Eusko Ikaskuntzaren 2019-2021 epealdiko lehentasunak

Berri korporatiboak

2019/04/01

Eusko Ikaskuntzaren 2019-2021 epealdiko lehentasunak

Eusko Ikaskuntzaren egitekoa da herri garapenerako ikuspegi orokorra eta arnas luzekoa lantzea, politika publikoen eta gizarte beharren mesedetan. Horrela definitu zuen Mendeurreneko kongresuan eta, behin prozesua amaituta, 2019-2021 urte bitartean hiru konpromisoren bueltan antolatuko du bere jarduna.

Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrena baliatu du 2018an amaitu den XVIII. kongresua garatzeko. “Gero Elkar-Ekin” lelopean burutu da prozesu sozial handi bat, eta erakundeak erakutsi du baduela gaitasuna arlo publikoan, sozialean nahiz pribatuan dauden adituak eta arituak biltzeko, Euskal Herriaren epe luzeko etorkizuna irudikatzeko eta ildo estrategikoak adosteko. Oñatin aurkeztutako azken emaitzak, gainera, euskal administrazio guztien babesa jaso zuen, haien ordezkari gorenen ahotik.

Gauzak horrela, egingarri ikusten da Euskal Herriaz hausnartzeko esparru eta dinamika egonkor bat artikulatzea, gobernantza kolaboratiboaren molde aurreratuan. Oraingoz hemen aurreratzen ditugu Eusko Ikaskuntzak epe ertainean ezarritako lehentasunak, hiru ardatzetan antolatuta:

SAKONTZEA

Mendeurreneko lankidetza prozesuak balio izan du epe luzeko ildo estrategikoak eta ekinbideak identifikatzeko, eta Eusko Ikaskuntzak Oñatin agindu zuen agenda hori garatzen jarraituko zuela, baita ekintzara hurbiltzen.

Agindutakoa betetzeko, lehenik, ildo bakoitzaren inguruan adimen kolektiboko sistemak eraiki behar dira, sareak josiz eta hedatuz. Horrekin batera, agendako gaiak publiko bihurtu behar dira, hau da, eztabaida sozialaren erdigunean kokatu, eta erakunde publikoen partaidetza eta baliabideak lortu.

Bestalde, dagoeneko gizartean dauden gaiak politika publikoetan txertatzen lagundu behar dugu, ezagutzaren ekarpenari esker politika horiek oinarri sendoena izan dezaten eta gobernantza kolaboratiboaren patroia finkatuz joan dadin.

Epe ertainean sakontzeko gaiak:

Helburua: gure errealitatera egokituko den ongizate unibertsal jasangarriaren eredua eraikitzea, eragile, erakunde eta banakoen arteko lankidetza bidez.

Lan-arloak/eginkizunak: eredu ezberdinak ezagutzea eta konparatzea; premiazko iker lerroak antzematea eta ikerketa ekimenak abiatzea; lankidetzarako aukerak identifikatzea eta interes taldeen inplikazioa lortzea.

Helburua: Landa ingurunea sendotzea lurralde orekari eusteko, garapen jasangarriaren oinarria izan dadin.

Lan-arloak/eginkizunak: Euskal Herriko landa guneen egoeraren erradiografia egitea (sozio-ekonomikoa eta demografikoa); mugaz gaindiko lankidetza sustatzea; ekimen lokalei ezagutza eta bulkada eskaintzea.

Helburua: Bizikidetzaren kudeaketarako eredu partekatu baten erreferentziazko markoa eta zoru komuna identifikatzea.

Lan-arloak/eginkizunak:  erakunde publikoen estrategia gidatzen lagunduko duen argumentazioa modu kolaboratiboan finkatzen laguntzea; bide orrien eta helburuen eskema artikulatua osatzen hastea; kultura demokratikoan sakontzen lagunduko duen dinamika abian jartzea; sistema komunitarioaren logikak ezagutzea eta sustatzea.

ABIATZEA

Mendeurrenean jorratutako gaietan sakontzeaz gain, herri estrategian funtsezkoak diren gai berrien lanketa abiatuko da, gizarteak erdigunean kokatzen dituenei lehentasuna emanda.

Egindako prozesuaren logika bera aplikatuko da gai berriotan, hau da, Liburu Berdea (diagnosia) > Liburu Zuria (agertokiak, agendak eta proposamenak).

Dagoeneko identifikatua daude lehentasunezko esparru hauek:

  • Hezkuntza Sistema
  • Euskal Komunikazio Sistema
  • Ingurune digitala

2019a prestaketa urtea izango da: esparru hauetako aditu, aritu eta eragile gakoak identifikatuko dira, eta haien arteko sareak sortuko; aztertu beharreko gaiak zerrendatuko dira, diziplina eta ikuskera ezberdinak batuz; eta, azkenik, aztergai bakoitzerako lantalde bat osatuko da.

2020an egingo da gaien lanketa, gai berri hauek gutxienez Liburu Zurian daudenen xehetasun mailara eramateko.

ERAGITEA

Gizarte osasuntsuan eztabaida da egoera normala, eta hortik sortzen dira bai lankidetza eta bai konfrontazioa. Eusko Ikaskuntzari dagokio eztabaida horretan eragitea, ikuspegi estrategikoa eta ezagutza eskainiz, foro eta dinamika aproposenak antolatuz, eta interes komunen erreferentzia sendoa eraikiz.

Aurreikusten diren eragiteko gaiak:

Helburua: zuzeneko demokrazia eta tresna deliberatzaileen inguruan hausnarketa sustatzea, berariazko elkargune bat sortuz.

Lan-arloak/eginkizunak: Europa mailan dauden lanak ezagutzea eta partekatzea; herritarren demokrazia gogoa areagotzea; ekarpen teoriko-praktikoak euskal erakundeen esku jartzea.

Helburua: herritarrak gizarte gaitasunetan trebatzea, etorkizun hurbilak dakartzan erronka demografikoei aurre egiteko.

Lan-arloak/eginkizunak: Komunitatea, zainketak eta erantzukizun soziala; identitarismoaren aurrean nortasun askotarikoa; gizarte jasangarritasuna; gizarte-kohesioa indibidualismoaren aurrean; etorkizuneko lana eta etengabeko hezkuntza.

Helburua: Gazteak ahalduntzea, engaiatzea eta antolatzea bilatzen duten prozesuak elikatzea eta laguntzea, ezagutzaren eta ikuspegi estrategikoaren aldetik.

Lan-arloak/eginkizunak: gazteen antolakundeen arteko lankidetza sustatzea; haien agendako gaietan ekarpenak egitea, ikerketa eta esperientzia ezberdinak baliatuz; gazteen proposamenei bozgorailua eta markoa jartzea, herri egitasmoaren zutabe garrantzitsua izan daitezen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp