Urteko galdera

Itziar Ostolaza Galdos / Errenteriako Udaleko hezkuntza zinegotzia

17/11/2021

Itziar Ostolaza Galdos / Errenteriako Udaleko hezkuntza zinegotzia

Kontakizun partekatuen beharraz, erantzukidetasunean sakontzeko

Pertsonala dena politikoa dela ikasi dugu teoria feministengandik eta hezkuntza ere ekintza politikoa dela aldarrikatu izan du Paulo Freirek. Nik hezkuntza eta pertsonala terminoak elkartu nahiko nituzke proposatu zaigun galderari erantzuteko. Izan ere, hezkuntza zerbait bada, bizipenen multzoa baita, jaiotzetik hiltzeraino zeharkatzen gaituzten bizipenen multzoa, norbanakotik abiatzen  eta kolektiboan indartzen dena. Eta horregatik probestu nahi nuke aukera hau nire bizipenak partekatzeko, pertsonala zaidan hau erabat politikoa, eta ondorioz kolektiboa, delakoan.

Eskola publikoan ikasitakoa naiz. Hala erabaki zuten nire gurasoek bi urte bete nituenean, 90. hamarkadaren hastapenetan. 20 ikasleko gelan bi gurasoak euskaldunak zituen ikasle bakarra izan nintzen lehen hezkuntza amaitu bitarte. Eta ikaskide nituen, besteak beste, droga kontuengatik aita espetxean zuen laguna; alabeharrez ama sexu langilea zuenez amonarekin hazi zen kidea; alboko herrikoa izanagatik ere gurean eskolaratu zuten gelakidea, aita zinegotzi izan eta eskoltekin ibiltzen zelako batetik bestera; edota erditzerakoan izandako konplikazioengatik, hilabetea joan eta hilabetea etorri, bihotzetik operatu behar izaten zuten ikaskidea. Garai hartan, oraindik, jaiotze jatorriagatiko segregazioa ez zen horren ohikoa gurean; marokoar familien presentzia nabarmena izanagatik ere, salbuespena ziren. Baina segregazioa izan, bazegoen: klase sozialarekikoa bereziki. Arrakala sozioekonomikoa, kulturala, identitarioa, hizkuntzarekikoa... Ni komunitate anitz horretan hazi nintzen eta txiki txikitatik sentitu izan naiz pribilejiatu, oso kontziente nintzelako, jaio nintzen familiak eskaintzen zizkidan bizi baldintzek ez zutela zerikusirik inguruan nituenekiko alderaketan. Pribilejiatu sentitzen nintzen, halaxe nintzelako. Eta ikastetxeko egitura osoak halaxe tratatzen ninduelako, apurtu ezin zitekeen portzelanazko katilu antigualekoa bainintzan. Nire eta ni bezalakoen bizipenak eta ibilbidea oso izan ziren xamur eta goxoak gure eskolan. Egunero sentiarazten ziguten gainontzekoek zerbait zor zigutela, euskaldunak izan eta eskola publikoan genbiltzalako; eskola publikoa eta gure ikaskideak euskaldunago egiten genituelako.

Eskola etapa amaitu eta urteetara egin nuen gogoeta izan zen, emandakoa baino askoz ere gehiago jaso nuela ikaskideengandik zein eskola publikoarengandik. Parametro askotan, seguruenik, baina bi azpimarratuko nituzke:

  • lehena, euskararekiko jarrera. Ni gurasoek euskaldundu ninduten, hizkuntza etxean jasotzeko zortea izan dut. Baina, euskararen militante, eskolak egin ninduen. Euskaraz bizitzeko ahalegina eguneroko erronka baitzen bizi nintzen testuinguruan.
  • bigarrena, egoera oso gogorretan bizitzera behartutako pertsonekiko kontzientzia hartzea izan zen. Periferian bizitzera kondenatutako bizitzak ezagutzeko aukera, ulertzeko aukera, haiekin hazteko aukera... eta ohartzekoa nola sistemak bi mailatako herritarrak sortzen eta mantentzen zituen.

Bizipen horiekin hazi ondoren, justizia sozialaren kontzeptua edukiz eta izen-abizenez betetzeko gai izan gara ni eta ni bezalakook. Ezin diot gehiago eskatu eskola publikoari, nire bizi ibilbidea eraikitzeko beharrezko tresnak eskaini dizkit eta harro nago horretaz. Besterik da, nire gelakide ziren horiei guztiei bermeak eskaintzeko gai izan ote zen...

Eskolan pribilejiatu sentitzen nintzela esan badut ere, kalean bestelako sentitzen nintzen. Aisialdian euskaldunekin partekatzen nituen espazioetan eskola publikoko bakarra izaten nintzelako ia beti. Eta horrek desberdin, arraro, sentiarazten ninduen. Bigarren mailako, kasu askotan.

Kontakizun honen balioa ez da beste edozeinena baino handiagoa; ezta txikiagoa ere. Nirea da, bakarra eta ordezkaezina, gainontzeko guztiena bezalaxe. Nire barrurako gordeta forma bat hartzen du, gorpuztu egiten da eta askotariko adierazpenetan bilakatu. Partekatzerakoan, barrutik kanporako ariketan, beste zentzu bat hartzen du, kolektiboagoa, herri kontakizunaren parte bihurtzen da. Uste dut kontakizun partekatuen bila joan behar dugula, herri honen azken hamarkadetako hezkuntzaren errealitatearen diagnostikoa elkarrekin josteko. Irabazle eta galtzailerik ez duen kontakizuna, guztientzat arrotz bezain norbere sentitzeko modukoa.

Ariketa honek nire ahotsa lau haizetara zabaltzeko aukera eskaini dit, zenbaitetan bigarren mailako sentitu izan naizela esan badut ere, eztabaidaren erdigunera salto egin eta nire ekarpen xumea egitekoa. Baina, nire kontakizuna soilik azaleratu ordez, ahalegindu naiz inguratzen nautenen ahotsa ere hona ekartzen.

Eta inguratzen nauten horietako batzuk harrotasunez bizi dute Ikastolan ikasi izana; eta harrotasun are handiagoz zapalkuntza testuinguru batean gurasoek bertan eskolaratzeko erabaki ausarta hartu izana. Harrotasunez, ikastolari eskainitako ekarpen ekonomikoari esker Iparraldeko edo Nafarroako Ikastolen, eta ondorioz euskararen, sostengu izatea; baita Euskal Herri osoa barnebiltzen duen proiektu nazionalaren parte izatea ere. Eta harrotasunez, gurasoen kooperatiba bateko kide izatea, enpresa pribatu guztien praktika ez baita berdina. Baditut alboan, baita ere, kristautasunaren balio sozialenetan hezteko hautua egiten dutenen ahotsak, aniztasunaren aberastasunean sinisten dutenak eta aniztasun horretan bizi direnak, kristau eskolen sarean ere, egon badaudelako horrelako ikastetxeak. Eta hauek ere harro daude, harro haien proiektu eta komunitate sareaz. Eta azkenik, baditut alboan, ni bezalaxe, sare publikoan ikasitakoak edo ikasle izan gabe bertako guraso izatea erabaki dutenak, guztientzat irisgarri den sare baten parte izateaz oso harro daudenak.

Bizitza bezainbeste kontakizun. Hauek guztiak eta gehiago ditugu gure herrietan, Euskal Herri luze zabalean. Eta nire kontakizuna bakarra eta ordezkaezina izanagatik ere, ahots hauek guztiak sentitzen ditut nire, sentitzen ditut Euskal Herriko herri kontakizunaren parte. Guztiak, inor atzean utzi gabe, garrantzitsu eta beharrezko XXI. mendeko hezkuntza sistema bateratu baten xerkan.

Izan ere, ez al gara, bada, nahasketa? Ez al da, bada, ohikoa gurean sare ezberdinetako ikastetxeekin harremana izatea bizitzako fase edo rol ezberdinetan? Nik jasotako ahotsen artean daude, besteak beste, kristau eskolan ikasi, alaba ikastolara eraman eta orain biloba jasotzera eskola publikora joaten den aitona; “Escuela nacionalean” ikasi eta bi alabak ikastolan dituen aita; ikastolako ikasle izan, alaba ikastolara eraman eta egun eskola publikoko irakaslea dena; eskola publikoan lan egin eta semea ikastolan matrikulatuta duen aita; ikastolako ikasle ohi izanik, seme-alabak sare publikoan dituen ama...

Ezbairik gabe, nahasketa gara. Nahasketa testuinguru nahasi eta atipikoan. Estaturik gabeko herri baten testuinguruan, zeinetan badugun hizkuntza bat minorizatua dena eta guk bizitza eman ezean hilko zaiguna. Eta testuinguru nahasi honetan nahasketa izatera behartu gaituzte, tresna burujabe propioak eduki ezean. Errealitate hau zinez  da atipiokoa eta ezin aldera dezakegu Europako beste edozein Estaturekin. Eta, ondorioz, konplexutasun honi bizkar eman gabe gogoetatu behar dugu publikotasunaz eta euskal sistema publikoaren etorkizunaz.

Zentzu horretan, zinez uste dut norbera bere lubakian gotortuta egoteak ez digula lagunduko geure jendarteari zor diogun hezkuntza sistema publiko, doako, laiko, feminista, ekologista, euskaldun, demokratiko eta ez segregatzailea sortze bidean. Eta bidea gehiago zehaztuz, uste dut bizi dugun testuinguruan erreparatu behar diogula, alde batetik, ireki berri den eztabaida prozesuari; eta, bestetik, ezberdinen artean josi beharreko hezkuntzako zoru komun eta partekatu bati.

Prozesuari dagokionean, azpimarra jarriko nuke:

  • Prozesua garatzeko moduetan. Antsietaterik gabeko prozesu komunitarioak ahalbidetu behar ditugu eta behar beste denbora eskaini. Ez dezagun pentsa urteetako korapiloak goizetik gauera askatuko ditugunik. Prozesuok, bermedun eta arrakastatsu izatea nahi badugu, behar beste denbora eskaini behar diegu.
  • Hezkuntza komunitate osoaren parte hartzean. Akatsa egingo genuke alderdi politiko ezberdinen arteko adostasunak nahikoa berme direla pentsatuko bagenu. Komunitate antolatu osoa egin behar dugu prozesuaren parte, egiazko adostasun partekatu eta zabalak eskuratzea bada helburu.
  • Ahotsik gabekoak, periferietan daudenak erdigunera ekartzean. Sentsazioa baitut, eztabaidan parte hartzen ari garenon profila oso homogeneoa dela: oinarrizko beharrak asetuta ditugun eta ondorioz ekintza sozialean parte hartzeko prestutasuna dugunon arteko eztabaida sozial eta politikoa da azken urteotan gailendu dena. Non daude periferietako ahotsak? Guztiontzako hezkuntza sistema aldarrikatzen badugu, guztiokin eraiki behar dugu eta erronka handia dugu horretan.

Eta zoru komun partekatu bat eraikitzeko bidean, berriz, beharra ikusten dut:

  • Eztabaidarako marko partekatuak sortzekoa. Zoru komun horrek herri kontakizun partekatua oinarri izan dezan, ezberdinen arteko espazio partekatuak sortzea ezinbesteko izango da. Elkarri ahotsa eta gorputza jarriz, harremanak eraikiz, enpatiazko ariketak bideratzea giltzarrietako bat izan daitekeela iruditzen zait.
  • Urgentziazkoak diren gaiei erantzuna ematekoa.  Adostasun zabalek denbora luzeko prozesuak behar dituztela esan badut ere, horiek lortu bitarte zenbait erabaki hartzea urgentea da. Segregazioaren gaiak ezin du prozesua amaitu bitarte itxaron. Neurri zehatzak hartu behar dira, haur eta gazteen etorkizuna baitago jokoan. Eta, finean, gure jendarte ereduarena.
  • Herri interesa erdigunean jartzekoa. Interes partikularrak bigarren mailara ekarri behar ditugu, guztiona dena defendatzeko. Hezkuntzaren eskubide erreala guztioi bermatzeko modu bakarra baita hori, herriaren interesa, komuna dena, lehenestea. Eta ariketa hau justizia sozialaren eta ekitatearen printzipioak aplikatuz soilik lor daiteke: gehien behar duenari, gehiago emanaz.

Finean, erantzukidetasunez jokatzeaz ari naiz, guztiok zerbait eman beharraz, gure gotorlekuetatik mugitu eta periferietako minoriak erdigunera ekartzeko. 2021eko Xilabaren finalean Miren Artetxek kantatu gisara, aberatsena denez arriskutsua den minoria bakarra, ekar ditzagun gainontzeko minoria guztiak plazaren erdigunera. Eta eraman dezagun, denon artean, hezkuntza plano pertsonaletik kolektibora, hezkuntzaren auzia politizatuz. Hori baita herri gisa zor diogun lekua.


Eusko Jaurlaritza

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp

AUTRES RÉPONSES EN 2021