Javier Lacunza Azcárate. Lacunza hizkuntza eskolaren fundatzailea: Hizkuntza bat menperatzeko, hizkuntza horretan poesia irakurtzeko gai izan behar zara

2008-09-19

SALABERRIA, Urkiri

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Donostiako Hotel de Londres y de Inglaterra dugu topaleku. Ordua, “at tea time, of course”. Berezko dotorezia batek bereizten du gure protagonista, kafetegian dauden gainerako pertsonengandik. Javier Lacunza Azcárate bizipenez betetako gizona da, nazioarteko kulturaz, bidaiaz, ahaleginaren kulturaz, bizipozez eta ikasteko grinaz betetako gizona. Begietan eta hitzetan nabari zaio grina hori. Bidaiak ditugu lehen hizpide. Gero, munduan zehar ezagutu dituen pertsonen abizenen euskal jatorriari buruzko anekdotak, nola, txikitan, gurasoengandik banatu eta urrun joan behar izan zuen, gerrako haur askok bezala...

Non jaio zen Javier Lacunza Azcárate?

Gurasoek Hego Amerikan ezagutu zuten elkar, eta, 1916-1918 aldera, erabaki zuten hona etorri behar zutela ezkontzera, Lizarra inguruko herrixka batera, gero berriro alde egiteko asmoz. Baina justu garai hartan, epidemia handi bat sortu zen, “gripe espainiarra”, eta, nola muga guztiak itxi zituzten, ez zuten joaterik izan. Hala jaio nintzen ni. Urtea ez dizut esango (irriño bat ahoan, eta limurtzaile puntu bat aurpegian). Hemen sortu nintzen, eta ez Argentinan, Txilen edo... auskalo non. Izan nintekeen argentinarra edo uruguaitarra ere, ustekabean edo halabeharrez (hausnartu egiten du). Bizi izan dudana bizi izanda, ez dut ulertzen naziotasunen, nazioen eta horien inguruan sortzen den buruhaustea. Nazioak denbora luzean zehar eratzen dira. Esan liteke zirkunstantzia batzuen eta “elementu geografiko” batzuen batura direla.

Baliteke naziotasuna “elementu geografiko” batzuen ondorio izatea, baina nortasuna? Zer iruditzen zaizu pertsona batzuek nortasun jakin batekotzat edukitzea beren burua?

Nortasunak... (etentxo bat) bai, uste dut etnia batzuek, talde batzuek... beren ezaugarriak dituztela... Eta, gainera, kidetasun bat sortzen da haien artean. Gogoan daukat soldadutzako denbora. Azkenean, katalanak katalanekin elkartzen ziren, euskaldunak euskaldunekin... ez inork inor baztertzen zuelako, baizik eta elkarren antzekoago sentitzen ginelako, gusturago, janari bera atsegin genuelako, ohitura berak genituelako. Eta, bestetik, hizkuntza. Hizkuntzak izugarri batzen du.

Hizkuntzak egiten du pertsona ala pertsonek egiten dute hizkuntza?

Frantsesez mintzo direlako dira frantsesak diren bezalakoak ala frantsesek erabiltzen dutelako da frantsesa den bezalakoa?

Beste hizkuntza bat ikasita, beste nortasun bat ikasten da?

Baliteke. Horretarako, ordea, hizkuntza hori menderatu behar da, eta hizkuntza bat menderatzeko, hizkuntza horretan poesia irakurtzera heldu behar da. Beste hizkuntza batean egunkaria irakurtzea, edo albisteak ikusi eta entzun, eta haiek ulertzea, egingarriak dira gehienentzat. Baina poesia irakurtzea (eta haren estetika hautematea) arrunt zaila da. Beste hizkuntza batzuk ikasteak nortasuna aldatzen du, bai. Ez era txarrean, hau da, irekiago bihurtzen gara, ohartzen gara oso bestelakoak izan gaitezkeela eta, aldi berean, berdinak, ez garela hainbeste aldatzen gizaki bezala.

Hizkuntzak ikastea dela eta, ezer ikasteko nork irakatsia behar da, eta, horretan, zu aitzindaria izan zinen. Zerk bultzatu zintuen, orain 50 urte, hizkuntzak irakastera?

Ni “gerrako haur” bat naiz (barrea irten zaio), tira, jadanik ez naiz hain haurra... Hau da, gerra zibila hasi zenean ni haurra nintzen, eta, beste haur asko bezala, kanpora bidali ninduten. Batzuk Errusiara joan ziren, beste batzuk Belgikara... eta bakan batzuk Ingalaterra joan ginen.

Erabaki gogorra izango zen zure gurasoentzat semeak kanpora bidaltzea...

Baina inork ez baitzekien zer gertatuko zen... Guztiek uste zuten aste batzuetako kontua zela, hilabetekoa gehienez, eta erabakiak “hilabeterako” hartzen ziren. Hala, irailaren 13an (Erriberriko, amaren herriko jaiak zirelako daukat gogoan) irten ginen Donostiatik, eta aurrena Zarautza joan ginen, gerra igarotzeko, baina gero Zarauztik Mutrikura joan ginen, handik Markinara, hurrena Durangora, eta, horrela, gelditu gabe batetik bestera. Orduan erabaki zuten gurasoek anaia eta ni (bi txikienak) Ingalaterrara bidaltzea. Jakina erabaki gogorra zela! Baina, zenbat erabaki ariko ziren hartzen orduan! Hala, egun batzuk izan behar zuena urteak izan ziren.

Eta halaxe ikasi zenuen ingelesez. Baina nola sortu zen ingelestegia muntatzeko ideia?

Ingalaterratik itzuli ginen, eta nik ingelesez nekien. Ez nekien zehazki zertarako izango nuen, baina hor neukan. Adiskideei eskolak ematen hasi nintzen, baina gero serioago hartu nuen gauza, eta iragarkiak ipini nituen egunkarian. Pixkaka-pixkaka, estudio txiki bat muntatu nuen, eta bibotea utzi (zaharrago emateko, hemezortzi urte bainituen ozta-ozta)... Egia esan, hura gauza nahiko berria zen, eta gogoan daukat nola galdetu zidan andre batek behin: “Nola dakit nik zuk ingelesa irakatsiko didazula?”. Eta erantzun nion: “Ba, sinesmena izan beharko duzu” (Barrea).

Zer ikasle mota izan zenuen hasieran?

Batez ere, pertsona helduak.

Zerk bultzatzen zituen hizkuntzak ikastera?

Gaurko gure txinera-ikasleek duten motibazio berak. Lanbideagatik, “berehala” ikasi behar dute hizkuntza jakin bat.

Eta hizkuntza zentrora doazen haurrak, zergatik doaz?

Ba, ikastetxean ongi doazen ikasleak izan ohi dira, eta denbora aprobetxatzeko eta beste hizkuntza batzuetan aurrera egiteko eramaten dituzte gurasoek.

Hizkuntzaz gainera, beste kultura batzuk ere ikasten dira?

Printzipioz ez. Ingelesa ikastera doazenean, adibidez, esaten zaie abestiak, filmak, berriak, eskuliburu zientifikoak, etab. ulertuko dituztela... Baina egia da, bai. Jatorrizko irakasleekin daudenean, beti ikasiko dute zerbait haien izaeraz.

Hortaz, ez dute ikasiko ingelesen umore-sena?

Hor, aldiak aipatu beharko genituzke. Zer ikas daiteke hilabetean, bost hilean, urtebetean, hiru urtean...? Urtebete ondoren, ikasleak badaki elkarrizketa zuzen samar bati eusten: bera nor den, nongoa den, beraren hiria nolakoa den, zenbat senide diren... hiru urte ondoren, arazorik gabe irakur ditzake testu prestatuak; lau urte ondoren, azterketak egiteko prestatzen ari daiteke... baina jatorrizko hizkuntzan eleberriak irakurtzeko, eta hori eroso eta etengabe hiztegia erabili gabe egiteko, sei bat urteko ikastaldia behar da.

Eta poesia irakurtzeko?

(Irribarrez) Baina nork irakurtzen du poesia? Ia ez da poesiarik irakurtzen eta! Ezta ama hizkuntzan ere!

Nola irakasten da hizkuntza? Beste irakasgai batzuetako metodologia bera erabil daiteke?

Gogoan daukat ingeles-irakasleentzako ikastaro batean izan nintzela behin. Mundu guztiko pertsonak ginen, eta japonieraz hasi zitzaizkigun japoniera irakasten. Jakina, ikasleon artean inork ez zekien tutik ere japonieraz. Oso ariketa egokia izan zen, ikasi behar duenaren tokian jar gintezen. Garbi dago gauza bat. Hizkuntza bat irakasteko, hizkuntza horretan berean irakatsi behar da, hau da, ingelesa ingelesez, frantsesa frantsesez eta txinera txinoz. Saihestu egin behar da itzulpena, eta haurrek bezala ikasi behar da, errepikatuz.

Orain urte batzuk, oso estimatuak izan ziren eskola-ordu kopuru mugagabea eskaintzen zuten irakaste-sistemak. Eraginkorrak dira?

Zuk diozun sistema horiek hizkuntza-laborategian daude oinarrituta, baina garbi dago ez direla eraginkorrak berez. Nire iritzian, irakaslearekiko zuzeneko tratua funtsezkoa da ikasketan aurrera egiteko. Hori dela eta, aitortu behar dizut sistema bat ari naizela prestatzen. Laster, elkarrizketa pertsonal batzuen bitartez, esango dizut ea zenbateko gaitasuna duzun hizkuntzak ikasteko, eta ea merezi dizun ez dakit zenbat urte pasatzea dirua gastatzen.

Hizkuntza batzuk besteak baino zailagoak dira ala ikaslearen jarrerak balio du?

Ez dakit, nik zalantza handiak ditut hizkuntza batzuk besteak baino zailagoak ote diren. Baina badakit gauza bat. Hiru ikasten badituzu, laugarrena laster ikasiko duzu.

Berezkoa du pertsonak eleaniztuna izatea?

Orain bizitzea egokitu zaigun munduan, bai (elebakarra izatea da bitxia). Garbi dago oraingo jendeari hizkuntzak jakitea egokitzen zaiola.

Ba da mugarik haur batek ikas dezakeen hizkuntza kopuruan?

Ezta gutxiagorik ere. Alderantziz, lehen esan dizudanez hirugarrenetik aurrera aise ikasten dira. Beste kontu bat da ea hizkuntza batean edo bestean pentsatzen den. Ni neu saiatu naiz neure burua “harrapatzen” pentsatzen ari nintzenean, ea zein hizkuntzatzan ari ote nintzen, eta iruditzen zait ez dela hizkuntza zehatz batean egiten. Baina garbi dago haurra hizkuntzaren gaitasunarekin jaiotzen dela, eta ingurukoak komunikatzen diren eran ikasiko du egiten berak ere.

Eta zer iruditzen zaizu “esperantoarekin” sortu zen proposamena?

Esan ohi da ingelesa bihurtu dela “gaurko esperanto” (eta, egia esan, atsegin nuen esperantoa ikastea), baina, bestalde, iruditzen zait frantsesak eta ere beren lekua hartu behar luketela atzera. Nago gizarteak huts handia egin duela frantsesa ikasteari utzita. Izan ere, Donostiak bazuen ikastetxe frantses bat. Hantxe ibili nintzen ni, eta hantxe ikasi nuen frantsesa (egia esan, ondo moldatzen nintzen hizkuntzetan). Eta, beharbada, bidegabekeria-sentipen horregatik egin dugu frantsesaren aldeko apustua geure zentroan.

Dena dela, hor da gorputzaren lengoaia ere. Ordezka dezake hizkuntza bat ez jakitea?

Badut erantzun egokia horrentzat. Gaur egun, lan arrazoiengatik, maiz aritu behar dugu telefonoz bezeroekin, eta, hor, jai duzu keinu hutsekin. “Telefono bidezko ingelesa” da eskaintzen dugun eta arrakastarik handiena duen ikastaroetako bat. Irakasleak aurrez hitzartutako orduan deitzen dio ikasleari, eta telefonoaren bidez ematen da eskola.

Hizkuntzak lengoaiak dira?

Komunikatzeko modu bat dira, mundua ikusteko era bat.

Hortaz, frantsesez mintzo direlako dira frantsesak diren bezalakoak ala frantsesek erabiltzen dutelako da frantsesa den bezalakoa?

(Barrea) Javier Lacunza (Donostia) Beti izan du harremana hizkuntzekin. Zazpi urterekin, Gerra Zibil betean, Ingalaterrara bidali zuten. Bi urte bizi izan zen han, eta orduan ikasi zuen ingelesa. Hamaika urterekin, Donostiako Frantses Eskolan hasi zen ikasten. Hala, hamahiru urterekin, primeran zekizkien ingelesa eta frantsesa. Donostiako Merkataritza Eskola ikasi zuen, eta, 18 urterekin, ingelesa irakasten hasi zen Instituto Angloamericano zelakoan. Handik aldi batera, bere kasa hasi zen lanean bere etxeko gela batean: egun Lacunza-IH denaren hazia. Badu 57 urte hori egin zuela. Laster, barne bat alokatu zuen, eta lehen langilea kontratatu. 1976 arte aritu zen irakasle. Urte horretan, Lacunzak International House erakundearekin egin zuen bat. Hizkuntzen irakaskuntzako munduko enpresarik handiena da hori. 150 eskola baino gehiago ditu 54tik gora herritan. Harrezkero, irakasle lana uzten hasi zen apurka, eta administrazio nahiz kudeaketa lanetan zentratzen.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Pedro Miguel Etxenike. Zientzialaria: Zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da, arazo bati irtenbidea aurkitzeko borondatea

 

Irakurri

Isabel Díaz Morlan. Musikologoa: Ondareak bizia behar du; bestela, ez du zentzurik

 

Irakurri

Juan Carlos López Quintana. Santimamiñeko ikerketa arkeologikoaren zuzendaria: Santimamiñen egin dugun ikerketak ekarpen garrantzitsua suposatzen du euskaldunon historiaurrearentzat

 

Irakurri

Aitzol Aramaio. Zine zuzendaria: Norberak nahiz eta istorioak ez idatzi beraganatu ditzake, eta, hori da, Elorriagaren istorioarekin nik egin dudana

 

Irakurri

Jose Angel Iribar. Futbol jokalari ohia: Kirolari ona izateko imaginazio asko behar da; irudimena gazte-gaztetatik erabili behar da

 

Irakurri