Joxan Goikoetxea: "Musika bidegurutze batean dago"

2003-04-04

LORENZO, Fernando

Elkarrizketa: Joxan Goikoetxea Joxan Goikoetxea, musikaria Musika bidegurutze batean dago * Fernando Lorenzo Musikaria, maisua, sortzailea, kudeatzailea... Bere ibilbidea ikusita, zaharragoa izango dela pentsatzen du batek. Eta, hori adierazi diogunean, Iñaki Izmendi abeslariak gauza bera esaten ziola adierazi digu. 1967an Hernanin jaiotako musikari eklektiko hau txistua jotzen hasi arren, 80ko hamarkadaren amaierarako eskusoinuaren maisu bihurtua zen. Ordudanik, eskusoinua beti alboan izanik, jende bikainarekin batera ibili zen, Albokan amaitu arte. Gaur egun, Alan Griffin albokari irlandar onenarekin eta Juan Arriola biolinista apartarekin batera aritzen da euskal kultura mundu guztian barna zabaltzen, Juan Mari Beltrán maisuarekin duen harreman eta lankidetza estua baztertu gabe. Artista osoa izatea du amets. Euskal musikako obra inkunableak bultzatzea xede duen Aztarna zigiluaren sortzaile eta zuzendaria da. Bestetik, aipatu digu ez oso denbora luzean euskal musika tradizioko artxibo soinudunak kaleratuko dituela. Hernaniko Musika Eskolako irakasle nekaezin eta diziplinanitz honek esperimentatzen eta gauza berriak bilatzen jarraitzen du. Euskal kulturak bizi duen bidegurutzetik ateratzeko oinarri sendoenetariko bat dugu, zalantza izpirik gabe, Joxan Goikoetxea. Joxan, zer da zauden lekura iristeko bidean zailena iruditu zaizunas? Nire buruari behin eta berriro galdetzea musikatik bizitzea posible ote den. Duela gutxi, Zarauzko Jazz Mintegiko ikastaroen antolatzaileari egindako elkarrizketa bat irakurri nuen, eta esaten zuen musikak ez duela bizitzeko ematen, eta onena musika egiten eta entzuten gozatzea dela. Bestela, lanean ematen dituzun orduetan bakarrik pentsatuz gero, erotu egingo nintzateke. Dena den, hasi zinenean ez zenuen pentsatu ere egingo Aztarna bezalako zigilu diskografiko bat sortuko zenuenik. Ez. Burugabea naiz, eta burugogorra ere bai. Ni, behintzat, musikarekin erabat itsututa nago, eta horrek ez dit errealitatea ikusten uzten. Agian musikakefektu hipnotiko moduko bat du nigan. Zailena da ezegonkortasun egoeran bizi behar izatea. Eta, hori, funtzionario naizenik, musikako kontserbatorioko irakasle. Beste musikari askok ez dauka horrelako euskarririk. Hogei urte zeneuzkan mundu honetan sartu zinenean. Zerk eman dizu pozik handiena azken hamabost urteotan? Pozik handiena...? Ni, beste ezer baino lehen, soinujolea naiz, nahiz eta gero eta denbora gehiago eskaini produkzioari, moldaketei eta konposizioari. Gehien gustatu zaidana, eskusoinuarekin beste eremu batzuetan sartzea izan da, jende berria ezagutzea eta entzuleen erreakzioa ikustea. Nolako harridurazko aurpegiak jartzen zituzten, ez zutelako horrelakorik espero musika tresna horrengandik. Ezer aukeratzekotan, horixe hartuko nuke: jendea harritzeko gaitasuna. Izan ere, gaur egun, musikan behintzat, zaila da jendea txunditzea. Iruditzen zaigu jada ezerk ez gaituela harrituko. Baina ni mantentzen nauena, harritzeko gaitasun hori da. Uda honetan Kursaalean Noarekin jotzeak ikaragarrizko bultzada eman zidan. Bizia ematen dizu. Eta jendeak eskertu egiten du zu hor egotea, gauza txikiak egin arren lanean jarraitzea. Zuzeneko