Urteko galdera

Leire Berasaluze Gerrikagoitia / Doktoretza aurreko ikertzailea (UPV/EHU) eta abeslaria

08/10/2019

Leire Berasaluze Gerrikagoitia / Doktoretza aurreko ikertzailea (UPV/EHU) eta abeslaria

Dudarik gabe, Euskal Herria geroz eta anitzagoa izanik, multikulturtasuna baino interkulturalitatea bultzatzea dugu helburu. Baina nola egin? Gai guzti hauen islada handia da nire egunerokotasunean lagun dudan Camilla; brasildarra, 16 urterekin Berara etorria eta ondoren Irunen finkatua. Berak askotan errepikatzen dit zaila dela euskal munduan barneratzea, nahia handia bada ere, batez ere, hizkuntza ez ezagutzearen handicap-a dela eta. Bertatik hasita, Euskaltegian euskaraz ikastearen prezio altua azpimarratzen du eta ezin diot arrazoia kendu: ikertzaileak gara eta suertez Eusko Jaurlaritzak finantziaturiko doktorego aurreko beka bat dugu, zeina ez da lehen bi urteetan 900 eurora iristen eta azken bi urteetan 1000 euro hestutara ere ez. Ondorioz, urte beteko euskarazko ikasketak ordaintzeko garaian, inbertsio ekonomiko handia suposatzen duenarekin bat nator. Suertez ere, Hizkuntza Eskola Ofizialak ditugu, 78 euroko prezio izugarriagatik urte guztiko euskara ikasteko klaseak izanik. Hala ere, badirudi jendeak gaupasak egiten dituela bertan sartzeko eta, beste behin, Camilla ez da onartua izan. Irungo udaletxean ere galdetu du, ea euskara klaseetara joan daitekeen, baina ezezkoa erantzun diote, hauek erretirodun eta langabetuei zuzenduak baitaude… Camilla 27 urteko neska adimentsu, ausarta, izugarrizko pertsona, doktoregotza burutzen EHUko unibertsitatean, eta euskara ikasi nahian eta ezinean.

Honetaz gain, bere istorio pertsonala ezagutzeak, etorkin batek dituen arazo, gabezia baina beharrak, globalizazioaren menpe dagoen mundu honetan zeinetan diruaren joan etorria askea den baina ez pertsonena, bizitza aldatu dit guztiz. Hipokresia hutsa da arrazistak ez garela esatea, baita “integra daitezela, euskara ikasteko baliabideak badituzte soberan”.

Ondorioz, zein da kohesioa lortzeko bidea? Paperean, egoera administratibo irregular batean dauden pertsonen egoera gertuagotik ezagutzea. Ez “pertsona irregularrak”, badirudi horrela izendatuta bigarren mailako pertsonez ari garela -nahiz eta sistemak horrela tratatu-, etorkizun berri baten bila dabiltzan pertsonez, gizakiez ari gara hitz egiten. Nire esperientziatik, pertsona hauen bizipenak ezagutzeak asko aldatu nau, eta noski, euskara ikasteko baliabide gehiago behar ditugula uste dut gizarte-integrazio baterako: eskura eta prezio onean.

 


Eusko Jaurlaritza

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp