Miren Terese Urrestarazu: "Araba ez da inoiz orain baino euskaltzalegoa izan"

2001-04-06

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Elkarrizketa: Miren Terese Urrestarazu Miren Terese Urrestarazu "Araba ez da inoiz orain baino euskaltzalegoa izan" * Zuriñe Velez de Mendizabal Miren Terese Urrestarazu duela 93 urte jaio zen Arabako Araia herrian. 1941. urtetik Gasteizen bizi da. Umandi euskaltzalea anaia zuen, eta honek euskara ikasten lagundu zion. Euskaltzalearen azken lanak argia ikusi du duela ez denbora asko, eta horretan Miren Teresek hurbildik lagundu zion. Araban bizi den euskaldunberririk zaharrena izango da, zalantzarik gabe, gure elkarrizketatua. Gasteizko "Geu" Elkarteak sari berezi bat eman zion iaz, urtetan zehar euskararen alde eginiko lanarengatik. Euskaldun berria zarela badakigu, baina noiz hasi zinen euskara ikasten? Gazte nintzela, gerra aurretik, irakasle gisa aritu nintzen eskola batean, eta orduan hasi nintzen euskara ikasten. Orain astia soberan dudanez gero, gehiago ikasten saiatzen naiz; esaterako, hiztegian begiratzen ditut entzun eta ezagutzen ez ditudan hitzak. Non ikasi zenuen? Esan bezala, irakaslea izan nintzen gaztaroan, Aulestian, Gernika ondoan hain zuzen ere. Lau urtez aritu nintzen haurrei eskola ematen. Erdaraz ematen nituen arren, baserritarren semeak nirekin zeuden, gaztelaniarik ez zekitenak, eta hauek irakatsi zizkidaten lehenengo euskal hitzak. Nire nahia beti izan zen euskara ikastea. Baina bizitza gehiena eman dut euskara ikasten, eta Aulestiako haur haiez gain, Andoni nire anaia ere irakasle izan nuen. Ederra gainera! Zu bakarrik edo ikaskide gehiago izan dituzu euskara ikasteko orduan? Aulestiatik Araiara itzuli nintzen eta nire herrian, bertako neskatila batzuekin batera nindoan euskara ikastera. Gasteizen berriz, geroago eta orain arte, talde ezberdinetan aritu naiz. Beti mantendu dut harremana urtetan zehar izandako ikaskideekin. Araba aldean bizitzea, euskaraz aritzeko oztopo izan al da? Askotan bai. Sarri, zaila zen euskaldunak aurkitzea ikasitakoa praktikan jartzeko. Orain, urrutizkinez (telefonoz) aritzean, beti galdetzen dut "nor da?".Euskaraz erantzunez gero, nik ere horrela jarraitzen dut; bestela erdarara pasatzen naiz. Euskararen erabileraren aldetik, zer desberdintasun daude duela 60 urteko eta gaurko gizartearen artean? Euskara batua hortxe dago. Ni ez naiz horren aldekoa. Nik ez dakit batuera, gainera ez da bat ere atsegina niretzat. Ni bizkaitarra ikasten hasi nintzen, eta gero nire anaiarekin gipuzkera ikasi nuen. Biak ulertzen ditut orain. Baina euskara batua, artifizialegia iruditzen zait Zure anaia, Andoni Urrestarazu, "Umandi", euskaltzale handia genuen. Dirudienez, eragina izan zuen zugan... Bai, dudarik gabe. Araban emandako euskaltzalerik nagusienetakoa izan da. Eredugarria gertatu zen niretzat, Andonik bizitza osoan euskararekiko izandako jarrera. Berak lagundu ninduen euskaraz hitz egiteko eta idazteko orduan. Eta horretan ere zordun natzaio. Andonik eginiko lanek zer eragin uste duzu izan dutela euskal gizartean? Ez dakit euskal gizartean nolako eragina izan duen, baina niretzat bere lanek gehiago ikasteko balio izan dute. Niretzat ez dago elizti (gramatika) hoberik. Bertan asko ikasi dut eta bertara jotzen dut ia ia egunero, zertxobait gehiago ikastearren. Zure laguntza jaso zuen Andonik. Zertan? Badakizu nolakoa zen Andoni: beti bete gauzetan sartuta, euskalgintzan, ingurukoaz ia ia ahaztuta, sarritan. Nik nola edo hala lagundu behar nion eta bere idazki guztiak makinaz pasatzen nizkion. Hura bukatzea ezinezkoa izango zela uste genuen arren, azkenean amaitu genuen. Hark egin zuen lana! Azkenengoa, "Asmo iztegia", Andoni hil ostean argitaratu zen. Zuk eskainiriko laguntzagatik konpentsaturik sentitu al zinen? Bai. Pozgarria da nire anaiak eginiko lan guztiaren ondoren lanak argia ikustea. Gainera, azkenengo lan honek euskara ikasteko eta irakasteko balio duela uste dut. Orain dela gutxi sari bat eman zizuten Gasteizen, bizitzan euskararen alde egin duzun ekarpena dela eta. Zer sentitu zenuen? Atera kontua! Oso pozik eta errekonozitua sentitu nintzen. Badakit nire ekarpenaoso txikia izan dela, baina ehuneko ehun eman dut, ahal izan dudan guztietan, euskararen alde. Horrexek ematen dit pozik sakonena. Zer da euskara zuretzat? Niretzat munduan dagoen altxorrik onena da. Euskara hiltzen bada, munduak altxor hori galduko du. Gainera oso ederra da gure hizkuntza. "Geuria geuria dalako". Nola ikusten duzu euskararen egoera Araban? Nire ustez Araban gero eta pertsona gehiagok dakite euskaraz, batez ere gazteek. Orain, erabiltzen duten ala ez, beste kontu bat da. Dena den, ez dut uste inoiz izan denik gure lurraldea orain baino euskaltzaleagoa, eta hori, Andoniren gisako pertsonei esker lortu da. Berriz diot, dena den, nire ekarpena, itsaso zabalean tanta apal bat besterik ez da izan. Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal Euskonews & Media 118.zbk (2001 / 4 / 6 20) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Amelia Baldeón Iñigo: "Arkeologia Museo berriarekin, laukoiztu egingo dugu azalera"

 

Irakurri

José Sanmartín: "Ezagutza izango da gizakia mugiaraziko duen indar nagusia"

 

Irakurri

Carmen Gómez: "Gizarte batek, informaziorik gabe, ezin du demokratikoa izan"

 

Irakurri

Xabier Diharce 'Iratzeder': "Euskal abesti asko ikasi nituen, eta anitz ikasi nuen haiei esker. Eredugarriak ziren niretzat"

 

Irakurri

Miguel Zugaza: "Museoen zeregin nagusia beren ondarea gizarteari erakustea da, baina errespetuarekin betiere"

 

Irakurri