Vicente Zaragüeta Laffite. Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoko Presidentea: Aquariumean garrantzitsuagoa da ikusten ez den lana jendaurrean agertzen dena baino

2008-02-29

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoaren mendeurrenak eta buruan dituen beste hainbat proiektuk betetzen diote denboraren zatirik handiena, baina Vicente Zaragüetak tartetxo bat egin digu bere agendan, elkarrizketa honetarako. Aquariumean jarri digu hitzordua eta museoko dendan egin digu harrera. “Obretan gaude”, esan digu. Han, bulego inprobisatu hartako besaulkietan eserita, adiskidetsu hitz egin dugu Aquariuma bizitza duen gizon honekin. Aquarium-ak sortzen dion ilusio eta pasioa ez ezik, gauzak ondo egiteko daukan indarra eta gogoa ere transmititzen du Zaragüetak.

Beno, Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoak 100 urte...

Bai, 100 urte! Eta uste dut une egokia dela gure aurrekoak gogora ekartzeko: Aquariumaren historia eta hau sortu zutenak gogora ekartzeko unea da. Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoa 1908an eratu zen, baina 1928ko urriaren 1ean Aquariumeko Itsasoko Jauregia inauguratu zen. Alfontso XIII.a, Maria Cristina eta Victoria Eugenia errege-erreginek inauguratu zuten. Une hartan Primo de Rivera jenerala zen Gobernuburu eta nire aitonak, Vicente Laffite Obinetak, egin zien harrera Aquarium berri-berri hartan. Garai hartan hura zen presidente.

Barkatu etetea, baina aitonarengandik jaso al zenuen itsasoarekiko maitasuna?

Ez, egia esan, beste adar batzuetatik etorri zait.

Jarrai dezagun historiaz mintzatzen.

Ados, jakina. Aquarium eder honen arkitektoa Joan Carlos Guerra izan zen. Beste pertsona garrantzitsu bat, Gipuzkoako Elkarte Ozeanografikoaren eraketan eragina izan zuena, Alberto I.a Monakoko printzea izan zen. Garai hartan hartu-eman handia zegoen Monakoko Aquiarumarekin eta printzea sarritan etortzen zen hona. 1903an bere yatearekin egin zigun bisita. Sekulako ilusioa zeukan Donostian ikerketa-laborategidun Aquarium bat izan genezan. Horregatik, aisialdirako Aquariuma sortzeaz gain, kontu handia jarri zen ikerketak lekua eduki zezan. Horixe zen ardura nagusia.

Donostiako Aquariumeko laborategiaren lana garrantzitsua izan da lehen momentutik.

Oso garrantzitsua izan da. 1912an kaiko San Pedro elizan ikerketarako laborategi bat ireki zen eta horretan zerikusi handia izan zuten Pedro Soraluce eta Joan Migel Orkolagak: azken horri “aita Borroskas” esaten zioten. Igeldoko Behatoki Meteorologikoko zuzendaria zen eta gai horretan aditu handia. Baina ezin dugu ahaztu Gregorio Eskoriaza jauna ere, zentro hori eraikitzeko laguntza handia eman zuen itsas armadako komandantea. Napoliko Itsas Zoologia Estazioko Marco Fedebe irakasleak zuzendu zuen eta barruko instalazio guztiak eta akuarioak muntatzeaz arduratu zen.

Hasiera haietan, zer departamentu zituen Aquariumak?

3 sail izan zituen: arrantza eskola, Espainian lehena, ikerketarako laborategia eta Itsas Museoa.

Pentsatzen dut Aquarium handi hau sortu aurretik nolabaiteko beste “haziren” bat izango zela, museo hau sortzeko urratsak abiaraziko zituen beste zerbait...

Aquarium honen aurretik beste txiki eta apalago batzuk izan ziren, Miramar zinema zegoen tokian, gaur egun Club Nautikoa dagoen lekuan... Kezka handia zegoen eta horrek izugarri lagundu zuen Aquariuma sortzen. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari esker Batzorde Ozeanografiko bat sortzeak ere zerikusi handia eduki zuen. Eragin handia izan zuten ikerketaren inguruko gai guztietarako. Garai hartan Manuel Añibarro zen RSBAPeko presidentea.

Egin dezagun denboran aurrera. Goazen 1998ra, museoaren instalazio berriak inauguratu ziren urtera.

Gertaera garrantzitsua izan zen hori ere Aquariumaren historian. Paseo Berriaren azpitik, handitu egin ziren instalazioak, eta tunela erantsi zitzaion; berrikuntza handia izan zen, Espainiako lehena, eta jakina marrazoak... ekarri genituen. Beste garai inportante bat hasi zen hor, oso instalazio modernoekin, laborategikoak barne, horiek ere handitu egin baitziren. Orduan bezala orain ere laborategiak funtsezko garrantzia dauka (berdela, antxoa eta abar ikertzen ari gara).

