Urteko galdera

Inma Muñoa Barredo / Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoak taldeko kidea

11/05/2021

Inma Muñoa Barredo / Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoak taldeko kidea

Nolako Euskal Herria eta euskal herritarrak nahi ditugu XXI menderako? Galdera bati beste galdera batekin erantzutea ez omen da bidezkoa baina hori da burura etorri zaidan lehenengo pentsamendua. Izan ere, horixe da Hezkuntzaren xedea: haur eta gazteak bizitzarako eta etorkizunerako prestatzea, hots, haur eta gazte horiei bizitzan zehar behar dituzten eta beharko dituzten baliabideak garatzen laguntzea. Euren abiapuntua edozein dela ere.

Nire ibilbide profesionala derrigorrezko hezkuntzaren esparruan garatzen ari naizenez, eta ibilbide horretan eleaniztasunaren eremuan nabilenez, behin baino gehiagotan galdetu izan diot nire buruari nolako euskal herritarrak, eta beraz -nolako Hezkuntza Sistema- beharko genuke Euskal Herrian ditugun hizkuntza-erronkei erantzuteko. Alegia, nolako Hezkuntza Sistema behar dugu XXI mendean euskaraz (ere) bizi ahal izateko? Hona hemen, nire iritziz, XXI mendeko Hezkuntza Sistemak izan beharko lituzkeen zenbait ezaugarriren inguruko zertzelada batzuk:

Euskararen ezagutza unibertsala bermatuko duen Hezkuntza Sistema behar dugu. Baldintza hau bete ezean, nekez lortuko dugu Euskal Herri euskaldun eta kohesionaturik. Alde batetik, euskararen ezagutzaren zabalkundea ezinbestekoa da euskal hiztunon hizkuntza-eskubideak bete daitezen -hots, euskal hiztunok euskaraz bizi ahal izan gaitezen-. Bestetik, Euskal Herriko haur eta gazte guztien eskubidea da euskaraz (ere) bizitzeko behar duten euskara gaitasun egokia garatzea, eta, eskubide hori bermatu ezean, XXI mendeko euskal herritar askori ukatu egingo zaie euskararen bidez euren bizitzak aberasteko eta hobetzeko aukera.

Euskal Herriko Hezkuntza Sistema eta hezkuntza eragileak ez gara bide horretan abiatu berriak eta lan horretan aritu eta ari gara. Era berean, Hezkuntzan egindako lanarekin batera ikerketa ugari egin da hezkuntza elebidunaren/eleaniztunaren inguruan, bai eta hizkuntza gutxituen berrindartzearen esparruan. Horri guztiari esker, jakin badakigu murgiltze eredua dela euskararen ezagutza unibertsalari begira eredurik eraginkorrena -nahiz eta baduen zer hobetu. XXI mendeko Euskal Herriak, bada, murgiltze eredu eraginkorren aldeko apustu sendoa egingo duen Hezkuntza Sistema behar du.

Murgiltze eredu horien bidez lortu beharreko euskararen ezagutzak, ordea, ezin du nolanahikoa izan. Gure haur eta gazteak euskaraz eroso aritzeko gai izan behar dira euren bizitza pertsonalean, sozialean eta akademikoan aurkitzen dituzten egoeretan, eta hori hala izan dadin, ezinbestekoa da euskararen erregistro eta aldaera ezberdinak ulertzeko eta erabiltzeko gai izatea: erregistro formal eta akademikoetatik hasi eta egoera ez-formalek eskatzen duten erregistroetan amaituz. Helburu horri begira lan egingo duen Hezkuntza Sistema behar dugu, eta besteak beste, Hezkuntza Sistemak bermatu egin beharko du euskara eta euskaraz irakasteko erabiltzen diren metodologien artean, euskararen erabilera erosoa lortze aldera eraginkorrenak diren horiek baliatzen direla. Alegia, ikaslea euskaraz gauzatu beharreko ekintza komunikatiboen aurrean jarriko duten metodologiak, ikasleari ekintza komunikatibo horietan egoki, zuzen eta eroso aritzeko behar dituen baliabideak eskuratzen lagunduko diotenak.

