Inklusioa, parte hartzea eta botere harremanak: kohesioaren triangeluaren hiru erpinak
Nahiz eta egiten zaidan galderan “gizarte integrazioaz” galdetu, nik “gizarte inklusioaz” hitz egingo dut. Ez bai da berdina. Batek baino gehiagok pentsatuko du kontzeptuen inguruko hausnarketa teorikoetan murgildu gabe, hobe nukeela galderari erantzungo liokeen gida moduko bat eskaintzea, errezeta batzuk, neurri espezifikoak…Baina horrelako zehaztasunetan murgildu aurretik ezinbestekoa deritzot zertaz hitz egiten ari garen argi edukitzea: integrazioaz edo inklusioaz. Begirada kontua da eta, ondo dakizuen bezala, begirada inoiz ere ez da neutroa, inoiz ere ez da inozentea. Horrela, integrazioaren betaurrekoekin begiratzen badut (izan politikak diseinatzen dituen politikaria, bazterketa egoeran dauden pertsonekin lan egiten duen profesionala, eskola batean lan egiten duen irakaslea, gurasoa, elkarte bateko kidea…biztanle arrunta), betaurreko horiek, batez ere, ezberdina den horretan jarri araziko didate begirada, ulertuz, hein handi batean, berea dela “normaltzat” jotzen dugun horretara egokitzearen ardura. Inklusioaren betaurrekoek, aldiz, giza eskubideak, ekitatea, talde edo kolektibo hori osatzen duten pertsona guztiak (ez bakarrik ezberdina den hori), aurkitzen dituzten oztopoak, egituraren antolaketa, e.a. ikusten lagunduko didate. Beraz, integrazioak norabide bakarreko prozesuak bultzatzen dituen bitartean, inklusioarenak bi norabidekoak dira. Bai, gizartean nola bizi nahi dugun eta, ondorioz, gizarte eredua dago jokoan eta, beraz, integrazioa edo inklusioa bultzatzea postura politiko eta etiko bat da. Euskal Herriak hemen du, nire ustetan, erronka handia: benetan sinesten dugu inklusioan? Prest gaude egoera makroetatik hasi eta mikroetaraino inklusioa izatea gure erabakien ardatz? Politikak eratzerakoan, legeak egiterakoan, erakundeak eta zerbitzuak antolatzerakoan, bizilagun eta herrikideekin ditugun harremanetan? Gure egunerokotasunean?
Hau garbi badugu, beste erronka bat ekidin ezin baten aurrean aurkitzen gara: parte hartzearena. Izan ere, hainbat ikerketek bistarazi duten bezala, prozesu inklusibo batek pertsona guztien presentzia, parte hartzea eta arrakasta lortu nahi ditu. Gaur egun, guztion ahotan dago parte hartzea printzipio gisa. Ikusi besterik ez dago Euskadiko gizarte zerbitzuekin edo giza talde ezberdinekin zerikusia duten legeetan zenbatetan hitz egiten den parte hartzeaz eta bere garrantziaz. Politikoki oso zuzena da, gaur egun, parte hartzaileak diren prozesuak martxan jartzea. Baina, berriro ere, zer ulertzen dugu parte hartzeaz? Edozein parte hartze prozesu izan daiteke inklusiboa? Ez! Parte hartze prozesu bat inklusiboa izan dadin, nahi eta nahi ez, tradizionalki erabili izan ditugun teoria eskalonatuak gainditu behar ditugu eta zirkularragoak diren ikuspegiak barneratu beharko genituzke. Azken hauen ikuspegitik ez dago parte hartze mota edo maila idealik, hau da, pertsona guztiek ez dute zertan parte hartze maila berdinera iritsi behar. Testuinguru bakoitzean, kolektiboaren edo pertsonaren ezaugarrien arabera, landu beharreko gaiaren arabera eta beste hainbat faktoreen arabera, parte hartze maila edo mota bat izan daiteke une bakoitzean egokiena edo eraginkorrena inklusiorako bidean. Gai hau bereziki interesgarria da bazterketa egoeran dauden pertsonen kasuan. Gizartean parte hartzeko lan bat izatea ezinbesteko baldintza bezala ulertzen badugu, zer gertatzen da lan merkatuan txertatzeko izugarrizko zailtasunak edo/eta gabeziak dituzten pertsonekin? Nola parte hartu dezakete gizartean? Zentzu honetan, badira dagoeneko urte batzuk bazterketa egoeretan dauden kolektiborekin lan egiten duten hainbat erakundek aktibazio komunitarioaren ikuspegitik lan egiten dutela eta ez soilik lan merkaturatzearen ikuspegitik. Ez dezagun ahaztu parte hartzeak ahaldundu egin behar duela, aldaketa bat bultzatu behar du bai norbanakoak bere testuinguruarekin dituen harremanetan, baita bizi den testuinguruaren egituran ere. Bestela, ez du inklusioa bultzatuko.
Eta honek guztiak hirugarren erronka baten aurrean jartzen gaitu. Inklusioaz eta parte hartze eraldatzaileaz hitz egiteak, nahi eta nahi ez, botere harremanez hausnarketa egitera eramaten gaituelako. Boterea da jokoan dagoena: nola ulertzen eta kudeatzen dute politikariek boterea? Eta hezitzaile edo profesionalek beraien lan esparruetan? Eta eguneroko bizitzan “normaltasunaren” baitan kokatzen garenok? Estatus maila ezberdina duten kolektiboek? Prest al gaude beste botere harreman batzuk ezartzeko gure ingurukoekin?
Hiru erronka, beraz, triangeluaren hiru erpin ezarri ditugu: inklusioa, parte hartze eraldatzailea eta botere harremanak. Eta badakizue, hiru erpin hauek ondo definiturik eta kokaturik izango bagenitu, zer izango genukeen triangeluaren erdian? Gizarte kohesioa. Integrazio prozesuek kohesioa bermatzen ez duten bezala, aipatutako ikuspegitik bizi den gizarte batean gizarte kohesioa sendotzea askoz ere lan errazagoa izango da.