musikak hori dauka ona, zeren estudioetan azkenerako trukua hartzen diozu eta gauzak modu errazean egitera ohitzen zara. ¿Zein abesti jo zenuen Noarekin, eta zer esan zizun Gil Dor gitarristak? La vida es bella interpretatu genuen, Noa abesten, Gil Dor gitarra jotzen eta ni eskusoinuarekin. Baina batere entseatu gabe atera nintzen taulara! Egia esateko, asko arriskatu ziren. Dena den, diskoko beste abesti bat ere jo genuen eskusoinuaz lagunduta, eta oso pozik gelditu ginen. Gili izugarria iruditu zitzaion eskusoinuaren soinua. Asko gustatzen zait horrelako erronkak izatea. Zenbat eta gehiago dakizula pentsatu, orduan eta gutxiago dakizula konturatzen zara. Jendea birjina denean, errazagoa txunditzen da. Txistulari batek, Euskal Herritik kanpo, erraz txundituko du jendea. Txalapartarekin ere jendea erabat harrituta gelditzen da. Magikoairuditzen zaie. Zure iritzian, zein izan da gure kulturan azken urteotako unerik garrantzitsu edo erabakigarriena? Nire ustez, aurrera egin beharrean atzera egin dugu. Eta hori kezkagarria da. Hemen, Euskal Herrian, zein orokorrean egin den musikari edukia falta zaio. Aisialdirako elementu bezala ikusten da, ez kultura bezala. Interneten adibidez, sailkapen estandarizatuetan, atari guztietan musika aisialdian agertzen da, ez kulturan. Musika beti izan da aisialdikoa, baina kultura ere bada. Eta, orain, aldiz, orokorrean superfiziala da, edukirik gabea. Jarrera kritikoa daukat, horren erantzule eragile sozial eta kulturalak direlako. Herrialde honen egoera ustez normaltzen ari baldin bada, musikak ere normaltzen joan beharko luke. Baina ez dago inolako irizpiderik, norberak ahal duena egin dezala. Kultura Sailak pentsatzen hasi beharko luke Euskal Herriko musikarekin zer egin. Erabateko eduki falta dago eta ez dakigu norantz jo. Orain euskaldunena trikitrixak rantxerak jotzen aritzea da eta! Duela gutxi, Euskal Herria atzerrian promozionatzeko proiektuei buruz egindako bilera batean, batek esaten zuen atzerrian promozionatzeko egokiena Gozategi anaiak Poronponpero jotzen erakustea zela. Ez dugu ongi ezagutzen benetan dagoena. Irizpide eta edukiak falta zaizkigu, bidegurutze bat. Argi dago hau ez dela gure unerik onena. Kritikoa azaltzen zara egungo panoramaren aurrean. Zure ustez, argi al dago euskal musika zer den? Zaila da euskal musika zer den esatea. Agian horixe da arazoaren muina: nork erabakitzen du zer den euskal musika eta zer ez? Joseba Tapiak zera esaten zuen: "euskal musikak, euskalduna izateko, simaur usaina izan behar du ala?". Hala ere, garai batzuk onak izan dira. Adibidez, laurogeiko hamarkadan oso rock ona genuen, baina betiere maila komertzial batean. Musikak herri honek zeuzkan beste behar batzuk adierazteko balio zuen, ideologia adierazteko adibidez, baina gaur egun ez du funtzio hori betetzen; aisialdirako besterik ez da. Eta hori horrela daguk nahi dugulako. Beste fenomeno batzuk beste modu batera ari dira funtzionatzen. Antzerkia, adibidez, asko profesionalizatu da, eta oso kalitate oneko antzezlanak egiten dituzten taldeak sortu dira. Literaturan, bertsolaritzan, arkitekturan, pinturan, baletean eta abar superregitura bat sortu da. Musikan ez, erabat ezegonkorra delako. Zenbat talde bizi dira musikatik? Kepa