Txema Auzmendi. Kazetaria eta jesuita: Utopia zaleak edozein tokitan egin dezake lan

2010-09-10

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Bizi garen gizarte asebetean, gehienon auto itsukeriak ez du sarritan hurkoaren itzala ere ikusten uzten. Dena den, oraindik aurki daitezke, solidaritatea eta besteekiko begirune pro aktiboa, euren bizitzaren ardatza egin dutenak. Eta ez da derrigorrezko misioetara joan beharrik, egiazko misiolari konprometituak aurkitzeko. Gure kale eta bazterretan hamaika adibide eder antzeman daitezke alde horretatik. Txema Auzmendi pertsona konprometitu horietako bat da. Kristau fedean errotua, bekoki zabaleko josulaguna dugu. Erretorika hanpatu gabe, euskal gizarteko hainbat esparrutara helarazi du bere ekarpena.

Ezer baino lehen, oso gizon polifazetikoa zarenez gero, zergatik ez diguzu zeure buruaren gaineko erradiografia bat egiten?...

Ordizian jaioa naiz, duela hirurogei urte eta zazpi senideko familia langile baten baitan, eta ni azkena naiz. Familia langilea izateak badu garrantzia nire bizitzan, hamabi urterekin —dirulaguntza bat lortuta— frankismoak izen ponpoxo batekin bataiatutako Gijongo Lan Unibertsitatera joan bainintzen, hau da hiri hartako Lanbide Eskolara. Egia esan, ez naiz gizon iaioa izan esku lanetarako, baina ikasten hasi nintzen.

Han ezagutu nituen jesuitak eta batez ere batek markatu ninduen: Adolfo Chércoles, andaluziarra. Bere izaerak eta gu tratatzeko erak liluratu ninduten eta mundu berri bat ireki zitzaidan. Eta nire barnean esan nuen: honen antzekoa izan nahi dut. Ez zen Jainkoarekiko erakarpena bakarrik harengandik jaso nuen mezua, baizik eta, batez ere, maitasuna eta besteekiko errespetua.

Loiolara hurbildu nintzen, eta Intxarraundieta jesuiten arduradunekin elkarrizketatu nintzen. Hamabost urte nituen, eta berak gonbidatu ninduen ikasketak aldatu eta Ordizian hasita neukan batxilergoa amaitzera. Eta Xabierrera joatea proposatu zidan. Etxean dirurik sobera ez edukitzeak ez zidan ikasketetarako eragozpenik sortu eta, gehiago, egoera horrek mundua eta bizitza beste modu batez ikusteko aukera eman zidan.

Xabierren bi urte eman nituen eta gero Donostian jarraitu nuen. Hemeretzi urterekin Loiolara etorri nintzen eta Legorburu nobizioen maisuak eskatu zidan unibertsitateko ikasketak burutzea. Lortu nuen nobiziagoan sartzea, hain zuzen ere hura itxi zen urtean, 1968an. Aurreko urteetan, bataz beste, berrogeina inguru ziren sartu berriak, 1967an hiru eta gure kasuan, berriz, bi lagun izan ginen. Beraz, Lagundian krisialdi ez den errealitatea 1967an hasi zen eta beste mundu berri bat zetorrela ikusteko datu bat gehiago izan zen hura. Vaticano II Kontzilioa iragana zen, Elizak ateak irekiak zituen... eta bat baino gehiago hoztu egin bide zen. Veruela zisterreko monastegira joan nintzen. Hura toki zoragarria zen, baina zisterrekoentzat eta ez horrenbeste jesuita izan nahi genuenontzat. Urtebete eman nituen, istiluak izan ziren gure protestaldiengatik, eta nagusiak konbentzitu ziren hura ez zela leku aproposa guretzat. Bizimodu hura ez zetorren bat gero izango genuen bizitzarekin.

Zaragozara eraman gintuzten, etxebizitza batera. Ezker-eskuin, nobizioak eta unibertsitateko karrera amaitzen ari zirenak geunden. Han zeuden, besteak beste, Jose Mañon fisikaria eta Alvaro Alemany matematikaria. Gure espiritualetatik begiratuta, bizitza arrunterako hurbilketa bat izan zen hura. Filosofia egiteari ekin nion Zaragozan eta filosofia hutsa Deustun jarraitu nuen, hiru urtez. Euskara ikasten ere hasi nintzen Santutxuko jesuiten komunitatean, Roman Garate irakaslea genuelarik. Hamabi ikasle ginen, tartean Patxi Goenaga. Euskal mundua ezagutzeko eta bizitzeko bide ederra gertatu zen hura.

Filosofia amaituta teologia ikasketekin segitu nuen. Lehen hiru urtean Deustun eman nituen, Santutxuko euskal komunitatean bizi nintzelarik. Roman Garaterekin ikasitako etikak zein giza balioek eta giza eskubideek betidanik tiratu nautenez gero, Alemaniara joatea interesgarria izan zitekeela iruditu zitzaidan. Hango filosofoen ikasgaietan sakondu nahi nuen eta aldi berean Karl Marx ikertu. Frankfurten bi urte eman nituen. Eta teologian lizentziatura amaituta Deustura itzuli nintzen doktoradutza burutzera eta klaseak ematera. Roman Garateren laguntzaile gisa aritu nintzen, giza eskubideei buruzko gaiekin, euskaraz. Lau urte egin nituen horrela.

Orduan arreba Kontxi hil zitzaidan eta hura barne iraultza bat izan zen niretzat. Nire bizitza osoa hankaz gora jarri zen: fedea, Jainkoa... Oso arreba maitatua nuen, seme txiki bat zuena, eta ez nuen ulertzen bere heriotza... Asaldatu egin ninduen gertaera hark, Jainkoarekin gaizki egotera eramateraino. Orduan Probintzi Nagusiari proposatu nion, gure hirugarren probazioa, hots gure heziketaren azken etapa burutu behar nuenez gero, Miguel Elizondorekin joatea Mexikora. Onartu egin zuen eta egonaldi izugarria izan zen Mexikokoa, opari eder bat bezalakoa. Hilabeteko gogo ihardunak oso ongi etorri zitzaizkidan eta Jesusen nekaldia libratzeko Jainkorik ez zela izan ohartu nintzen. Eta “Zergatik utzi nauzu?” adierazpenarekin, Jesusek mundu honetarako eta ez besterako erantzuna espero zuela ulertu nuen. Betegarria izan zen mexikar eskarmentua eta argi handia ekarri zidan. Heriotza, sufrimenduaren aurrean eta fedearen aldetik nolako jarrera dagokigun hausnartzeko egokiera izan nuen. Jazarpena eramangarria nola egin hobeto ulertzen lagundu zidan. Alde horretako herriaren esperientziarekin ere egin nuen topo, Guatemalan bizi zen arreba bisitatzera joan nintzenean indigenen mundua ezagutu bainuen...

Bada beste adibide bat euskal espektroan, Guatemalako indigenekin bizitzeak euskal kulturarako eta, nolabait ere, gizakiarekiko errekontziliazioa ekarri ziona: Iokin Zaitegi arrasatearra...

Ez naiz harritzen horrekin. Guatemalako jesuita bat ezagutu dut, senide batzuk gerrilariak zituena eta beraiekin ibiltzen zen, laguntza ematen. Gerrilaritzat hartu zuten agintariek eta izen ona zapuztu zioten. Berak esan zidan Insbrucken deskubritu zuela indigenen mundua.

Mexikoko egonaldia, beraz, oso emankorra izan zen niretzat. Espetxe beldurgarri batean lan egiteko aukera ere izan nuen, Pazifikoko Islas Maríasen, hain zuzen. Horren ondoren Euskal Herrira itzuli aurretik, orduko nire nagusia nuen Juan Plazaolari idatzi nion, nire burua ez nuela tesi doktorala Bilbon egiten ikusten adieraziz, eta tesia burutzeko nonbait ezkutatu beharko nindutela.

El Salvadorreko Unibertsitatean Sobrino, Ellacuria eta beste jesuita haiek eginiko planteamendu sakon bat nire baitan zegoen: Unibertsitatea, bai, baina zertarako? Noren zerbitzuan? Nolako karrerak? Nik uste nuen Deustun —nahiz eta Ameriketako komunitateekin alderatuta errealitate soziala desberdina izan— antzerako erreflexio serio bat burutu behar zela. Planteatu nuen gaia baina ez nuen nik espero nuena erdietsi eta, aldiz, Loiolarako bidea eskaini zidaten. Zertarako eta, eliz barrutiaren Azpeitiko Iraurgi ikastetxean klaseak emateko alde batetik, eta Loiolan genuen jesuitagai gazteentzako Eskola Apostolikoaren segida egiteko. Horregatik etorri nintzen Loiolara 1988an, artean azken zinak egin gabe. Eta hemen aurkitu nuen komunitate desberdin bat, giro desberdinarekin, batez ere euskalduna zelako. Lankide gehienekin euskaraz mintza nintekeen! Hiru urte eman nituen horrela.

