María Elósegui Itxaso. Zuzenbidearen Filosofian katedraduna: Ateak ireki behar dizkiogu kulturartekotasunari

2010-04-23

AGUIRRE SORONDO, Juan

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

María Elósegui Itxasok urteak daramatza ikerlanean, gure gizartearentzat garrantzi handikoak diren gaiak jorratuz: hala nola, berdintasunarekiko errespetua eta gutxiengoek ezberdinak izateko duten eskubidea; emakumea eta oraindik ere lan-munduan betetzen duen mendeko eginkizuna; etorkinen inplikazioa enpresen eta ikastetxeen antolaketan; balioen gaineko heziketa; kontzientzia-eragozpena gizarte eta erlijio-gaien aurrean eta kontzientzia-eragozpen horren mugak... Zaragozan finkatutako emakume donostiar hori Zuzenbidearen Filosofian katedraduna da hiri horretako unibertsitatean, eta 2008an Giza Eskubideen Luis Portero sari sonatua jaso zuen bere azken ikerlanarengatik: “Derechos Humanos y pluralismo cultural” izenburua du, eta liburu modura argitaratu berria da Iustel argitaletxearen ekimenez.

Minareteen debekua Suitzan; burkari buruzko eztabaidak Frantzian eta gurutzeei buruzkoak Espainiako eskoletan; xenofobia-agerraldiak Italian... Badirudi kultura arteko bizikidetza-arazoak pilatzen ari direla Europa zaharrean.

Nire ustez, horrelako arazoak betidanik izan dira. Lehen ere bizi izan ditugu erlijio-gerrak, II. Mundu Gerraren ondorengo jende-andanen lekualdaketak, etab. Kontua da gaur egun sentsibilitate berri bat dugula, eta guztiok batzen gaituena ezarriko duen eta bidezko ezberdintasunak errespetatuko dituen kultura arteko eredua zuzenena dela pentsatzen dugu. Adibide horiek guztiak, gehiengoaren kultura beste guztien gainetik ezarri duen eredu asimilazionista baten zantzuak dira. Jarrera hori, ordea, historia guztian zehar agertzen da, munduko herrialde guztietan.

“Educación para la ciudadanía y derechos humanos” eskuliburuaren aurkezpena Bilboko Elkar liburudendan. Argazkian, ezkerretik eskubira, Elena Elósegui, María Elósegui, Bilboko alkatea Iñaki Azkuna eta José María Elósegui.

Zuk ordena publikoa proposatzen duzu irtenbide modura: adinean aurreratuak gaudenoi, ordea, adierazpen horrek borrak eta grisak dakarzkigu gogora.

Ordena publikoaren nozioa zuzenbideko kontzeptu tekniko modura landu dut eta orain arte erabilitakoarekin alderatuta oso bestelako esanahia du. Nire kide jurista batzuen arabera, kategoria hori kaltegarri eta arbuiagarri izateaz gain, ez dago inondik ere berreskuratzerik; hala ere, asko gara adierazpenaren interpretazio positiboaren alde gaudenok, izan ere, ordena publikoaren barruan baitaude, gure ustez, giza eskubideen alde egitea, batetik, eta, konstituzionalak ez ezik, unibertsalak ere badiren guztion balioak, bestetik. Zuzenbideak, berriz, kultura-askatasuna eta ezberdintasunak errespetatu eta babestu egin behar ditu, giza eskubideekiko errespetuaren barruan.

Euskal gizartea (eta Espainiakoa) orain ari da ezagutzen inmigrazio masiboaren fenomenoa. Beste herrialde batzuetan kultura aniztasuna jorratzerakoan gertatutakoa dela-eta, zer ikasi behar genuke?

Pertsona horiek eta beren ondorengoak behin betiko gure herrialdean finkatuko direla geureganatzea oinarri-oinarrizko kontua da. Alemaniari eta Belgikari kostatu egin zitzaien konturatzea atzerriko eskulana herrialde horietan geldituko zela, eta denbora asko behar izan zuten asimilazionistak ez ziren kultura arteko legeak onartzen hastea. Espainian, bidezko aniztasuna onartzeko behar adinako lege-araua badugu, eskolatik hasiz, etab. Horrek berarekin dakar, ordea, orain arte baino azkarrago erantzutea, etorkinentzat Konstituzioaren eta hiritartasunaren gaineko hezkuntza-programak eta hizkuntzaren irakaskuntza abian jarriz. Horixe egiten ari dira gaur egun Alemanian, Frantzian, Herbeheretan eta Flandesen. Premiazkoa da Autonomia Administrazioak eta Udalak buru-belarri murgildu eta gai horretan ekonomia-inbertsioak egitea. Gizarte-laguntzetan ez ezik, baita Zuzenbide Estatuaren balioen hezkuntzan ere.

“Educación para la ciudadanía y derechos humanos” eskuliburuaren azala.

Azalaren argazkia: José María Elosegui.

Euskaldun eta gaiaren aztertzaile fin modura, nola ikusten duzu euskal gizartea kultura aniztasunaren alorrean?

Nire ustez, Euskal Herriko egungo arazoa bikoitza da. Alde batetik, oraindik ere asimilazionistak izan gaitezke inmigrazio berriarekin, etorkin gutxi ditugulako; baina Amerika Latinora erbesteratutako guraso euskaldunen bigarren belaunaldiko seme-alaba asko heldu zaizkigu. Kasu horretan, adibidez, oso ahalegin gutxi egin da nire ustez pertsona horiek kultura hibridoa dutela, bi kultura oso ezberdinen artean sortutako nortasuna dutela, ulertzeko. Itzulerako bidea egin duten askok edo beren seme-alabak, noraezean sentitzen dira, inorena ez den lurraldean. Kultura garbien sinplismo horiekin ezinezkoa da pertsona horiek ulertzea.

Egia esan, ordea, niri gehiago kezkatzen nau demokrazia berreskuratu zenetik euskaldunon geuron artean gertatzen ari den fenomeno asimilazionistak; badirudi euskaldun izateko modu homogeneo bakar bat dagoela, gertakariek argi eta garbi erakusten dutenean Euskal Herrian bertan ere isildu beharrekoa ez, baizik errespetatu beharreko aniztasuna dagoela. Horrek etengabeko asaldura eragiten du gizartean; horrela, elkarren artean harremanik ez duten parez-pareko inguruneak sortzen dira, euskaraz edo gazteleraz hitz egiten dutenen artean ibiltzearen arabera biziki mugatutakoak askotan. Niretzat bi hiritar-taldeen artean zubiak eraikitzea da konponbidea; elkar ezagutu eta elkarri entzutera heltzea, erabilitako hizkuntza kontuan hartu gabe.

Euskadik kontziente izan behar du, bestalde, inmigrazioaren eragina izango duela eta nahitaez ateak ireki beharko dizkiola kulturartekotasunari. Etorkin horiek euskara ikastea ez baita aski izango; etorkin horiek beren iragana eta ohiturak ekarriko dituzte eta emaitza ez da inoiz izango “betiko euskaldunaren nortasuna”.

Zuk, zalantzarik gabe, “eleaniztasun kosmopolita” delakoa proposatzen duzu. Zertan datza eleaniztasun hori?

Eleaniztasun kosmopolita norberak askatasunez aukeratutako hizkuntza eta Estatuko hizkuntza komuna batera erabiltzea da, eta, ahal izanez gero, ingelesa bezalako hirugarren hizkuntza ere bai, munduan zehar bidaiatzeko eta harremanak izateko aukera emango baitigu. Elebakartasunak pobretu egiten duela iruditzen zait, bai hizkuntza nazionalaren kasuan, eta are gehiago eremu urriko hizkuntza denean. Norbere hizkuntza berreskuratzeko lehia horretan, saihestu egin behar da mundu txiki batean itxita gelditzeko arriskua. Eskualdetako edo eremu urriko hizkuntzei buruzko Europako Gutunak eleaniztasunaren balioa azpimarratzen du, eta behin eta berriz dio herrialde bateko eremu urriko hizkuntza bat ez dela hizkuntza ofizialen eta hizkuntza horiek ikasteko premiaren kaltetan babestu behar. Hizkuntzak ikastean, besteei buruzko irudi estereotipatuak ez izaten ikasten da, eta norberaren besteekiko jakin-mina eta irekitasuna garatzen ere bai; beste kultura batzuk ezagutzeko ere balio du. Nortasun eta kultura ezberdinak dituzten pertsonekin harremanak izatea aberasgarri dela ikasten ere laguntzen du.

Frantzian plazaratutako nortasun nazionalari buruzko eztabaida, ez ote da asimilazionismoaren beste ahalegin bat?

Nortasunaren gaiari zehazki dagokionez, nire ustez zuzenbide-estatuaren eta balio demokratikoen onarpena egon behar du nortasun horren oinarrian; eta, aldi berean, hiritarren arteko kultura ezberdinen eragina ere izan behar du. Horrek, noski, herrialde bakoitzeko gehiengoaren kultura, iragana eta ohitura historikoak errespetatzea eskatzen du; historia, literatura, etab., irakasteko orduan, adibidez. Nortasun nazionalaren muina demokrazian aurreikusitako arauen bidezko parte-hartze politikoa izan behar du.

Bestalde, sutsuegia izango naiz agian, baina, nire aburuz, Frantziako eredu asimilazionista giza eskubideen eta bidezko aniztasun kulturalaren aurkakoa da. Nire baieztapen hori nortasun kulturalaren eta eremu publikoaren arteko loturari buruzko nire tesi antropologikoetan oinarritzen da. Niretzat ez dago pribatua eta publikoa denaren arteko erabateko bereizketarik, eta pertsonak bere kultura, bizitzako filosofia eta erlijioa eremu publikoan adierazteko eskubidea du. Estatuaren neutraltasunak ez du adierazten axolagabetasuna edo laguntzarik eza; aitzitik, Estatuak era berean edo justifikatutako lehentasunezko irizpideen arabera babestuko dituela bere hiritarren kulturak eta erlijioak. Hori da, gainera, Europar Batasuneko herrialde guztietan egiten dena, eta Frantzia da, hain zuzen, salbuespen bakarra.

“Derechos Humanos y Pluralismo cultural” liburuaren azala.

Gurasoek Korana irakasteko, eskoletako kantinetan halal janariak eskaintzeko, beren egutegia Ramadan eta guzti errespetatzeko edota neskatoek burua zapiz estalita eraman ahal izatea eskatzen dutenean, nola erantzun behar da?

Zilegitasun osoz eska daitezkeen eskubideak dira. Legedian dagoeneko ezarrita dago, gutxienez hamar ikaslek hala eskatzen badute, ikastetxe publiko eta pribatu guztietan Estatuak ordaindutako sinesmen horietako erlijio-eskolak izateko eskubidea. Gauza bera elikagaiei eta azterketa eta lehiaketa publikoetarako egutegiari dagokienez. Lan-esparruan ez da derrigorrezkoa, baina nagusiarekin negoziatu eta hitzarmenak egin daitezke. Neska ikasleek eremu publikoan zapia erabiltzeari dagokionez, bateragarria da Espainiako Konstituzioren laikotasun positiboa sistemarekin.

Argiago dago, ordea, hiritar guztiek, oro har, beren kultura, bizitzako filosofia eta sinesmenak adieraz ditzaketela beren jantzietan, ezarritako lege-esparruaren barruan eta oinarrizko eskubideak errespetatuz. Adibide bat jartzearren, ez da gauza bera nazien esbastika, ETAren anagrama, lauburua, kristauen gurutzea, medaila bat, edo judutarren, musulmanen, ortodoxoen edozein ikur eramatea.

Nola ulertzen duzu, kulturartekotasunaren barruan, erakunde publikoetan eta funtzionario publikoek erlijio-ikurrak erabiltzea?

Hasteko, Estatuaren neutraltasuna bete egin behar da estatuaren beraren erakundeetan, eta ez dute halako ikur konfesionalik izan behar. Beste gauza bat da ikur horiek erakunde horien egoitzetako ondare historikoaren osagai badira; orduan gorde egin behar dira, baina ez Estatu konfesionalaren euskarri modura, herrialdeko historiaren osagai modura baizik. Espainiako zentro publikoetan, estatuko ikastetxeak tartean direla, ez da inolako erlijio-ikurrik gailendu behar, ezta gurutzea ere (hala ere, beste herrialde batzuetan errespetatu egin behar liratekeela uste dut, baldin eta, Italiako kasuan bezala, tradizioz hiritar guztiek gorde egin nahi badituzte; han, ordea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak debekatu ditu). Baina hori ezin da aplikatu hitzartutako ikastetxeetan eta pribatuetan. Laikotasun zorrotza ezartzea izango litzateke, eta hori ez dagokie ez Espainiako zuzenbideari, ezta Estatuaren konfesionaltasunari ere.

Funtzionario publikoen kasuan kontzientzia-eragozpenik izan al daiteke?

Bai noski. Hiritar guztiak bezala, funtzionarioak lehenik eta behin pertsonak dira eta Zuzenbide Estatuak ezin dio inori eskatu bere kontzientziaren aurka aritzeko. Jurisprudentziaren bitartez, eragozpen-kasuen garapen zehatzak egin beharko dira. Herrialde bat anitzagoa den heinean —baita kultura arloan ere—, eta Administrazio Publikoan beste kultura batzuetako geroz eta pertsona gehiago ditugun heinean, geroz eta malgutasun handiagoa beharko da ustezko kontzientzia-eragozpenak onartzeko. Legea ezartzerakoan eragozpenentzat lekurik ez duen kasu bakar bat dago: epailea; luzaroan, ordea, zenbait neurri hartu eta beste epaile batzuen esku uzteko aukera ere egongo litzateke.

Maria Eloseguik bi eskola-liburu egin ditu Hiritartasunerako Hezkuntza ikasgairako. Zenbaitek ikusi nahi ez badu ere, badira giza balioak erlijioa baino haratago. Are gehiago; baita sinestunak eta ateoak elkartzen dituzten balioak ere.

Hala da; eztabaidak alde batera utziz, badira nire ustez kultura guztien artean guztionak eta unibertsalak diren balioak; giza eskubideetan islatzen dira eta eskoletan hiritar guztiei irakatsi behar zaizkie. Europako gizarteetan beraietan ere, badago guztiok batzen gaituen etika arrazional bat. Zenbait gai moraletan erlatibismoa handitu egin bada ere, badago, bat etortze hutsa izan gabe, puntu objektibo komunetara heltzeko aukera, gizalegezko humanismoaren osagai direlako. Kontua ez da balio horiek erlijioa baino haratago egotea, arrazoiaren bitartez ezagutzen direla baizik; eta, behin baino gehiagotan, sineskera erlijiosoen osagai ere badira. Baina Habermas-ek esango zukeen bezala, eremu publikoan, duten sineskera edo bizitzako filosofia gorabehera, denek ulertzeko moduko giza arrazoien bidez eztabaidatu behar da. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, filosofiek eta erlijioek eremu publikoan lekurik ez dutenik. Agintari publikoekiko harremanetan ere egon daitezke, filosofia edo erlijio baten ordezkari legez. Horien ahotsak badu erabilgarritasun publikorik.

Zuk 3/2007 Lege Organikoaren zirriborroa, Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunari buruzkoa, prestatu zuen lau adituetako batzordean lan egin zenuen. Nola ikusten dituzu gauzak hiru urte geroago?

Asko aurreratu dela uste dut. Nolanahi ere, Legearen aplikazioak trebakuntza handiagoa eskatzen du bai Administrazio Publikoko kideengan, baita enpresetako zuzendariengan ere. Berdintasun-plana 250 langile baino gehiago dituzten enpresetan eskatzen da, eta baliabide ona izan daiteke era egokian erabiltzen bada. Erronka, berriz, familia eta lan-mundua bateragarri egiteko gaietan dago, eta hori gauzatzeak hiritarren heziketa eskatzen du. Legediak laguntzen du, baina zenbait esparru pribatuetan ezin da sartu eta ez du sartu behar ere. Mendekotasuna duten pertsonen zainketan eta etxeko lanetan erabilitako denboran benetako banaketa ezartzea da helburua. María Elósegui Itxaso María Elósegui Itxaso Zuzenbideko Filosofian katedraduna da Zaragozako Unibertsitatean. Jurisprudentziaren eta Legediaren Espainiako Errege Akademiako kide urgazlea da. Baita Alexander von Humboldt Fundazioko ikertzailea ere. Egoitza Bruselan, Saint Louis Unibertsitatean (Facultés Universitaires Saint Louis) eta Bruselako Flandestar Unibertsitatean (Katholieke Universiteit Brussel), duen Zuzenbidearen Teoriaren Europako Akademiako irakasleen kidegoko parte da. Torontoko Unibertsitateko (Kanada), Chicagoko Unibertsitateko eta UCLAko (Los Angeles) irakasle bisitaria da. Beste hiru aditurekin batera Espainiako Gobernuak enkargaturiko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna Bermatzeko Lege Organikoaren proiektua landu zuen, eta genero-gaiari loturiko beste testu batzuk ere landu ditu. Bere karrera akademikoan zehar, generoari eta kultura artekotasunari buruzko gaiekin loturiko nazioarteko foroetan parte hartzera gonbidatu dute aditu gisa. Aequalitas. Revista Jurídica de igualdad de oportunidades entre mujeres y hombres aldizkaria zuzendu du hamar urtez (1999-2008). 2008ko azaroan Granadako Jurisprudentzia eta Legedia Errege Akademiak ematen duen Luis Portero Giza Eskubideen Saria jaso zuen. Saria hiri horretako udalak babesten du, eta 2000. urtean ETAk eraildako Luis Portero fiskalaren omenez sortu zen.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena. Musikagilea: Bernaolak musikagile sentiarazi ninduen, ez nintzela ikasle hutsa

 

Irakurri

Imanol Olaizola. Kultur sustatzailea: Euskaldunok entzuteko ahalmenik ote dugun jakin behar dugu

 

Irakurri

Juanjo Mena. Orkestra zuzendaria: Musika etengabeko bilaketa da niretzat, norbere sormenerako bitartekoa

 

Irakurri

Carmen Mijangos Ugarte. Kimikaria: Norberaren ahaleginari esker, nahi dena lor daiteke, ondokoa azpiratu gabe

 

Irakurri

Koldo Martinez Urionabarrenetxea. Medikua: Politika nafarraren berezitasuna kainismoa da

 

Irakurri