Junkera, Oskorri, Alboka eta gutxi batzuk gehiago. Ez dugu musika arautu eta normalizatzerik lortu. Ez dugu zirkuitu egonkor bat lortu. Musikako urrezko izenak dinosauruak dira. Gure musika, euskal musika, aspergarria iruditzen baldin bazaigu... bidegurutze batean gaudenaren seinale. Musika bidegurutze batean dago. Zure ustez, nor izan da pertsonarik enblematikoena?? Nire izateko moduagatik, eta gainera orain zigilu bat kudeatzen dudanez, sektore desberdin askorekin egon naiz harremanetan. Egiten diren gauza guztietara irekita nago. Une jakin bakoitzean idolo desberdinak izan ditut. Xabier Leterekin zer edo zer egin ez izanaren pena daukat. Ez zen hemengo musikaririk bikainena izango, baina niretzat artista osoaren eredu da, Da Vinci edo Migel Anjel euskaldun baten parekoa, ikuspegi zabaleko gizon bat, ikaragarrizko kultura daukana. Poesiaren zein musikaren bidez, oso gauza sakon eta pertsonalak transmititzen ditu. Hobeto aztertu nahiko nuke bere lana. Eta, ahal izanez gero, berarekin zerbait prestatu. Gaur egungo musikarien artean, faltan botatzen dut Leteren pareko gaitasuna duen jendea. Musikari onak dauzkagu, ezin uka, lehengoak baino hobeak gainera, baina ez dute ikuspegi orokorrik. Musika klasikoko konpositore bat ere azpimarratuko nuke, Guridi, arrazoi batengatik: nire ustez galdu egin delako lanerako horrelako gaitasuna. Bachen gaitasunaren parekorik ez duzu gaur aurkituko. Guridik eta Aita Donostiak musika tradizionalari irakurketa berri bat eman zioten, herriari ezagutzera emateko. Zein punturaino de beharrezko irakaskuntza? Asko begiratzen diot musikaren inguruan gertatzen den guztiari,eta, hain zuzen ere horregatik, askotan sufritu egiten dut. Badira musikari batzuk musika egitearekin bakarrik pozik gelditzen direnak, ikusi gabe ea musikaren, kulturaren eta komunikabideen kudeatzaileek egin beharrekoa egiten duten. Baina gauzek funtzionatu egin behar dute. Jendea kultura eta musikan hezi beharra dago: batzuk sortzaile izateko, eta beste batzuk entzule izateko, gozatzeko. Kontzertu pedagogiko batean hori egiten da: besteei ulertzen lagundu, baina beste gauza bat falta zaigu: ez dago pedagogorik, ondo irakasteko prestaturiko musikaririk, eta, beste alde batetik, jendeak ez dauka deszifratzeko edo entzuteko heziketarik. Eta, hori, geure herria musika kontutan jantzia dela uste dugunik. Baina hemengo jendea ez da Estatu mailan ez sutsuenetarikoa, ezta adituenetarikoa ere. Hemen oso modu bitxian erreakzionatzen dute: hemen inguruko herrixkaren bateko dantzaren bat jotzen has zaitezke, eta jendeak ez du ezagutu ere egingo. Egoera horrelakoa da. Eta, hein handi batean, zulo batean bezala daudelako gertatzen da. Alde horretatik, oso ezkorra naiz. Errua ez da politikariena, disketxe handiena edo programatzaileena bakarrik; musikariena ere bada. Duela hilabete gutxi batzuk, Euskal Herrian zegoen musikarien elkarte bakarra desegin da, ahuleziagatik. Iñaki Salvador zen bertako presidentea. Ez ginen ezta gure eremua zehazteko gauza ere. Musikarako dohainik izan ez bazenu, beste zein arte aukeratuko zenuen? Ah! Baina ba al daukat ba musikarako dohainik? (barreak). Batzuetan zalantzan jartzen dut ba! Nik uste dut gero eta txikiagoa dela nire sormenerako gaitasuna. Orain, gehiago