Argazkia: Andrés Espinoza.

Hori kontuan izanda Deustun Roman Garaterekin lan egin zenuela...

Eta pozik, gainera! Oso lagun handia izateaz gain gizon argitsua zen, kristau petoa... Baina Loiolako Eskola Apostolikoaren gaineko nire betebehar hura ez genuen argi ikusten. Garai hartan, Afrikatik gaixorik itzuli zen Xabier Lesaka jesuita urrestildarra ikastetxez ikastetxe erakusten ari zen afrikar indigenekin izandako bere esperientzia. Bere azalpenen bitartez gazteen artean norbait jesuita izateko ilusionatzea zuen helburu. Baina ez zuen bat ere konbentzitu. Eta gero eta argiago nuen, jesuita izateko mundu normal batean bizi behar zutela gazteek, Loiolan itxita eduki gabe. Beraz, nire lana zentzugabekoa zen Eskola hartan. Onartu zidaten hura ixtea eta nire aldetik Guatemalara joatea planteatu nion Jose Luis Zinkunegi nagusiari, hango bere egonaldia amaitzear zegoen beste jesuita baten ordez. “Eta zergatik ez Herri Irratira?” erantzun zidan.

Kazetaritzari buruz ezer gutxi nekien. Baina Luxio Agirre zegoen Irratian, Santutxun elkarrekin egotetik ongi ezagutzen ninduena. Luxiorekin hitz egin nuen eta berak animatu ninduen, etika gaiak interesgarriak izango zirelakoan baitzegoen. Horrela sartu nintzen Herri Irratian, 1989an. Eta bertan eman ditut 21 urte.

Aipatu duzu lehen, Mexikoko espetxean izandako esperientzia. Eta dirudienez, hango hark bere jarraipena izan zuen Loiola Etxea izenekoarekin...

Duela hamar urte sorturiko proiektua da Loiola Etxea. Apala bere egituran izan da, baina garrantzitsua hainbat pertsonentzat. Bai espetxetik edo kaletik etorritakoentzat eta bai han bizi izandako hainbatentzat. Oso ideia xumea izan zen. Sortu aurretik, zenbait neska eta mutil gazte eta jesuita bat ari ziren Donostiako Martuteneko espetxean laguntza lanetan. Juan Ramon Trabudua zen jesuita, droga munduan ongi formatua. Esan behar da lehenik, espetxeko Karmelo kapelau pauldarrak, kartzelatik hiru eguneko irteera-baimenarekin irteten ziren seniderik gabeko pertsonentzat hark 1996an irekita zeukan etxebizitza erabiltzen zela aterbe gisa. Karmelo bera egiten zen erantzule pertsona haietaz, kartzelatik kanpo zeuden bitartean. Karmelorekin Juan Ramon Trabudua hasi zen lanean eta berarekin batera zenbait laiko ere bai. Konturatu ziren, ordea, espetxe barruko zenbait portaera errepikatzen zirela etxebizitza hartan —trapitxeoa eta abar— eta pentsatu zuten senide-modeloko beste formula bat behar zela pertsona haiekin bizitzeko. Eskaintza osoagoa, humanoagoa behar zela ikusi zuten. Eta Loiola Etxean ipini zuten begia. Ni nagusia nintzen garai hartan Altzako komunitatean eta Juan Ramonek planteatu zidanean Probintziako nagusia zen Ignacio Etxarterengana jo genuen. Gizon irekia genuen arren, gai sozialetan ez zuen esperientzia handirik. Baina gure ustekaberako baimena eman ziguten Loiola Etxea proiektu berrian erabiltzeko. Eta Etxartek berak proposatu zidan proiektu horren arduraduna izatea. Altzan oso gustura nengoen, komunitate txikia eta euskalduna zelako, baina beste mundu bat irabazten nuen bide berritik abiatuz.

Argazkia: Maider Sillero Alfaro.

Denetatik egon da proiektu zoragarri horretan: sufrimenduak, heriotzak,... baina baita itxaropena ere. Aukera izan dute pertsona duin batzuk bezala errespetatuak izateko... Jesuita eta erlijioso izanda, niretzat ere bizitzeko modu desberdina erakutsi dit, ebanjelioarekin lotura zuzen-zuzena duena, jende pobre eta senide gabekoekin arituz...

Erabaki horrekin konprometitu egiten zinen bizitzaren arlo ilunago batekin; ez zenuen euskalgintza utzi —horra hor Egunkaria— eta idazten duzu, non-eta kartzelan!: “Jesusen izpirituarekin bizi nahi dut...” Dena uztartu ahal izan duzu, solidaritatea alde batetik, euskal kulturarako grina bestetik... Orain, Egunkariaren auziko epaia nolakoa izan zen ezagututa, nola sentitzen zara zurrunbiloa pasatu ondoren eta zurekin egindakoaz hausnartuta gero?

Bada halako sentimendu bikoitza. Bata pozezkoa, zazpi urte luzetan zehar gure gainera eroritakoa zamaz eta bidegabekeria handiaz libratu ondoren. Amaitu da, esan dezagun, modu txukunean, izan ere epaia oso zorrotza izan da, oso argia eta nik nahi nuke horren bitartez ateak irekitzea hainbat pertsonari, uste baitut bidegabekeria bera ez bada antzekoa gerta daitekeela orain...

Udalbiltza aipatzen ari al zara?

Bai. Gogoan ditut horiek eta oraintsu bi urte luzez espetxean egon ondoren, guardia zibilak torturatuta egindako aitorpenak zirela-eta libre geratu diren gazteak ere bai... Baina Egunkariaren kasura itzuliz, garbi geratu da gu ez ginela ETAren aginduetara aritu. Noski egin genituela gure hutsak...

Edozein enpresatan bezala...

Hori da. Baina ez asmo gaizto batekin. Beraz, horretaraino pozezko sentsazioa da. Eta ondoeza ere sentitzen dut. Hor egon diren errespontsabilitate handiak, bai Del Olmo epaile instruktorearen aldetik, bai guardia zibilen buruen aldetik eta baita politiko batzuen aldetik ere... Egunkari bat ixtea ez da edozein enpresa ixtea. Hori epaiak berak ere aitortzen du. Eta orain ez dago inorentzako errespontsabilitaterik, ez dago erantzulerik. Ez naiz hitz egiten ari balizko mendekuaz; ez. Baina bai zuzentasunari, justiziari zor zaion erantzukizunaz. Estatu demokratiko omen den honetan ezin dira halako astakeriak egin.

Euskal gizarteak erreakzionatu al zuen modu zuzenean?

Nire ustez, oso erantzun handia izan zen. Luzea izan da prozesua eta nik uste dut hori gabe Madrileko epaia ez zela horrelakoa izango. Ibarretxe Lehendakariarengandik hasita, erantzun positiboa izan zelakoan nago. Euskadiko Autonomia Elkarteko alderdi politiko batzuetatik, sindikatuetatik, pertsona xumeengandik... oso babes handia jaso genuen.

Mundua ezagutzen duzu, kazetaritza ere bai... Ba al da itxaropenerako aukerarik?

Ez balego... akabo bizitza! Profesionalki ez naiz sentitzen kapaz komunikabideek nondik jo beharko luketen esateko. Baina pertsonak garen bitartean, zorionez beti egongo da norbait askatasunaren zirrikituen bila arituko dena. Zentzu horretan pertsonaren baitan dago irteera. Kristaua izan ala ez, sinestuna izan ala ez... badago pertsonak esperantzarako leihoen bila ari direnak... Prentsaren munduan ere bai, noski. Oztopoak handiak dira, hori egia da. Kontrola gero eta esku gutxiagotan egoteak dakartzanak. Baina hautsi egiten da! Ene ustez, behintzat, gizakia ulertzen dudan eran beti dago itxaropenerako aukera.

Argazkia: Maider Sillero Alfaro.

Orduan itxaropentsu ikusi behar zaitugu Euskal Herriari dagokionez ere bai...

Duela bi urte baino itxaropentsuago nago. Ez dakit zer aterako den mugimendu honetatik, ez bainaiz etorkizunaren igarlea, baina zerbait berria datorrela uste dut. Eta pausuak ezinbestean emango dira. Borroka armatuaren amaierak ekarriko du sufrimendu iturri handi batekin bukatzea. Eta horrek irekiko dituen ateak... Gure buruaren jabe izan nahi al dugu? Utopia behar dugu, ez ezer inposatzeko, noski, eskaintzeko baizik. Ezin gara misiolari ilunaren antzera aritu, ezin baita inor konbertitu. Euskal Herrian horixe behar dugu, utopiaren eskaintza, gure bizitzaren bitartez. Gure gazteak konbentzitu behar ditugu, euskal herri hau osatzeak merezi duela...

