Nestor izenak berak asaldura erakusten du, zure jaioterrian, Bermeon, ez baitzen ohikoa izango izendegian arakatzen aritzea.
Nire izenak diktadura bati aurre egitea adierazten du. 1924an jaio nintzen, Primo de Rivera gobernu-buru zela, eta izen autoktonoak debekaturik zeuden. Nire aita EAJko diputatu zen Espainiako Gorteetan eta euskal izen bat ipiniz bataiatu nahi ninduen. Baina hori ezinezkoa zenez, Nestor aukeratu zuten; ez dakit, ordea, Iliadako pertsonaiarengatik edo santuen izendegian aurkitu zuen Erromako abokatu martiarengatik izan zen...
1924tik 1936ra bitartean Bermeon; orduan hasi zen zure bidaldia...
Bermeon gerra zibilera arte egon nintzen. Zaila gertatu zitzaigun gerra piztu zela jakitea. Gogoan dut Otxandio bonbardatu eta hildakoak berrogeita hamarretik gora izan zirenean, bermeotarrok oraindik ere geure buruari galdetzen geniola: “baina, zergatik?”. Laster eman zuten emakumeak eta haurrak Bermeotik irteteko bandoa eta Donibane Lohitzunera joan ginen.
Eta orduan hasi zen Nestor ibiltaria...
Behartutako ibiltaria izan naiz, gerra zentzugabe eta beldurgarriak behartu ninduelako. Donibanetik Parisera joan ginen, nire aitak hiri hartako euskal ordezkaritzan lan egin baitzuen. Hain zuzen ere, 1937ko Erakusketa Unibertsala inauguratu zenean heldu ginen Parisa. Espainia errepublikarrak erakusketan zuen standa eta standeko edukiak (gerrari buruzko filmak, errefuxiatuenak, etab.) guztiz kontrajarriak ziren, penintsulan bizi zen gerraren ondorioz. Nik 14 urte nituen, baina argi ikusi nuen hango errealitatea: eszenografia zoragarria eta, eduki modura, nahigabe izugarria.
Gernika bonbardatu zuten eta pabiloiko arduradunen ustez mural bat egin behar zen; eta ahal izanez gero, artista euskaldun batek egin behar zuen. Nire herrikide eta erakusketa hartako euskal esparruko komisarioak, Jose Mari Ucelayk, berehala jo zuen Biarritzen zegoen Aurelio Artetarengana, eta pentsatu zutena azaldu zion; Artetak, ordea, uko egin zion gonbidapenari, Mexikorantz ontziratzeko zorian zegoelako. Artetak ezezkoa eman ondoren, zalantzarik ez zegoen Picassok egin beharko zuela.
Europatik ozeanoaren beste aldera...
Parisen geundela mundu-gerra piztu zen. Ni batxilergoa ikasten ari nintzen. Amonarekin hegoalderantz abiatu ginen eta gurasoak hiriburuan gelditu ziren. Horrela heldu ginen Marseillara. Han Alsina itsasontzi ospetsua kontratatu zuten eta hura abiatzeko zain zeudenen artean Alcala Zamora zegoen. Ordurako Gestapok erosotasun osoz lan egiten zuen eta Francoren koinatuak, Serrano Suñerrek, salatari-lanak egiten zituen, egoki irizten zituenak salatuz. Orduan atxilotu zuten Rafael Picavea, El Pueblo Vasco egunkariaren bultzatzaile eta zuzendari izan zena, ontzi barruan zegoela.
Gizonezkoak brankako sotoan sartu gintuzten, eta emakumeak, berriz, txopakoan. Dakarrera heldu, eta han lau hilabetez eduki gintuzten. Ez aspertzeko, hamabostean behin jaialdia antolatzen genuen brankan: biolinista judu bat, Errusiako baleta eta euskaldunok, geure abesbatza eta guzti. Ikuskizun sinestezina, Dakarreko badiako gauean. Egun batean, handik Casablancarantz abiatu ginen; Casablancan beste bi hilabete egon ginen eta gero Indalecio Prietok Mexikora pleitatutako Quanza izeneko itsasontzi batean sartu gintuzten. Nik, egia esan, probetxu handia atera nion bidaiari, bidaian zehar marrazten aritu nintzelako. Azkenean heldu ginen Mexikora, eta han euskaldun gehienak jaitsi ziren, laurehun inguru. Gu, berriz, La Habanan geldialdia egin eta Buenos Airesa joan ginen. Marseillatik irten ginenetik urte eta erdi igaro zen Argentinako lurra zapaldu genuenerako. Ni hemeretzi urte nituela heldu nintzen. Egun batzuk geroago, Jose Bago mediku donostiarrarekin topo egin genuen; marrazten trebea nintzela jakin zuenean, lana eskaini zidan Nestlé multinazionalaren publizitate-agentzia batean.
Buenos Airesa heldu eta bidean ia lizentziadun egin zara Arte Ederretan. Hiri horrek adierazten ote du zure bizitza artistikoaren hasiera?
Bai, hainbat arrazoi tarteko, Buenos Aires nire ibilbide artistikoaren abiapuntu da; agentzian goizez bakarrik lan egiteko aukera eman zidatenez, arratsaldetan margotu egin nezakeen. Salon Nacional-en, berriz, atzerriko artistaren saria eman zidaten. Eta artista berrientzako beka ere irabazi nuen.
Ordukoa al da harremana Saski Naskirekin?
Bai. Luis Mujika eta aita Madina izan ziren Gipuzkoan gerra aurretik sortutako mugimendu haren eragileak. Nik denetik pixka bat egiten nuen: dekoratzaile, dantzari... Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxean, berebiziko giroa zegoen. Argentina osoan zehar ibili ginen gure ikuskizunarekin.
Argentinak ezkontzeko eta eztei-bidaian Euskal Herrira etortzeko aukera eman zizun.
Halaxe da. Turista modura etorri nintzen 1952an, hilabeterako bisarekin. Esan zidaten ez nuela minutu bakar ere gehiago egon behar, bestela soldadutza egin beharko nuela. Hona heltzean, lehenbizi Oteiza bisitatu nuen, lehendik ezaguna bainuen, eta hortxe nahastu nintzen. Ordurako Oteizak irabazia zuen Arantzazuko lehiaketa eta gelditzeko esan zidan. Mexikoko muralismo figuratiboak, batez ere Clemente Orozcok, eragin handia zuen niregan, eta Oteizaren arabera nire estiloa egokia izango zen Santutegiko kriptarako. Beraz, gelditu egin nintzen, lehiaketa irabazi, baina Afrikara eraman ninduten soldadutza egitera. Bederatzi hilabete egin nituen armadan eta marrazten jarraitzeko baliatu nuen. Arantzazura itzuli eta hondamena jasan nuen: hamaika mural ezabatu zizkidaten; tira, nahiago dut horrela uztea, frantziskotarrekin su-eten moduko zerbait sinatu dut eta.
Jorge Oteizak eta zuk alde egin zenuten Arantzazutik; lehenbizi Irunerako bidea hartu zenuten biok, baina gero Oteiza Nafarroara joan zen eta Basterretxea Hondarribira.
Orain gauden etxe hau Jorgerentzat erosi nuen, baina ez zuen etorri nahi izan. Nik ez nuen Oteiza galdu nahi; kontraesanez betetako gizona bazen ere, eta batzuetan gogaikarria, niretzat ohorea zen gure herri honetan izan den artista onenaren adiskide izatea. Artea sortzea baita, asmatzea, eta hor zegoen Oteiza.
Behin batean, “zer moduz Jorge?” galdetu nizun; zuk, berriz, “zer ordutan?” erantzun zenidan.
Horrelakoxea baitzen! Goiz batean etxera etorri eta gosaltzen ari ginela, kokoteraino zegoela esan zidan jendeak jeniotzat hartzen zuelako. Arratsaldeko zazpietarako, berriz, egutegi moduko bat egina zuen, eta bertan zeuden Goya, Cezanne, Picasso, Oteiza... Beraz, igarri ezinezko gizona zen. Iraintzen hasten zenean, gehiegizkoa izaten zen; baina berehala onbera hutsa ere izan zitekeen. Benetan antzemanezina izaten zen, baita hurbilekoentzat ere.
Gauza jakina da zeure burua margolaritzat, eskultoretzat, diseinugiletzat, zinegiletzat... duzula. Horietako zeinekin geldituko gara?
Arkitektura ikasteko modurik izan ez nuelako sortu zen hori guztia. Bi gerrek eragin handia izan zuten nire bizitzan; beraz, erakartzen ninduten gaietan gizon jantzia izaten ahalegindu nintzen. Horregatik interesatu zaizkit diziplina horiek guztiak.
Nondik dator artista modura euskararekin duzun lotura?
Euskara irudirik gabeko elementua zela konturatu nintzen. Hizkuntzak eta irudiak elkarren bultzatzaile izaten dira askotan. Herria hizkuntza bat dagoenean sortzen da, eta nik euskararen eta artearen artean zegoen zulo beltz moduko hura bete nahi izan nuen. Jose Migel Barandiaranek mitologiari buruz bildutakoari begiratu nion, eta Jose Migelek berak bultzatu ninduen sinesmen haiek fisikoki gorpuztera. Hemezortzi irudi sortu nituen, nire barruan agertzen ziren bezala irudikatuz. Hura izan zen nire obraren bizkarrezurra. Euskal Kosmogonia sailaz ari naiz. Haien alboan, beste lan batzuk ere atera ziren: Eguzki Loreak, adibidez.
Kritikoren batek esan izan du zure obrak antzinatasun nabarmena duela.
Baietz uste dut. Antzinako gauzak erakargarriak zaizkit. Oteizak esanda, Kolonbiako San Agustingo indiarren arteari buruzko filma egin nuen. Haien artea interesatzen zitzaidan. Nik euskarari buruz egin nuenetik, berriz, talde-pentsamendu bat sortu zen. Euskalduntasunak elikatu egiten nau.
Eusko Ikaskuntza - Caja Laboral sari banatzea Nestor Basterretxeari, 2005.
Argazkia: Alberto Martiñena.
Zinemaz hitz egingo bagenu, zuk egindakoa... gero euskal zinema esan izan denaren lantza-muturra bezalakoa da.
Garai hartan ez zuen inork ezer egiten. Fernando Larruquert ezagutzen nuen, bioi pilota eta zinema interesatzen zitzaizkigun eta Frontera Films eratu genuen. Pilotari filma ere egin genuen. Zorionez, Sari Nazionala irabazi genuen. Sari hark beste urrats bat ematera bultzatu gintuen, eta Ama Lur etorri zen. Hamaika orduko ekoizpena ere izan genuen, baina filma muntatu ondoren gobernu zentralak suntsitzeko agindu zuen. Zentsura-lanak maila gorenean zeuden orduan. Ezin zuten ulertu iparraldeko Xalbador bertsolariak hegoaldeko aurkariak anaiatzat hartzea. Gernikako Arbolarentzat aukeratu nituen irudiak ere aldarazi egin zizkidaten, sendo eta loretsua ipinaraziz.
Zure eskultura ospetsuenetako bat Bakearen Usoa da, 1988an Donostian eraiki zena. Rafael Albertik aspaldian idatzi zuen “Se equivocó la paloma...” (usoak huts egin zuen) zioen poema. Ez ote gara gu huts egin dugunak?
Usoak ez zuen huts egin, ez, gizonek baizik. Guk huts egin dugu, baina nahitaezkoa da sinestea: bakean, justizian... Mundu honetan, ordea, dena ukatzen amaitzen da. Jainkoari buruzko ideia, munduan hainbeste nahigabe onartzen duena... Oso desengainatuta nago. Gai horrek nahigabe handia eragiten dit eta sakratua den orotatik aldentzen nau.
Ez nuke elkarrizketa hau tonu ezkorrean amaitu nahi. Euskal militantea zara eta militante artistikoa ere bai. Zer gustatuko litzaizuke bukatzea?
Ez bukatzea gustatuko litzaidake. Heriotzak izutu egiten nau. Bigarren Nestor bat ere sortu dut, Nestor gaiztoa, eta goibel nagoenean gauza txarrak bururarazten dizkidala aurpegiratzen diot. Aitortu beharrean nago beldurturik nagoela Nestor hori hartzen ari den itxuraz... Baina, tira, pixkanaka lan eginez jarraitu nahi nuke; eta hil aurretik Euskadi biziago bat, askoz biziago bat, utzi nahi nuke. Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924) Bizkaitarra da Nestor Basterretxea Arzadun; 1924ko maiatzaren 6an jaio zen Bermeon. Eskultore, pintore, diseinatzaile eta zinema zuzendari bezala ezaguna da nazioartean. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren ENE Sariaren logotipoaren egilea dugu. Jarraitu irakurtzen