Koldo Amestoi: "Mintzatzen denak ereiten badu, ixilik dagoenak biltzen du"

2001-04-20

ARBELBIDE, Xipri

Elkarrizketa: Koldo Amestoy Koldo Ameztoi, ipuin kontalaria "Mintzatzen denak ereiten badu, ixilik dagoenak biltzen du" * Xipri Arbelbide Koldo Ameztoi, Amikuzeko herri ttipi batetan sortua da, telebista baino lehen, ahozkotasuna bizi zen garai haietan. Koldori esker ahozkotasun hori bizi da oraino, bera ahozkotasunetik bizi baita: bere lana, kondalari. Ipui zahar ala berri kondatzen ditu bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo, bai Euskal Herriko, bai Euskal Herritik kanpoko altxorretarik hartuz. Berak asmatzen dituenak bestalde. Inspirazioa errexten dio Otsozelaiko harpeetan bizi diren laminen auzo izateak. Nork daki ez ote dituen batzutan ilargi xuritara ikusten, Eltzarruzeko"laminen bidean" gora behera ibilki: mendi horren xolan dauka etxea. Haurtzaroan, etxeko giroa nolakoa zenuen? Etxean aita amak euskaldunak nituen hizkuntzaz eta izatez. Nire haurtzaro eta gazte denboretan, oralitatea, ahozkotasuna zen errege gure herrietan. Gure etxean behintzat, telebistarik ez zegoen, irratia bai (frantsesez soilik, garai haietan)... Aitak eguneroko kontakizunak etxera ekartzen zizkigun eta kontatzen (errepide eta zubi konponketarako langile funzionaria zen): lantokietan berak entzun eta erabilitakoak hiru hizkuntzetan pasatzen zizkigun: euskaraz, kaskoinez eta frantsesez. Ondotik, amak, etxeko eta inguruetako gertakarietaz beste aipamen batzuk ekartzen zituen, gainera. Aste bukaeretan bestalde, aita amak, biak ehiztari edo arrantzale izanez, bi aldiz kontakizun gehiago, belarrietatik gogoan sartzen zitzaizkidan. Mintzatzen denak ereiten badu, isilik dagonak biltzen du! Eta alderantziz ? Ondorioz, hizkuntza eta kultura zale bilakatu zinen? Bai, nire gogoa hizkuntzari eta hitzari zabal zabalik neuzkan, beti egarri. Orain ere funtsean, beti gosez daukat. Euskarazaleari, euskal kulturzaleari bezala, beltz, arabiar, edo beste edozeinen hizkuntza eta kultura (kantu, musika, bizitzeko era, sukaldaritza,...) bisitaz datorrenari, nire adiskide eta auzokide bezala irekitzendizkiot nire bihotz eta etxeko ateak. Gogo onez, eta pozik.! Nolaz antzerkiaren ildotik abiatu zinen ba? Ttipi ttipidanik, bakarlari eta zoko mokozale, mutiko isil eta lotsatia izan naiz. Nire baitako alde ausartena (hau banuenik ere ez jakinez!) ezagutu nahian edo, antzerki munduan, Lizeoko antzerki klubean sartzeko parada ukan nuen eta, jo aurrera... Ausartziarekin topatu nintzen ere, behin. Zer gozamena! Zer poza! Hortik aurrera, antzerki ikastaro motz eta luzeagoetan, "Chiméres" taldeko antzezleekin, beste hango eta hemengo artista batzuekin hamaika ikastalditan parte hartu nuen (beti euskaldun bakarra nintzela, ezagun guti eta inguruan gehienak neskak zirelarik...): maskara, arnasa, ahots, kantagintza, bat bateko joko, dantza, ipuina, ... Gorputzaren barneko eta kanpoko oreka eta desorekak aztertzen, ikertzen, probatzen, eta irudimenaren askatasuna bilatzen. Ez banaute sekula nire herabetasunaz "sendatu" ere, balio du "zeharbide" horretatik eskapadatxo bat egitea! Benetan. Denbora berean, Garaziko "Hiruak Bat" eta Hazparneko "Bordaxuri" antzerki taldeekin lan zerbait egin nuen. Praktikatzeko bezala... Eta gero, "hitzarekilako" ofizioa hautatu zenuen, ez? Betitik artisau ofiziala bakarlari eta eskulangile izan nahi nuen. Horretan ere saiatu nintzen gazte denboran, etxegintzako teknikak ikasi eta gero morroi, harategiko langile, hargin eta zurgin, arotz eta etxe marrazkigile, arkitekto gisa ere. Eta orain ere berdin, uste dut beti artisau ofiziala naizela. Iparraldean, abertzaletasunaren lehen urratsek, euskal kantagintza eta antzerki berriek, ikastolen hasierako mugimenduak eta helduen alfabetatze euskalduntzeko irakasleekin batera bide puska bat egiteak (AEKan, hiru urtez kolaboratzaile izan zen) bultzatu ninduen artista bidetik, euskara eta euskal herriko kultura besapean ; ipuina, makila gisa neramala. "Euskal Herriko itzulia" abiatuko nuen, hortik urrunago ere nire pausuak luzatzeko gero nire "compagnonnage", kontalari ofizioan abiabide bat bezala urratzeko... Baina, ez nolanahiko bidetik: "Ez" erran, "bai" egin sendatik ere ibiltzeko behartua izango zinen ere, besteak bezala? Eskola ttipitiko ikasle nintzenetik, jadanik "ez" erraten eta egiten hasi nintzen, eskolan bertan eta gero elizan. Oldarkeria ttipi batzuk gogoan dauzkat oraindik. Nahi nuena ez baldin banuen ere argi nire baitan, zer ez zuen nahi banekien! ... Berantago berdin, irakasle, nagusi edo agintari edozeini ere ez diet sekula "bai" osoa erran edo eman. Beti "ez" puska bat gogoan eta ekintzetan atxeki izan dut: askatasun apur bat neretzat gordetzeko bezala. Gaur ere, nire bakarlari lana, artista bizia eta artearen bide zuzenena hautatu eta aurrera eramateko, frangotan "ez" esaten badakit. Hautu hauek, ez didate eguneroko ogibidea borobiltzen, murrizten baizik, baina... ausartu behar da hori egiten, bestela ?! ... Gero funtsean, laster ohartzen zara bi "ez"ek ekartzen dizutela, "bai" on bat errateko eta egiteko aukera. Gure etxeko jabeak erraten duen bezala: Gure ardi horiek, hobe dute "ase on bat bi gose baino". Bakarlari zoaz beraz, zakua indarrez eta... ahuleziez beterik? Bai, bakarlaria naiz nire lanean eta ere, militante gisa, ahal bezain zintzoki nire laguntza soila ekarriz, ekintza xumeak eramanez, beti. Taldearen indarrean sinesten dut eta hau gogotik onartzen, baina banakoek osatutako elkartea bada. Bestela,...tirrit !.. ez du taldeak balio handirik, ez iraupenik izango. Nire kreazio "garrantzitsuenak", gehienak euskal mitologian oinarriturik daude: "Ibarxola", "Apanize" Pascal Gaigne musikariarekin, "Maribil" Maddi Oihenartekin, "Makilargi", eta azkenik lantzen ari naizen "Harriola Marriola". Ipuin hauek landuz, gero salduz eta kontatuz bizi naiz. Denborarekin, ibilian ibiliz, eskuin eta ezker, Hego Euskal Herritik, Frantzian gaindi ipuin ekitaldi eta festibaletan kontalari, "francophonie" delako herrialdeetan zehar,... Diru laguntzarik eskatu gabe, dosier, bulego, diru iturri banatzaile "mekanika makinak" alde batera utzirik, gure politikoenaurretik pasatu barik, beti aurrera banabil... Urrunetik agurtxo bat egin eta aparte egonik hobe ! Gogoa eta hitzak libre eta ekintzak libreago oraino. Biziak nonbaitik ekarriak eta hurbileko ontasunak, berdin erabiltzen dituzula dirudi? Nire bizi eta laneko erritmoek, bilatzen ditudan isiltasun eta inguru baketsuek (hartz bat naizela esango dizu nire bizilagunak), eta berrehun lagunekin baino birekin hobeto izateak ematen dit ingurua ikusi, entzun eta gozatzeko denbora eta atsegina. Gure lurrak eta jendeak, izadiak eta elementuak ikuskatuz, beren baitan betitik dauzkaten gai, keinu, sinbolo, hatz eta aztarnak, kanpoko eta barneko irudi, izen eta izanak, errito eta mitoak, gorde nahi eta ezinak, ideia eta gogoak, ikertzen eta usaintzen, leitzen eta jakiten, ikusi eta "irakurtzen", entzun eta biltzen saiatzen naiz. Ez sakratuak balira bezala erabiltzeko, baina lehenik nire izatea egituratzeko, eta gero, ipuin bakoitzaren lau izkinetan oinarri sendo bezala erabiltzeko. Elementu horiek nire sorkuntza mamia barnegituratzen laguntzen dute ipuin bakoitzari "arima", "izpiritu" zerbait ekartzen diotela ; aitzina joateko gidatzen. Entzuleek ez badute ere dena ikusten lehen begi ukaldian, belarriek entzun dukete!... Gero berdin gogo txoko batean nonbait geldituko zaie, batzuei bai , besteei ez... Baserri giroan hazia izana naiz, izadiaren baitan murgildua (nahiz eta, ez laborari seme izan), orduan, animali eta landaretza, kanpo eta mendialde, oihan eta errekak gogoan dauzkat beti, eta maiz begien bistan. Naturaren erdian bizi garela eta honek, nahitaez, bizian beti eramaten gaituela aitzina. Atzokoak eta gaurkoak bilduz, biharkoa hornitzen ari ote zara? Hau da nire helburuetarik bat. Lehengo sinesmenak; gaurko, hango eta hemengo erlijio eta sinesteak; ospakizun eta erritualak,... guztiei gogo bihotzak zabalik, errespetuz eta kuriositatez, ahal bezainbat harrapatu, jakin eta ulertu nahiean ibiltzen naiz, begiaz zorrotz eta beharriak xut. Maiz egoten naiz ere, oraingo eta gureaitziñako izpiritualitateen arteko borrokak eta konparaketak aztertzen ; uztarketak nire aldetik asmatzen. Badakit ez naizela bakarra. Beste artista batzuk ere daude beti erne, olerkari, musikari, kantari, margolari, zizelkari,... , "Arima"rik gabeko estetikak, bakarrik ezin baitu bide luzerik egin. Euskal Herriko eta kanpoko; atzoko, gaurko, biharko, eta eguneroko biziari eta edozein gertakariei "kaptatuta", kasu handiena eman behar diet... Jakiteko alde batetik, eta gai horiekin ere, biharko tradizio biziaren eraikitze lana jarraitzeko, beste euskal "langile" guziekin batera... Ipuingintzan, beste artegintzetan bezala, lehenik "jende" eta gero "artista" izan behar ote da ? Nahas mahas, bietarik pixka bat... Den bezala naiz, nire indar eta ahuleziekin, lan asko eta ausartia pixka batekin, ipuingintzan hitzaren zerbitzari dihardut. Lehenik gaiak bilduz, osatuz, mamituz, moldatuz, apainduz, batzutan artista adiskide bati edo besteari laguntza eskatuz eta gero, ahotik belarrira, gure herritarrei beraien altxorra, ondarea beste era batez berritzultzeko, eta kanpoko jendeari, gure "gauzetaz" dakidana emateko... kontalari nabil. Nora heltzeko ez dakit. Baina uste du, betiko berantarekin helduko naizela... Hogeita hamar urtetan ipuin kontalari profesional hasi nintzen, berrogei urtetan lehen semea ukan, berrogeita hamar urtetan nire etxea eraikiko, eta lagun batek zion bezala, "besteak baino berantako hilen haiz hain segur ?!... Ikusiko! Anartean, hil arte bizi beharrez... Argazkiak: Jean Claude Broca Euskonews & Media 119.zbk (2001 / 4 / 20 27) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Miren Terese Urrestarazu: "Araba ez da inoiz orain baino euskaltzalegoa izan"

 

Irakurri

Amelia Baldeón Iñigo: "Arkeologia Museo berriarekin, laukoiztu egingo dugu azalera"

 

Irakurri

José Sanmartín: "Ezagutza izango da gizakia mugiaraziko duen indar nagusia"

 

Irakurri

Carmen Gómez: "Gizarte batek, informaziorik gabe, ezin du demokratikoa izan"

 

Irakurri

Xabier Diharce 'Iratzeder': "Euskal abesti asko ikasi nituen, eta anitz ikasi nuen haiei esker. Eredugarriak ziren niretzat"

 

Irakurri