Metodologia egokiak darabiltzan murgiltze eredu eraginkor horrekin batera, haur eta gazteek euskaraz lasai aritzeko espazioak dituztela ziurtatu beharko du XXI mendeko Hezkuntza Sistemak. Ez naiz luzatuko euskaraz aritzeko espazioak sortzearen garrantziaz, ez eta espazio horiek sortzeko garaian Hezkuntza Sistemak dituen mugez edo gizartearengandik beharko duen laguntzaz. Alderdi honi dagokionez, “lasai” aritzearen ideia nabarmendu nahiko nuke, “lasai aritzeak” esanahi ezberdinak izan ditzake-eta haur edo gaztearen arabera: batzuentzat, hanka sartzeko edo gaizki hitz egiteko beldurrik gabe aritzea izan daiteke; beste batzuentzat, aldiz, euren herriko euskaraz - edo euskaraz, soilik - aritzean begirada “xelebrerik” ez jasotzea izan daiteke. Susmoa dut, uste baino ohikoagoak direla bizipen horiek edo antzerakoak dituzten haur eta gazteak. Hau da, estres linguistikoa, hiztun akastuna izatearen sentimenduak ..., bizirik daudela gure ikasleen artean. Eta susmoa dut, lasaitasun eza edo beldur horiek gainditu ezean, nekez egingo dugula aurrera. Hartara, euskaraz aritzeko espazioak sortzeaz gain, espazio horien segurtasunari ere erreparatu beharko lioke XXI mendeko Hezkuntza Sistemak.

Eta ezin ahaztu XXI mendeko Euskal Herria eleaniztuna dela, hots, euskal herritarrok -haur, gazte eta heldu - hizkuntza bat baino gehiago ezagutzen edo/eta erabiltzen dugula gure egunerokoan: beste herrialde batzuetatik gatozelako, atzerriko hizkuntza bat ezagutzen edo erabiltzen dugulako, euskaldun guztiok gaztelania edo frantsesa ere erabiltzen dugulako … eta horrek isla zuzena du Hezkuntza Sisteman: gure ikasleak eleaniztunak dira edo eleaniztun bilakatzeko bidean daude.  XXI mendeko Hezkuntza Sistemak, beraz, bermatu egin beharko du gure haur eta gazteak eleaniztasunean eta eleaniztasunerako hezten direla.

Helburu hori lortze aldera, eleaniztasunaren ikuspegi zabala beharko du XXI mendeko Hezkuntza Sistema. Bestela esanda, eleaniztasuna atzerriko hizkuntzekin lotzeaz gain -eta atzerriko hizkuntzei garrantzirik kendu gabe-, gogoan izan behar dugu ikasleek eurekin dakartzatela beste hainbat hizkuntza eta hizkuntza-aldaera ere -euskararen aldaerak barne-, eta hori ere badela eleaniztuna izatea. Are gehiago, hizkuntza horien garapen egokia zaindu beharra dago, baldin eta ikasle horien eleaniztasuna zabaldu eta sendotu nahi badugu: ikasleek ez lukete euren jatorrizko hizkuntza edo hizkuntza-aldaera “alde batera” utzi behar, ez lukete euren hizkuntza beste batzuekin ordezkatu behar. Haur eta gazte horien eleaniztasunean euskara gehitu nahi badugu, eta ikasle horiek euskaraz ere aritzea -eta eroso aritzea- nahi badugu, Hezkuntza Sistemak arreta berezia jarri beharko du alderdi horretan: euskaraz hitz egiteko eta azken finean, euskaldun izateko modu ezberdinak daudela barneratu ez ezik, ikuspegi hori -zabala eta gehigarria- hezkuntza komunitate osoan gauzatzen dela ziurtatu beharko du. Bestela esanda, gure haur eta gazteen ezagutza soziolinguistikoa bereziki indartu beharra dago, nork bere eleaniztasuna eta ingurukoen eleaniztasuna ulertzeko  eta modu eraikitzailean kudeatzeko gai izan daitezen.

XXI mendeko Euskal Herriak “euskaldun eleaniztunak” behar ditu, hots, euskaraz (ere) eroso eta lasai arituko diren haur eta gazteak behar ditu. Horretarako, ezinbestekoak dira bai euskararen ezagutza unibertsala, bai eta euskaraz eroso eta lasai aritzeko espazioak ere. Zeregin horretan, XXI mendeko Hezkuntza Sistemak murgiltze eredu sendoen aldeko apustua egin beharko luke, ikuspegi eleaniztun batetik eta euskara nahiz euskaraz irakasteko metodologia eraginkorrak sustatuz. Baina edozein Hezkuntza Sistema -onena izanda ere- hanka-motz geldituko da gizartearen laguntzarik gabe: Afrikan esan ohi den bezala, tribu osoa behar baita ume bat hezteko.


Eusko Jaurlaritza

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp

AUTRES RÉPONSES EN 2021