Blanca Gomez de Segura: "Une hau egokia litzateke euskal zeramikaren inguruan ikerlan sakon bat egiteko"

1999-10-01

AGIRRE, María

Entrevista: Blanca Gomez de Segura, Euskal Buztingintza Museoko Zuzendaria Blanca Gomez de Segura, Euskal Buztingintza Museoko Zuzendaria "Une hau egokia litzateke euskal zeramikaren inguruan ikerlan sakon bat egiteko" * Maria Agirre Egun, Ollerietan ez da buztinik ikusten. Egon badago, baina orain dela hogei urte Arabako inguru horretan egin zen urtegiak estaltzen du. Uraren eta nola ez, bizimodu berriaren eraginez, Ollerietak galtzen ikusi du garai batean herrixka horretan nagusi izan zen ofizioa: buztingintza. Harik eta Blanca Gomez de Segura bertara hurbildu zen arte. Ollerietan geratzen zen buztingile bakarrari esker ofizioa ikasi eta berreskuratzeaz gain, Euskal Zeramikari buruzko museoa irekitzeko gai izan da Blanca Legutiotik bi kilometrora dagoen herrixka horretan. Buztina Kataluniatik ekarri arren, aspaldi Ollerietan eta oro har Euskal Herri guztian egiten ziren zeramikak egiten jarraitzen du Blancak. Zer egiten du Ollerietan markinar batek? Orain dela hogei urte, arte eskola bat sortu genuen Markinan. Eskola horretan makramea, pintura eta zeramikari buruzko eskolak ematen ziren. Horrela, zeramika artistikoa ikasi nuen, baina euskal zeramika ezagutu nahi nuela eta, Ollerietara etorri nintzen Joxe Ortiz de Zarate ezagutzeko asmoz. Joxe zen, herri honetan geratzen zen azken buztingilea. Hasierako asmoa, Bizkaiko Diputazioak emandako bekari esker ikerketa bat egitea izan zen, baina konturatu nintzen, ez zela nahikoa ikerketa egitea. Buztina hartu, eta aintzinako ofizioa berreskuratu beharra zegoen. Ofizioa ikasteaz gain, Joxerena izandako baserrian bizi zara egun. Joxe hemen bizi izan zen, Olleria izeneko baserri honetan. Etxetik gertu urtegia egin zutenean, berriz, buztinik gabe geratu, laborari izatera pasa eta Joxe alboko etxe batetara joan zen bizi izatera. Ni etorri nintzenean, baserria abandonatuta eta jausteko zorian zegoen, baina erostea erabaki genuen. Hasieran, ofizioa eta baserria berreskuratu, eta ondoren, orain dela sei urte, Euskal Herrikozeramikari buruzko erakusketa jasotzen duen museoa zabaldu genuen baserrian bertan. Horrez gain, labea ere berreskuratu dugu. Orain dela berrogei urte egin zen azken labakada baserri honetako labean. Egia esan, prozesua luzea eta neketsua izan da. Nire senarra, bi alabak eta ni neu burubelarri sartu ginen, eta azkenean aurrera egitea lortu dugu. Ekimen pribatua izugarria izan zen hasieran, baina une batean konturatu ginen administrazioaren laguntza beharrezkoa zela, guk bakarrik ezin genuela aurrera egin. Azkenean, laguntza hori etorri egin zen eta %20koa izan arren, proiektuak aurrera egin ahal izatea ahalbidetu zuen. Honek guztiak aurrera egiten jarraitu dezan, Arabako Diputazioarekin hamar urterako hitzarmena daukagu sinatuta. Horren arabera, Diputazioak laguntza txiki bat ematen digu, gutxienez, gastuei aurre egiteko. Beraz, Ollerietan garai batean buztingintza zen nagusi. Iharduera horrek eman zion izena. Ollerias, olla tik dator, latinetik datorren hitza da. Araban badira horrelako herri gehiago, adibidez, Ullibarri de los Olleros. Bilbon ere bi kale daude: Ollerias altas eta Ollerias bajas. Garai batean, nahi beste buztin zegoen Ollerieta inguruan, eta bost eltzetegi zeuden. Ni heldu nintzenean, ostera, Joxek ez zuen tornorik ezta laberik ere. Horregatik, tramankulu horiek guztiak ekarri genizkion ofizioa niri irakats ziezadan. Oilotegi batean labea eta bi torno txiki jarri, eta han pasa nituen hamar urte ofizioa ikastean. Nik Joxeren belaunaldiko lau buztingile ezagutu ditut, eta egun hiru daude bizirik. Joxe zaharrena da, 86 urte ditu eta dekanoa dela esan dezakegu. Bestea bere lehengusu bat da, 75 urte dituena. Hirugarrena ere arabarra da, eta 72 urte ditu. Hirurak buztingileak dira, baina tailerrik ez dute. Buztingile izateari utzi ziotenean, guztia saldu egin zuten. Euskal Herriko zeramikaren inguruan ere asko ikertu duzu. Nik batez ere formen eboluzioa aztertu dut, azken 100 urteetako joera zein izan den. Bestalde, piezen kontserbazioan jarraitu beharrekopauso batzuk ere zehaztu ditugu. Hala ere, zeramika, Euskal Herrian oso gutxi ikertu den arloa da. Azken hamar urteetan bultzada bat eman diogu, baina oraindik hutsuneak daude. Gaur egun zeramikaren inguruan ikerlan batzuk egiten ari garenok ez gara akademikoak, ez gaude horrelako lanak egiteko prestatuta. Informazioa jasotzen dugu baina horri guztiari forma emango dioten historialariak falta dira. Museo honekin sakabanatuta zegoen informazioa biltzea lortu dugu, eta une hau egokia litzateke ikerlan sakon bat egiteko. Apurka apurka lortuko dugu zeramika unibertsitatera gerturatzea, nahiko banatuta egon baita. Garrantzitsuena izan da, hainbat pieza biltzea lortu dugula. Kofradietara hurbildu eta 450 pieza jaso ditugu. Seguru pieza gehiago izango direla, baina guk batzuk bildu ditugu. Kofradietako ontziak bereziak izaten dira, buztingileak kofradietarako pieza landuagoak egiten baitzituen. Kofradia gehienetan, gainera, dokumentazioa dago, eta agiri horietan agertzen da idatzita zein urtetan erosi zuten pieza bakoitza. Horrela pieza bakoitzari bere fitxa jarri diogu, eta orain, ikerlan sakon eta historikoa egitea falta da. Zeramikan badago zer ikertu, adibidez, pintore batzuk margotutako zeramikak. Badira Arrue, Zuloaga, Goiko edo Amanek dekoratutako zeramikak. Pieza horiek bakarrak dira eta ikertu egin beharko lirateke. Lehenengo ofizioa, gero baserria, azkenik museoa. Baduzu beste ametsik? Jakina. Labearen erreplika bat egin nahi genuke, urtean behin aintzina egiten zen eran labakada egiteko. Aspaldi, mendira joan, otea jaso, eta gurdiarekin ekartzen zuten. Labean 8.000 pieza inguru sartu, eta otea errez 1.000 graduko tenperatura lortzen zuten piezak erretzeko. 1.000 gradu lortzeko, 20 gurdikada ote erre behar izaten ziren. Pentsa zelako lana izaten zen! Esan bezala, baserri honetan 1958an egin zuten azken labakada. Polita izango litzateke berriro ere aintzinako eran labakada egitea. Bestetik, aurrera begira baserria handitu nahi genuke, eskola bat irekitzeko museorilotuta. Nire ustez badago ofizio hau ikasi nahi duen jenderik, baina hemen ez daukagu hogei lagunentzako tokirik. Hala ere, eskolarena beste era batean egingo dugu, inplikazio pertsonala ez da hain handia izango. Eskola ireki nahi dugunez, Alemaniara eta Kataluñara joan asmo dugu eskola eta tailerra biltzen dituen proiektu batzuk ikustera. Ez dugu, etorkizunik izango ez duen zerbait irakatsi nahi. Buztingintza berpiztea da eskolaren helburua? Joxe Migel Barandiaranek 100 urte bete zituenean zera esan zigun buztingintzan ari ginen talde bati: "gazteok, ahal duzuen guztia ikasi, eta ikasitakoa irakatsi". Hemen ere hori egin nahi nuke. Nik ez dut ezer lortuko Joxek erakutsi didan ofizio hau beste batzueri irakasten ez badiet. Hala ere, garbi utzi nahi dut ofizio hau ez dela bi edo hiru urtetan ikasten. Bost edo sei urte behar dira ondo menderatzeko. Nik uste merkatuan aukerak badaudela. Gaur egun gure etxeetan jartzen ditugun zeramikak kanpoan egindakoak dira, batez ere mediterranear aldean. Baina gure estetika ez da berdina, eta hemengoa ere iraun arazi beharko genuke. Zein pieza egiten dituzu tailerrean? Alde batetik enkarguak eta bestetik erreprodukzioak, hau da, museoan dauden piezak eta Joxek egiten zituen berdinak egiten ditugu. Euskal zeramika oso erabilgarria da, eguneroko bizitzan erabilgarriak diren piezak dira nagusi, eta guk ere gauza erabilgarriak egiten ditugu: ontziak, platerak, lorontziak, pitxarrak... Dekorazioa ere berreskuratzen goaz, zeren hutsunea egon da. Uste zen Euskal Herriko zeramikan kolore txuria zela nagusi, baina ikusi dugu ez zela horrela. Urdina, berdea eta beste kolore batzuk ere erabiltzen ziren apaingarriak egiteko. Zer dio Joxek berea izandako etxea museo bilakatuta ikusten duenean? Pozik dago, konturatzen baita gaur egun jendeak zeramikari begirunea diola, eta ofizio honek errekonozimendua lortu duela. Apur bat kostatu zaio, badakizu ni emakumea naiz eta betidanik buztingileak gizonezkoak izan dira, baina kontent dago aurrera egindudala ikusi baitu. * Euskal zeramika ikusgai museoan * 1993ko apirilean ireki zuten Euskal Buztingintza Museoa Ollerietan. Museoko kolekzio osoa 1.500 piezek osatzen dute, baina erakusgai, adierazgarrienak daude bakarrik. Gainontzekoak biltegian gordetzen dira. Pieza guztien katalogazio lana egina dagoenez, ikertzaileek aukera dute biltegian dagoena ordenagailu bidez kontsultatzeko. Historiaurreko eta Ertaroko piezak Arabako Museo Arkeologikoan gordetzen dira, eta Ertarotik aurrerakoak Ollerietako museoan. Museora hurbiltzen denari, baserria zergatik berreskuratu duten azaltzen zaio lehen lehenik. Gero, zazpi ataletan sailkatuta dagoen erakusketa ikustera gonbidatzen zaio, hori ere azalpenekin lagunduta egiten delarik. Labur labur honako zeramikak ikus daitezke: sutan janariak egiteko erabiltzen ziren eltze, kazuela eta lapikoak; sukaldean erabiltzen ziren ontziak, hau da, janariak prestatzeko, likidoak edukitzeko edo mahaira ateratzekoak; ura garraiatzeko eta biltzeko erabiltzen zirenak oraindik etxeetan urik ez zegoenean eta iturritik ekarri behar izaten zenean; txerri hiltze eta janari kontserbatarakoak: barriñoiak, tinakoak...; eta erabilera erlijioso eta apaingarrietakoak: lorontziak.... Gainera, Zornotzatik ekarritako torno bat eta eraikuntzako zeramikak ikus daitezke, teilak... Bukatzeko, etxean osagarri gisa erabiltzen ziren gainontzeko ontziak: erabilera sanitariokoak, edo norbere burua garbitzeko erabiltzen direnak. Baina museoa bizia da, eta bertara hurbiltzen denak zeramikak ikusteaz gain, aukera du ofizioa zelan egiten den ikusteko. Blanca, honen alaba eta beste laguntzaile bat egunero aritzen dira piezak egiten museoaren lehen solairuan dagoen tailerrean. Torno elektrikoan buztinari forma nola ematen dioten, eta labe elektrikoan zelan sartzen dituzten ikus daiteke gertu gertutik. Bukatzeko, baserriaren alde batera dagoen eta monumentu izendapena duen labea erakusten zaio bisitariari. Labea kanpotik eta barrutik ikusita. Makina bat jende hurbildu da museohonetara. Iaz, adibidez, 9.000 lagunek bisitatu zuten museoa eta aurten kopuru hori handitu egingo dela uste du Blancak. Horietatik erdiak ikasleak izaten dira, eta gainontzekoak euren kabuz datozen bisitariak. Uda inguruan, Kataluña, Madril eta Valentziako jendea erruz hurbiltzen da. Bestalde, Bilboko Guggenheim ikusi eta ondoren Errioxara doazen atzerritarrek ere egiten dute geldialdia museoa ikusteko, eta euskal zeramiko piezaren bat erosteko. Izan ere, Blancak eta bere taldeak egindako zeramika salgai dago. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 48.zbk (1999 / 10 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Iñigo Mujika:"Kreatina onuragarria izan daiteke kirolariarentzat, eta osasunerako ez da kaltegarri"

 

Irakurri

Eneko Olasagasti: "Gure merkatua ez da ikus-entzunezko ekoizpenak amortizatzeko gai"

 

Irakurri

Rafael Aguirre Franco: "Erabat aldatu da herri kirolen mundua"

 

Irakurri

Antonio Roa: "Donejakue Bidea erabat aldatu da, alderdi espirituala atzean utzi baita"

 

Irakurri

José Antonio Etxenike: "Kursaalarekin, Donostiak eta Gipuzkoak, espreski musikari eskainitako gune bat izango dute"

 

Irakurri