Urteko galdera

Ander Errasti Lopez / Etika eta Filosofia Politikoan Doktorea

29/08/2018

Ander Errasti Lopez / Etika eta Filosofia Politikoan Doktorea

Galdera honi behar bezala erantzun ahal izateko entsegu bat edo entsegu bilduma bat beharko genuke gutxienez. Hare gehiago, dagoeneko idatzi dira hamarnaka gogoeta gai honen inguruan, hainbat ikuspegi ezberdin jorratuz, eta hala ere ez dirudi oraindik inork erantzun finkorik eman duenik. Hala, ba, hobe genuke gutxi gora-behera geure lurraldearen etorkizuna zein ardatzen inguruan garatuko den identifikatzen saiatzea, galdera bere sakontasun guztian erantzuten saiatzea baino. Gutxi balitz, edozein komunitate politikoren ezaugarri naiz bilakaera kontingenteak eta anitzak badira, Euskal Herriaren kasuan ezaugarri hau hare nabarmenagoa da. Izan ere, lotura kultural, linguistiko eta historikoak dituen gizarte anitz hau gutxienez hiru erakunde esparruetan eta bi nazio-estatuetan bananduta baitdago, bakoitza bere ezaugarri eta garapen instituzional maila desberdinekin. Agerikoa da, beraz, Euskal Herriaren geroa zer eta nola izango den aurreikusi baino, hobe dugula gero hori zein norabideetan garatzea nahiko genukeen azaltzea. Asmo horri eutsiz, etorkizun hori ahalik eta emankorrena izan dadin ondorengo hiru ardatzak proposatuko nituzke: bakea, erabakitzeko eskubidea eta Europa.

Lehenengoaren kasuan, agerikoa da Euskal Herriak ez dituela azken mendeetan bake une gehiegi ezagutu. Zer esanik ez diktadura garaia eta, ondoren, demokrazia eraikitze prozesuan terrorismoaren, batik bat, eta Estatuko gehiegikerien ondorioz pairatu ditugun biolentziak aipatuz gero. Ez dago bortizkeria hauen analisi sakonean sartu beharrik hauek geure gizartean orokorrean eta esparru politikoan zehazki izandako eragina antzemateko. Erakunde naiz prozedimendu demokratikoen helburua, definizioz, gizarte bat osatzen duten ikuspegi, lehentasun, interes, aspirazio eta abar anitzen arteko gatazka era baketsuan bideratzea da. Zoritxarrez, Euskal Herrian aniztasun hori duela ezer gutxi arte ezin izan da era baketsuan bideratu, eztabaida politikoa funtsean baldintzatuz ala biziatuz. Erantzun nahi dugun galderari dagokionez, baldintzatze hori hare nabarmenagoa da. Alegia, Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroako Erkidego Forala eta, orain iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa deritzon Euskal Herriko eremuen garapena ad-intra naiz ad-extra guztiz baldintzatua egon da eta. Ad-intra edo barnera begira, polarizazioa, jazarpena, gizartearen sektore zabalen bazterketa edo hain barneratua zegoen gatazka logikaren ondorioz, gizartearen kohesioa bermatzen duten dinamika inklusiboak guztiz oztopatu dituzte. Ad-extra edo kanpora begira aldiz, hain zabaldurik zegoen biolentzia giroak hiru erakunde esparru hauen arteko eta, batik bat, hauek Estatu espainiar naiz frantsesarekin zuten harremana sasitik kutsatu zuen. Ondorioz, guztien onura bilatu beharrean, batzuen irabaziak besteen galerak bezala ulertzera eraman zuen urteetan zehar. Funtsean, beraz, etorkizunari begira lehen ardatz honetan barne gizarte kohesioa eta Euskal Herria osatzen duten erakunde esparruen arteko naiz hauekin lotura estua duten Estatuekin harremanak gatazka logikatik at eramatera izango litzateke berebiziko lehentasuna.

Bigarren kasuan, aurrekoarekin lotura zuzena duen arren, erabakitzeko eskubidearen inguruko gogoeta genuke. Hausnarketa honek, askotan nahitaez independentziaren gaiari loturik egongo balitz gisa agertzen bada ere, erronka zabal eta garrantzitsuago bati eusten dio: XXI. mendean demokrazia nola bermatu behar dugun galderari, hain zuzen ere. Izan ere, Euskal Herrian (eta, bide batez, honen baitan dauden hiru erakunde esparru bananduetan), demokrazia ez da dagoeneko ezaugarri amankomunak dauzkaten hiritarren artean ematen den prozesu bat, ez eta kanpo etsaiei aurre egiteko sortu dugun prozesu bat erez. Ez behintzat Europar Batasunean. Lehenengoari dagokionez, Euskal Herria, beste edozein herrialde gisa, gizarte anitz batek osatzen du. Aniztasun honek hiritarrak erakunde esparruetara lotu eta hauen funtzionamendurako ezinbestekoak diren solidaritatea, leialtasuna edo, azken finean, onarpen naiz zilegitasuna berriz pentsatzera eraman behar gaitu. Ezin ditugu segurutzat jo XVIII. mende bukaeratik demokraziarekin lotura estua zuten hainbat elementu. Orduan ez bezala, XXI. mendean demokrazia hiritar aske bezain anitzek erabakiak hartu ahal izateko bermatzen duen sistema izan behar bada, nola finkatzen dugu zeintzuk diren erabaki horiek hartuko dituzten hiritar horiek? Euskal Herriaren kasuan, galdera hau gure etorkizunaren funtsean egongo den zalantza izango da. Bigarren esparruari dagokionez, ez da jada kanpo etsai horiek dagoeneko existitzen ez direla besterik, hauekin dugun harremana, ikuspegi faktiko batetik, guztiz eraldatu dela baizik. Ikuspegi tekniko batetik esan oi den antzera, globalizazioaren ondorioz interdependentzia aro batean sartu gara non gurean gertatzen direnek besteengan eragin zuzena daukaten eta, alderantziz, geuregandik at gertatzen denak gurea baldintzatzen duen. Klima aldaketa, finantza krisialdia, terrorismo globala edo Internet sarearen erregulazioa fenomeno honen erakusgarri nabarmenenak lirateke. Hau hala izanik, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko unean, ezinbestean geure erabaki horrek besteengan edukiko duen eragina aintzakotzat edukitzeak ezinbestekoa dirudi. Zer esanik ez erabakitzeko eskubide hori abiadura naiz testuinguru politiko, sozial eta ekonomiko hain desberdinetan aldarrikatu eta gauzatuko den Euskal Herri honetan. Euskal Herrian demokraziaren inguruan mahai gainean ditugun bi erronka hauek (gurea bezalako ingurune geroz eta kosmopolitizatu batean erabakiak zein hiritarrek hartu behar dituzten eta interdependiente izanik gure erabakiak besteengan zein eragin sortuko dituen, alegia) nola erantzungo ditugun izango da geure etorkizuna definitu eta, etorkizun horretan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, bigarren ardatz nagusia.

Hirugarren eta azken kasuan, Europar Batasuna izango genuke. Behin berriz, aurreko bi ardatzetan aipatutakoarekin zer ikusi zuzena dauka, noski. Izan ere, lehenengoari eutsiz, bizitako gatazkak urteetan zehar eremu mentala Estatu-Nazioaren ideiarekin (eta, nola ez, zehazki estatu espainiar eta frantsesarekin) estuki lotua egotera eraman du Euskal Herriko zati nabarmen bat. Gatazka eta biolentziaren esperientzia, ikuspegi hau nabarmen eztabaidagarria den arren, eremu instituzional horietara mugatua zegoenez, Euskal Herriaren aspirazioen jomugatzat onartzen zen. Hau da: Estatu hauen menpe gaude edo ez gaude, haien parte izan nahi dugu edo ez dugu nahi, hauekin harreman estu ala malguagoak nahi ditugu, identitate amankomunak dauzkagu ala ez, eta abar. Prozesu honek gogoetaren eremua Estatuen ikuspegira mugatu izan du askotan, gehiegitan. Bitartean, ordea, eta hemen egongo litzateke aipatutako bigarren ardatzarekin lotura, Euskal Herri bera naiz bere ingurua, guztiz eraldatu dira. Zentzu horretan, Euskal Herriaren aldarrikapenak klabe estatal klasikoan pentsatzen eta formulatzen jarraitzen ziren une berean, aldarrikapen hauek ematen ziren testuingurua geroz eta gehiago aldendu da klabe estatal horretatik. Horrek ez du esan nahi munduko hiritar garenik, are gutxiago izan behar garenik erez. Bai, baina, Euskal Herriko – edo, egun, hau osatzen duten erakunde eremuetako – hiritar izateak ez duela XX. mende hasierako Estatu-Nazio bateko hiritar izatearekin zerikusi handirik baizik. Horren erakusgarri nabarmenena Europar Batasuna litzateke. Izan ere, euskal hiritarrak gaur egun hiritar europarrak gara. Hau da, Euskaldun izatea hiritar europar izateko dugun era da neurri handi batean. Hare gehiago, Europar Batasunean unean une Estatu Nazioen atzera egite bat dagoela iruditu arren, hauen bilakaera (subiranotasuna banatzea, aniztasun maila handitzea edo autodeterminazio transnazionala barneratzea, esate baterako) dagoeneko geldiezina da, testuinguruaren aldaketaren nahitaezko ondorioa da eta. Goiz ala beranduago barneratzeak datorren munduan posizio hobea edukitzera eramango ditu egungo Estatu-Nazioak, bai eta bidean kalte gehiago ala gutxiago pairatzera. Baina barneratzeko behar hori ukaezina dela dagoeneko ikerlarien artean zabal onartzen den zerbait da. Eta, prozesu horretan, Europar Batasuna da gure inguruan, batzuetan gezurra dirudien arren, sendoen agertzen den erakunde esparrua. Hala, ba, etorkizuneko Euskal Herri hori nola pentsatu behar dugun ezin dugu jada geure inguruko Estatu-Nazioen arabera pentsatu (ez alde, ez aurka), ikuspegi europar batekin baizik. Hau da, Euskal Herriaren geroa Europar Batasuna jomugatzat edukita pentsatu behar dugu, Europar Batasun horretan egungo Estatuek duten papera dutela.

Argi dago hiru ardatz hauek ez dutela Euskal Herriaren etorkizuna zein izango den sakonean jorratzen, besteak beste ezinbestean aipatu beharko liratekeen gaiak lantzen ez dituelako: genero berdintasuna, aldaketa demografikoa, desberdintasun sozio-ekonomikoen gutxitzea, eredu ekonomikoa jasangarriak, zientzia eta berrikuntza plangintzak, mugarteko elkarlan bideak, eta abar izango dira, zehazki, Euskal Herriaren etorkizuna zein izango den finkatzeko orduan sakon jorratu beharko diren gaiak. Hauek, baina, proposatu ditudan hiru ardatzak behar bezala finkatu gabe aztertuz gero, betiko akats naiz gatazketan erortzeko arriskuan egongo gara, bere baitan garrantzitsuak diren gai horiei erantzun ahal izan gabe utziz.


Ander Errasti Lopez Etika eta Filosofia Politikoan Doktorea Globernance-ko ikerlaria @ander_errasti
Partager:
Facebook Twitter Whatsapp