Urteko galdera

Txoli Mateos / Soziologian doktorea

04/12/2019

Txoli Mateos / Soziologian doktorea

Lehenik eta behin, esan beharra dago galderaren abiapuntua bera problematikoa dela, ez baitago bat ere argi zeri deitzen zaion gizarte-kohesioa edo/eta integrazioa. Bestela esanda, kontzeptu polisemikoak dira biak; adiera askotarikoak, alegia.

Kontzeptu biek marrazten digute gizarte zoriontsuago bat. Ustez, behintzat. Kohesioak, alde batetik, proiektu konpartituak daudela iradokitzen du. Eta integrazioak, berriz, diferentziek garrantzia galtzen dutela ikusmolde nagusi baten mesedean. Nola edo hala, gatazkaren garrantzia apaldu egiten da eta goretsi, neurri batean behintzat, homogeneizazioa.

Euskal gizarteak, modernoa den neurrian, gainerako gizarteekin partekatzen du errotiko konplexutasuna: generoan eta maila sozioekonomikoan oinarrituriko desberdinkeriak baina, aldi berean, ongizate maila altu samarra; arlo politikoaren norabideaz mesfidantza eta aldi berean, sektore batzuen politizazio eta ideologizazio maila altua; immigrazio berriak ekarritako aniztasun kulturala eta hori kudeatzeko zailtasunak… Baina beste bat gehitu ere egiten du gizarte moderno guztiek ez duena: nazio proiektu eta identitate batzuk daudela, euskal gizartearentzako proiektu politiko desberdinak irudikatzen dituztenak. Eta hiru proiektu horiek oso era desberdinean ulertzen dute gizarte kohesioa eta integrazioa.

Hitz egin dezagun, baina, Hego Euskal Herriko proiektuei buruz, xehetatasun handiegietan sartu gabe, hala ere. Espainiar nazionalismoarentzat, adibidez, erabakitzeko eskubidea bera gizartearen zatikatzaile omen da eta hautsi egiten du integrazioaren bidea. Eta euskal nazionalismoaren sektore batzuen iritziz, beste adibide bat jarrita, bizilagunen integrazioa euskal kulturaren baitan baino ez dute irudikatzen. Hartara, euskara jotzen da etorkinak integratzeko ezinbesteko tresnatzat.

Ez nuke nahi inork pentsatzea jarrera polítiko guztien gainetik ipini nahi dudala neure burua. Bai, ordea, diskurtso politikoari arrazionaltasun apur bat erantsi beharko litzaiokeela pentsatzen dutenekin bat egiten dudala. Hori horrela, galdetzen dut: Nola da posible balizko eskubide demokratiko bat egikaritzeak zatiketa eragitea? Non idatzita dago hori? Zein da, orduan, irtenbidea, herritarroi eskubideak ukatzea ustezko gizarte kohesioaren izenean? Test demokratikorik ez luke gaindituko jarrera horrek. Eta jarraitzen dut galdetzen: Nola erakarriko dugu immigrazio berria euskal kulturara oraindik ere ez bagara gai izan bertan bizi garen erdaldunen eta euskaldunen artean dagoen aniztasun kulturala onartzeko eta hizkuntzen arteko harremanak beti termino gatazkatsuetan aurkezten baditugu? Zabal-zabala da, oraindik, kultura aniztasunaren inguruan gizarte honetan egin behar den gogoeta-eremua. Bertako kultura aniztasuna onartuz hasi beharko ginateke eta gogoeta sakonari ekin immigrazio berriak ekarritako kultura taldeen inguruko eskubideen kudeaketaz.

Gizarte-kohesioak eta integrazioak herritarren arteko gutxieneko konfiantza giroa exijitzen du. Ni prest nago zergak zintzo-zintzo ordaintzeko uste dudalako nire betebeharra dela, lurralde bateko herritarra naizen neurrian, eta pentsatzen dudalako erakundeek gutxieneko batzuk, behintzat, beteko dituztela euren aurrekontuak praktikara eramaten dituztenean. Bestela esanda, herritarren arteko beharrizanen eta proiektuen arteko gutxieneko bizikidetza bermatu behar dute erakundeek.

Horrek guztiak demokrazian sakontzea eskatzen du. Gaur egun, erakundeek eta maila politikoetako, sozialetako eta sindikaletako eragileek izugarrizko erronka dute aurrean: herritarrak eztabaida demokratikoetara erakartzea; arlo politikoarentzako duintasuna berreskuratzea haien begietara eta, azken batez, demokraziaren funtsa berrasmatzea egunetik egunera. Horrela bakarrik sentituko du herritarrak gainerako herritarrekin kidetasuna, gutxienekoa bada ere; alegia, bere iritzia plazaratzeko tresnak eskura dituela eta erakundeak ez direla zulo ilun bat, gardentasunez diharduten entitateak baino. Eta, batez ere, inork ez diola eragozten bere proiektu politikoaren alde lan egitea. Orduan bakarrik hitz egin ahal izango da kohesioaz eta integrazioaz. Eta, gehituko nuke nik, bizikidetzaz; gizarte zoriontsuago batez, alegia. 


Eusko Jaurlaritza

Partager:
Facebook Twitter Google Whatsapp