Urteko galdera

Iker Iraola Arretxe / EHUko irakaslea

17/07/2019

Iker Iraola Arretxe / EHUko irakaslea

Herritartasun berriak Euskal Herri kohesionatu baterantz

Herritartasuna lurralde bateko integrazio eta kohesio mailak aztertzeko aldagai nabarmena da. Maila orokor batean, herritartasunak eskubide zibil eta politikodun subjektua definitzen du, eta praktikan naziotasunari loturik doa, azken hau herritar bilakatzeko baldintzen multzo gisa ulertzen da eta. Modu horretan ikusita, estatuek egikaritzen dute herritartasuna, eta berau naziotasunarekin parekatzen saiatzen dira. Praktikan, beraz, ez da naziotasunetik kanpoko herritartasunik existitzen. Baina immigrazioak nahiz bestelako “gutxiengoek” herritartasunaren eta naziotasunaren arteko lotura hori “problematizatu” eta haien izaera eraikia agerian jartzen dute (dugu). Izan ere, nahiz eta estatu bateko herritartasuna eskuratzeko prozesuari naturalizazio deitu ohi zaion, prozesu horrek naturaletik gutxi du: erabaki politiko zehatzen ondorio da.

Azken hilabeteetan, AFIT-Antropologia Feminista, Parte Hartuz eta Nor EHUko ikerketa taldeetako hainbat ikertzaile herritartasuna aztertzen ari gara, hainbat jakintza-arlo eta ikuspegitatik. Emakumeen etxeak, sozioekologiaren eremua, euskalgintza nahiz migrazioei loturiko ekimenak aztergai dira, besteak beste. Lan horren bidez, estatuek bultzatu eta egikaritzen duten herritartasun objektibo horrez gain, herritartasunak bestelako dimentsioak ere badituela ikusten ari gara. Zehazki, herri mugimendu nabarmen batzuen jardunak Euskal Herrian herritartasuna ulertzeko eta (ber)sortzeko garaian eragiten dituen aldaketak aztertzen ari gara. Herritartasunaren alderdi hori, subjektiboa dei dezakeguna, identitateei loturik ere badoa, eta Nongo herritarra naiz? bezalako galderekin lotura du.

Herritartasun subjektiboa ez da estatuek sortzen duten herritartasun objektiboa antzematen bezain erraza. Egunerokoan eraikitzen da (eta baita deseraiki ere, ez ahaztu), maila mikroan gehienetan, praktika txikien bidez, eta estatuen herritartasun politika objektiboekin talka egiten du. Alde horretatik begiratuta, parte hartze sozial eta politikoari modu sakonean lotutako herritartasun batez ari gara.

Euskal herritartasun ofizialik ez da existitzen. Bai, ordea, gizarte mailan, agerikoa den bezala. Eta euskal herritartasun definizio horiek nolakoak diren, eta zein zedarritze desberdin lehian diharduten (zenbateraino zabaltzen edo mugatzen duten euskal herritarraren kategoria), aztertzea garrantzitsua da. Herri bateko herritartasun politikek asko adierazten dute herri horren barne-antolaketaz, barneko gatazkak eta botere harremanak antolatzeko moduez.

Euskal Herriak estatu propiorik ez izateak, bada, euskal herritartasunik ez izatea dakar; baina, aldi berean, beste aldetik begiratuta, herritartasun hori egunero eraikitzen ari da -edo eraiki daiteke- herrigintza, naziogintza nahiz estatugintza prozesuetan. Horrek aukera berriak irekitzen dizkio gure lurraldeari, tartean gure inguruko estatuek bultzatzen dituzten herritartasun definizioetatik urrundutako herritartasun berri bat eraikitzeko aukera. Euskal herritartasun subjektibo hori zabaldu, eta herritartasun objektiborantz ere jauzi egitea, Euskal Herrian bizi garen guztiontzako herritartasun duinak sortuz.

 


Eusko Jaurlaritza

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp