Lurralde Oreka helburu, Herri Txikiak protagonista

Proiektuak

2019/07/15

Lurralde Oreka helburu, Herri Txikiak protagonista

Egun landa guneen deskapitalizazio joera bat bizi da mundu mailan. Deskapitalizazioaz hitz egiterakoan, landa guneen populazio galeraz ari gara, eta populazioaren zahartze eta errelebo faltaz. Baina masa kritiko hori galtzeak bestelako faktore batzuetan eragiten du, hala nola, enplegua, azpiegiturak, etxebizitza, zerbitzuak, eta ingurune naturala.

Eusko Ikaskuntzarentzat Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikoa gai kapitala da.  Lan lerro estrategikoa da erakundearentzat eta, 2018an ospatutako Mendeurreneko Kongresuan argi jasoa geratu zen Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriaren epe luzeko etorkizuna irudikatzeko arlo publiko, sozial nahiz pribatuan dauden aditu eta arituek Liburu Zurian jasotako ildo nagusietako bat zela.

Etorkizunari begira, lurralde orekari eusteko, landa ingurunea nola sendotu daitekeen, beti ere garapen jasangarria oinarria izanik, da azken helburua. “Herri Txiki Adimentsuak Gipuzkoan” izenburupean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesari esker, 2019an Gipuzkoako errealitateari so egingo zaio. Egitasmoak herri txikien ekonomia suspertzeko aukera berriak identifikatu eta ezagutzera emango ditu, politika publikoen gaineko hausnarketa bat burutuz eta ekimen konkretuak proposatuz.

Alde batetik, gaiarekiko sentiberatasuna duten agente eta herritarrak biltzen dituen jardunaldiak antolatuko dira, ezagutza plazaratuz eta hausnarketa zein esperimentazioa partekatuz. Hori horrela, irailaren 20an Idiazabalen eta urriaren 4an Beizaman jardunaldi bana burutuko da. Bakoitzean, herri txikien garapenerako aukerak eta esperientzia berritzaileak aurkeztuko dira, arlo desberdinak jorratuz, hala nola, ondarea, turismoa, herri-marka, energia berriztagarriak edota ostatu eredua berritzeari buruzkoak. Guztiak izango dute helburu garapen sozio-ekonomiko orekatu eta iraunkorra lortzea, eta biztanlegoa herrian finkatzea. Jardunaldiak irekiak izango dira, aurretik izena emanez gero.

Bestalde, jardunaldiak burututa, sustapen ekonomikoa eta trakzio soziala helburu duten egitasmoen gaineko katalogo bat eratu eta zabalduko da.

Aurrekariak

Eusko Ikaskuntzarentzat gai hau ez da berria. Azken 3 urteetan ekimen ugari antolatu ditu problematika orokorraren inguruan hausnartzeko, baita gai konkretuetan sakontzeko ere. Horien ondorioz, herritar, agente sozio-ekonomikoak, politikari eta administrazio publikoko arduradunak bildu ditu foro eta kongresuetan.

Azken urteetako egitasmoak honako hauek izan dira:

“Etorkizuneko Herri Txikiak” Nazioarteko Kongresua (Zerain, 2016ko azaroaren 17, 18 eta 19an). landa garapenaren inguruan lanean zeuden adituak, agintariak eta herritarrak bildu zituena. Guztira, 150 pertsonetik gora parte hartu zuten 3 egunez luzatu zen kongresu hartan. Bertan jaio zen, Zeraingo adierazpena, non herri txikien ardura, garrantzia eta papera aldarrikatzen zen.

Arabako Lurralde Orekarantz Jardunaldiak (Añana, 2017ko irailaren 21ean). Jardunaldi honen helburua Arabako kuadrillen egoera sozioekonomikoa aztertzea eta etorkizuneko garapenerako proposamenak jasotzea izan zen. Jardunaldian Arabako kuadrillen jasangarritasunaz, herrien egoeraz eta etorkizunerako aukeretaz hausnartu zen.

“Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea” ekimenaren baitan, gaiari lotutako 5 foro burutu ziren, herri txikietan eta problematika lokalei lotuta:  Energia Berriztagarrien inguruko Foroa (Bera, 2016ko abenduaren 13an); Baserri guneek ba al dute etorkizunik? (Barkoxe, 2017ko otsailaren 4an); Mugaz gaindiko enpresagintza eta ekintzailetasun Foroa (Igantzi, 2017ko apirilaren 5ean); Lizarrerriko herri txikien etorkizunaz Foroa (Antzin, 2017ko azaroaren 10an); Baztango etxebizitzen biziberritzea: arazoak eta irtenbideak (Baztan, 2018ko martxoaren 23an).

Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua Geroa Elkar-Ekin (Baiona, Gasteiz, Iruña, Bilbo, Donostia eta Oñati, 2018ko urriaren 5etik azaroaren 23a arte). Kongresuak gizartearen etorkizunerako gakoak diren gai eta ardatzak landu zituen, 2016, 2017 eta 2018 urte bitarteetan gizartearekin eta eragile gakoekin burututako dinamika partehartzaileen emaitzak aurkeztearekin batera. Prozesu hartan “lurralde estrategiak eta iraunkortasuna” hausnarketarako ildo nagusietako bat  izan zen. Gai honen inguruko diagnosia, proposamenak eta agendak prozesuak utzitako Liburu Berdea eta Liburu Zuria dokumentuetan jasota daude, eta Bilbon burututako saioan aurkeztuak izan ziren, 2018ko azaroaren 9an.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp