Urteko galdera

Mari Jose Ezeizabarrena / UPV/EHUko Letren Fakultateko irakasle eta ELEBILABeko Ikertzaile Nagusia

29/05/2020

Mari Jose Ezeizabarrena / UPV/EHUko Letren Fakultateko irakasle eta ELEBILABeko Ikertzaile Nagusia

Hezkuntzaren helburua helaraztea bada ere, asko dira hezkuntzaren egiteko nagusia ikasleen ezagutza eraikitzeko inguru egokia sortzea dela uste dutenak, ikaslearen duintasuna eta autonomia errespetatzen dituena, alegia.

XX mendean Euskal Herriko hezkuntzak izandako lorpen aipagarriena euskarazko hezkuntza kalitatezkoa posible dela sinestarazi eta erakustearena izan da. Eta kalitatezko eredu propioa garatu nahi duen etengabeko hobetu nahiaren adierazgarri dira XXI. mendean ere izaten ari dituen aldaketa ugariak, dela irakaskuntza programetako edukietan, dela tresnak (teknologia berriak) eta espazioak (txokotan antolatuta) erabiltzeko moduan. Aldaketa horiek ezagutza eraikitzeko inguru egokia sortzeko egiten dira, eta eskolan lantzen diren balio eta gai ugariek, berriz, hezkuntza sistemak ikasleen duintasuna eta autonomiarekin duen ardura erakusten dute. Aipa ditzagun batzuk: arazoak bilatu eta konpontzeko gaitasuna, jazarpenari nola aurre egin, elikadura osasun- eta jasangarria, behar eta ahalmen bereziko ikasleen integrazioa, besteak beste. Bere gain hartzen dituen zeregin ugarietan hezkuntzak ezinbestekoa izaten du hizkuntza, eta euskal hezkuntzak euskara behar du, baina baita euskarak hezkuntza sistema ere.


Hizkuntza, pentsatzeko eta elkarrekintzarako tresna paregabea

Gizakiok ditugun gaitasun kognitiboen artean asko dira animalia espezie batzuk ere badituztenak (tresnak erabiltzeko gaitasuna, arazoak aurreikustekoa, memoria …), baina ez hizkuntza. Ura ardo bihurtzeko mirakulua bezala, hots-kate edo keinu soilak direnak esanahidun hitz bihurtu, eta beste hiztunekin partekatutako gogo-irudia sortzeko ahalmena da hizkuntza gaitasuna, eta hurrena “ezagutza-atomo” gisakoak diren hitzak elkarrekin josita norberaren edota beste inoren pentsamendu-ideiak adierazten dituzten esaldi zenbatezinezkoak eraiki eta ulertzekoa. Nahikoak dira bizpahiru dozena hots, edozein hosdun hizkuntzatan oraindaino sortu diren esaldi guztiak osatzeko, eta era berean, keinu kopuru mugatua nahikoa izaten da, mutu eta gor-mutu askok erabiltzen dituzten zeinu-hizkuntzetan, edozeinetan, sortu diren eta sor daitezkeen esaldi guztiak osatzeko. Hizkuntzarako gaitasunak gizakiok ditugun beste gaitasun kognitiboei etekin gehigarria ateratzeko aukera ematen digu, gainera, zentzumenen bidez sentitzen ditugunak, emozioak eta burutazioak atontzen eta hobeto ulertzen laguntzen digun heinean, eta baita portaera planifikatzen ere. Hizkuntza gaitasuna gertatutakoari zein gertatu gabekoari buruzko pentsamendu oso konplexuak adierazi eta ulertzeko ahalmena da eta, azken finean, ideia berriak sortuaz ezagutza eraikitzeko tresna zoragarria. 

Halere, entzuten/ikusten duguna ez da hizkuntza gaitasuna, hizketa baizik, eta hizketan aritzeko hizkuntzak behar dira. Hots-kateak esanahiekin uztartzeko dituzten arau zehatzek egiten dituzte desberdin italiera, txinera eta gainerako hizkuntzak, eta baita Durangoko, Elizondoko eta Mauleko euskarak ere. Hizkuntza eta dialekto bakoitza haren erabiltzaileek partekatzen duten ezagutzaren atala da, erabileraren poderioz giza taldeak heredatu, moldatu eta hurrengo belaunaldiei helarazten dien ezagutza. Beraz, hizkuntzak sistema sozialak dira, pentsatzeko ez ezik elkarrekintzarako tresna indartsu ere badirenak, alegia. Hizkuntzen indar ilokutiboa (asmoak adierazteko) eta perlokutiboa (eragina izateko) baliatzen ditu hiztunak informazioa lortzeko ez ezik (nor dator?) entzulearen portaeran eragina izateko (zatoz, mesedez), eta baita bere buruarenean ere (egingo dut).

Hala bada, hizkuntzarako gaitasuna abantaila handia da gizakiarentzat. Konturatzerako, bere helburu komunikatiboetarako baliagarriak zaizkion milaka esaldi ulertu eta beste horrenbeste sortzeko ahaldun egiten du inguru komunikatibo gutxienekoan hazten den edozein jaioberri, eta baita bere eta besteen esperientzian oinarrituta ikasitakoa baino askoz ere urrutiragoko ezagutzetara iristeko. Horregatik, hain zuzen, ezagutza eskuratu eta eraikitzeko gizakiak gara dezakeen baliabide indartsuenetako bat delako, XXI. mendeko hezkuntzak elikatu, zaindu eta lehenetsi beharko lukeen gaitasun kognitibo eta soziala da hizkuntza gaitasuna.


Euskal hezkuntza sistemaren argiak eta ilunak

Haur eskola kenduta, Euskal Herriko hezkuntzak erabilera formalaren aldeko apustua egin duela esan daiteke, euskara batua, gaztelania estandarra eta frantses estandarraren erabilera formalak lantzen baitira, idatziz zein ahoz, A, B, D eta X ereduetan. Eta azkenaldiko PISA eta IVEI/ISEIko txostenek joera-aldaketa erakutsi badute ere, gure hezkuntzak oraintsu arte oso emaitza onak lortu dituela esan daiteke, kuantitatiboki eta kualitatiboki, bigarren hezkuntza amaitutako ikasleak arazorik gabe jarraitzeko moduan izan baitira lanbide zein unibertsitate-mailako formakuntzan, Euskal Herrian eta baita Euskal Herritik kanpo ere.

Joan den mendean, asko ziren euskarari etorkizun laburra aurreikusten ziotenak baina  denborak -eta euskaldun temati askoren “barkaziorik” gabeko lanak- argi asko erakutsi du uste haren ustela. Hezkuntzaren kalitate-mailaren adierazgarri izaten dira argitalpen zientifiko eta tesiak, eta horregatik euskara bezalako hizkuntza gutxitu baten egoera osasuntsuaren erakusgarri dugu Tesikerren weborrialdeko datua[1]: 550tik gora doktorego-tesi burutu dira euskaraz 1976ko lehenaz geroztik, hileko bat, batez beste, eta azkeneko urteetan ia asteko bat!. Ez dago zalantzarik: euskara hizkuntza egokia da ezagutza eraikitzeko eta euskal hezkuntza gauza da horretarako inguru egokia sortzeko. Pozik egon gaitezke, euskararen argiak hezkuntza sistemaren argiak ere badira eta.

Kantari nafar arrakastatsu bati lagun batek apal-harroa zela esaten omen zion. Apal-harro senti gaitezke euskaldunok, ikusita, euskarazko ezagutza eraikitzaileen artean guraso euskaldunen umeak ez ezik, euskaltegi eta euskal eskoletan euskaldundutakoak ditugula tesigile gehienak, eta badirela bakarren batzuk ere, atzerrian sortu, heldutan euskaldundu eta doktore-titulua gure unibertsitateetan eta gure hizkuntzan lortzea hautatu dutenak. Ba ote dago hezkuntza goi-mailako eta integratzaile baten adierazgarri hoberik? Eutsi diezaiogun, bada, euskara ardatz(etako bat) duen goi-mailako eta kalitateko hezkuntzari.

Euskal Herriko hezkuntzak baditu bere ilunak ere, ordea. Milurte berriko hogei urteetan euskaraz hitz egiten dakiten herritarren kopuruak gora egiten jarraitzen du eskualde gehienetan, bereziki belaunaldi gazteenen artean, eta baita D ereduan matrikulatutako haurren kopuruak ere, euskara hizkuntza nagusidun ereduaren izen onaren erakusgarri. Zer pentsatua ematen du, ordea, euskararen erabilera bere horretan mantentzeak, setoso, euskaldunen kopuruakin batera, gorantz egin beharrean. Eta Eusko Jaurlaritzaren eta Soziolinguistika Klusterraren txosten haiek bezain kezkatzekoak dira Arrue txostenak[2] eta Ortega, Amorrortu eta lankideen[3] hiztun berrien behaketa kualitatibo zehatzagoek erakutsi duten errealitatea ere, eredu euskaldunetan ikasi arren euskaraz adierazteko ziurtasun eza, lagunartean euskaraz aisa aritzeko ezintasuna aitortzen dutenena, eta horregatik beren burua “benetako” euskalduntzat hartzen ez dutenena.

Orain arte ohikoa iruditu izan zaigu hainbat urtez atzerriko hizkuntza eskolan ikasten aritu eta nota onekin irakasgaia gainditutako ikasleak atzerritar batekin topatu, eta elkarrizketa azaleko labur bat izateko gauza ez izatea (akademiako edo euskaltegiko eskola-orduetan bakarrik aritutako helduen kasuan bezala). Baina uste gabeko handia izan da askorentzat hizkuntza-irakasgaiko orduak ez ezik eskolako irakasgai gehienak euskaraz gainditutako ikasle askok horrelako sentipena izatearen berria.

Ikasleak eskola amaitu ondoren lurraldeko erdaraz gain euskara eta atzerriko hizkuntza, hirurak autonomo erabiltzeko gaitasuna lortzeko eskubidearen alde gaudenontzat hizkuntza erabiltzeko gaitasun nahiko-ez hori ez da, ordea, inondik ere, neurri bereko arazo ingelesarekin (ikasleak “kanpoko” harremanetarako, aisialdirako eta etorkizuneko lanbiderako lanabesa duen atzerriko hizkuntza) edo bizi den gizarteko hizkuntzetako batekin, euskararekin, sentitzea. Euskarak (eta lurraldeko erdarak) Euskal Herriko ikaslearen eguneroko bizitzako esparru gehienekin du lotura, norberaren sentipen intimoetatik abiatu, harreman afektiboetatik pasa eta biziraupenerako erabakigarriak diren harreman sozial eta profesionaletan. Horregatik, atzerriko hizkuntzak baino eragin handiagoa izan dezake euskarak ikasle euskaldunaren ahalmen kognitibo eta sozialetan, eta baita duintasunean ere.

Ikasleek eskolan ikasi-landutako hizkuntzetan lortu beharreko autonomia lortu ez izana arazoa da hezkuntzarentzat, eta hezkuntzak konpondu beharrekoa da. Eta hala sortu zen, adibidez, Europan eta gure ikastetxe askotan ere hedatuta dagoen edukietan oinarritutako irakaskuntza metodologia, ingelesa ikasten urte asko pasa ondoren ikasle askok iritsitako maila baxuak eraginda. Ez al luke, arrazoi gehiagorekin, XXI. mendeko gure hezkuntza sistemak euskaraz hezi arren erdaraz hobeto moldatzen diren ikasleen errealitatea ikusita, eraldaketa sakona abiarazi beharko?.


Eskola barruko eta eskolaz kanpoko hizkuntza erabilerak

Hizkuntza gaitasuna helburu eta baliabide, biak da, aldi berean, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza ereduetan, eta horrexegatik du berebiziko garrantzia hizkuntzaren eskola barruko erabilerak.

Baina eskolaz kanpokoak ere bai. Hala, eskolatu eta eskolatu gabeko hiztun elebakar guztiek baliatzen dute hizkuntzak duen indar ilokutibo eta perlokutiboa beren helburu komunikatiboak betetzeko, eta batzuk  beste batzuk baino trebeagoak badira ere, gehienetan arrakastaz lortzen dituzte denek beren helburu komunikatiboak. Eskolatik kanpo ikasten dute hizkuntzaren bidez informazioa lortzen, entzulearekiko konpromisoa adierazten, beren sentipenak adierazten eta baita entzulearen portaeran eragina izaten ere, testuinguru komunikatibo ez-formaletan arituta, gizartean, alegia. Gizarte elebakarretan eskolak ez du lagun-arteko hizkera lantzen lanik hartzen. Eta ezta beharrik ere!

Gizarte elebakarretako eskola elebakarrak jada ahozko hizkeraz adierazten dakitena hizkera formalago batean adierazteko trebatzen ditu ikasleak (“eskolako hizkeraz”), eta helarazten dizkien eduki berriak hizkera horretan ulertu, landu eta adierazteko trebatzen ditu, ahoz eta idatziz, bietan, baina idatziz batez ere. Ondorioz, banaketa osagarrian bezala agertzen dira hizkuntzaren erabilerak eta haiek lantzeko esparruak,  kontrajarritako bi aukera bezala alegia: hizkuntzaren erabilera formal-idatzizkoa bakarrik eskolan versus informal-ahozkoa eskolatik kanpo bakarrik).

Gure hezkuntza-sistemak ere eskolan hizkuntzen erabilera formal-idatzizkoa lantzea erabaki zuen, bi edo hiru hizkuntzena. Eta adituek lanpetuta daramate aldi luzea gizartean hedatuta dagoen atzerriko hizkuntzan irakasgai gehiago “eman beharra”-ri nola erantzun asmatu ezinik. Baina ez ote genuke kezkatuago egon beharko ikasle euskaldun askoren euskara erabiltzeko gaitasun ezaren arazoarekin?

Gainera, ez dago arrazoirik pentsatzeko hizkuntzaren erabilera formal-idatzizkoa eskola barruan versus informal-ahozkoa kanpoan lantzeko banaketa gizarte elebidunetarako egokia denik, ikasleek eskolan ikasitako hizkuntza gutxitua erabiltzeko trebetasuna bermatu ezin duen gizarte baterako. Batetik, idatzizkoa ez da ahozko erabilera baino hobea edo formalagoa, berez, ez baita euskarri fisikoa (grabatua, tinta, pantailako letra) hizkuntzaren erabilera bat bestea baino formalagoa egiten duena. Eta bestetik, euskara eskolan bakarrik entzun/ erabiltzen duten ikasleentzat ezinbestekoa da hizkuntza gutxituaren erabilera ez-formala ere eskolan lantzea, nola ikasi, bestela?.

Baina eskolan ikasleek igarotzen duten denbora mugatua da. Eta mugatua da hizkuntza erabiltzeko sortzen diren testuinguruak eta testu motak, ez horrenbeste edukiari, baina bai hizkuntza-baliabideei dagokienean. Hasteko, irakasgai gehienetan testu deskriptiboak izaten dira ohikoenak, ahozko zein idatzizko jardunean, hots, hiztegi ugaria eta zehatza izan arren baliabide gramatikal eta diskurtsibo mota gutxirekin osatzen direnak (adibidez, pertsona eta aditz denbora jakinak). Hala, hirugarren pertsonako orainaldi eta lehenaldi burututako adizkiak dira nagusi matematika, geografia, fisika eta hainbat irakasgaietan ohikoak diren definizio eta txostenetan (hiruna angelu dituzte, ornodunak dira, garia ekoizten da). Historian ere, maiz erabiltzen da hirugarren pertsona, gertaeren testu narratiboak nagusitzen diren irakasgai honetan, eta gehienetan lehenaldiko aditzekin (agintea hartu zuen, gosetea pairatu zuten). Lehen pertsona eta baldintzazko aditzak agertzeko inguru aproposak diren testu argumentatiboak, berriz, gehiago erabiltzen dira filosofian eta historian, eta baita hizkuntza irakasgaietako iritzi artikulu eta gutunetan, edota zientziatako testu teorikoetan (pipetan nahastuz geroz; baldin eta… orduan lortuko genuke; ondorioztatzen dut).  Gezurra badirudi ere, ikasleek apenas duten bigarren pertsona erabiltzeko eta (aginduak, erreguak… baliatuaz) entzulearen portaeran eragina izateko aukerarik gela barruan, funtzio komunikatibo batzuetarako “eskubidea” irakasleak bakarrik balu bezala.

Horregatik, hizkuntzaren zenbait erabilera sustatzeko, hizkuntzako irakasgai (magistral) bera baino eragingarriagoak izan daitezke ikasleen arteko elkarrekintzarako aukera ematen duten irakasgaiak (soinketa, eskulanak) eta zereginak (talde-lanak). Berdinen arteko adostu beharrak komunikazio testuinguru apropos eta ugariak sortzen ditu, eta halako egoerak eragiten dituzten irakasgaiak bereziki egokiak izan daitezke ikasleek hizkuntza gutxitua helburu komunikatibo zehatzekin nola erabili praktikatzeko: desafioa (ezetz harrapatu! Ez dakizu eta!), ukazioa (ezetz!), harridura (zer diozu?) edo miresmena (azkar bukatu duzue gero!!) adierazteko, arrazoia emateko (bai horixe!, hori da ta!), arrazoia kentzeko (gezurra!, Bai zera!!), edota hizkidea uxatzeko (utz nazazu bakean!), batzuk aipatzearren.

XXI. mendeko Euskal Herriko hezkuntza hirueledunak derrigorrezko hezkuntza amaitutako ikasle guztiak bi hizkuntzetan elebidun oso izatea bermatu behar luke, euskara eta tokiko erdara (gaztelania Hegoaldean eta frantsesa Iparraldean), biak ahoz zein idatzizko erabilera formaletan eta ahozko informaletan aisa erabiltzeko eta atzerriko hizkuntza bat (gutxienez) testuinguru formaletan (behintzat) erabiltzeko gai direnak.

Baina hori lortzeko garrantzizkoa da hizkuntza bakoitzerako ezinbestekotzat eta berezitzat jotzen diren gaitasun mailak zehaztea, beti ere kontuan izanda euskal gizartearen muina den euskarari, hizkuntza gutxitu izanda, dagokion trataera berezia. Eta hurrena, ikasleen eta ikastetxeetako testuinguru soziolinguistikoari, eskola barruko jarduneko hitz egintzak eta haietan erabiltzeko hizkuntza baliabide zehatzei, elebidunen adin eta ahalmen psikolinguistikoei eta irakasleen prestakuntzari etekin handiena ateratzeko egokia den ingeniaritza didaktikoa[4], beste batzuen artean Idiazabalek, Larringanek eta Garcia-Azkoagak dioten bezala[5].

Euskal Herriko hezkuntzaren etxea asko sendotu da azkeneko hamarkadetan, baina ezin da zeruari begira gelditu euskararen teilatuko itogina (erabilera maiztasun baxua)  hazten doan bitartean, zuloa,  berez, noiz itxiko den zain. Erronka handiak ditu euskara barne-hartzen duen hezkuntza hirueledunak, gizartearen lehentasunak, beharrak, eta ahalmena horren azkar aldatzen diren garai honetan.  


Eusko Jaurlaritza

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp

AUTRES RÉPONSES EN 2020