Eusko Ikaskuntzak urteko Batzar Nagusia egin zuen maiatzaren 29an, larunbata, Donostiako Miramar Jauregian eta online.
Gai-zerrendan zehaztu bezala, lehenengo zatian aurreko batzarretako aktak onartu eta urteko jarduera nagusiak berrikusi ziren. Gainera, proiektuetan parte hartu zuten hiru lagunek beren helburuak eta esperientzia pertsonala azaldu zituzten: Carlota Gaztelumendi (Lurralde Oreka), Karmele Olabarrieta (Lurralde Burujabetza Gatazkak Europan: praktika onak eta ebazpen proposamenak) eta Anika Lujan (Nafarroako Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza).
2020ko ekitaldiko balantzea eta kontuen emaitzak eta horiek aplikatzeko proposamenak Iñaki Zabaleta idazkari eta diruzainak aurkeztu zituen. Ondoren, erakundeko lehendakariak, Ana Urkizak, eta zuzendariak, Arantza Cuestak, 2021erako aurreikusitako lan-plana eta horri dagokion aurrekontua azaldu zituzten.
Urteko hiru proiekturi buruzko xehetasunak eman zituzten Iban Larrandaburu (Lurralde arteko harremanen laborategia), Urkiri Salaberria (Ongizate ereduak Euskal Herrian) eta Maitena Urmeneta (GizarteLAB: trantsizioak sustatzea) bazkideek. Gainera, Oskar González Komunikazio Batzordeko kideak Eusko Ikaskuntzako kideen artean egindako inkesta baten emaitzen berri eman zuen. Azkenik, galde-eskeen txanda ireki zen, eta gai interesgarriak planteatu ziren.
2020ko memoria
Maiatzaren 29ko Batzar Nagusiaren esparruan, Eusko Ikaskuntzaren 2020ko jardueren Memoria aurkeztu zen.
Testua, osorik euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratuta, sei kapitulutan egituratuta dago, eta, aurretik, lehendakariaren aurkezpena eta sarrera-testu bat ditu: Eusko Ikaskuntzaren jarduera zientifikoa, Beste proiektu eta ekimen batzuk, Sariak, Zabalkundea, Erakundea eta Datu ekonomikoak.
Batzarrean egin zuen hitzaldian, Ana Urkizak nabarmendu zuen 2020an lehendakaritzan erreleboa egin zela, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuko aktak argitaratu zirela, beste argitalpen batzuekin batera, erakundeak Bikain ziurtagiria lortu zuela eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa eta Manuel Lekuona sariak eman zituela.
2020ko Memoria hemen deskarga daiteke.