Zenbat bisitari hurbildu ziren 1998ko inaugurazioan zehar?

Urte hartan zehar 600.000 pertsonak bisitatu zituzten instalazioak, baina orain bisitari kopurua 350.000 pertsonatakoa da.

Zer publiko mota ditu?

Haurrak, familiak..., baina baita pertsona nagusiak ere. Denetik apur bat. Munduko bazter guztietatik etortzen zaizkigu: frantziarrak, ipar amerikarrak, ingelesak...

Eta posible ote da lehen inaugurazioaz geroztik zenbat bisitari izan diren jakitea?

12 milioi pertsona!

Kanpotik begiratuta, badirudi Aquariuma oso integraturik dagoela hirian...

Bai, hiriak eta hiritarrek maite dute eta sekulako pisu espezifikoa dauka.

Azkenaldian Aquariumera hurbildu direnek ikusiko zuten lanekin jarraitzen duzuela. Zertarako dira azken berritze-lanok?

1908ko Aquariumaren instalazioak berritzen ari gara orain. 1998an gune berri bat inauguratu zen eta orain alde zaharra berritzen ari gara, 1908an eraiki zena. Barrutik dena hustu da, lau paretak bakarrik utzita, hondamena nabarmena baitzen, giroan dagoen gatzaren eraginez.

Eta noizko lanen amaiera?

Instalazio berriok aurtengo urria edo azaroa aldera inauguratuko ditugu, mendeurrenari garrantzia emanez. Laborategi handitua ere inauguratuko dugu eta horrekin batera, eta hau oso garrantzitsua da, etorkizuneko Aquariumaren lehen harria jarriko dugu; bakar-bakarrik atun-espezietara eta atunen ikerketara bideratua izango da gune berri hori. Proiektu berri hori Europako lehen zentroa izango da arlo horretan. Horretarako, teknikariak eta biologoak, Aztikoekin batera, Kalifornia eta Japoniara joan dira, han aurreratuago baitaude ikerketak. Berebiziko garrantzia izan behar du horrek ikerketarako, baina baita ezagupenak transmititzeko ere.

Ikertegi garrantzitsua da Aquariuma...

Bai, espezieen portaeraren inguruko jarraipena egiteko aukera izango da, nola erlazionatzen diren, nola erreproduzitzen diren jakiteko, hori itsasoan ezinezkoa baita. Horrenbestez, espezie bat gainbeheran dagoenean oso eginkizun garrantzitsua izan dezakete Aquariumek. Adibidez, antxoari buruz egin ditugun ikerketei esker oso ondo ezagutzen dugu arrautzak jartzetik larba izatera arteko bidea: nola hazten diren... azken batean, prozesu osoa. Eta txosten horiek munduko aldizkari garrantzitsuenetan argitaratu dira. Aquariumean garrantzitsuagoa da ikusten ez den lana jendeari begira egiten dena baino.

2008 oso urte garrantzitsua eta gertaeraz betea izango da. Gogoratuko ditugu?

Bai, oso urte garrantzitsua izango da. Aurten mendea betetzen dugu, Aquarium zaharra berriro inauguratu eta aldi berean berriaren lehen harria jarriko dugu; 2009an hasi nahi genuke hori.

Aurten inauguratuko dugunak 15 milioi euroko inbertsioa eskatu du: Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak % 87,5 ordaindu dute. Erabat eskertu nahi dugu erakunde horiek izan duten sentsibilitatea, ongi ohartzen baitira Aquarium bat edukitzearen garrantziaz, ikerketa-zentro gisa eta baita aisialdi eta kulturako gune gisa ere, erakarpen turistikoa den aldetik. Aquariuma museo bisitatuena da Guggenheim museoaren atzetik eta, beraz, oso errentagarria da. Guri inbertitzen laguntzen digute, baina errentagarri egiten dugu inbertsioa.

Enpresa berritzailea dirudi.

Erabat. Nik esaldi bat esan ohi diet langile guztiei: “Gaurko jakintza biharko ezjakintasuna da, eguneratzeaz arduratzen ez bagara”. Beraz, sehaskatik hilobira arte ikasten.

Jakinduria handiko esaldia... Zenbat langile ditu Aquariumak?

25 lagun. Gutxi, baina oso langileak gara. Sekulako ilusioa dago eta horri bultza egiten saiatzen naiz ni. Gainera, jende gaztea da, emakumeak gehienak. Eta bada beste gauza bat Aquariumean asko zaintzen duguna: irribarre batek bihotzak irekitzen dituela. Harrera ona egiten jakin egin behar da. Auditorium garrantzitsua daukagu eta bilerak eta hitzaldiak izaten ditugu, jende askok bisitatzen gaitu eta garrantzitsua da harrera ona egiten jakitea.

Bilerak, hitzaldiak... eta baita Itsas Biologiako Europa mailako Masterra ere.

49 ikaslerekin hasi gara, eta eskolak emate-lanetan hauek ari dira: Southampton National Oceanographic Centre, Bordeleko lehen mailako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Azti eta gu geu, Aquariuma. Aurten emango ditugu lehen tituluak. Baina ez hori bakarrik, zertan espezializatu behar duten ere bideratzen ari gara eta ikasle horiek hiru Unibertsitate horietan lan egin ahal izango dute. Oso jende prestatua aterako da hemendik.

Horrenbestez, lehen aipatu dituzun kultura aisialdiaz eta ikerketaz gain, irakaskuntzan ere badiharduzue.

Hiru elementu dira: kultura-aisialdia, ikerketa eta irakaskuntza. Baina bada beste bat ere, nola definitu ez dakidan arren, zoragarria: ostiral gauero ikastoletako umeak etortzen dira tunelaren azpian lo egitera, beren lo-zakuarekin. Zergatik? Haurrak sentsibilizatzeko eta etorkizunean natura, ingurumena zain dezaten... eta baita etorkizuneko biologo bokazioak pizteko ere! Eta eginkizun hori oso garrantzitsua da, behetik hasita gora lan egitea.

Masterra garrantzitsua izango da Donostiarentzat ere.

Munduko biologorik onenak etorriko dira, hitzaldiak ematera, ikertzera... jakintzaren trukatze garrantzitsua izango da japoniar, frantziar... mundu guztiko jendearen artean. Eta batez ere, funtsezkoa da Unibertsitatea Enpresara eta Enpresa Unibertsitatera ekartzea. Eta horrek sekulako maila emango dio Donostiari.

Lehen esan dugun moduan, Donostiako hiriak maite du Aquariuma eta guk ez dugu Aquariumagatik bakarrik egiten, hiriagatik ere bai.

Aquariumari 100 urte hauetan gertatu zaion gauzarik onena?

Izan duen etorkizun-sena izan da onena. Orainarekin, errutinarekin ez dela konformatu, gure etsairik handienak (Aquariumarentzat, zuretzat, niretzat...) errutina eta beti betikoan jarraitzea dira. Nik ihes egin izan dut beti bi lakra horietatik, horiexek baitira gure etsairik handienak. Jende asko konformatu egiten da, baina ez da ona. Oraindik hilabete asko falta da Aquarium berria inauguratzeko, eta dagoeneko hurrengo proiektua daukagu buruan.

Eta urte hauetako txarrena?

Bidean aurkitu ditugun zailtasunak. Bilakaerak berezko dituen zailtasunak izan dira, baina aurrera egiten da bilakaera hori guztion onerako dela ingurukoak konbentzituta.

Aquariumarentzako desio bat. Atzetik datozenek kate zoragarri honetan maila bat gehiago jartzea nahi nuke nik. Nik presidentzia amaitzen dudanean, atzetik datozenak ere etorkizunarekin ilusioa eta kezka daukaten pertsonak izatea, hau ikaragarri hobetu nahi duten pertsonak.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Enrique Zuazua Iriondo. Matematikaria: Matematika jarduera intelektuala ez ezik, humanistikoa ere bada

 

Irakurri

Carlos Garaikoetxea. Politikaria: Paktismoak, benetakoa bada, berdinen artekoa izan behar du, eta hemen, orokorrean, paktismoa desberdinen arteko borrokaren emaitza izan da

 

Irakurri

Josu Aramberri Miranda. i2BASK Sare Akademikoaren koordinatzailea eta UPV/EHUko irakaslea: i2BASK Sare Akademikoak ikerlarien ingurugiroa lagunkoia izateko zerbitzu eta azpiegiturak eskaintzen ditu

 

Irakurri

Odile Kruzeta. Euskadi Irratiko zuzendaria: Euskaraz lan egiten dugun hedabideok euskal esparru komunikatibo bat osatu beharko genuke

 

Irakurri

Amando Pavía. Gehitu elkarteko presidentea: Ume eta nerabe gay eta lesbianei berdintasunezko mezua heldu behar zaie, gainerako ume eta nerabeen berdinak direla dioen mezua

 

Irakurri