arduratzen naiz kudeaketaz. Orain musika, niretzat, ez da sormen lana bakarrik. Orain kudeatzaile bezala ere ikusten dut nire burua... Orain ez dago mezenasik. Zer ekarri digute, besteak beste, mugak zabaltzeak, Internetek eta bidaiatzeko erraztasunek? Informazioa. Nire ustez funtsezkoa da informazioa biltzea. Tamalez, denborarik gabe bizi gara. Informazio hori, gero, aukeratu eta filtratuegin behar dugu, ezin dugulako guztia irakurri. Gainerako arteei dagokienez, nor azpimarratuko zenuke? Asko gustatuko litzaidake, adibidez, Oteiza ezagutzea. Analisirik tuntunena egiten zuenean ere, beti sormena izan du iturri. Oso gutxi irakurtzen dut, ia ezer ez. Hasten naiz liburuak irakurtzen, baina sekula ez ditut bukatzen. Irakurtzen hasi naizen azkena, "Memorias de un bufón" izan da, Albert Boadellarena. Izugarri dibertigarria, baina ezin izan dut amaitu. Zinemari ere kasu gutxi egiten diot azkenaldian, oso zalea naizen arren. Badakit zinema aretoetan zer botatzen ari diren, baina ez naiz ikustera joaten. Artistak etengabe berritzeko obligazioa du, ala aurrez egin duena aztertzekoa? Nire ustez, berrikuntza ez da helburu bat. Ez zait ildo berriak irekitzea interesatzen. Horretarako, musikaria baino, hobe punky bihurtzea. Zergatik apurtu behar da iraganarekin? Hobe da eboluzionatzea. Gehiago gustatzen zait eboluzio hitza. Edo inboluzioa, aurrera beharrean atzera egiten badugu. Eta baita ere birsorkuntza edo berrirakurketa. Oso garrantzitsua da aurrekoek esan zutena entzutea, batez ere musika tradizionalaren eremuan. Beharrezkoa da erreferentziak izatea; informazioa edo ezagutzak izatea bezala. Gustatzen zait irakurketa berriak egitea, baina ez gaude hori egitera ohituta. Hutsune guztiak batzen joanez gero, iruditzen zait herri hau, musikari dagokionez, uste baino askoz ere ezjakin eta intoleranteagoa dela. Obra batek, amaituta egoteko, entzule anonimo baten iritzia behar al du osatuta egoteko? Ez pentsa. Ezagutzen dut musika beretzat bakarrik grabatu duenik. Ez da nire kasua. Nik entzuleak behar ditut. Zein balio ematen diozu euskarari artean, euskaraz espresatzeko aukeraris? Arazo bakar bat ikusten nuen: euskaraz espresatzeko aukerarik ez izatea. Izan ere, euskararen aukera asko oraindik ere aurkitu gabe daude. Batetik, hizkuntza idatzian eta musika grabatuan tradizio gutxiago egotean, hizkuntza, literatura eta musika gehiago aztertzeko aukera daukazu.Musikari eta idazle gehiago eta hobeak izateko beharra daukagu. Gutxi dira benetan onak direnak. Beti hiruzpalau pertsona aipatzen ditugu. Erreferentzia gehiago behar ditugu. Zer eman dizute euskal kulturak eta mestizajeak? Nik uste dut kultura guztietan dagoela elementu ezberdinak bilatzeko obsesioa, baina zenbat eta gehiago bilatu, orduan eta gutxiago aurkitzen da... Esate baterako, alboka eta txistua ez dira musika tresna euskaldunak. Ez bata ez bestea. Baina ezberdintasunak bilatzen saiatzen zarenean, eta azkenean aurkitzen dituzunean, altxor txiki bat aurkitu izan bazenu bezala sentitzen zara. Ez dakit jakituria edo zer izango den. Eta hain modan dagoen mestizajeak ez luke helburu bat izan behar. Batzuek hori bilatzen dute, helburu komertzial batekin, ondo saltzen delako, baina hori burugabea da. Hunkitu egiten duelako jo behar da mestizajera, edo behintzat arrazoi koherente bat egoteagatik. Gainera, globalizazioak gauza asko maila berean jartzen ditu. Beraz, globalizazioa bai, baina kontuz. Esan iezaguzu zein den zure obrarik onena, eta zein kontzerturekin egiten duzun amets. Obrarik onena inoiz ez da iristen, beti heltzear dagoelako. Eta, gainera, ez zait gustatzen eskema bera errepikatzea. Ez zait gustatzen musikari batek hiru diskotan plantila bera errepikatzea. Alor batean sartzen banaiz, behin sartuta nahikoa dut. Bigarren batean itzultzen banaiz, egindakoa hobetzeko egiten dut. Eta, espero dut Xabier Letek egunen batean bigarren aukera bat ematea. Suso Saizekin batera ematen ditudan kontzertuak oso barregarriak izaten dira, zeren kontzertuek berari bertigoa ematen diote oraindik. Iruditzen zaio gauzak bere kontroletik kanpo daudela, eta zerbait gertatuko dela. Ez da konturatzen gauzak gaizki ateratzea oso gauza normala dela. Azken batean, gizakiak gara. Suso, niretzat, maisu bat izan da. Gainera, nire azken bitxikeria "Elektropsychodelic film music remix in living stereo" izan da, pelikulen musikarekin egindako muntaia bat. Eska ezazu desio kulturalbat. Hizkuntzaren normalkuntza eta kulturak aurrera egitea. Zerbait egiten ari garenaren sentsazioa izatea. Ezkorra naiz oso. Joxan Goikoetxea, (Hernani, 1967) Artista diziplinanitza da, maisu bat. 35 urte besterik ez dituen arren, musikari hasiberri baten hiperraktibitatearekin jarduten du. Hamar urteko epean, Donostiako Kontserbatorio Nagusiko ikasle izatetik Hernaniko Musika Eskolako irakasle izatera pasa da. Txistutik eskusoinu eta sintetizadoreetara. Juan Mari Beltrán maisuarekin elkarlan estuan aritu da, eta bi lan bikain kaleratu dituzte elkarrekin, folk tradizionalaren eremuan: Egurraren orpotik dator...(1993) eta Beti Ttun Ttun (1998). Esperimentatzeko duen joeraren erakusle, Suso Sáiz gitarrista eta ekoizlearekin lankidetzan egindako lanak ditugu, Quartet (1997) eta kaleratzear dagoen Elektro Psychodelic Film Music Remix. Nolanahi ere, Albokarekin eskuratu zuen kritikaren zein entzuleen behin betiko onespena. Ordutik, euskal soinuak mundu guztian barna zabaltzen aritu da. Juan Arriola eta Alan Griffith adiskideekin batera Alboka (1994), Bi Beso Lur (1998) eta Lorius (2000) kaleratu zituen. Kudeaketari dagokionez, Aztarna zigilu diskografikoa sortu zuen, euskal artisten lanak Cd romean editatzen dituena. Musika tradizionala sekula ez da zaharkituta geldituko talentu gazte honi esker. Argazkiak: Fernando Lorenzo Euskonews & Media 206. zbk (2003 / 04 / 04 11) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Diego Joaquín Ibarbia: "Guk sortu genuen Argentinako Euskal Inmigrazioaren Aldeko Batzordea"

 

Irakurri

Aitor Egurrola: "Euskal Herriko eguraldiaz informatzea zaila da, sei ordutan erabat aldatu daitekeelako"

 

Irakurri

Anjel Lertxundi: "Nik daukadan aberastasun bakarra da egiteko gelditzen zaidana eta bizitzeko gelditzen zaizkidan urteak".

 

Irakurri

Marta Cárdenas: "Pintatzea oso gauza naturala da niretzat. Gorputzak eskatzen didana eta behar duena pintatzen dut"

 

Irakurri

Patxi Goenaga Mendizabal: Gure helburua euskaldunari euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea da.

 

Irakurri