Utopia horrek utopia zaleak behar dituelakoan nago. Nola ulertzen da, beraz, zure moduko ameslari trebeak Euskal Herritik urrun beste abentura berri bati ekitea?

Ni ez naiz nire bidetik aldenduko. Utopia zaleak edozein tokitan egin dezake lan. Utopiaren altxorra aurkitu duenak, doan lekura eramango du berarekin. Lekua ez da bakarrik Euskal Herria. Zure herria maite baduzu, gero eta libreago nahi baduzu, kohesionatuagoa, etorkinen integrazioarekin, ditugun oztopo handiekin —bi Estatuak, kasu— labur esanda, zuk herri hori amesten baduzu, aldi berean amesten ari zara indigenen herriak edota Europakoak: Katalunia, Korsika, Galizia, Okzitania, Eskozia... Utopia bat nire mundura mugatzen bada ez da benetako utopia. Eta berdin esan genezake pertsonen mailan. Nik nire mundutxoa soilik zaintzen badut, gaizki.

Egia da Kubara noala. Baimena eman didate oraingoz han hiru hilabete egoteko, eta gero gerokoak. Funtsean, nik betidanik egin dut amets kanpora joatearekin, jesuita naizenetik. Beste modu batez konpartitu nahi dut nire bizitza besteekin. Epaiketa etorri denerako, nik bihotzean bi ideia nituen: Euskal Herrian geratuz gero Nafarroan euskal kulturaren alde lan egitea, alde batetik; eta Ameriketara joatea, bestetik. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroak probintzia bakar bat —Loiolakoa— osatzen dute jesuiten egituran eta ni Nafarroara bidaltzea ez zela hain zaila gertatuko iruditu zitzaidan. Eta horrela planteatu nuen, Lagundiak euskal kulturaren alde gehiago egin dezakeelakoan bainago. Baina ezetza jaso nuen, nire egoera oso berezia zelako, nonbait. Bigarren aukerari heldu nion, beraz: Kuba. Jesuita gutxi dago uhartean, presentzia ahularekin, unibertsitate edo ikastetxerik gabe. Hori abiapuntua zen, eta gero Kubako egoera ere izan nuen gogoan. Kuban egin den gauza asko estimatzen dut. Alderdi ilunak ere badira. Baina maite dut han egin dena eta lortu duten errealitatea, nahiz eta aldrebesten ari den. Nire burua, beraz, oso ondo ikusten nuen Kuban, eta Mateo Ricci jesuita italiarrak Txinan bezala, adiskidetasun mailako presentzia indartu nahi nuke. Kristau komunitatea zabaldu, haiekin eukaristia ospatu eta —askatasuna baldin badugu— bakoitzaren gorabeherak konpartitu, horixe nahi nuke burutu. Txema Auzmendi (Ordizia, 1949) Batxilergo ikasketak Ordizian hasi zituen eta 1962an Gijon-eko Lanbide Eskolara joan zen. 1964tik 1966ra Nafarroako Xabierren amaitu zuen batxilergoa. 1966tik 1968ra Donostiako Jesuiten ikastetxean ikasi zuen eta 68an, 19 urte zituela, Jesulagundian sartu zen (1978an apaiztu zen). Ondoren, Filosofia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Teologian lizentziaduna egin zen Frankfurten (Alemania) 1978tik 1980ra. Doktoregoa egin zuen Deustun, eta bertan Roman Garateren laguntzailea izan zen 1980tik 1984ra. Urte bete eman zuen Mexikon eta 1985ean Azpeitiko Loyolara abiatu zuten, bertan hiru urte eman ondoren, 1988an Herri Irratian hasi zen lanean. Donostiako Altzako etxean 12 urte igaro ondoren Loiolaetxera mugitu zen irratiko lana utzi gabe. Egunkariaren kasua bukatu dela Kuban dago jesuiten lana aurrera eramaten.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Santos Bregaña. Diseinatzailea: Iritsi da euskal kulturaren mundu ezti eta bikain hori aldarrikatzeko garaia

 

Irakurri

Iñigo Lavado. Sukaldaria: Ni ez naiz artista, nik zerbitzu enpresa bat daukat

 

Irakurri

Garbiñe Biurrun. Epailea: Gizarteak sinesten du justizian

 

Irakurri

Antonio Sánchez Escudero. Kanpo merkataritzan lizentziatua: Zerbait eginarazten dizun indar handi bat duzunean, badakizu azkenean lortu egiten duzula

 

Irakurri

Francisco Xavier Medina. Antropologoa: Elikagaien segurtasuna inoiz baino handiagoa da gaur egun

 

Irakurri