Jesús Altuna: "Ekain ez da Zestoa edo Debako ondarea soilik. Euskal Herri guztiarena da"

1999-06-04

AGIRRE, María

Elkarrizketa Jesus Altuna, paleontologoa "Ekain ez da Zestoa edo Debako ondarea soilik. Euskal Herri guztiarena da" * Maria Agirre Pozik ikusten zaio Aranzadi Zientzia Elkarteko historiaurreko departamenduko buruari. Berak eskatu izan duen bezala, Zestoatik oso hurbil, Sastarrain bailaran, egingo da Ekaingo kobazuloaren erreplika. Hainbat urte pasa ditu Jesusek aukera horren alde lanean, eta askoz gehiago On Jose Migel Barandiaranekin batera Ekain aztertzen. Egun gutxi barru, gainera, 30 beteko dira Barandiaranek eta Altunak Ekaingo leizean marraztuta ageri diren zaldi, hartz, orein, bisonte eta ahuntzak lehen aldiz ikusi zituztela. Ordutik, saindutegia da Ekain berarentzat, eta Barandiaranentzat ere aurkikuntza garrantzitsuenetarikoa izan ei zen. Aranzadi elkartean ikertzen, magisteritzan eskolak ematen, eta Gipuzkoako ondarea zaintzen pasatzen du denbora gehien Altunak, baina bada besterik ere. Batez ere Aranzadiko historia aurre departamentuko buru izateagatik zara ezaguna, baina Barandiaran Fundazioko lehendakaria ere bazara. Noiz sortu zen Fundazioa eta zein helbururekin? Fundazioa 1979an sortu zen On Jose Migel Barandiaran eta Eusko Ikaskuntzaren artean, eta ni hasieratik naiz bertako kide. Helburua, On Jose Migel Barandiaranek bere bizitzan zehar aurrera eraman zituen ikerketekin jarraitzea da. Horretarako, alde batetik, Fundazioak Barandiaran Bekari zegozkion dirulaguntzak jaso zituen Eusko Ikaskuntzatik, ordura arte azken horrek deitzen baitzuen beka; bestalde, 1920an Barandiaranek sortu zuen Anuario de Eusko Folklore izeneko aldizkaria ere azken urteetan Eusko Ikaskuntzak argitaratzen zuen, eta hori ere Fundazioaren eskuetara pasa da. Beken bidez, Barandiaranek arkeologian eta etnografian egindako ikerketei jarraipena ematen zaie. Anuarioan, berriz, ikerketek emandako emaitzak kaleratzen dira. Horretaz gain, Barandiaran hil ondoren, bere oroimen guztiak jaso eta azken berrogeita hamar urteotan On Jose Migelen etxea izan zena, Ataungo baserria, erosidu Fundazioak. Etorkizunean, Barandiaranen omenez, museo bilakatuko da etxea. Ikerketa bekak, beraz, arkeologiari eta etnologiari zuzenduta daude. Hala da. Urte batean arkeologiari eskaintzen zaio eta hurrengoan etnografiari. Arkeologia alorreko bekara batez ere taldeak aurkezten dira, izan ere, gaur egungo prehistoria lan interdisziplinarra da, nekez egin dezake pertsona bakar batek prehistoriako azterketa bat. Etnografian, berriz, oraindik bakarka egiten da zenbait lan. Esan bezala, egindako ikerketak argitaratu egiten dira publikazio batean, eta oso lan onak argitaratu izan ditugu. Laster goaz kaleratzera, esaterako, M. Duvertek heriotzaren inguruan Iparraldean dauden ohiturez egin duen ikerketa. Aurrera begira, Fundazioak zertara bideratuko ditu ahaleginak? Orain artekoaz jarraituko dugu, baina badira egin beharreko beste gauza batzuk. Adibidez, On Jose Migelen lan batzuk gaizki argitaratuta edo argitaratu gabe daude, eta horiek ezagutzera eman nahi ditugu. On Jose Migel Iparraldetik etorri zenean, Nafarroako Unibertsitateak euskal etnografiari buruzko eskolak emateko kontratatu zuen. Zorionez, bere ikaslea izan zen batek, Maria Amor Begiristainek, eskolak magnetofoian grabatu zituen, eta zintan jasotako eskola guzti horiek transkribitzen ari dira argitaratuak izan daitezen. Gainera, On Jose Migelek eguneroko pertsonala eta zientifikoa idazten zituen, eta Fundazioa berauen jabe da. Oraingoz, ez dugu eguneroko pertsonala argitaratzeko asmorik, oraindik bizirik baitaude bertan aipatzen diren pertsona batzuk. Eguneroko horretan, bizitzarekin lotutako gertaerak jasotzen zituen, gerra aurrekoak, erbeste garaikoak... Barandiaran Saran egon zenean, jende asko pasatu zen bertatik, eta urte horietako historia egiteko garrantzitsua da egunerokoa. Ia egunero idazten zuen, eta koaderno mordoxka dugu. Bestetik eguneroko zientifikoak ditugu, hau da, indusketak edo baserriz baserri etnografi lanak egiten zituenean, egunean aztertutakoa idatzi egiten zuen. Horiek dagoenekoprestatzen ari gara, ezagutzera eman eta ikerlarien esku jartzeko. Mota honetako diarioak ere ugari direnez, Gipuzkoan aztertu zituen aztarnategi arkeologikoei buruzko kopia bana Aranzadira ekarriko dira; Arabako museoan, bertako aztarnategiekin lotutakoak utziko dira, eta berdin Nafarroako edo Bilboko arkeologia museoan. Hori guztia pixkanaka pixkanaka egingo da. Baina On Jose Migelek gauza asko utzi dizkigu, baita zinea ere. Berak bazuen filmatzeko kamera bat eta hainbat irudi grabatu zituen. Horiek guztiak Sarako etxeko ganbaran zeuden, galtzeko zorian, baina zorionez orain dela hilabete batzuk aurkitu ondoren, Euskadiko Filmategira eraman eta berreskuratu egin dituzte. Hemendik hilabete batzuetara pelikula horietako zati batzuk aurkeztuko dira. Seminarioko eta familia giroko irudiak jaso zituen batez ere. 1920. hamarkadako irudiak ere badaude, eta hori zorte handia da, gutxi baitira urte horiei buruz dauden irudiak. Barandiarani buruz ari garenez, gogoratu beharra dago, gutxi barru beteko direla 30 urte, hain zuzen ere ekainaren 10ean, Barandiaran eta biak Ekaingo kobazulora lehen aldiz sartu zinetela. Gogoratzen duzu egun hura? Ederki, primeran gogoratzen dut. Igandea zen Azpeitiko bi gaztek gauza eder bat aurkitu zutela esanez deitu zigutenean, eta asteartean Barandiaran eta biok joan ginen. Ekaingo kobazuloko irudiak ikusi eta konturatu ginen paleolito garaiko irudiak zirela, baina aurkikuntza isilean gorde genuen kobazuloa babesteko neurriak hartu ziren arte. Ostegunerako sarrera itxita zegoen, eta egun horretan aurkikuntzaren berri eman genuen. Behin aurkikuntza ezagututa, batzuek nahi izan zuten kobazuloa turismorako zabaldu, zeren Altamiran, adibidez, urtero ia 200.000 lagun sartzen ziren irudiak ikustera. Jakina, horren ondorioz hondatu zen. Santimamiñen ere antzerakoa gertatu zen. Ekainekin, berriz, ez genuen horrelakorik gerta zedin nahi, eta tirabira handiak izan genituen. Madrilek Ekaingo kobazuloa turismorako ireki nahi zuen, hemengo agintariek erebai, baina Aranzadiko arkeologi sailetik baimen bat eskatu genuen koba sarreran indusketak egiten ari ginen bitartean kobazuloa itxita egon zedin, eta eman egin ziguten. Indusketak 1975ean bukatu genituen. Urte hartan Franko hil, gauzak aldatzen hasi, eta Altamirako turismoak sortutako ondorioak agertu zirenez, Ekain zabaltzeko erabakirik ez hartzea lortu genuen. Horregatik kontserbatu da Ekain hain ondo, eta askotan jasotzen ditugu gutunak eskerrak emanez, izan ere, hasieran bezala dago. Gogoratu duzun bezala, Ekain koba bi azpeitiarrek aurkitu zuten. Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek, Azpeitiko Antxieta Kultura Taldeko kideek aurkitu zuten. Bi azpeitiar hauek gurekin harremana zuten eta igandetan katak egiten ibiltzen ziren, hau da, kobazuloak aurkitzen. Ikusten bazuten koba bateko ataria eguzki aldera zabaltzen zela, edo leku polita zela bizitzeko, kata txiki bat, zulo bat, egiten zuten. Aztarnak aurkitzen bazituzten, Aranzadira ekartzen zituzten guk ikusteko ea benetako aztarnategia ote zen eta zein garaitakoa. Horrela aurkitu zituzten zenbait kobazulo. 1969ko ekainaren 8an, berriz, Madariaga aldera joan ziren, eta gero Zestoara. Inguruko baserri batean, Sastarrainen, etxeko andreari galdetu zioten ea kobazulorik ba ote zen, ingurua oso ederra eta gainera dena karaitza baitzen. Etxekoandreak esan zien bazela inguruan koba txiki bat, eta askotan euren ardiak ibiltzen zirela bertan. Hurreratu ziren esandako tokira, eta hasi ziren kata egiten, baina Rafael Rezabal konturatu zen zulo txiki batetik haize hotza ateratzen zela, beraz, barruan zer edo zerk behar zuen egon. Nola edo hala zuloa ireki, hogei metro arrastaka ibili, zutik jartzea lortu, eta ikusi zuten galeriak aurrera jarraitzen zuela. Eurek ere bidea jarraitu zuten, eta gutxi gorabehera sarreratik 60 metrora zaldi multzoa antzeman zuten. Beraz, aurrerago dauden irudiak ez zituzten ikusi. Zaldien irudiak ikustean beldurtu egin ziren, ez ilunpearengatik, baizik eta aurkitutakoarengatik, eta korrika ateraziren bertatik. Esan bezala, egunean bertan On Jose Migeli deitu zioten eta astelehenean niri. Asteartean, On Jose Migel eta biok Rafael eta Andonirekin koba ikustera joan ginen. Barandiaranek 79 urte zituen orduan. Betiko galdera baina egin beharrekoa: zer sentitu zenuten lehenengo aldiz pintura haiek ikustean? Inpresioa izugarria izan zen, zaldien irudiak zoragarriak baitira, paleolito garaiko irudi ederrenetarikoak. Zoratuta geratu ginen, hunkituta. On Jose Migelek prehistoria alorrean izan zuen aurkikuntza garrantzitsuena izan zen. Baina zuretzat ere saindutegia omen da. Bai, hala da. Nik beste azterketa batzuk egin izan ditut, tesi doktorala eta beste lan asko ere garrantzitsuak izan dira niretzat, baina aurkikuntza ederrenetarikoa Ekaingoa izan da niretzat ere. Euskal Herriko prehistoriako altxorra da. Zenbait kobatan gertatzen da, ez dagoela aztarnategirik, hau da, bakarrik irudiak azaltzen direla edo metodo txarrekin aztertua izan dela. Guk, berriz, indusketa trankil eta zientifikoa egiteko aukera izan genuen. Lehen hiru kanpainak On Jose Migelek zuzendu zituen, gero kobazuloko lanetatik erretiratu zen, eta azken hiru kanpainetako burua ni neu izan nintzen. Ekain izena, berriz, nondik datorkio? Gainean dagoen muinotik datorkio, hain zuzen ere, koba dagoen mendi koxkorrak Ekain izena du. Barandiaran eta biok bataiatu genuen horrela eta beste kasu batzuetan egin genuen bezala, bertako toponimiaz baliatu ginen. Ez beste kasu batzuetan egin den bezala, aurkitzailearen izena jarri izan zaiola. Kobazuloa itxita dagoela diozu, baina zein kasutan sar daiteke bertara? Kobazuloa ikusi nahi dutenek 18 urte baino gehiago izan behar dute, eta eskutitz bat idatzi behar dute Aranzadira koba bisitatu nahi dutela esanez. Jende askoren eskaria heltzen zaigu, eta horregatik, itxaron zerrenda dago. Txanda bakoitzean seina lagun sartzen dira gidari batek lagunduta, eta bisitak urritik ekainera bitartean izaten dira, astean behin, beraz udan ez da bisitarik izaten. Neurriak hartuditugu ahal den eta jende gutxien sar dadin. Hala ere, jende askok idazten digu gutuna, eta are gehiago erreplikaren gaia pil pilean dagoenetik. Aurtengo bisita guztiak, adibidez, hartuta daude. Baina badakigu era horretan kobak ez duela helburu sozial eta didaktikoa betetzen, herriari erakutsi egin behar zaio ondare eder hori. Nola erakutsi arriskuan jarri gabe? Bada, erreplika eginez Sastarrain bailaran. Hala ere, argi utzi nahi dut, Ekain ez dela Zestoa edo Debako ondarea soilik, baizik eta Euskal Herri guztiarena, baina Sastarrain bailaran dagoenez, erreplikak hor behar du izan. Gipuzkoako Diputazioak onartu duenez, Zestoako Sastarrain bailaran egingo da Ekaingo kobazuloaren erreplika. Beste kasu batzuetan egin da erreplikarik? Gaur egunera arte munduan egin den erreplika bakarra Lascaux ekoa da, "Lacaux II" deitzen dena. Orain, berriz, Altamirakoa ari dira egiten. Beste kasu batzuetan, ostera, zera egin da: irudi multzo bat kopiatu eta museo batean jarri. Hori egin zuten alemaniarrek Altamirako sabaiarekin. Hau da, bisonteez osatuta dagoen sabaia kopiatu eta Munich eko museoan jarri. Gainera, baten beharrean bi kopia egin zituzten, eta bat Madrileko museo arkeologikoan dago. Handik urte batzuetara, esandako erreplika egin zuten Lacaux en, baina hemen ez zituzten irudiak errepikatu eta beste toki batetara eraman, baizik eta ia koba guztia errepikatu zuten irudiak bere testuinguru ez ateratzeko. Beraz, bi aukera horiek genituen eta bigarren bidea aukeratu dugu, askoz ere egokiagoa dela uste baitugu. Irudiak ez baditugu testuingurutik atera nahi eta santutegia errepikatu behar bada, ezin dugu koba ere bere testuingurutik atera. Sastarraingo bailaran jarri beharko dugu, kobazuloan bizi ziren gizakiak ere bailara horretan mugitzen ziren eta. Hala ere, Ekaingo erreplika apur bat urrutiagoa jarriko da. Lacaux en gertatu da erreplika eta aparkalekua 150 metrora jarri zituztela eta aparkalekuak kalte egin diezaioke originalari. Ekaingo erreplika 650 metrora egingo da,eta aparkalekua urrutiago, Zestoan bertan, eta jendeak oinez joan beharko du erreplika ikustera. Gure helburua, Ekain babestea da, eta erreplikarekin bi helburu bete nahi ditugu: originala ondo gorde, eta Ekaingo ondarea jendeari erakutsi. Ez da proiektu ekonomiko eta turistiko bat, Ekain babestea eta erakustea izan da helburua. Bestalde, erreplika eta herriaren artean, erortzen ari den Lili jauregia dago. Bidenabar, XV. mendeko jauregi eder hori konpondu eta Ekaini buruzko museoa jarri nahi dugu bertan. Erreplikatik gertu, berriz, ez da ezer egingo, bailara zaindu nahi dugu eta. Baina bada bailarari aparteko garrantzia ematen dion beste aztarnategi bat: Irikaitz, aire zabaleko aztarnategia. Aztarnategia Zestoako futbol zelaiaren ondoan, Ekainetik 1.300 metrotara dago, eta behe paleolitoko aztarnategia da, Euskal Herrian ezagutzen den zaharrena. Zer ikusiko dute Ekaingo kopia ikustera joaten direnek? Ezer ez dakiena, ezer jakin gabe sartuko da. Hau da, kobazuloan sartu eta bertan dagoena ikusiko du inongo informaziorik gabe. Kobatik atera baino lehen, berriz, pantaila bat jarriko da bideo labur bat ikusteko. Bideoaren bidez, arte paleolitoa eta Ekain zer diren erakutsiko da. Era horretan, bisitariak bi aukera izango ditu: kobatik atera, edo bigarren aldiz ikusi. Lehendabiziko bisitan, emozioak indar handiagoa izango du. Behin informazioa jasota, bigarren ikustaldia jakintza aldetik aberatsagoa izango da. Beraz, koba bat egin beharko da. Hori da. Hango mendi tontor batean koba bat egingo da, eta gero Ekainen dauden bezalako irudiak margotu. Hau guztia, Lacaux eko erreplika egin duen etxe frantses batek egingo du, ZK Productions izenekoak. Jakina, Altamirako erreplika lehenago egingo da, ez baitute eztabaidan guk beste urte eman, eta atzetik, diru ugari jarri duen Fundación Botín delakoa dute. Guri, berriz, dirua falta zaigu. Oraingoz, 100 milioi eman ditu Madrilek, 27 Bruselak, Zestoako Udalak beste 40, baina Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak oraindik ez dute dirurikeman. Espero dugu, Diputazioak ere zuzenduko duela dirua. Uste dut hauteskundeen ondoren, Diputazioak eta Jaurlaritzak dirulaguntza ematea erabakiko dutela. Dirua bagenu, 12 hilabetetan erreplika bukatua legoke. Beste kontu bategatik ere albiste izan da Ekain azkenaldian. Aranzadik aurkitutako aztarna batzuk bisonte batenak direla zehaztu baitu Japoniako enpresa batek euren baliabide aurreratuekin. Japoniarrek proiektu bat egin zuten, Kantauri itsasertz aldeko arte paleolitikoaren adierazpen batzuk jaso, teknika berriekin aztertu, eta katalogo berri bat egiteko. Hori egiteko punta puntako teknika ezarri dute Asturias, Kantabria eta Euskal Herriko kobazuloetan. Teknikak erakutsi du, zaldi multzoa dagoen tokian bisonte bat dagoela. Kobazuloan arrasto batzuk ageri dira, baina japoniarrek atera dituzten argazkiekin nahiko argi ikusten da bisontea. Beraz, originalean garbi ikusten ez denez, erreplikan ere ez da bisonte hori ikusiko. Bestalde, une honetan zer du Aranzadik eskuartean? Arrasaten zegoen Labeko kobaren emaitzak kaleratuko ditugu laster. Saihesbideko obrak egiten hasi zirenean, ondorioz koba desagertu egingo zela eta, koban kata bat egiteko baimena eskatu genion Diputazioari. Indusketa 1983an egin zen, Alvaro Arrizabalaga buru zela, eta ikusi genuen garrantzia handiko aztarnategia zela. Material ugari atera genuen, orain dela 30.000 35.000 urteko aztarnak, goi paleolitoko aztarnak eta fauna hezur ugari: errinozeronte, mamuta... Hori guztia aztertuta dago, eta orain publikazioa prestatzen ari gara Diputazioak emandako dirulaguntzarekin. Espero dugu abendurako prest egongo dela liburua, eta garrantzi handikoa izango da, garai hartako aztarna gutxi baitugu. Liburuan hamarren bat lagunek parte hartuko dute. Gainontzean, betiko lanekin jarraitzen dugu Aranzadin. Zeintzuk dira betiko lanak? Gipuzkoako ondarea zaintzea, adibidez. Astero joaten gara mendira, badaezpada bide berriak egiteko asmorik dagoen, edo pinuak botatzera doazen tokian trikuharriren bat dagoenikustera... Mendizaleak horretarako oso lankide onak izaten dira, askotan eurek ematen digute abisua. Une honetan laguntzaile onenak Azpeitiko Antxieta Kultur Taldea eta Azkoitiko Munibe Taldekoak dira. Izugarrizko zaletasuna dute, eta kolaboratzaile onak dira. Astero ateratzen dira katak egitera, eta zerbait aurkitzen dutenean Aranzadira ekartzen dute. Argazkiak: Maria Agirre
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Sandy Ott: "Euskaldunak miresten ditut euren kultur-harrotasun eta tinkotasunagatik"

 

Irakurri

Miren Askasibar: "Zenbat eta mundu globalagoa, orduan eta behar handiagoa gertuen dugun paisaiarekin identifikatzeko"

 

Irakurri

Piarres Xarritton: "Handia da oraindik Iparraldea eta Hegoaldea bereizten dituen tartea"

 

Irakurri

Iñaki Irazabalbeitia: "Azken 20 urteetan izugarri garatu da euskal zientzia eta teknologia"

 

Irakurri

Mikel Laboa: "Gizakiak oso problematikoak gara"

 

Irakurri