Urteko galdera

Itxaro Borda / Idazlea

11/10/2018

Itxaro Borda / Idazlea

Han edo hemen ikusten dugunaren eta belarrietara etortzen zaizkigun ohar, komentario, ebazpen eta kritiken arabera, azken denbora hauetan, euskal eta euskarazko literaturak arazo potoloa dauka: irakurlegoa murrizten ari zaio, urteko liburu ekoizpenak zalantzan jarriz argitaletxeen finantza osagarria bezainbeste. Berezilariek, idazleek, editoreek literaturarekiko gure harremanaz hausnartzera eta dena berriz kontsideratzen deitzen gaituzte, poeta kaxkarrez, izkiriatzaile ospetsuz (bost izen) eta artzain zainartez osatu herri honen kultur bizi-irautearen izenean!

Batzuek diote behar litekeela liburu produkzioa murriztu, lanik hoberenak (nor liteke epaile?) baizik ez agertu, jendeari goi-mailako (zer da hori?)  obren gustua aho sabaian itsasteko. Besteentzat aldiz, murrizketa horrek, irakurleak are gehiago urrunduko lituzke euskarazko literaturaren zurrunbiloetatik, behiala aipatu gustua ez baita bakarrik goi-mailakoa, baizik eta anitza eta gure hizkuntzan trash-literatura irensteko eskubidea ere dugula sinesten dutelako! Gehiengoak abururik ez du eta liburuak ateratzen direla jakiten duelarik bere egunkari kuttunaren bitartez, dendara doa, militantismoz oraino, liburu hura preseski erosteko, bereziki izkiriatzaile ospetsuaren sinadura baldin badakar.

Orokorrean erran nezake (genezake?) euskaraz egiten den literatura nahikoa homogenoa dela, berdindua, zurruna neurri batean. Bizpahiru ildo lantzen dira eta horietatik kanpo deus ez dago edo hain gutxi, demagun zientzia-fikzioa, nobela arrosak, pornografikoak eta biografia zintzoak maite dituenaren bazkatzeko. Sinplifikatuz, tematika arrakastatsuak honakoak litekezke: 36eko gerraren ondorioak gaur arteraino, ezker abertzalegoaren ikuspegitik hobe alaina, klase ertaineko gizon-emazteen harremanak eta emakumeok ausarki lantzen dugun intimitate larrutuaren gaiak. Bipolaritatea eta Alzheimerra ahantzi gabe. Eta hitzen salda mamitsua egina da. Irakurlegoak halaber, ez du herriaren muin literarioaren malenkonia horrez harago joateko gogori. Betiko legez, zergatik aldatu ederki funtzionatzen duen sistema, ezta?

Euskaraz idatzia delakoan datza irakurlegoaren kemenaren apaltze hori? Eskoletan irakasten den hizkuntzaren kalitatea okertzen doalako? Literatura, hizkuntzaren ikasteko baliabide soil gisa hartzen dutelako? Ez gaitu baketzen, baina frantsesez edo gazteleraz problema bera azpimarratzen dute literaturaren munduko otserbatzaileek: ez da irakurtzen, ez da aski irakurtzen eta irakurtzen bada, ez dira liburu onak irakurtzen, beti bada zerbait. Hizkuntza horietan ere, saria erdiesten duen edo/eta idazle mediatiko baten lanak plazak emokatzen ditu, eskandalua sortzen baldin badu, are ederrago: bakarretan, morbo pixka batek ez du gaizkirik egiten.

Pentsatu da, eta bazen beldurra duela bi hamarkada liburu elektronikoak, pantaila eta tauletan leitzeko prestatu tresnek paperrezko euskarria erabat desager araziko zutela eta ikusten dugu denborarekin, ez dela, euskaraz bederen, horrelakorik gertatzen. Baina eskaintza numerikoa duten argitaletxeek ildo hori lantzen jarraitzen dute, itsuki errentagarria ez den arren. Etorkizunean, agian, liburuaz harago, liburuari biziatzeko aurkezpen, antzezpen edo edukiaren komentario bipilekiko bideoak irudikatzen ahal ditugu sare sozialetan dilingo! Booktegi egitasmoan bezala, idazleak ere noizean behin, irudi eta elez, beraien liburuen saltzaile bilakatuko dira… edo irakurle, podcast delakoak ekoizteko.

Hala ere, gauza batek ilun diezaguke euskal literatura oro-ezmaterializatu baten izaeraren ametsa: gero eta larriagoa datorren krisia sozial eta energetikoarekin ziber-baliabideak paperra baino askoz garestiagoak suerta daitezke bihar edo etzi. Hiztegiak eta esku-liburuak online erabiltzen ditugu baina, zenbait egunez elektrika edo konekzioa joaten zaigunean, ontsa kontent gara ale fisikoak kausitzeaz, edozein herritako mediateketan!

Irakurlegoa tirriatzeko liburuaren inguruko interesa sortzean dago korapiloa. Ez da erraza. Ez gaur. Ez eta geroan, segur aski. Euskara laster ez da nahikoa izango. Ez eta idazlearen generoa. Gaiak eta gaiaren tratamenduak ukanen baitu munta, garrantzia, axola. Gure artean bederen, lurralde hauetako  kultura produktuek euskal kalifikatiboa galduko dute, bai eta irakurlego zehatz eta jakin bati zuzendua izateko joera. Baldintza sine qua non bat da euskarak berak hizkuntza literario gisako iraupen bat ukan dezan.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp