorrera proposatu zuen, Euskadiko Ezkerraren muina alegia. Alderdi horrek abangoardiazko zuzendaria litzateke, ETApm atzealdean geratuz. Guzti horrek, azaltzen du, nolabait, 1982. urtean erakunde horren zati baten desegitea.

Norbaitek XX. mendeko totalitarismoak formula honen bidez azaldu zituen: “Abertzaletasuna ez da nahikoa: norbait gorrotatu egin behar da”.

Bai noski, norbaitek pistola bat hartu eta ezagutzen ez duen norbait hiltzeko gai dela esateko, biktima hori “gaizkia absolutuaren” irudia dela pentsatu behar du. Adibidez, baliteke polizia bat gizon zintzoa izatea, pertsona ona, baina terroristen ustetan polizia hori oso era manikeoan deabrutzat jotzen duten taldearen partaidea besterik ez da. Irudi negatibo hori hainbat erara sortarazten da eta norberaren gizarteratze eremu hurbilen inguruan zabaltzen da: familia, lagun taldea, irakurgaiak, festak, ... Horrexegatik errazagoa da armak uztea intolerantzia erauztea baino, gure gizartean sustrai sakonak baititu.

Raúl López Romo eta Gaizka Fernández Soldevilla, liburuaren egileak.

Liburuaren pasarte batean honako hau irakur daiteke: “ETAk ez du hausnarketa ezagatik erail, kontrakoagatik baizik, gehiegizko arrazionalizazioagatik”. Baina atxikimendu emozionala ez al da mobilizazioaren eragile nagusia?

Psikopata batek ez bezala, ETAk ez da inoiz bat-batean jardun, ausazko biktimak aukeratuz. “Euskal gatazkaren” diskurtsoari jarraituz aritu da, horrek atentatuei zentzua eta logika ematen baitzien. Horrek ez du zertan esan nahi ETA zentzuduna izan denik, edota bere hausnarketak zuzenak izan direnik. Logika terrorista maltzurra da, oso iritzi politiko bereziak oinarritzat hartuz, ehunka pertsona hiltzeko balio izan baitu. Indarkeria defendatzeko argudioak gehienetan emozioetan oinarritzen dira (gorrotoa, gaitzondoa), baina baita irizpide instrumentaletan ere.

Esanguratsua da aparatu militar ezberdinek (ETApm-ak, zein ETAm-ak) nola zuzendu dituzten euren adar politikoak finantzaketaren bitartez. Kapitalismo bereizienaren antzera, hemen ere, ordaintzen duenak agintzen du.

Finantzen gaia oso adibide ona da Trantsizio garaian hainbat erakunderen artean ematen ziren erlazio motak ulertzeko. ETA-ren bi adar nagusiek aldeko alderdiei dirua ematen zieten: “iraultza-zerga” eta bahiketen bitartez eskuratzen zuten diruaren zati batek hainbat ekimen gauzatzeko balio izan zuen, besteak beste, liberatuen soldatak, argitalpenak, propaganda, hauteskunde kanpainak eta abar. Baina ezberdintasunak ere baziren. ETApm-ak EIA-ri dirua ezeren truke ematen zion bitartean, ETAm-ak mendetasuna eskatzen zuen. LAIA-k mili-en buruzagitza zalantzan jarri zuen unean finantziazioa amaitu egin zitzaien. Horrelako alderdi txiki batentzat, halako neurri batek aurrera jarraitzeko aukerak asko murrizten zituen. Beraz, hala da, ordaintzen duenak agintzen du.

ETApm-ren alderdi batek armak baztertu zituenean (liburuak zehaztasun handiz azaltzen du pasarte hori), biktimak baztertuta geratu ziren. Zer egin daiteke berriro ere horrelakorik gerta ez dadin?

Hildako biktimentzat beranduegi da jada. Besterik ez bada ere, bizirik jarraitzen dugunok zera egin dezakegu, hilketa horien esanahia zein den kontutan hartu, hau da, zenbait gizasemek indarrez inposatu nahi zutela euren herrialde-proiektua. Senitartekoren bat galdu duten lagunak, zaurituak edo bahituak izan direnak eta estortsioa jasan duten biktimentzat irainik handiena inongo autokritikarik egin ez duten ETA-ko presoek amnistia jasotzea izango litzateke, egin zutena ongi dagoela pentsatzen jarraitzen baitute. Ez zuten euren ideiengatik borroka egin, euren ideologiagatik erail baizik. ETA nahiz GAL bezalako erakundeen biktimen testigantzak ikasgeletara eramatea oso interesgarria eta aberasgarria izan daiteke, oinarri etiko sendoak izango dituen gizarte baterantz aurrera egin dezagun, alderdikeriak uxatuz alegia. Gaizka Fernández Soldevilla (Barakaldo, 1981) Deustoko Unibertsitatean Historian Lizentziatua (2003), irakaskuntzara dedikatuta dago profesionalki IES Marqués de Manzanedon (Santoñan, Cantabrian). Gaur egun, ETA político-militar y Euskadiko Ezkerra gai nagusia duen tesia bukatzen ari da UPV/EHU-n José Luis de la Granja irakaslearen gainbegiratuarekin.Euskal Herriaren iragan gertuan aditua da eta kongresu anitzetan hartu du parte. Hainbat kapituluren egilea da obra kolektiboetan eta dezena bat artikuluren autorea aldizkari akademikoetan:Historia Contemporánea, Historia del Presente, Pasado y Memoria, Revista de Estudios Políticos, Sancho el Sabio, Alcores, Cuadernos de Alzate, Spagna Contemporánea y Tabula, besteak beste. Raúl López Romo (Bilbao, 1982) Historian doktorea UPV/EHU-n (2010). Gur egun, Esko Jaurlaritzaren lan-kontratu post-doktorala du Ikerbasque Foundation for Science erakundearen bidez. Bere lan ildoak mugimendu sozialen eta Euskal Herriaren iragan gertuaren ikerketan fokatze dira. Del gueto a la calle: el movimiento gay y lesbiano en el País Vasco y Navarra, 1975-1983 (2008) eta Años en claroscuro: nuevos movimientos sociales y democratización en Euskadi, 1975-1980 (2011) liburuen autorea da eta dozena bat kapitulu eta artikulu akademiko idatzi ditu horrelako aldizkaritan: Trienio, Historia Contemporánea, Alcores, Cuadernos de Alzate e Historia, Trabajo y Sociedad.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Fernando Ugarte. Euskadiko Heriotza Duinerako Eskubidea Elkartearen diruzaina: Aldez aurreko Borondateen Dokumentuak, bizitzaren azken uneetan alperreko sufrimendua ekiditen du

 

Irakurri

Adolfo Yebra. Bilbao Ballet Elkartearen lehendakaria: 60 baino gehiago dira mundu osoko ballet konpainiatan dauden euskaldunak

 

Irakurri

Arantza Arruti. Ekin-it programaren koordinatzailea: Ekitea ez da enpresa bat sortzea soilik, bizitzarekiko jarrera bat baizik

 

Irakurri

Maria Jose Azurmendi. Soziolinguistikaria: Hizkuntzarekin eta kulturarekin erlazionatuta dagoena daukat nik “vasco”tzat

 

Irakurri

Antonio Aretxabala. Nafarroa Unibertsitateko Geologoa: 1903. urtean Iruñak jasandako lurrikarari buruzko datu historikoak aurkitzea ia ezinezkoa da

 

Irakurri